Gazte zein adineko, bertsotan

Gazte zein adineko, bertsotan

Kerman Garralda Zubimendi

Gipuzkoako hainbat zahar etxetako egoiliarrek bisitari bereziak izango dituzte maiatzean. Bertsolari bikote bat joango da zentro bakoitzera, eta ordubete inguruko saioa egingo dute. Adin Adin da egitasmoa. Ez da ideia berria, zortzigarren aldia izango baita aurtengoa.

Jaione Sagarna Matia fundazioaren Zumaiako Otezuri zahar etxeko gizarte langilearen arabera, “oso positiboa” da dinamika, eta, horregatik, urtetik urtera “geroz eta egoitza gehiago” batu dira egitasmora. Aurten, Gipuzkoa osoko hamazazpi udalerritako 21 zahar etxek hartuko dute parte —hemezortzik parte hartu zuten iaz—. Adin ezberdineko 25 bertsolari gipuzkoar arituko dira kantuan, iaz baino sei gehiago.

Sagarnak kontatu du “hartu-eman handiko” egitasmoa dela. Izan ere, egoiliarrak, entzule baino gehiago, “saioko partaide” dira. Interakzioa sustatzeko, zahar etxe bakoitzeko dinamizatzaileek eta animatzaileek aurretik prestatzen dituzte bertso saioak egoiliarrekin, jakiteko zein bertso zahar eta herri kanta dituzten gogoko; Behin batean Loiolan, kasurako. Gainera, egunean bertan, bertsolariekin kontu kontari aritzeko aukera izaten dute. Bertsolariek, berriz, egoiliarrek esandakoen arabera sortzen dituzte bertsoak. Maialen Akizu bertsolariak aitortu du “oso polita” dela adinekoekin bertsotan aritzea: “Euren istorioa kontatzen dugu guk, eta gogotsu egoten dira”. Adinekoei eurei ere bertsotan hasteko gutxi falta izaten zaiela gaineratu du. Akizu oroitu da behin egoiliar batek bertso bat eraman ziela idatzita; Sagarnak, berriz, aitortu du egoiliarren partetik bertsorik ez, baina irrintziak eta txistu doinuak entzun dituela.

Euskal kultura sustatzen

Euskal kulturako sinboloen garrantzia azpimarratu du gizarte hezitzaileak. “Egoiliar asko euskaldunak dira, eta horiek bizitza osoan kontsumitu dute euskal kultura. Horregatik, garrantzitsua da ezaguna zaien aisialdi aukera eskaintzea”. Memoria ariketa bat ere badela gaineratu du. “Musikak eta bertsoek memoria lantzeko bidea ematen diete adinekoei; iraganeko oroitzapenak eta bizipenak berpizten zaizkie”. Horrek sortzen duen “eragin positiboa” balioetsi du Sagarnak.

Zenbait belaunalditako bertsolariz osatuta dago bikote bakoitza. Hartara, ezagunagoa zaien bertsolari bat eta ahots berriago bat entzuten dute adinekoek. “Haize fresko hori eskertzen dutela uste dut”, sumatu du Akizuk. Bertsolariek ere eskertzen dute formula. “Gazteenei izen handiko bertsolariekin kantatzeko aukera ematen die”, arrazoitu du bertsolariak. Akizuk berak, esaterako, Andoni Egañarekin kantatuko du maiatzaren 10ean, Seguran. Maddi Aiestaranek, berriz, Anjel Mari Peñagarikanorekin, Zumarragan eta Beasainen; 44 urteko tartea dago bien artean. “Plaza desberdinak dira, bitxiak. Baina eskertuak ere badira”, esan du Akizuk.

Urtero, Lanku kultur fundazioak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak elkarlanean diseinatzen dute egitasmoa. Maite Peña aldundiko Gizarte Politiketako diputatuak ere azpimarratu du bertso saio horien garrantzia, “emozioetara iristen den tresna baita bertsoa”. Haren hitzetan, “bertan bizi diren adinekoen bizi kalitatea hobetzea eta bertsoen bidez euren gaitasunak sustatzea” da helburu nagusia. Adin Adin egitasmoak fundazioaren baloreekin bat egiten duela iritzita, ekinbidea babestea erabaki du aurten Matia fundazioak ere. Hiru saio diruz babestuko dituzte.

Asteazkenean izango da lehen saioa, Azkoitiko San Jose zahar etxean. Eneritz Artetxek eta Sebastian Lizasok jardungo dute. Zumaiako Otezuri zahar etxera hurrengo astean iritsiko da Adin Adin; Uxue Alkorta eta Peñagarikano izango dira. “Arratsalde polita izango da. Eguraldi ona egingo balu, atarira aterako ginateke”, iragarri du Sagarnak. Azpeitiko San Martin zahar etxean eta Beasaingo Arangoitin egingo dituzte azken saioak, maiatzaren 19an.

Leave a Reply

Your email address will not be published.