Errealitatea, ideietatik urrun

Errealitatea, ideietatik urrun

M. Garate

Ideiekin bakarrik gatoz”. Lehen saiakera dokumentalean Abdoulaye Sarrek aipatzen duen esaldietako bat da, eta zehazten du errealitateak zerikusi txikia izan ohi duela buruan zituzten ideia horiekin. Senegaldik etorri zen Sarr, eta gaur egun Gipuzkoako SOS Arrazakeriako teknikaria da. Hura da dokumentaleko protagonista nagusietako bat. Marina Perosanz, Natalia Berridi eta Yurena Carrero Mondragon Unibertsitateko ikasleek egin dute, gradu amaierako lan moduan. “Euskal Herrian bertan gertatu arren, iruditzen zitzaigun gutxik ezagutzen dutela Irun eta Hendaia [Lapurdi] arteko mugan gertatzen dena, eta egoeraren berri eman nahi izan dugu”.

Peio Aierbe Gipuzkoako SOS Arrazakeriako koordinatzaile nagusiak, Anaitze Agirre eta Iker Barbero EHUko irakasleek, Eva Aranguren psikologoak, Lutxi Bortairu Diakite elkarteko zuzendariak, Amaia Fontang Etorkinekin federazioko kideak, Gari Garaialde fotokazetariak, Aintzane Lasarte Bidasoa Etorkinekin elkarteko kideak eta Koldo Nausia Antxeta Irratiko kazetariak ere parte hartu dute.

Autobusetik kanporatua

“Zatirik handiena ikuslearen begietatik kontatu dugu; erakutsi nahi izan dugu jende askok egunero egiten duela bide hori batere arazorik gabe, baina beste batzuek sekulako oztopoak dituztela”, azaldu dute egileek. Zailtasun horiek beren begiekin ikustea ere egokitu zitzaien. Irunen, Hendaian eta Baionan egin dituzte grabaketak. “Baionara joateko, migratzaileek hartu ohi duten autobusa hartu genuen. Urruñan [Lapurdi] Polizia igo zen, eta nortasun agiriak eskatu zizkigun. Gure atzean eserita zihoan mutila autobusetik bota zuten”.

Hendaiara iristeko edo Baionatik aurrera jarraitzeko migratzaileek egin behar dituzten ahalegin ugariez, horren neke psikologikoaz, boluntarioen lanaz, egoerari ez ikusiarena egiteko joeraz eta abarrez hitz egiten du dokumentalak. Bergarako Ndank Ndank elkartearen laguntza izan dute lana egiteko. Vimeo plataforman dago, eta irailean proiekzio eta ekitaldi bat egitekoak dira Bergaran.

Leave a Reply

Your email address will not be published.