Mikel Baza: “Laguntzea onartu nuen, ofizioaren parte delako mina arintzea”

Mikel Baza: “Laguntzea onartu nuen, ofizioaren parte delako mina arintzea”

Miren Garate

Ekainean beteko dira bi urte Espainiako Eutanasiaren Legea onartu zutenetik, eta eskaera egin dutenetako bat izan da Pilar. Haren kasua izan zuten hizpide herenegun Donostian, Aubixa fundazioak antolatzen duen Elkarrizketak-talks egitasmoan. Hiltzea erabakitzen denean: nola egin aurre eutanasiari egoitzetan zen mahai inguruaren izenburua, eta Pilarren kasua aztertu zuten Mikel Baza (Bilbo, 1983) familia medikuak eta Soraya Perez psikologoak, Blanca Morera Donostia Unibertsitate Ospitaleko Etika Asistentzialeko Batzordeko presidenteordearekin batera. Bazak uste du eutanasia eskatu duenaren sufrimendua ulertzen saiatzea dela medikuen zeregina.

Herenegun, Aubixa fundazioak antolatutako Hiltzea erabakitzen denean: nola egin aurre eutanasiari egoitzetan mahai inguruan hartu zenuen parte. Medikuaren ikuspegitik aritu zinen hizketan.

Soraya Perez psikologoarekin batera parte hartu nuen, elkarrekin artatu baikenuen eutanasiaren eskaera bat. Pilar izeneko emakume bat zen, 68 urte zituen, eta egoitza batean bizi zen. Ni ez naiz aditua, nire lehen esperientzia izan zen hura mediku moduan, baina hausnarketarako hainbat elementu eman zizkidan, eta esperientzia hori kontatu nuen. Pilarrek berak eta haren familiak eskatu ziguten kasuaren berri emateko, uste dutelako lagungarri izan daitekeela beste pertsona batzuentzat.

Zer konta dezakezu Pilarri buruz?

Pilarrek gaixotasun degeneratibo bat zuen diagnostikatuta, gaztetatik. Oso arraroa zenez, gaztaro guztia medikuz mediku pasatu zuen, gaixotasunari izen-abizenak topatu arte. Buruko min nahiko latzak eragiten dituen gaitza da. Aurpegi erdia ere desitxuratuta zeukan, eta hor ere bazegoen aurretiazko bizipen gogor bat, urteetakoa. Duela urtebete, iktus bat izan zuen, eta, iktusaren ondorioz, haren mendekotasuna ia erabatekoa zen, oso larri zegoen. Hanka bateko eta beso bateko mugimendua galdu zituen, eta altxatzeko, aldatzeko, komunera joateko eta abarrerako laguntza behar zuen, eta hitz egiteko ere zailtasun handiak zituen.

Iktusa izan ostean egin zuen eutanasia eskaera?

Aldez aurretik ere esana zion familiari patatekoren batek-edo ematen bazion, uzteko, ez egiteko ezer. Jabetzen zen bere gaitzak ere gero eta mendekotasun handiagoa ekarriko ziola. Ospitaleratuta zegoenean hasi zen eskaera egiten, baina inork ez zion erantzun. Ospitalean errehabilitazioa eskaini zioten; agian, iktusaren ondoren mugikortasuna zerbait hobetuko zitzaion, baina ez zuen nahi. Handik egoitza batera joan zen, eta berriro egin zuen eskaera.

Nolatan iritsi zen Pilarren kasua zuregana?

Zegokion medikua ez zegoen prest. ESIko zuzendaritzak laguntza eskatu zidan, eta onartu egin nuen. Legearen berri banuen, eta ikastaro bat ere eginda neukan ordurako. Nire ustez, nire aurretik tokatu zitzaien medikuak ez ziren benetako objektoreak, baina zalantzak edo beldurrak zituzten. Ez gaude horretarako trebatuak. Nik onartu nuen, uste baitut gure ofizioaren parte dela mina duenari kentzea edo mina arintzea, eta testuinguru horretan kokatzen dut Pilarren kasua.

