Pobreziaren aurpegiak: gazteak, emakumeak eta migratzaileak

Urtero, Caritas Gipuzkoak bere gizarte lana ezagutarazten du, eta, horren bidez, artatzen dituen pertsonen bizimoduaren ondorio sozial eta ekonomikoak ikusarazten ditu. Horien artean, Ukrainako gerrak edo prezioen igoerak kalte egindakoak daude, besteak beste.

Caritas Gipuzkoak, beste edozein gizarte erakundek bezala, antzematen ditugun pobretze egoerak identifikatzen laguntzen du. Egoera horiek, gure ikuspegitik, Gipuzkoako gizartearen erronka garrantzitsuenetako batzuk osatzen dituzte.

Hiru gako ikusten ditugu 2022ko datuetan, aurreko urteetan islatzen zirenak, eta, beraz, adieraz diezagukete gizartea zein administrazio publikoak ez garela nahikoa egiten ari gure lurraldeko pobreziari eta bazterketari aurre egiteko.

Batetik, Caritasen gizarte arreta jasotzen duten familiak gero eta gazteagoak dira. Arreta horren %80, 44 urtetik beherako pertsonek osatutako familiek jasotzen dute. Enplegua eta etxebizitza dira gure erakundeari laguntza eskatzera bultzatzen dituzten arrazoi nagusiak. Datu kezkagarriak dira.

Gure gizartean, 30 urtetik beherako biztanleriaren bazterketa tasa batezbestekoa baino 1,5 aldiz handiagoa da. Eta, Foessa gizarte ikasketak sustatzeko fundazioak egindako 2021eko Euskadiko bazterkeria eta garapen sozialari buruzko txostena-ren arabera, 65 urtetik gorako biztanleriarena baino hamar aldiz handiagoa da. Halaber, geure buruari galdetzen diogu zer-nolako politikak behar diren enpleguaren eta etxebizitzaren esparruan gazteenek bizi duten egoerari buelta emateko.

Bestetik, urtez urte gero eta emakume gehiagok behar dute Caritasen laguntza. 2002an, artatutako pertsonen %56 emakumeak izan ziren. Badirudi enplegua eta zaintza direla beraien zailtasun sozialen arrazoi nagusiak. Kontziliazioa eta zaintza, emakumeengan eragina duten errealitateak dira, eta, besteak beste, soldata arrakalan islatzen dira (%11,9, 2019an, Eurostat estatistika erakundeak emandako datuen arabera).

Ez da errealitate edo datu berria, baina, gizarte gisa, oraindik ere ez diogu erantzuten pertsonek behar ditugun zainketak antolatzeko erronkari, eta zaintza horiek emakumeen sorbalden gainean mantentzen jarraitzen dugu; askotan, emakume migratzaileak. Badakigu beste politika publiko batzuk behar ditugula zaintzaren zeregin soziala partekatu eta duin bihurtu ahal izateko; etxeak, eta batez ere emakumeak, horren ondorioz, ez daitezen pobretu.

Azkenik, Caritas Gipuzkoak artatutako etxeen %81 atzerritarrak dira. Jatorria da gizarte bazterkeriaren faktore nagusietako bat. 2021eko Euskadiko bazterkeria eta garapen sozialari buruzko txostena-ren arabera, atzerritar jatorriko pertsona bat buru duten hamar etxetik ia sei bazterketa egoeran daude. Hau da, Euskadiko gainerako etxeetan baino bost aldiz altuagoa da zifra.

Pertsona migratzaileek zailtasun handiagoak dituzte pobreziatik eta bazterkeriatik ateratzeko, enplegua bezalako eskubideak eskuratzeko dituzten zailtasunengatik, eta eusteko familia sarerik ez dutelako. Gipuzkoako gizartea gizarte tolerantea eta inklusiboa da, baina migrazioek babes handiagoko politika publikoak bultzatzeko beharra adierazten digute. Baita Atzerritartasunaren Legea erreformatzea ere; modu ezkor batean eragiten baitu laguntzen dugun hainbeste pertsonaren bizitzan.

Horiek dira 2022an Caritas Gipuzkoak lagundu zituen pertsonen aurpegiak, eta haiek adierazten digute Gipuzkoako gizarte gisa ditugun erronka sozial eta ekonomikoak. Datu eta ehuneko horietako bakoitzak izen bat, historia bat du atzean. Lortzeko ahaleginean ari den amets bat duen pertsona bat dago datu bakoitzaren atzean. 6.000 dira babesten ditugun etxeak, eta gure leloak adierazten duen bezala, Zuk zerikusi handia duzu. Zure gertutasuna eta elkartasuna eskertzeaz gain, inguratzen gaituzten errealitate bidegabeak eraldatzeko itxaropenari eusten jarraitzera gonbidatzen zaitugu.

Leave a Reply

Your email address will not be published.