Txokolatezko txalupa erraldoia

Txokolatezko txalupa erraldoia

Ihintza Elustondo

Gazitik ez, baina gozotik sobran du Pasai San Pedroko Albaola itsas kultur faktoria eta Gozoa elkarteko gozogileak elkarlanean garatzen hasi diren proiektuak: txokolatezko txalupa erraldoi bat egiten ari dira. Hain zuzen ere, XVI. mendeko euskal balea txalupa bat eraikiko dute, 1978an San Juan baleontziaren azpian aurkitu zutena, Kanadako Red Bayn.

“Mundu osoan aurkitu duten balea txaluparik zaharrena da”, Xabier Agote Albaolako presidenteak nabarmendu duenez. Albaolan bertan dute txaluparen erreplika bat, eta halako beste bat eraikiko dute orain hainbat gozogilek, neurri errealean, txokolatez. Aste honetan hasi dira. Bati baino gehiagori jateko gogoa piztuko zaion arren, “nabigatzea” da helburua: “Itsasontzi bat ez baita itsasontzi uretaratzen ez baldin bada”, esan du Agotek.

Gipuzkoako artisau gozogileen elkartea da Gozoa, eta harena izan da txokolatezko txalupa egiteko ideia. Elkarte horretako kidea eta proiektuaren bultzatzaileetako bat da Inazio Egaña gozogile azpeitiarra. 2020an, Pablo Picassoren Gernika lanaren txokolatezko erreplika bat egin zuten Euskal Gozogileak federazioko hainbat kidek, eta, hari horri tiraka, antzeko beste lan bat egitea bururatu zaie orain Gozoa elkarteko kideei. “Euskal herritarrak baleak arrantzatzera joaten ziren Ternuara; gure historia da hori, gure kultur ondasuna. Gozogintza eta gure kultura uztartu nahi ditugu txokolatezko euskal balea txalupa eginda”, adierazi du Egañak.

Gustura elkarlanarekin

Ideia horri bueltaka zebiltzala, Albaola itsas kultur faktoriarekin harremanetan jarri ziren gozogileak, eta haiek ere begi onez ikusi zuten egitasmoa. “Albaolako kideoi asko gustatzen zaigu elkarlanean aritzea, horrek aukera ematen baitigu besteengandik ikasteko”. Agotek uste du proiektuak lagundu egingo diela euren jarduna ikusarazten. “Uste dut inork inoiz ez duela ikusi zortzi metro luze den txokolatezko txalupa bat, eta horrek ikusgaitasuna emango dio itsas kultur ondareari”.

Albaolan daukaten euskal balea txaluparen egurrezko erreplika hartu dute proiektuaren oinarritzat, eta egurrezko gila egin dute txokolatezko ontziaren euskarri gisa: “Gilak egurrezkoa izan beharko du derrigor, bestela ezinezkoa bailitzateke egitura zutik mantentzea”, dio Egañak. Egituraren “gutxieneko bat” egurrezkoa izango den arren, gainontzeko guztia txokolatez egingo dute, txokolate beltzez. 1.500 kilo txokolate baliatuko dituzte guztira. Bi metro eta erdi pasatxo zabal izango da ontzia. “Handia” dela azpimarratu du Egañak, esku artean duten erronkaren tamainaz jabetuta.

INAZIO EGAÑA GOZOGILEA

Txalupa eraikitzen aste honetan hasi, eta ekainaren hasierarako amaitzea espero dute. Gozoa elkarteko gozogile batzuk izango dira prozesuaren arduradunak, baina Euskal Herriko gozogile guztiei zabaldu diete proiektuan parte hartzeko aukera. Besteak beste, Bilbotik, Gasteiztik, Iruñetik eta Baionatik bertaratuko dira gozogileak.

Prozesua ikusteko aukera

Txokolatea epeltzeko makina batzuk jarriko dituzte Albaolan, eta, txokolatea bigunduta, eskuz egingo dute txaluparen egitura, “paleta batzuez-eta lagunduta”. Bi taldetan antolatu dira gozogileak, eta 16:00etatik 19:00etara ari dira txalupa egiten, beren lan ordutegiarekin bateragarria izan dadin jardun hori. Bi taldeetako kideak astean behin elkartuko dira, prozesuari jarraipena emateko. Egañak gogoratu duenez, Gernika egin zuteneko prozesua “kaotiko samarra” izan zen, eta oraingoan “ondo antolatzen” saiatu dira. Albaolara bertaratzen diren bisitariek, gainera, prozesua bertatik bertara ikusteko aukera izango dute.

Txalupa, ondo bidean, ekainean itsasoratuko dute, baina oraindik ez dute jakinarazi zehazki noiz. Dena den, inaugurazioaren eguna “oso polita” izango dela uste dute bai Agotek eta bai Egañak. Azken horren ustez, txalupak iraun egingo du uretan. Are gehiago, Agotek espero du ontziari “arraunkada batzuk” ematea. Gozogileak, hala ere, beldur pixka bat badio prozesuari, “oso teknikoa” izango delako, eta kontuz ibili ezean litekeena delako berriz ere hutsetik hasi behar izatea. Dena den, “ilusioz” daude gozogileak, txokolatezko munduan nabigatzeko prest.

Leave a Reply

Your email address will not be published.