Halako egoera batean, zein da medikuaren rola?

Nik pentsatu nuen ezagutzen ez nuenez, nire pazientea ez zenez, errazagoa izango zela. Baina ez da horrela. Pilarrekin mediku erreferente bihurtu nintzen, eta nire zeregina zen, lehenik eta behin, haren historia jakitea eta ulertzea, haren sufrimenduaren berri izatea. Legeak ere hori eskatzen du. Baina halako prozesuetan, mediku erreferenteaz gain, beste figura batzuk ere egoten dira: gaixoa artatu ez duen mediku kontsultore bat, batzorde bat…

Legearen arabera, bi baldintza nagusi bete behar dira eutanasia eskaera bat onartzeko: fase terminalean dagoen gaixotasun bat izatea edo autonomia fisikoa mugatzen duen gaitz sendaezin bat izatea. Herenegungo mahai inguruan, zahar etxeetan zentratu zineten. Pentsa daiteke adineko ugari egon daitezkeela halako egoera batean.

Zaintza aringarriak ere gero eta zabalagoak dira, eta bateragarriak dira. Zahartzaroari lotutako sufrimendua hor dago, eta zailtasunak ditugu gizarte moduan behar horiei erantzun egokiak emateko. Mina da adibide bat. Nagusi asko dago min kronikoekin. Mugatuta gaude, ez ditugu arazo guztientzako erantzunak. Baina ez dut uste eutanasia eskaera asko daudenik, harago doan zerbaiti buruz ari baikara hizketan: zure bizitzak zentzu guztia galtzea. Kasuz kasu aztertu behar dira egoerak. Egoitzan, Pilarren ondoan, alboko esklerosi amiotrofikoa zuen emakume bat zegoen, baina hark bazuen bizitzeko grina bat oraindik. Medikuaren rola da hurbiltzea, ahal dela aurreiritzirik gabe, entzutea eta pertsona horrek atzean daukan historia ulertzen saiatzea.

Zahar etxe batean hil zen Pilar. Zer berezitasun ditu horrek?

Pilarren eskaeretako bat zen ez zuela nahi zegoen tokitik mugitzerik, eta egoitzan ez genuen izan inolako arazorik. Batzuentzat egoitzak dira beren etxea, baina badituzte ezaugarri nahiko berezi batzuk; adibidez, ez dago etxean izan dezakezun intimitaterik. Egoitzetan ere konfidentzialtasuna mantentzeko ahalegina egin behar da, etxean egonda bezala.

Nola hartu zuten Pilarren erabakia egoitzako gainerako egoiliarrek?

Pilarrek ez zuen nahi guztiek jakiterik, eta ahalegindu ginen horretan. Zuzendariak bazuen erabakiaren berri, baina ez langile guztiek. Berak aukeratutako pertsona batzuei kontatu zien Pilarrek. Bere familiak ere hasieran ez zuen ulertzen.

Senideekin ere egin behar izaten da lanketa bat?

Deliberazio prozesuan, formalki bi eskaera egin behar dira, denboran bereizita, eta urrats bakoitzean esaten da atzera egiteko aukera dagoela. Pilarri dagokionez, bere prozesuan, Gabonak iritsi ziren, eta eten egin zuen prozesua. Gurasoak ere Gabonen bueltan hil zitzaizkien, eta data beltzak ziren familiarentzat. Ahizpentzat errespetu seinale bat izan zen, ulertu eta babestu egin zuten Pilarren erabakia. Sorayak [psikologoa] du harremana haiekin, eta galdu izanaren dolua badute, baina lasai daude, eta oso eskertuta. Familiekin ere egin behar da lan bat; ez dute nahi izaten senidea galtzerik, baina azkenean ulertzen dute hori dela haren sufrimendua arintzeko bide bakarra.

Leave a Reply

Your email address will not be published.