Irundik Errumaniara eta etxera buelta

Irundik Errumaniara eta etxera buelta

June Romatet Ibarguren

Ikasturte guztietan, hegaldiak edo treneko txartelak erosi, eta hilabete batzuk beste herrialde batzuetan igarotzen dituzte unibertsitateko eta graduetako ehunka ikaslek, Erasmus programari esker. Programa horrek badu beste atal bat: Erasmusplus. Horri esker, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako (DBH) edo batxilergoko ikasleek ere beste herrialde batzuk ezagutzeko aukera izaten dute. Esaterako, Irungo Hirubide BHI ikastetxeko kide batzuk Errumanian izan dira, Ploiestin.

Eskaera txosten bat bete behar izaten dute ikastetxeek, eta, programak onartuz gero, bidaia horiek egiteko aukera izaten dute hainbat ikasle eta irakaslek. Gipuzkoan, hainbat ikastetxek baliatu dute Erasmusplus programa; besteak beste, Irungo Hirubide BHIk. Hiru saiakera egin ondoren, ikasturte honetan Hirubidekoek programan sartzea lortu dute azkenean. Arantxa Galdos Hirubide BHIko Erasmusplusen arduradunak azaldu du “zorrotzak” izaten direla aurkeztu beharreko txostenak, baina argi zutela esperientziaren parte izan nahi zutela.

Bi esperientzia orain arte

“Erasmusplus ez da ikasleentzako aukera bat soilik, irakasleek ere parte hartzen baitugu, eta guk ere hainbat aukera izaten baititugu”, kontatu du Galdosek. Izan ere, orain arte bi esperientzia bizitzeko aukera izan dute Hirubide ikastetxeko ikasle eta irakasleek: batetik, ikasle batzuek Errumanian igaro zuten astebete, martxoaren 17tik 24ra; eta, bestetik, irakasle batzuk Nimesen, Frantzian izan dira aste honetan.

IRUN, ERASMUS PLUS

“Ikasleek esperientzia berriak izatea ez ezik irakasleok beste herrialde batzuetan egiten duten horretatik ikastea ere bada proiektuaren helburua; horregatik joan gara batzuk Frantziara”, esan du Galdosek. Zinemagintza lantzen duten ikastetxe batzuetan izan dira irakasleak Frantzian; hango dinamika barneratuta, Irunen ere “antzeko zerbait” egiteko asmoa daukatela gaineratu du irakasleak.

Irakasleek “ideia berriak barneratzeko” baliatu dute egonaldia, baina, Galdosen hitzetan, “izugarrizko esperientzia” izan da ikasleentzat bereziki. DBHko 2. mailako bost ikaslek izan zuten aukera Errumaniara joateko. Hirubide BHIko Erasmusplusen arduradunak azaldu du ikasle bakoitzaren egoera sozioekonomikoa, datu akademikoak, jarrera, familia egoera bereziak eta ingeles maila hartu zituztela kontuan ikasleak aukeratzeko. “Zerrenda bat egin genuen ezaugarri horiek aintzat hartuta, eta lehen bostek izan zuten bidaiatzeko aukera”. Horietako batek ezezkoa eman zuela jakinarazi du Galdosek, eta zerrendako seigarrenari eman ziotela aukera. Bost ikasle horiekin bi irakasle joan ziren Errumaniara.

Ploiestira egindako bidaian, hango ikastetxeetan gauzak nola lantzen dituzten ikasi zuten Hirubideko ikasle eta irakasleek. Horretarako, ekologia eta birziklapena landu zituzten, besteak beste, hango metodologiak baliatuta, eta “beste lan batzuk” ere egin zituzten hango ikasleekin elkarlanean. “Esperientzia aberasgarria izan da ikasleentzat, eta oso pozik itzuli dira denak”. Galdosek gaineratu du halakoren bat “berriz egiteko gogoz” itzuli direla ikasle guztiak.

‘Bullying’-a aztergai

Joan-etorrikoa da Erasmusplus, eta, irundarrak Errumaniara joan ziren bezala, astelehenean iritsiko dira bost ikasle eta bi irakasle errumaniar Irunera. Bullying-aren gaia landuko dute, ziurrenik, aste guztian, eta gai horrekin zerikusia daukaten hainbat bideo sortuko dituzte. “Gogotsu gaude denok errumaniarrak iristeko”, aitortu du Galdosek, eta datorren ikasturtean ere programan parte hartuko dutela azaldu du.

Leave a Reply

Your email address will not be published.