(ANALISIA) Korronteak, putzuak eta sareak

Jon O. Urain

Alea jacta est. Gaur gauerdian bukatuko da udal eta foru hauteskundeetako kanpaina. Trabatua, tarteka; alderdiek ezarri nahi izan dituzten markoak eta mezuak behatzekoa, oro har. Baina, kanpainaren argietatik aparte, ur sakonak daude; azkeneko lau urteek sortutako azpiko korronteak. Segidan, Gipuzkoako batzuk:

1. Jarraitutasunezko hauteskundeak. Gipuzkoako foru hauteskundeetan, nekeza da bata bestearen atzetik aldaketa esanguratsurik kateatu ez duen bozketarik topatzea. Azken hogei urteetako historiari begiratu besterik ez dago: 2003an, ezker abertzalearen ilegalizazioak baldintzatu zituen emaitzak; 2007an, lau urte lehenago aurkeztu zen EAJ-EA koalizioa nor bere kasa aurkeztu zen —eta ezker abertzaleak f orukoetan aurkeztu ezinik jarraitzen zuen, legez kanpo—; 2011n, Bildu koalizio berria aurkeztu eta kolpez lehen indarra izatera heldu zen; eta, apalago bada ere, Ahal Dugu-ren agerpena ere elementu berritzaile bat izan zen 2015ean. Harrezkero, eskaintza politikoa nolabait egonkortu egin da herrialdean: 2015ean eta 2019an bost alderdik lortu zuten ordezkaritza Batzar Nagusietan —EAJ, EH Bildu, PSE-EE, Elkarrekin Podemos-IU eta PPk—, eta jite berekoa izango da etziko bozketa ere.

2. Parte hartzea. Beraz, joko zelai horren barruan, alderdien arteko indar harremanak nola aldatuko diren izango da gakoa; zein boto transferentzia dauden batetik bestera, eta parte hartzeak ere nola jokatuko duen eserlekuak banatzeko orduan. Datu bat: batez beste, foru hauteskundeetako parte hartzea %64,12koa izan da Gipuzkoan, eta orain arteko inkesta gehienek iragarri dute etziko parte hartzea batez besteko historikotik zertxobait behera geratuko dela.

3. Adin piramidea, EAJren alde. Inkestei eta adin piramideari begiratuta, demografia alde du EAJk. Gipuzkoako Foru Aldundiak apirilean aurkeztutako soziometroan bi adin bloke argi bereizten dira: 45 urtetik beherakoen artean, EH Bildu da nagusi; bi indar nagusien artean, gazteagoek uste dute EH Bildu hobeto ari dela EAJ baino, eta hobeto kudeatuko lituzkeela arlo gehienak: azpiegiturak, zahar etxeak, zergak, kultura, garraioa…. Iritzi hori irauli egiten da 45 urtetik gorakoei galdetzean; kategoria guztietan, jeltzaleek askoz balorazio hobea daukate. Zein da, beraz, EAJren abantaila? 18 eta 45 urte bitartekoak 200.000 pasa direla, eta 45 urtetik gorakoak, 380.000 inguru. Arrantzarako putzu dezente zabalagoa dauka EAJk.

4. Iriarteren balorazioa. Lehia estua espero da, EH Bilduk ere badauzkalako baikor egoteko moduko datuak. Inkestekin jarraituz: diputazioaren soziometroak iragarri zuen EH Bilduk Gipuzkoako barruti guztietan egingo duela gora, baina bereziki Bidasoa-Oiartzunen —3,7 puntu— eta Donostialdean —2,4 puntu—. 400.000 pasa herritar bizi dira eremu horretan, eta, beraz, boto dezente irabazteko aukera izan dezake; are gehiago kontuan hartuta Elkarrekin Podemos-IUk bi barruti horietan duela boto gehien eta inkestek EH Bilduri iragartzen dioten hazkundea koalizio morearen kontura dela.

EITB Focusen azken neurketako beste datu bat, ordea, deigarriagoa da, ez baita sarri ikusten hautagai ezagunena eta balorazio onena duena oposizioko hautagaia izatea, eta ez gobernuan dagoen alderdikoa. %66k ezagutzen dute Maddalen Iriarte EH Bilduren ahaldungai nagusia, Eider Mendoza EAJren zerrendaburua baino hogei puntu gehiago, eta Iriarteren balorazioa 6,4 puntukoa da, Mendozarena baino hamarren bat gehiago. Ezkerrean Bandwagon edo zaldi irabazlearen efektu hori gertatzen bada eta hautesleak EH Bildu aukera garaile gisa ikusten badu, baliteke Elkarrekin Podemosek gogotik sufritzea 2019ko botoei eusteko.

EAJ eta EH Bildu; lau urtez bota dute tretza, eta bi astez hasi dira soka jasotzen. Bakoitzaren arrain kopurua, etzi 20:00etatik aurrera.

Leave a Reply

Your email address will not be published.