Andoni Zulaika: “Tokiko ekoizpenari tira egin nahi diogu”

Gizarte eta laneratze enpresa bat da Hernaniko Bertatik, baina, helburu horretaz gain, badu beste bat ere: lehen sektorea bultzatzea. Uztailean hasiko da lehen zerbitzuak ematen, eta irailean %100ean ariko da.

Miren Garate

Ekainaren 20an aurkeztu zuten Hernaniko Bertatik gizarteratze eta laneratze enpresa. Tokiko elikagaien eta produktuen alde eginez, gizarte bazterkeria egoeran edo horretarako arriskuan daudenen lan aukerak sustatu nahi ditu. Hiru zerbitzu eskainiko ditu: tuper zerbitzua, elikagaien eraldaketa zerbitzua eta jantokien kudeaketa. Andoni Zulaika (Ziortza-Bolibar, Bizkaia, 1992) Bertatikeko zuzendariaren esanetan, zenbait pertsonaren emantzipazioan ere lagun dezake egitasmoak.

Gizarteratze eta laneratze enpresa bat da Hernaniko Bertatik. Nondik nora sortu duzue?

Bi entitate sustatzaile ditu Bertatikek: Zabalduz kooperatiba eta Fede Pacha & Co. Esku hartze sozialaren arloan lan egiten du Zabalduzek, bazterkeria egoeran daudenekin eta babesgabetasun egoeran dauden adin txikikoekin. Fede Pacha & Cok, berriz, gastronomia eredu jasangarri baten alde egiten du, tokiko elikagai eta produktuen alde eginez. Bion ekimenez sortu genuen Bertatik.

Paraleloki, gu elkartzeko abiapuntua Hernaniko elikadura burujabetzarako estrategia izan zen. Elikadura da estrategia horretako arloetako bat, eta nahi du elikaduraren balio kate osoan dauden entitateek elkarrekin lan egitea eta elkarrekin planifikatzea sektorearen eraldaketa.

Gizarte bazterketa egoeran daudenen gizarteratzea eta laneratzea sustatzea da zuen helburuetako bat. Zein izango dira Bertatikeko langileak?

Gizarte eta laneratze enpresen helburua da gizarte bazterketa egoeran edo arriskuan dauden kolektiboen inklusio soziolaborala lortzea. Diru sarrerak bermatzeko errenta jasotzen dutenak, iraupen luzeko langabeak, adin txikiko zentroetatik atera diren gazteak, mendekotasun arazoak dituztenak, espetxetik atera direnak eta abar sar daitezke halako enpresa batean. Jarduera jakin batean oinarrituko gara gu: elikagaien sektorean edo lehen sektorean.

Langileak gutxienez sei hilabete egongo dira gurekin, eta gehienez, hiru urte. Bertatikeko langileek sektoreko lan hitzarmena kobratuko dute. Gipuzkoan dagoen etxebizitza arazoarekin, zentroetatik edo inklusio etxeetatik datozenentzat oso zaila da benetako inklusioa lortzea, eta uste dugu, alde horretatik, Bertatiken emango dituzten bizpahiru urte horiek tresna lagungarria izango direla haien emantzipaziorako eta inklusiorako.

Aipatu duzu tokiko elikagaiak eta lehen sektorea sustatu nahi dituzuela. Nola egin nahi duzue hori?

Ahalik eta gertueneko produktuekin lan egitea da gure filosofia. Nekazaritzako hainbat produktu —haragia, barazkiak eta abar— Hernanin bertan ditugu eskura. Beste produktu batzuk, ordea, ez dira ekoizten herrian bertan, eta ahalik eta gertuenekoak erabiliko ditugu; adibidez, Arabako edo Nafarroako olioa. Gure teoria da ekoizleei beren lehengaien salmenta bermatuz gero, tokiko ekoizle horiek gehiago ekoizteko edo ekoizpena dibertsifikatzeko aukera izango dutela. Kontsumo arduratsuaren bidez, tokiko ekoizpenari tira egin nahi diogu guk.

