Amaia Goikoetxea: “Ez da aurrerapenik izan COVID iraunkorra dugunon arretan”

Amaia Goikoetxea: “Ez da aurrerapenik izan COVID iraunkorra dugunon arretan”

Miren Garate

Irailean beteko ditu bi urte Euskal Herriko Long Covid elkarteak. 171 kide ditu gaur egun, eta horietako bat da Amaia Goikoetxea Bedaion bizi den herritarra (Elduain, 1972). COVID iraunkorra duten gaixoentzako unitate espezifiko bat eskatzen dute. “Bestela, une oro guk ibili behar izaten dugu alde batetik bestera”.

Hasieratik, Euskal Herriko Long Covid elkartearen eskaera nagusietako bat izan da unitate espezifiko bat sortzea Osakidetzan, COVID iraunkorra duzuen gaixoak artatzeko. Zein da egoera une honetan?

Ez dute ezer egin. Familia medikuarengana joaten gara, eta ez dute jakiten nora bideratu. Iazko ekainean, Eusko Legebiltzarrak aho batez onartu zuen ebazpen bat, eta esan zuten unitate espezifiko bat sortuko zutela Osakidetzan guretzat, medikuei prestakuntza emango zietela, gaixotasunaren markatzaile biologikoen identifikazioan sakonduko zutela… Baina ez da aurrerapenik izan COVID iraunkorra dugunon arretan.

Eusko Legebiltzarreko Osasun Batzordean, Rosa Perez Osakidetzako zuzendariak esan berri du betetzen ari direla aipatu duzun ebazpena, eta dagoeneko sortu direla arreta espezifikorako hainbat kontsulta.

2020an pandemia etorri zenean ezarritako protokoloekin ari dira, baina, horretaz aparte, ez dago ezer berririk. Oso-oso minduta gaude Rosa Perezen adierazpenekin, gezurretan ari delako. Hark esandakoak entzunda, badirudi bideratuta dagoela kontua, baina inondik inora ez da horrela. Aurpegira barre egin digun sentsazioa dugu.

Zuentzat, zergatik da garrantzitsua unitate espezifiko hori sortzea?

Bestela, guk ibili behar izaten dugu une oro alde batetik bestera. Bakoitzaren medikuaren borondateak ere eragin handia du. Nik neuk zorte handia izan dut, nire familia medikuak oso ondo tratatu nau, eta Donostia ospitalean ere oso gustura nabil barne medikuarekin eta neurologoarekin. Dena den, izan ditut bestelakoak ere: errehabilitazioko medikuarengana bidali ninduten, eta esan zidan gaixotasuna neuk sortzen dudala. Gaixo batentzat oso gogorra da hori entzun behar izatea. Elkarteko kide askori gertatu zaizkie halakoak: gaizki daudelako medikuarengana joan, eta asmatutako zerbait dutela entzun behar izatea.

Gaur egun, errazago egiten dira diagnosiak? Gutxiago kostatzen da pertsona batek COVID iraunkorra duela detektatzea?

Oraindik ere, herriko medikuarengana joaten zarenean, eta COVIDa izan zenuenetik ez zaudela ondo esaten diozunean, bati jartzen dio astenia duela, beste bati beste zerbait… 171 kide gaude elkartean eta denok desberdin artatzen gaituzte. Niri, gaixotu osteko lehen urtean astenia nuela jartzen zidaten; orain, Donostia Ospitalean artatzen naute, eta nire txostenetan COVID-19a dudala jartzen du. Baina oso gutxiri jartzen diete hori.

Zuek dakizuenaren arabera, Osakidetzatik kanpo ari dira bestelako probaren batzuk egiten COVID iraunkorra dutenei?

Quiron ospitalean, adibidez, gaixoei odola ateratzen diete, eta markatzaile batzuk begiratzen dituzte, gure odola nola dagoen ikusteko. Antza, alde handiak daude COVID iraunkorrarekin bizi garenon markatzaileen eta gainerakoen artean. Baina ospitale pribatua da, oso garestia da proba egitea eta ez dago edonoren esku. Guk nahi dugu Osakidetzan ere egitea halakoak, eta hortik abiatuta ikertzea. Horretarako, ordea, dirua behar da, eta badirudi gurekin ez dutela dirurik gastatu nahi.

Euskal Herriko Long Covid elkartean ikusten duzuenaren arabera, zein da COVID iraunkorra duzuenon egoera? Ari dira hobetzen zuen sintomak?

Sendatu den inor ez dugu ezagutzen. Batzuek esaten dute pixka bat hobeto daudela, baina berriro okerrera egiten dute. Oro har, denok okerrera goaz. Ni neu, adibidez, askoz okerrago nago.

Zuri nola eragiten dizu gaitzak gaur egun?

Lehen urtean, ez zidaten kasu handirik egin. Gelditzea okerrago izango nuela, eta lanean jarraitzeko esan zidaten. 2020ko urrian harrapatu nuen COVID-19a, eta 2021eko azarora arte ez nuen bajarik hartu. Denda batean egiten nuen lan, eta erori egin nintzen. Barne medikuarengana bidali ninduten, Tolosako Asuncion ospitalera, baina ez zidaten ezer egin. Neure burua gero eta okerrago ikusten nuen. Orain, makulu batekin ibiltzen naiz, eta, harekin ere ezin dut kilometro erdi bat egin. Esan didate bihotzean odol isurketa bat dudala; lau gastritis ditut, pixeko infekzioa kendu ezinda nabil bi hilabetean… Eta beldurrik handiena etorkizunak ematen dit: orain horrela nago, baina nola egongo ote naiz hemendik hilabete batzuetara?

COVID-19a harrapatu aurretik ez zenuen inolako osasun arazorik?

Batere ez. Gerriko minez ibili izan naiz noizbait, baina hamasei urtean bajarik hartu gabe nengoen. Energia handiko pertsona bat izan naiz, beti alde batera eta bestera ibiltzen diren horietakoa. Gure taldean denetik dago, baina gehienok 40-55 urteko emakumeak gara, kirolariak edo oso pertsona mugituak. Oro har, aurrez inork ez zuen gaixotasunik. Zer sintoma ditugun galdetzen digutenean, gehienok esaten dugu neka-neka eginda jaikitzen garela goizetan goizetik, gorputz osoko minez.

Leave a Reply

Your email address will not be published.