Pedro Martinez de Artola: “Auto pribatuak zentzuz erabiltzearen aldekoak gara”

Pedro Martinez de Artola: “Auto pribatuak zentzuz erabiltzearen aldekoak gara”

Miren Garate

Ehun urte beteko ditu aurten Real Automovil Club Vasco Navarrok (RACVN), eta rally bat egingo du bihar eta etzi, 1936a baino lehenagoko ibilgailuekin. Hain zuzen, aurten ehun urte beteko lituzkeen Lasarte-Oriako zirkuitua ere gogoratu nahi du ekitaldi horrekin. Pedro Martinez de Artola (Zamora, Espainia, 1944) elkarteko lehendakariaren esanetan, oraindik zaletasun handia dago motordun kirolen bueltan, baina halako zirkuitu bat antolatzeko aukera ekonomikorik ez dago gaur egun.

Ehun urte beteko ditu aurten RACVNk. Urte hauetako guztietako zer mugarri nabarmenduko zenituzke zuk?

Hasieran, Lasarte-Oriako auto zirkuituak garrantzi handia izan zuen, lasterketa oso garrantzitsuak erakarri baitzituen, eta Gipuzkoan eta Euskal Herrian auto industria eraginkor bat sortzeko ere balio izan baitzuen: hornitegiak, matrikulazioak, nazioarteko baimenak, kontzesionarioak… 1923tik 1935era iraun zuen zirkuituak. Espainiako gerragatik geratu ziren bertan behera lasterketak, eta gerraren ostean ez zegoen ez dirurik, ez nazioarteko harreman egokirik halakoak antolatzeko. Ordutik, RACVNren zeregina, batik bat, automobil gidariei aholkularitza ematea izan da. Erakundeek ere galdetzen digute iritzia, jakin nahi izaten dute gure ikuspegia, eta mugikortasun kontseiluetan eta abarretan gaude. Horrez gain, hainbat lasterketa antolatzen jarraitzen dugu.

Mugikortasunari begira, autoaren erabilera murrizteko neurriak ari dira hartzen azken boladan. Zer iritzi duzue horri buruz?

Gu ez gara auto pribatuei oztopoak jartzearen aldekoak: auto pribatuak zentzuz erabiltzearen aldekoak gara. Izan ere, ibilgailu pribaturik gabe, besteen mende egon behar duzu askotan. Badago tokia ibilgailu publikoentzat, eta toki batzuetan oso ondo funtzionatzen dute, baina zenbait egoeratan ibilgailu pribatuak ere beharrezkoak dira. Badakigu ez dela erraza, eremu berean ibili behar dugulako autoek, autobusek, oinezkoek, bizikletek eta abarrek, baina ondo antolatzea da kontua. Deskarbonizazioarekin ere kritikoak gara.

Zergatik?

Gure ustez, gaur egungo ibilgailuen motorrak ez dira hain kutsagarriak. Gainera, ibilgailu elektrikoak inposatu nahi dituzte, eta horrek kalte egiten die etxeko ekonomia ahulenei, horiek erabiltzen baitituzte gama baxueneko ibilgailuak. Gaur egun bigarren eskuko auto gutxi daude. Zergatik? Diruari begiratu egiten zaiolako. Bat-batean auto elektriko bat erosi behar duela esatea jendeari…

Hiriguneetako gehienezko abiadura mugak ere asko murriztu dituzte, orduko 30 edo 50 kilometrora kasu askotan. Zer iruditzen zaizue neurri hori?

Gidarien eta oinezkoen edukazioa da gakoa. Abiaduraren mugak, adibidez, ez dakar istripuen disuasiorik. Arretaz eta zuhurtziaz gidatu behar da, eta trafikoko autoritateek ere badute zeresana. Ez da posible trafikoko autoritateak egotea bigarren ilaran daudenei isuna jartzeko bakarrik, agian amari etxera laguntzeko egin baituzu hori. Abiadura mugak, jartzekotan, zentzu tekniko handiagoz jarri behar dira. Donostian bertan, adibidez, autobus gidariak kexatu egin ziren, ezarri ziren abiadura mugekin ezin zituztelako ibilbideak amaitu finkatutako ordurako.

Istripuak aipatu dituzu. Alde horretatik, egoera nabarmen hobetu da, ezta?

Bai, puntukako gidabaimenagatik eta edukazio handiagoa dagoelako. Jende gazteak ardura handiagoa du orain. Ibilgailuen antzinatasunak ere izan du eragina, denborarekin hobetuz joan baitira. Istripu gehien non gertatzen dira? Hirietan, eta ez autoengatik bakarrik, baizik eta oinezkoen, txirrindularien eta motor gidarien gehiegizko konfiantzagatik: zebra bideetan, semaforoetako koloreak errespetatzen ez dituztenean…

Eta errepideak, oro har, nola daude Gipuzkoan?

Errepideak mantentzea oso garestia da, eta matrikulazio zergatik, erregaien zergatik eta abarretatik lortzen den dirua beste gastu batzuetarako erabiltzen da, ez errepideak mantentzeko. Gauza txikiak garrantzitsuak dira, eta begiratuz eta gauzak konponduz joan behar da. Bideak ondo daude diseinatuta, baina mantentze lanetan gabezia handiak daude. Azpikontratatu egiten dira lan horiek, eta horren ondorioa da hain kontrolagarriak ez izatea. Seinaleztapena, berriz, oso gaizki dago. Ehun metroko tartean lau seinale egon daitezke abiadura muga desberdinekin, landareekin edo obrako elementuekin tapatuta…

Kirolarena da RACVNren beste adar garrantzitsu bat. Zein da motordun kirolen egoera?

Zaletasun handia dago, baina oso zaila da proba bat antolatzea. Baimen pila bat eskatu behar izaten dira, eta baldintza administratiboek ere atzera botatzen dituzte antolatzaileak. Baldintza horiek kostuak igotzea eragiten dute, eta aseguruak ere oso garestiak dira. Lasartekoaren gisako zirkuitu bat egiteko borondatea bazegoen, baina ekonomikoki ez da posible. Txiki bat badago Los Arcosen [Nafarroa], baina ekoizleek erabiltzen dute gehienbat, frogak-eta egiteko.

Hain zuzen, RACVNren mendeurrenaren ospakizun barruan, Lasarteko zirkuitua gogoratuko duzue asteburu honetan, rally baten bidez.

Gaur harrera egingo zaie rallyan parte hartuko dutenei, eta ekitaldi instituzional bat ere egingo dugu Txillida Lekun [Hernani]. Bihar, Donostiako Alderdi Ederretik aterako dira autoak, eta ibilbide bat egingo dute Gipuzkoan barrena. 1936a baino lehenagoko autoak izango dira. Donostiara itzuli, eta Alderdi Ederren egongo dira aparkatuta. Igandean, Lasartera joango dira, eta oroimen ekitaldi moduko bat izango da. Urnietatik eta Hernanitik ere igaroko dira autoak, eta berriro Lasartera itzuliko dira. Eguerdian, sari banaketa egingo dugu Zubietan, eta bazkaria ere bai. Liburu bat ere atera berri dugu RACVNren historiari buruz, eta urrian zigilu bat aterako dugu Correosekin.

Nola ikusten duzu RACVNren etorkizuna?

Baikortasunez. 18.000 bazkide ditugu gaur egun, eta iruditzen zait zerbitzu modernoago eta perfekzionatuagoak eman ahal izango dizkiegula horiei. Gizartearen zerbitzura ere egongo gara, aholkularitza emateko.

Leave a Reply

Your email address will not be published.