“Historiaurreko erreferentzia bihurtu nahi dugu Deba bailara”

“Historiaurreko erreferentzia bihurtu nahi dugu Deba bailara”

June Romatet Ibarguren

Azken urteotan Deba eskualdeko historiaurreko kontuak aztertzen aritu da Asier Hilario (Tolosa, 1977) Euskal Kostaldeko Geoparkeko zuzendari zientifikoa, hainbat paleontologo, arkeologo, arkitekto eta zientzialari ondoan zituela. Proiektuaren adarretako bati helduta, historian barrena ibilbide bat egiteko proposamena aurkeztu berri dute Deban: Historiaurreko Bailara. Deba eskualdeko ondare arkeologikoa agerian uztea da haien helburua.

Noiz hasi zineten Deba eskualdeko historiaurreko kontuak aztertzen?

Euskal Kostaldeko Geoparkearen barruan kokatuta dago proiektu hau. Flyscharekin gertatu bezala, gu iritsi baino askoz lehenago hasi ziren proiektu hau lantzen; XX. mendearen hasieran ekin zieten lehen ikerketei, Aranzadi zientzia elkarteak, besteak beste. Haiek zehaztu zituzten oinarriak. Informazio asko jaso zuten, eta, hori gabe, orain ezingo genuke egin proiektu on bat. Geoparkearen garapenean eta estrategian aukera hau beti izan dugu gordea, eta duela bi edo hiru urte pentsatu genuen proiektua martxan jartzen hasteko garai egokia zela. Geoparkea eta Debako Udala elkarlanean hasi ginen pixkanaka guztiari forma eman ahal izateko.

Ez da erraza izango informazio guztia hartu eta horri forma ematea, ezta?

Egia da azken urteotan bereziki flyscharengatik izan dela ezaguna gure geoparkea; azkenean, geologikoki horrek kokatu gaitu munduan. Baina barnealdeko geologiarekin lotuta, badugu beste altxor izugarri bat: bereziki, Deba bailaran dauden kobazuloak eta aztarnategiak. Ziurrenik, Kantauri isurialdean dagoen Goi Paleolitoko aztarnategi kopururik handiena dago ibar honetan; hau da, Pirinioetatik hasi eta Asturiaserainoko [Espainia] tartean, Deba bailaran dago kobazulo eta aztarnategi kopururik handiena. Gainera, oso denbora tarte luzea gordetzen dute aztarnategi horiek, duela 200.000 urtetik gaur egunerainokoa, eta oso atzera joatea da hori. Bereziki, Goi Paleolitoko kobazulo kontzentrazio handia daukagu hemen, duela 15.000 urtekoa, eta gure arbasoen inguruko informazio asko jasotzea ahalbidetu digu horrek.

Zer egingo duzue jasotako informazio guztiarekin?

Geoparketik ez dugu hitz egin nahi izan kultur ikuspegiaz bakarrik. Gizakiaren garapena lotu nahi izan dugu klimaren garapenarekin, adibidez, edo itsasoaren mailaren garapenarekin, edo begetazioaren eta faunaren presentziarekin… Jendeak badaki, ziurrenik, duela 15.000 urte Ekaingo haitzuloetan gure arbasoak margotzen aritu zirela, baina oso jende gutxik daki garai hartako gizakiak bisonteekin, mamutekin, lehoiekin, otsoekin edo hartzekin bizi izan zirela. Hori guztia ekarri nahi izan dugu gogora, eta proiektu garrantzitsu bat sortu dugu: Deba bailaran zehar ibilbide bat, hondartzan hasi eta Sasiola ingururainokoa.

Hainbeste informazio edukita, nola landu duzue proiektua?

Lehenik eta behin, argi eduki behar da zein diren gure ondarea eta balioa, eta, horri helduta, zein den diskurtsoa, zer kontatu nahi den. Hori argituta, informazioa helarazteko modua zehaztu behar da: zer azpiegitura daukagun, norentzako den informazioa, eta abar. Horrela hasi ginen lanean, eta proiektuan parte hartu dute arkeologoek, paleontologoek, geoparkeko kideek, arkitektoek… Euskal Herrian historiaurrea ulertzeko eta disfrutatzeko erreferentzia bihurtu nahi dugu eskualde hau. Aire libreko museo bat sortu dugu.

Zer ikusi ahal izango da museoan?

Hiru kilometro inguruko ibilbide bat sortu dugu, eta lau zatitan banatu dugu bidea; itsasoa da lehena, estuarioa bigarrena, zubia hirugarrena —migrazioekin lotu duguna—, eta basoa azkena. Oinez doala, beraz, paisaia eta ekosistema aldatzen ari direla ikusiko du jendeak, eta gure arbasoek eremu bakoitzarekin zer harreman zuten ezagutzeko aukera izango du, gainera. Hainbat euskarri prestatu ditugu dena erakusteko: tokiko ilustratzaile batek ilustrazioak egin ditu, adibidez; inguru hauetan aurkitutako apaingarri, seinale eta pieza askotan oinarritutako erreplikak ere badaude; baita fosilen erreplikak ere. Oinez doan edonork, beraz, testu gutxi duten euskarriak topatuko ditu bidean; irudiekin dena hobeto ulertu ahal izango dute bisitariek.

Zer pauso eman nahiko zenituzkete aurrerantzean?

Sasiolan amaitzen da ibilbidea, eta Praileaitz eta Emitiako kobazuloak daude han, elkarrengandik oso gertu. Ezberdinak dira, ordea, eta asmoa da Praileaitzeko ingurua museo bihurtzea eta Ermitiakoan bisita gidatuak prestatzea. Esperientzia ederra litzateke ibilbidea egin eta gero bisiten bidez informazio gehiago jasotzea.

Leave a Reply

Your email address will not be published.