Hiru zerbitzu nagusi eskainiko dituzue: tuper zerbitzua, elikagaien eraldaketa eta jantokien kudeaketa. Nola funtzionatuko du tuper zerbitzuak?

Bereziki, enpresentzako zerbitzu bat da. Zerbitzua jasotzeko interesa duten langileei hurrengo astean eskainiko dugun menua bidaliko zaie, eta aukeratu egin beharko dute zer nahi duten. Hurrengo astean, enpresan bertan jasoko dituzte tuperrak, eta hilabete bukaeran faktura helduko zaio enpresari edo langileari berari, adostutakoaren arabera. Tuperrak astean behin, bitan, egunero… eskatzeko aukera egongo da, eta menua ere malgua izango da; hau da, lehen platera bakarrik, lehen platera postrearekin, edo lehen platera, bigarrena eta postrea…

Noraino zabalduko duzue tuper zerbitzua?

Hernanin bertan ez ezik, inguruko eskualdeetako herrietan ere eskainiko dugu, eta, eskaera kopuruaren arabera, urrunago ere bideragarria izan daiteke. Printzipioz, Gipuzkoa osora iritsiko gara.

Eraldaketari dagokionez, zer egingo duzue?

Ekoizleentzat da zerbitzu hori. Adibide pare bat emango ditut: esne behiak dituen ekoizle batek aukera izango du bere esnea gure transformazio zentrora ekartzeko, eta guk jogurtak emango dizkiogu bueltan; tomate ekoizle batek, une batean tomate gehiegi baldin baditu, palet bat ekarri ahal izango digu, eta guk ontziratuta itzuliko diogu. Ekoizleek aukera izango dute erabakitzeko eraldatutako produktu hori beraiek saldu nahi duten edo gure jantoki zerbitzuan sartu nahi duten. Haragiarekin, esnekiekin eta barazkiekin hasiko gara.

Sukaldeen eta jangelen zerbitzu integrala ere eskaini nahi duzue.

Zerbitzu horren bidez, sukaldea edo jantokia duten enpresei lagunduko diegu. Gure taldeko sukaldariek hogei urtetik gorako esperientzia dute ostalaritzan, eta menuaren diseinutik hasi eta sukaldearen kudeaketaraino lagunduko dugu. Langileen erdiak gutxienez inklusio lanpostu batekoak izango dira. Guk beti egingo dugu lan sukalde horretan; hau da, ez dugu kozinatuta eramango. Horri lotuta, behar handia dagoenez, etorkizuneko ostalaritzako profesionalak sortzea ere bada gure asmoa, eta, horrekin batera, profesional horiek tokiko elikagaiekin lan egiteko kultura izatea. Uste dugu hori oso garrantzitsua dela.

Zergatik?

Sukaldariak dira lehen sektorearekin harremana izan behar duten profesionalak, eta indarra tokiko produktuetan jartzen badugu, uste dugu sustapen efektua biderkatu egingo dela.

Erakunde publikoen laguntzarik jaso duzue?

Diru publikoari errentagarritasun bikoitza ateratzen laguntzen du Bertatikek, eta erakundeen laguntza jaso dugu. Hernaniko Udalarekin hitzarmen bat egin dugu, eta proiektuaren babesle da. Gipuzkoako Foru Aldundiarekin ere elkarlanean ari gara, inklusiorako eta enplegagarritasunerako estrategiaren barruan, eta inbertsioetarako laguntza bat eman digu. Kutxa fundazioren laguntza bat ere jaso dugu, beste entitate batzuekin aliantzan egindako eskaera baten bidez. Lanbidek ere egiturazko laguntza batzuk eman dizkigu.

Ekainaren 20an egin zenuten Bertatiken aurkezpena. Zer moduz hasi zarete lanean?

Aurkezpenean jasotako babesarekin oso pozik gaude. Zenbait zerbitzu ematen uztailean hasiko gara, eta %100ean irailean hastea espero dugu. Eginda ditugun aurreikuspenen arabera, aurten 6,5 lanpostu sortu nahi ditu Bertatikek, hurrengo urtean 11 lanpostura iritsi nahi dugu, eta 2025ean, hamahirura.