Osasun mentala, plazara

Osasun mentala, plazara

Imanol Garcia Landa

Maiatzaren 6an, osasun mentala plazara aterako dute hiru gaztek Tolosan, Safe Place ekitaldiaren bitartez. Gai horren inguruan gabeziak daudela ikusi dute Laura de la Iglesiak, Nahia Zumetak eta Nahia Apeztegiak: “Osasun mentalaz ez da hitz egiten, eta, ondorioz, gizarteak, orokorrean, ez dauka horren inguruko informaziorik”, esan du Zumetak. Horri aurre egiteko antolatu dute ekitaldia; Trianguloa plazan egingo dute.

Ekitaldiak Impact Day ideia lehiaketan du sorrera. Hirurak Tolosako Inmakulada Lanbide Ikastolako ikasleak zirela, bertako Berpiztu Osasun Mentaleko Batzarrean ezagutu zuten elkar. Irakasle batzuek esan zieten lehiaketa horretara aurkezteko, osasun mentalari buruzkoa zelako. Impact Day lehiaketan aditu batzuen zenbait azalpen jaso ondoren, denbora tarte bat izan zuten proiektu bat pentsatzeko eta aurkezteko. Lehen sailkatuak izan ziren, eta proiektua Gipuzkoako Foru Aldundiaren Gazteak Auzolanean programara aurkezteko gonbita jaso zuten segidan. Hain justu, programa horretatik jasotako diru laguntzarekin antolatu dute Tolosako Safe Place ekitaldia.

Zazpi karpa edo gune topatuko ditu maiatzaren 6an Tolosako Trianguloa plazara joaten denak; osasun mentalaren inguruko gai bat jorratuko du bakoitzak: suizidioa, antsietatea, depresioa, bipolaritatea, adikzioak, elikadura nahasmenduak eta eskizofrenia. Gaiaren inguruko adituak eta elkarteak izango dira gune bakoitzean, informazioa emateko prest. 11:00etatik 13:00etara gauzatuko dute egitasmoa, eta hamaiketako bat egingo dute gero. 12:00etan, berriz, Olaia Toral musikariak kontzertu akustiko bat eskainiko du.

Hiru gazteek aukeratu dituzte maiatzaren 6an landuko dituzten gaiak. “Alde batetik edo bestetik gure bizitzan presente izan ditugun gaiak dira. Ikusten dugu oso garrantzitsua dela tabuak haustea”, esan du De la Iglesiak. Gai horiei “ikusgaitasuna” eman nahi diete, Apeztegiak gaineratu duenez: “Gai horiei buruz normal hitz egin dadin nahi dugu, eta benetan geure artean daudela ikusarazi. Denok izan ditzakegu osasun mentalarekin lotutako arazoak, halako gaixotasunek ez baitaukate adinik”.

Informazio falta eta tabuak

Osasun mentalaren inguruan “informazio falta izugarria” dagoela nabarmendu du De la Iglesiak: “Suizidioari buruz, adibidez, ez da hitz egiten, beldur moduko bat dagoelako eta tabuak daudelako gai horren inguruan”. Hain zuzen ere, Apeztegiak zehaztu duenez, Safe Place ekitaldiaren bitartez aukera eman nahi dute jendeak ingurune seguru batean gai horien inguruko informazioa jasotzeko: “Helburua da egun batean denok lasai hitz egiteko gune bat izatea, normal aritzea, osasun mentala existitzen dela konturatzea, eta tabu horiei guztiei kontra egin behar zaiela ikustea”.

Zumetak onartu du osasun mentalari buruzko hainbat gauza ez zekizkiela Berpiztu Tolosako Inmakulada lanbide ikastolako osasun mentaleko batzarrean sartu arte. “Impact Day lehiaketaren egunean, jendeari osasun mentalari buruz galdezka ibili ginen Donostian”. Galdera zaila zela erantzun zieten, eta ez zekitela zer esan. “Orduan jabetu ginen jendeak osasun mentala zer den ere ez dakiela, eta, horri tiraka, ikusi genuen beharrezkoa eta garrantzizkoa zela Tolosan Safe Placeren pareko egitasmo bat antolatzea”.

Laguntza eskatzeko orduan askok arazoak izaten dituztela adierazi du Zumetak. “Gazteei-eta hitzaldiak ematen dizkiete eskolan, baina norbaitek etxean gurasoei esaten badie arazo bat duela, gurasoek ez dute jakiten nora jo”. De la Iglesiak argi du gizartean gai horri buruz hitz egiten ez bada normala dela ez jakitea laguntza non eskatu. “Zerbait estaltzen bada, azkenean horri buruz hitz egiteko beldurra sartzen da gorputzean. Beraz, benetan garrantzitsua da jakitea jendea prest dagoela entzuteko”. Noraezean dabiltzan familia horiei laguntzeko joango dira hainbat elkarte maiatzaren 6an Tolosara.

Zailtasunak zailtasun, gaixotasun mental bat tartean denean laguntza eskatzeko gomendatu du Apeztegiak. “Hanka bat puskatzen bazaizu, medikuarengana joango zara hori tratatzeko; min handia baduzu, medikamenturen bat hartuko duzu, eta makuluekin eta igeltsuarekin ibili beharko duzu min hori sendatu arte. Gauza bera gertatzen da osasun mentalarekin ere: tratatu egin behar da, laguntza eskatu, eta babesa bilatu”.

De la Iglesiak ohartarazi du ezin dela jakin noiz iritsiko den osasun mentaleko arazoren bat. “Gerta daiteke uneren batean gaizki sentitzea, baina ez jakitea zergatik gertatzen zaizun hori. Jendeak galderak baldin badauzka, galdera horiek egitea eta osasun mentalari buruz hitz egitea nahi dugu guk”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.