Jon Zubizarreta (Abaltzisketa, Herrigintza): “Abaltzisketan inork ez du izan nahi ordezkari”

Jon Zubizarreta (Abaltzisketa, Herrigintza): “Abaltzisketan inork ez du izan nahi ordezkari”

M. G.

2011tik da Abaltzisketako alkatea Jon Zubizarreta (Abaltzisketa, 1977), eta karguan jarraituko du, bera buru duen Herrigintza zerrenda bakarrik aurkeztu delako udal hauteskundeetarako.

Abaltzisketan, Herrigintza zerrenda soilik aurkeztuko da hauteskundeetara. Nola osatu dituzue zerrendak?

Abaltzisketan inork ez du izan nahi udal ordezkari. Orduan, barne hauteskunde moduko bat egiten dugu. Gutun bat bidaltzen da etxeetara, eta bakoitzak esaten du zein nahiko lukeen izatea alkate edo zinegotzi. Horretarako, hautetsontzi bat jartzen dugu udaletxean, eta hara eramaten dira izenak. Boto gehien lortzen duena erdi behartuta dago onartzera. Zerrendan aurreneko hamaiken artean geundenetatik hamar geratu gara. Herriak ardura hori eman badizu, onartu egiten duzu.

Udal hauteskundeetarako zerrenda bakarra dago, baina foru hauteskundeetarako, 2019an, nahiko parean ibili ziren EAJ (%50,5) eta EH Bildu (%46,5). Zerrendak era horretara osatuta, erraza da hautetsiak ados jartzea proiektuetan?

Akaso, eragingo du, baina hemen gauzak beste era batera egiten dira. Txikitatik erakutsi digute herriaren alde egiten. Aurrekoan ere, herri batzarrean, 39 lagun elkartu ginen. Hirurehun biztanleko herri batentzat asko da hori.

Hilaren 28ko bozetan urduritasunik ez duzu izango apenas…

Egia da babesa daukazula ikusteak poza ematen duela, eta guk %90etik gorako babesa eduki izan dugu orain arte.

Alkate karguan, zer da zailena zuretzat?

Nagikeriarik ez dut izaten zerbait sinatzera joateko edo edozein ordutan edozein bilera egiteko. Gainera, esker oneko herria da. Baina hirigintza eta halako gaiak egiten zaizkit pisutsuen.

Zer asmo dituzue hurrengo lau urteetarako?

Etxeak egiteko proiektua martxan dugu, eta legealdia bukatzerako bukatuta egon behar dute, eta jendea horietan bizitzen. Mendien ordenazioa ere amaitu berri dugu, eta martxan jarriko dugu.

Leave a Reply

Your email address will not be published.