Aduanak, isilean hiltzen

Aduanak, isilean hiltzen

Mikel del Val

Aduanen sektoreak berebiziko garrantzia izan du historikoki mugetan dauden hirietan, eta Irun ez da salbuespena izan, administratiboki Espainiako eta Frantziako estatuen arteko mugan baitago. Enrique Martinez Irungo aduana ordezkariak azaldu du lehorreko garraioarentzat “funtsezko kokapena” duela Irunek, eta, hori dela eta, hiriaren bilakaera eta garapena ezin direla ulertu aduanaren presentziarik gabe. Martinezek jakinarazi du urte askoan aduana izan dela “diru iturri nagusia” Irunentzat. “Aduanari esker”, adierazi duenez, hiriko biztanleria handitu egin zen garai batean: 20.000 pertsonatik 50.000ra. “Datu horietan ikus daiteke sektoreak zer-nolako garrantzia zuen”.

1986an, baina, Irunek egoera berri batekin topo egin zuen, Espainia Europako Batasunean sartu zenean. Aduana ordezkariak esan duenez, egoera horrek “aldaketak” eragin zituen sektorean. “Hendaiako [Lapurdi] hondartzara joateko pasaportea erabiltzen genuen lehen, eta Europako Batasuna osatzen duten herrialdeetan libre mugitzen hasi ginen gero”.

Ordu hartan, Irunek galdu egin zuen historikoki izan zuen garrantzia. “Aduanek zuzentzen zituzten merkatu ekonomikoak Europako Batasunetik kanpo zeuden herrialdeetara mugatu ziren”. Irunek, gainera, ez du kanpo mugarik. Martinezek zehaztu du Europako Batasunetik kanpo dauden herrialdeekin sortzen direnak direla kanpo mugak. “Kanpo mugarik ez izateak eta merkantzien zirkulazio libreak Irungo aduanen merkatu kuota murriztu zuten”. Horren eraginez, hiriko langabezia tasa %32ra iritsi zen 1990eko hamarkadaren atarian, aduana ordezkariaren esanetan.

Garai hartatik aurrera, “etengabe egokitzen” ari da sektorea, Martinezen hitzetan. “Beste era bateko beharretara egokitu behar izan du. Gaur egun, garraioaren mende daude aduanak, enpresa horien bilakaerari hertsiki lotuta”. Hori bai, historikoki, egoera “alderantzizkoa” zela esan du. “Garraioa beti egon baita aduanen mende”.

Bideratu behar dituzten erronkei dagokienez, informatizazioa eta lege aldaketak aipatu ditu. “Batetik, informatizatu egin dira aduanen tramiteak, eta gaur egun informatikoak dira lehen paperean gauzatzen ziren prozesuak. Bestetik, sarritan izaten dira lege aldaketak, eta aldaketa horien eguneratzeekin bat etorri behar dute”.

Egiteko berberak

Urteen poderioz eguneroko jarduna aldatu egin bada ere, eta aduanetan etengabe erronka berriei aurre egin behar badiete ere, ordezkarien egitekoak beti “berberak” direla aurreratu du Martinezek. Funtsean, Europako Batasunekoa ez den herrialderen batetik datozen edo batasunetik kanpo esportatzen diren merkantzien tramiteak egiten dituzte langile horiek, merkantziak sartu edo irten daitezen. “Aduanako ordezkariek informatu egin behar dute inportatzaile bat eta esportatzaile bat bertan salerosketa operazio bat egiten ari direnean, merkantzia horien deklarazioa egiteko”.

Hori dela eta, aduanen egiteko nagusia “kontrola” dela aitortu du Martinezek, “merkantzien eta pertsonen kontrola”, bidaiarien joan-etorriak ere kontrolatzen baitituzte. “Gaur egun, aduanak kontrolatzen ditu Europako Batasunetik kanpoko bidaiarien ekipajeak”.

Azterketa deialdiak

Aduanen sektorea “gutxika eta isilean hiltzen” ari dela esan du Martinezek, etsipenez. Garraio enpresetan gertatzen ari den moduan, “langile kualifikatuen falta” dutela onartu du aduana ordezkariak. “Aduanen sektorea zaharkituta dago, ez dago erreleborik. Gainera, ez dugu jenderik aurkitzen hemen lan egiteko”.

Aduana ordezkariaren figura horri aitortza egiteko eta egiten duen lana bistaratzeko, 2016an ikastaro batzuk bideratzen hasi ziren, aduana ordezkariaren azterketa prestatzen laguntzeko. Alde horretatik, Espainiako Zerga Administrazioa “oso geldirik” zegoela esan du Martinezek, “azterketa deialdirik egin gabe”. 2016an, ordea, azterketak bi urtez behin egiteko konpromisoa hartu zutela azaldu du. Horregatik hasi ziren formakuntza saioak egiten.

Bihar egingo dute saio horietako bat, Irungo Zaisa dorrean, 09:00etatik 15:00etara, Plaiaundi institutuak, Zaisak, Ateiak, Guitransek eta Irungo Aduana Agenteen Elkarteak antolatuta. Saioak bi helburu dituela aurreratu du Martinezek: ezagutza trukatzea eta azterketari aurre egiteko laguntza ematea. Aduana ordezkari izateko azterketa, berriz, ekainaren 3an izango da, Espainiako Zerga Administrazioak horretarako egokitzen dituen egoitzetan: Madrilen eta Bartzelonan izan ohi dira, baina beste leku batzuetan ere egin izan dituzte.

Leave a Reply

Your email address will not be published.