Ispilu bati begira

Ispilu bati begira

Unai Zubeldia

Hiru urte atzera, kultur sorkuntzaren alorrean leherketa txiki bat eragin zuen COVID-19aren pandemiak, eta, neurri batean, koronabirusaren fruitua izan zen Lizartzako Kimua dantza kolektiboaren GenEroa kale ikuskizuna ere. “Kalean sortutakoa zen lan hura, baina argi geneukan antzokira eraman nahi genuela, han garatu nahi genuela”, esan du Garazi Egiguren Kimua dantza kolektiboko kideak. 2021eko ekainaren 26an estreinatu zuten GenEroa ikuskizuna, Tolosako Alondegi plazan, eta iazko urriaren 21ean taularatu zuten hura oinarri hartuta antzokietarako egokitutako GenErorAntz emanaldia, Beasaingo Usurbe antzokian. Urte erdi bat bete berritan, seigarren saioa izango dute gaur, Zarauzko Modelo aretoan, 20:00etan.

GARAZI_EGIGUREN

Egigurenek jakinarazi duenez, kaletik antzokirako pausoan koreografia berri batzuk txertatu zituzten emanaldian. “Antzokiak ematen duelako bestelako ikuspegi bat, bestelako aukera bat”. Baina bere horretan eutsi zieten beste hainbat ezaugarriri: “Ekaitz Goikoetxearen ekarpenari, esaterako. Ekaitzek aspalditik lanketa handia eginda dauka generoaren inguruan, sentsibilitate handia du, eta haren esku daude bertsoak, olerkiak… Ikuskizunaren zutabeetako bat da”. Egigurenek gaineratu du “oinarri berbera” daukatela bi lanek. “Baina bata zein bestea ikusi dituztenek aitortu digute sentipen desberdinak direla, fokua erabat aldatzen dela. Gu oso pozik gaude emaitzarekin”. Kepa Errasti aritu da zuzendaritza artistiko lanetan.

KIMUA DANTZA KOLEKTIBOA

GenErorAntz ikuskizunarekin “hausnarketa bat” proposatu nahi zuen Kimua dantza kolektiboak. “Eta asmatu dugula uste dut”, esan du Egigurenek. Generoaren gaiak gizartean “presentzia handia” daukala ere azpimarratu du. “Baina gai hori, azken aldian, oso ikuspegi baikorretik lantzen ari garela esango nuke: gizartean aurrerapausoak ematen ari garela, gauza asko lortzen ari garela… Errealitatea, ordea, bestelakoa da askorentzat”. Dantzariak ez ezik, irakasleak ere badira Kimua dantza kolektiboko hainbat kide —bederatzi dantzari dira taldean—. “Eta oso kezkatuta gaude generoaren gaiarekin, baikortasun horrek ez dakigulako zein ondorio izan ditzakeen”.

Beste tekla batzuk ukitzen

Kimuak-ek generoaren “azpigai guztiak” lantzen ditu azken lanean. “Ikusarazi nahi dugu bakoitzak zer motxila daramagun auzi honen pean, bai emakume izanda, bai gizon izanda, bai ez bitar izanda… Denok zeharkatzen gaitu gai honek”. Amatasuna, lan esparrua, genero identitatea, indarkeria matxista, harremanak, sentiberatasuna… “Guztiok daukagu ardura gai horiekiko kontzientzia hartzeko eta geure alea jartzeko. Diskurtsoa sobera daukagu, baina, hainbeste hitz egin beharrean, gorputzetik, mugimendutik, begirada artistiko batetik saiatu nahi genuen beste tekla batzuk ukitzen”.

KIMUA DANTZA KOLEKTIBOA

Lehen bost emanaldietan tekla horiek ukitu dituztela ziurtatu du Egigurenek. “Askok aitortu digute emanaldiaren ondoren oso elkarrizketa eta hausnarketa sakonak sortu zaizkiela familian, lagun artean… Gu zoratzen gaude, noski, horrelakoak entzunda”. Egigureni adierazgarria zaio ikus-entzuleetako askok ikusitakoa barneratzeko egun batzuk behar izan dituztela entzutea. “Barrua mugitu zaiela aitortu digute batzuek, eta denbora dezente behar izan dutela sentimendu bakoitza bere lekuan jartzeko. Azken batean, oso modu bisual eta gordinean kontatzen ditugu errealitatean gertatzen zaizkigun gauzak”.

Hori bai, Kimuak dantza kolektiboak ez du eman nahi generoaren inguruko ikuspuntu edo mezu zehatz bat. “Gauzak mugitu nahi ditugu guk, galderak sor daitezen lagundu nahi dugu, ez besterik. Errealitatearen ispilu moduko bat izan nahi dugu”.

KIMUA DANTZA KOLEKTIBOA

Lizartzako dantza kolektiboak euskal dantzetan dauka oinarria. “Baina ezeri ez diogu aterik ixten”, onartu du Egigurenek. “Garen horretatik sortzen dugu guk, eta garapen bat izaten ari gara zentzu horretan ere. Proposamen berritzaileagoak sortzen saiatzen ari gara”.

Eurena “emanaldi bizia” dela azpimarratu du Egigurenek. “Aldian-aldian konektatzen dugu ikus-entzuleekin. Asko sentitzen dugu oholtzan; isiltasunarekin, txaloekin…”. Sei hilabeteotan proiektua egonkortuta, beste zortzi emanaldi lotuta dauzka dantza kolektiboak. “Disfrutatu egin nahi dugu, gaur egun, askotan, ez delako denborarik izaten sorkuntza lan bakoitza dastatzeko”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.