Kaleko nekazarien “mediku”

Kaleko nekazarien “mediku”

Ane Olaizola

Azken hamarkadan ugaritu egin dira baratze publikoak, eta, horiekin batera, erabiltzaileak. Gero eta gehiago dira lurra lantzeko sail publikoak ustiatzen dituztenak, eta, horrenbestez, norberaren kontsumorako nekazari bihurtu diren kaleko herritarrak. Profil horretarako herritarrek izan ditzaketen beharrei erantzuteko asmoz, Kutxa Ekoguneak eta Azpeitiko Kimu Bat etxeak abian dute Furgobaratza doako zerbitzua.

Ekoguneak eta Kimu Bat enpresak duela zortzi urte jarri zuten martxan Furgobaratza proiektua, elkarlanean, Gipuzkoako Baratze Parkeen Sarean txertatuta dauden baratze ekologikoetako erabiltzaileei aholkularitza zerbitzua eskaintzeko asmoz. “Baratze parkeetan aritzen diren herritarrek, normalean, ezer gutxi jakiten dute baratzeen inguruan, eta gure funtzioa da horiei laguntza eskaintzea”, esan du Aitziber Otegik. Kimu Bateko kide hura da furgonetan tokian tokira joan eta herritarrei laguntza eskaintzen dieten arduradunetako bat. Izan ere, erabiltzaileek lekuan bertan jasotzen dute aholkularitza zerbitzua: “Baratzeetako kideek galderak egiten dizkigute, eta, behar izanez gero, haien baratzeetara joaten gara, zuzenean ikus dezagun zer arazo duten edo zer landatu dezaketen”.

Furgobaratzak Gipuzkoako hogei baratze publikotan eskaintzen du zerbitzua, eta hango erabiltzaileek hilero jasotzen dute zerbitzu ibiltariaren bisita, parke txikietan eta abuztuan izan ezik. Otegiren arabera, “harrera oso ona” du egitasmoak, besteak beste, baratze publikoen ustiapena txandakatuz joaten delako, eta, beraz, beti egoten direlako “zalantzak” dituzten erabiltzaileak. Udaberriaren hondarrean, bete-beteak dira baratzeak; sasoi betean dira orain, eta tomateak dira hango protagonista, baita askoren buruhauste ere: “Landare delikatua da tomatea, eta horiek nola zaindu azaltzen diegu erabiltzaileei”. Baratzeen oinarrizko ezagutzak ematea ere badagokie sustatzaileei: “Ondo aitzurtzeak duen garrantzia azpimarratzen dugu. Izan ere, askok baratzeei ur gehiegi botatzen diete, baina ahaztu egiten dira aitzurtzeaz, eta hori da garrantzitsuena”.

Doakoa eta irekia da Furgobaratza zerbitzua: “Baratze pribatua duena ere joan daiteke, baita beste herriren batekoa ere”. Aholkularitza emateaz gain, beste hainbat zerbitzu ere eskaintzen ditu Furgobaratzak, hala nola hazi nahiz produktu ekologikoen salmenta eta sasoian sasoiari lotutako tailerrak. Ekainean, esaterako, izurrien eta gaixotasunen inguruan arituko dira hizketan.

Horrez gain, ikuskaritza lanak ere egiten dituzte zerbitzuaren arduradunek, erabiltzaileek baratzeak “behar bezala” erabiltzen dituztela ziurtatzeko. “Erabiltzaileen eta udalen arteko zubi lana egiten dugu guk. Bertan egoten garenez, zuzenean ikusten ditugu egon daitezkeen arazoak: norbaitek belarra ez hazteko plastikoa jarria badu, baratzea erabili gabe badago… tokian tokiko udalari jakinarazten diogu hori guztia”.

Baratzea, osasuntsu

Elena Lakuntza duela sei urtetik da Tolosako baratze parkeko erabiltzaileetako bat, eta hark azaldu du “ahal duen guztietan” joaten dela Furgobaratzaren saioetara. Medikuekin konparatu du Lakuntzak zerbitzua: “Batetik, landare eta produktu ekologikoen azalpenak ematen dituzte, eta, bestetik, norberaren baratzeak begiratzen dituzte. Arazorik badago, aholkuak jasotzen ditugu, eta hori da interesgarriena”.

Lakuntzaren arabera, irakasleak ere badira proiektuaren gidariak. “Hasieran, ez nuen ideiarik baratzeaz, baina pixkanaka ikasi dut, bataren eta bestearen laguntzarekin. Izan ere, baratze parkea kanpin baten modukoa da: bakoitzak bere partzela du, eta inguruan dituzu bizilagunak; denekin ikasten duzu”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.