Tolosako kiroldegiak lau hilabetetik gora daramatza itxita, lan gatazka dela eta

Tolosako kiroldegiak lau hilabetetik gora daramatza itxita, lan gatazka dela eta

Jone Arruabarrena

137 egun; hau da, lau hilabete eta bi aste eskas. Denbora hori igaro da Tolosako Usabal kiroldegia itxi zutenetik. Bertako langileek greba hasi zuten, kiroldegia kudeatzen duen azpikontratatutako BPXport enpresak uko egin ziolako haien lan baldintzak hobetzeari; gatazka konpondu arte kiroldegiak ezingo du aterik ireki. Joan den ikasturte amaieran hasi zuten greba eraikineko 31 langileetatik 29k, eta “nola edo hala” moldatu ziren orduan kiroldegiko erabiltzaileak eta kirol ezberdinetako klubak. Iraila hastearekin batera, ordea, konponbide bat eskatu dute herritarrek. Ez da Gipuzkoan halako gatazka bat dagoen lehen aldia; azken urtean Urnietan, Zarautzen eta Irunen izan dira arazoak enpresa pribatuek kudeatutako kiroldegietan.

Tolosako langileek hiru eskari nagusi egin dizkiote enpresari: soldata KPIaren arabera eguneratzea, kiroldegiko klaseen prestakuntzarako baliatzen dituzten orduak aitortzea, eta lan kategoriak zehaztea. “Enpresaren erantzuna ezezko borobila izan da hasieratik; KPIari dagokionez, esan zigun ez dagoela ezer igotzeko aukerarik, eta gainontzeko puntuak ez zituen begiratu ere egin”, dio Eneko Egialde kiroldegiko langileak. Tolosako udaletxearen aurreko plazan elkartu dira Haritz Zelaia lankidea eta biak. “Geroago enpresak eskaintza ekonomiko bat egin digu, eta puntu batzuetan atzera egin du, baina oraindik ere ez ditu betetzen eskatzen ditugun gutxieneko baldintzak”, jarraitu du Egialdek. Enpresak “alde ekonomikoari” bakarrik begiratzen diola baieztatu dute bi langileek.

Eneko Egialde

Eneko Egialde.

Hala ere, korapiloa ez da erraza askatzen. Kiroldegiko zerbitzua publikoa izan arren, udalak hura kudeatzeko ardura eman zion enpresari, baina ez hori bakarrik: emakida kontratu bat denez, hamar urtean eraikina kudeatzeko ahalmena ere badauka BPXport enpresa pribatuak, “zerbitzu integrala” ematekoa, kontratazioko baldintza agirietan ageri denez. Gauzak horrela, udalak ezin du eraikina ireki edo ixteko erabakian esku hartu. Baldintza agiri horietan ez da ageri langileek orain eskatzen dituzten baldintzak betetzeko betebeharrik. “Lehen geneukan lan hitzarmena betetzeko derrigortasuna soilik ageri zen”, azaldu du Egialdek. “Kontua da hitzarmen hori 2020. urtean iraungi zela, eta hitzarmena berritzeko negoziazioetan baldintza horiek eskatzen hasi garela. Orain, enpresak ez dizkigu horiek bermatu nahi”. Izan ere, 2010ean sinatu zuten Gipuzkoako kiroldegietako langileek lan hitzarmen probintziala. 2012an bukatu zen hitzarmen hori, eta orduan hitzarmena berritzeko negoziazioek ez zuten aurrera egin. “Ordutik izoztuta egon da hitzarmen probintziala, eta, beraz, azken 11 urteotan kiroldegi bakoitza bere baldintza propioak negoziatzen aritu da”, dio Zelaiak. “Langileek indarra zeukaten kiroldegietan lortu zuten hitzarmen berria sinatzea, baina beste batzuetan, ez”, gehitu du Egialdek. Testuinguru horretan lortu zuten Tolosako langileek beren hitzarmen propioa, orain berritu nahian dabiltzana. Hitzarmena 2020tik berritu gabe zegoen arren, enpresa aldaketa zela-eta atzeratu egin zituzten negoziazioak, eta aurtengo urtarrilean hasi zituzten elkarrizketak lan ituna berritzeko.

Tolosako saskibaloi taldea, Beasainen jokatzen

Lehendabizi, joan den martxoaren 16tik 26ra egin zuten lanuztea langileek, hamar egunekoa. Negoziazioek aurrera jarraitu zuten, eta lanean hasi ziren langileak. Apirilaren 25ean egin zuen azkeneko eskaintza enpresak, eta “hortik ez zela mugituko ikusita” hasi zuten greba mugagabea. Izan ere, proposamen hori 2012tik berritu gabe dagoen hitzarmen probintzialera bueltatzea izan da, langileek adierazi dutenez. “Eskaintzen digutena da maila baxuagoko hitzarmen batera jaistea, orain baino baldintza eskasagoetan. Besteak beste, 2028. urtera arte soldata igoerarik ez izatea”, kexu da Zelaia. “Ez da inoiz negoziazio erreal bat egon. Beti etorri dira proposamen batekin, eta hortik ez dira mugitu”, gehitu du.

Haritz Zelaia

Haritz Zelaia.

