Folk “ganberrotik” ohiko eskaintzaraino

Folk “ganberrotik” ohiko eskaintzaraino

Unai Zubeldia

“Oso itxura politekoa dator aurtengo Tolofolk jaialdia”. Garikoitz Llobregat Tolosako JeaJeaka kultur elkarteko kidearen hitzak dira. Herri kulturaren eta munduko musikaren jaialdia da Tolofolk, eta hurrengo ostegunean hasiko da aurtengo ekitaldia, hirugarrena, Xavi Lozano musikari kataluniarraren emanaldi “ganberroarekin”. Igandera arte, apirilaren 16ra arte, zazpi saio izango dira guztira. Tolosako Berdura plaza —”estetikagatik eta ematen duen babesagatik, lehenengo urteko aurkikuntzetako bat”—, kultur etxea, Fronton taberna eta Plaza Berria izango dira gune nagusiak. “Bestelako giro bat sortuko da azken gune horretan, tabernak-eta daudelako inguruan”. Lehen aldiz, doan izango dira aurtengo emanaldi guztiak. “Hori da gure bokazioa: horrelako kultur eskaintza bat behar du herriak, eta, ahal dela, doan”.

Llobregatek zehaztu duenez, 2020an COVID-19aren pandemia baino lehenago hasi zen sustraitzen Tolofolk jaialdia, nahiz eta garatu, pandemia garaian garatu zen. “Lagun talde baten delirio baten ondorena izan zen. Folk musika oinarri hartuta zerbait antolatu beharra geneukala pentsatu genuen herrigintzan genbiltzan herritar batzuek; kultur elkarte bat sortu genuen, eta hortik atera zen folk jaialdi bat egiteko proposamena”. Tolosako Udalera joan, proiektua aurkeztu, eta ateak parez pare ireki zizkietela gogoratu du Llobregatek.

Gaur-gaurkoz, lau pertsona ari dira lanean JeaJeaka kultur elkartearen talde eragilean. “Baina beste hamar-hamabi lagun ere aritzen dira lanean jaialdiaren bueltan. Urte guztian gauzak txukun eginez gero, ez da hainbestekoa aste honetan egin beharreko lana. Gustuko lanean ez da nekerik izaten, gainera”.

Tolofolkek indarra “herri musikari” eman nahi diola azpimarratu du JeaJeaka kultur elkarteko kideak. “Baina New Yorken rapa izan daiteke herri musika. Oso abaniko zabala daukagu, eta ezeri ez diogu aterik itxiko guk”. Tolosan folka hartu dute elkartzeko aitzakia. “Mundu guztia erreferentzia gisa hartuta, erraza da jaialdi bat antolatzea, baina buruan daukagun hori Tolosara ekartzea izaten da gero zaila”, zehaztu du Llobregatek.

MAX BACA & LOS TEXMANIACS

Max Baca & Los Texmaniacs AEBetako taldea da adibiderik onena. “Max [Baca] lehendik hemen egona zen; guk ekarri egin nahi genituen, eta eurek etorri egin nahi zuten. Iaz egin genuen lehen saiakera, baina ezinezkoa izan zen. Aurten, ordea, aldaketa bat egin, eta ekartzeko moduan izan gara. Gure ahalbideen neurrian, gauza onak ekartzen saiatzen gara”. Apirilaren 15ean, larunbatean, ariko da talde hori, Plaza Berrian, 20:00etan. Jaialdiaren sustatzaileak lehen urtetik saiatu ziren nazioarteko taldeak erakartzen; iaz, esaterako, Mongoliako artista bat izan zen Tolosan: Yesun Erdene bakarlaria.

Hitzaldi-tailer bat tartean

Dena den, Tolofolk ez da Euskal Herriko eta nazioarteko hainbat talderen kontzertuen bilduma soil bat. Heziketatik ere badauka dezente, eta, horren erakusgarri, Joxe Manuel Agirre folklorista, musikari eta instrumentu egileak hitzaldi-tailer bat emango du, apirilaren 14an, ostiralean, Tolosako kultur etxean. “Tolosan folk jaialdi bat antolatu eta Joxe Manuel Agirre bezalako instrumentu egile bat etxean edukita, nola ez genuen baliatuko aukera hori jendeari bere ofizioaren inguruko gorabeherak azaltzeko?”.

Llobregatek aitortu du “beti” gelditzen dela zerbait bidean. “Duela urtebete buruan genuenak eta orain daukan itxurak ez dauka inolako zerikusirik, baina oso gustura gaude antolatu dugunarekin. Gure baliabideekin, ekar genezakeen guztia ekarri dugu”. Aurten Tolosan izango ez diren taldeek etorkizunean aukera izango dutela esan du JeaJeaka kultur elkarteko kideak. “Pandemia garaian gorpuztutako proiektua izan arren, jarraitzeko bokazioarekin sortutako ekimena delako gurea. Luzerako asmoa du atzean”.

Herritarrek Tolosan “kalitatezko kultur ekintzez gozatzeko aukera paregabea” izango dutela azpimarratu du Llobregatek, eta parte hartzera dei egin die “Pazko astean kanpora joango ez diren guztiei”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.