Udala, bitartekari

Egoeraren larritasuna ikusita, azken hilabeteetan bilerak egin ditu Tolosako Udalak enpresarekin, baina hark ere ez du adostasunik lortu. “Udalak puntu honetan egin dezakeen esku hartze bakarra da enpresarekin kontratua etetea edo isunak jartzea, ez delako ari eman beharreko zerbitzua ematen”, dio Zelaiak. Hain zuzen, Tolosako Udalak irailaren 4an jakinarazi zuen, BPXport enpresak bere proposamenari ezezkoa eman ondoren, “neurri administratiboak” hartuko zituela. BPXportek ez du adierazpenik egin nahi izan Hitza-rako.

Gatazkak ondorio nabarmenak izan ditu Tolosako herritarrentzat zein kiroldegia erabiltzen zuten inguruko herrietakoentzat. Protesta jendetsuak antolatu dituzte udan Tolosako kirol taldeek eta eskolek. Izan ere, entrenatzeko eta partidetarako espazio hori “ezinbestekoa” zaie taldeei, Koldo Arsuaga Take saskibaloi klubeko lehendakariak esan duenez: “Ekintza guztiak kiroldegian egiten genituen, eta, orain, hala moduz gabiltza. Senior mailako lau talde dauzkagu, eta beste kiroldegi batzuetan entrena daitezen lortu dugu. Baina haurrak kalean entrenatzen ari gara, geure kabuz saskiak erabilita. Euria egiten duenean, adibidez, ezin izaten dugu ezer egin”.

280 pertsonak osatzen dute kluba, eta udan ondoko herrietako kirol azpiegiturak erabili dituzte, ikastarorik ez zegoela aprobetxatuta. Kurtso hasierarekin, ordea, libre dauden espazioak gutxituz joan dira. Irailean hasiko dira saskibaloi ligak ere, eta Takeko presidenteak adierazi du “kolokan” dagoela egoera. Beasaingo kiroldegian lortu dute partida batzuk jokatzeko lekua, oraingoz, baina lehiaketetara aurkezteko zailtasunak dituzte, kantxa propiorik ezean. “Iraila libratzen ari gara, baina hilabete hau bukatzen denean ez dakit zer egingo dugun”, dio Arsuagak.

Taldeak, “kolokan”

“Kolokan” dago Tolosako Igeriketa Kirol Taldea ere. 330 pertsona ditu kide, baita gainontzeko kirol taldeek ez daukaten zailtasun bat ere, Joseba Zubeldia entrenatzailearen arabera: igerileku bat behar-beharrezkoa zaiela. “Orain, inguruko herrietako igerileku asko behar ditugu: batean kale bat, bestean bi… Zortzi azpiegitura baliatu behar izan genituen joan den ikasturtean, hasi Zumarragatik eta Donostiara arte. Horrek eskatzen du bost langile izatea batetik bestera, eta ordu pila bat lanean, diru sarrerarik gabe. Ekonomikoki jasanezina da”, dio Zubeldiak.

Joseba Zubeldia

Joseba Zubeldia.

Taldeko 330 kideetatik laurogeik izan dute aukera uretara sartzeko. “Beste guztiak geldirik daude”, gehitu du entrenatzaileak. Igerilari helduen taldea desegin behar izan dute, eta haur txikienen talderik ez dute sortu ikasturte honetan.

Kirol mailari dagokionez, Espainiako Kopako lehen mailara igo zen joan den urtean taldea, baina, Tolosako kiroldegiko gatazkaren ondorioz, “uko” egin beharko diote lehiatzeari. “Gure igerilari ezagunenak —Nahia Garridok— Madrilera joan behar izan du entrenatzera, gure taldea utzita. Askok utzi egin dute igeriketa, edo beste talde batzuetara joan behar izan dute”, azaldu du Zubeldiak. Eurena Euskal Herrian azken urteetan “gehien” hazi den igeriketa taldea dela ziurtatu du entrenatzaileak, eta nazioarteko mailara iritsi dela: “Ez dakit jarraitu ahal izango dugun. Bost lanpostu galduko lirateke, eta igeriketa talderik gabe geratuko ginateke Tolosan”.

Jon Azaldegik ere hari-harian ikusi zuen bere lana kiroldegia itxi zenean. Prestatzaile fisikoa da, eta kiroldegian enpresari alokatutako espazio batean ematen zuen zerbitzua. Herriko Berazubiko kirol instalazioetara lekualdatzea eskaini zien BPXport enpresak hari, eta, kiroldegia ixtean, ondoko espazioan lan egiten zuen fisioterapeutari: “Hura aldagela batzuetan ari zen lanean, eta nik beste lankide batzuekin partekatzen nuen gela bat”, esan du Azaldegik. Enpresak eskainitako alternatiba hori lanerako “egokiena” ez zela iritzita, biek udan erabaki zuten kiroldegitik kanpora dagoen lokal bat alokatzea: “Betirako alde egin dugu. Aurretik ere beste hamar eguneko greba bat izan genuen, COVID-19aren garaian ere asko luzatu zen kiroldegia irekitzeko epea… Azken urte hauetan akidura handia izan dugu”.

Jon Azaldegi

Jon Azaldegi.

Kiroldegia irekitzea; hori da, azken finean, guztiek nahi dutena. “Bitarte honetan, ondo pentsatu behar dugu gauzak nola egiten diren, ea kudeaketa osoa enpresa pribatuen eskuetan utzi behar den”, dio Koldo Arsuagak. Bat datoz Egialde eta Zelaia langileak: “Guk nahi dugu kiroldegia irekitzea, baina gure lan baldintzak bermatuta”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.