Betikoek itxi dute atea, betiko

Betikoek itxi dute atea, betiko

Jone Arruabarrena

Enpresari handien jabetzako frankiziak zein saltoki handiak hasi dira azken urteetan Gipuzkoako hiri eta herrietako kaleak blaitzen. Geroz eta gehiago dira, aldiz, ateak itxi dituzten denda txikiak: hamarkadak zabalik izan ondoren Interneten uretan ito direnak, edo, erretiroa hartu ondoren, negozioan jarraitzeko inor aurkitu ez dutenak. Asko dira hango eta hemengo txokoetako dendariek eman dituzten arrazoiak.

1. MARIAN IBAIETA

Azpeitiko Nerea eskulanak dendako dendaria
“Interneten asko saltzen da, eta dendetan jaitsi egin da bezero kopurua”

Rosarito Ibaietak (argazkian, ezkerretik hasita bigarrena) duela 57 urte zabaldu zituen lehen aldiz Nerea eskulanak dendako ateak, Azpeitian. 21 urte zituen garai hartan, eta barruko arropa, etxeko arropa zein artilea saltzen zituen gehienbat. 11 urte gazteagoa zuen Marian ahizpa (argazkian, ezkerretik hasita hirugarrena); dendan laguntzen zion, eta 22 urterekin hasi zen hura ere lanaldi osoz. Orduz geroztik, biek egin izan dute bertan lana, baita haien bi ahizpek ere. Rosarito erretiratu zenean, Marianek jarraitu zuen dendarekin, irail honetan itxi duen arte. Ez dute aurkitu negozioan jarraituko duenik, eta, eraikinak erabilgarri jarraitzeko, berrikuntzak behar ditu. “Lokala zaharra da, eta, horregatik, eskualdatzen hasteko ere arazoak izan ditugu. Pena handia eman digu, pentsatzen genuelako gazteren batek hartu eta pixka bat lagunduta negozioa aurrera ateratzeko moduan zegoela”, azaldu du Marian Ibaietak.Aitortu du dendan lan egitea “oso polita” izan dela, baina azken urteetan “konplikatu” egin dela Internet bidezko salmenta dela eta: “Internetetik asko saltzen da, eta dendetan nabarmen jaitsi da bezero kopurua. Hasi ginen Interneten ere gauzak saltzen, baina ez zuen funtzionatu”. Salgaiak ere aldatu behar izan zituzten, etxerako arropak Internet bidez asko erosten dituztelako bezeroek: “Garai batean, asko saltzen genituen, eta, orain, batere ez. Horregatik, eskulanak saltzen hasi ginen”. Bustinzuriko errebalean egon da Nerea denda, eta ez da han azkeneko urteetan itxi duten denda bakarra, batzuek itxi dutelako. “Gure denda itxi ondoren, kale osoan arrandegi bat eta okindegi bat baino ez dira geratzen. Lehen bazeuden arropa denda bat, harategia…; denda pila bat zegoen, baina denak itxi dituzte”, esan du Marian Ibaetak.

2. ITSASO PAGOAGA

Arrasateko Olgeta jolas dendako dendaria
“Gaur egungo denda fisikoen alokairuak oso garestiak dira”

Itsaso Pagoaga, Olgeta jostailu denda

2015. urtean zabaldu zuen Itsaso Pagoagak Olgeta jolas denda, Arrasaten, eta aurtengo maiatzean itxi du; zortzi urte horietan, ordea, jolas denda arrunt bat baino gehiago izan da espazio hori. “Jostailu denda fisiko bat izateaz gain, argi neukan beste zerbait ere izan behar zela: alokatzeko aukera emango zuen espazio bat, baita tailerrak edo formakuntzak ematekoa ere”, dio Pagoagak. Denda fisikoarekin batera sortu zuen online denda, eta sare sozialen bidez egin zen ezagun Euskal Herrian.

Olgeta denda, ordea, beste arrazoi batzuengatik itxi zuten: arrazoi pertsonalak eta ekonomikoak aipatu ditu dendariak. Batetik, gaur egungo “komertzio eredua” eta amatasuna uztartzeko “zailtasunak” ikusten ditu Pagoagak, eta, alde ekonomikoari dagokionez, luze gabe ez ditu gauzak “argi” ikusten: “Kontsumo ohiturak asko aldatu dira. Azken urteetan joera handia igarri dut plataforma handiei erosteko, edozein preziotan eta arreta jarri gabe materialaren kalitateari, material hori egiteko dauden lan baldintzei…”. Horrez gain, alokairuen prezioak “berrikusteko” beharra azpimarratu du: “Gaur egungo denda fisikoen alokairuak oso garestiak dira”. Hain zuzen, uste du komertzio txikien auziari “modu kolektiboan” erantzun behar zaiola: “Udalek eta lokalen ugazabek berrikusi behar dituzte arauak, alokairuen prezioak eta bestelakoak, dendek zabalik jarrai dezaten eta herritarrek ere herri biziak izan ditzaten”.

3. CARMEN FUENTE
Villabona-Amasako Galerias MJ dendako dendaria
“Jende gazteari Internet bidez erakutsi behar zaio materiala”
pnga_erakutsi

“Nire etxea da. Nire bizitza osoa eman diot”. Horrela deskribatu du Villabona-Amasako Galerias MJ etxeko arropa zein dekorazio denda Carmen Fuente bertako dendariak. Alde batetik bestera dabil azken egunotan, denda uzteko egin beharreko zereginetan. “Ni erretiratu egingo naiz, eta azken hogei urteetan nirekin lanean ibili den lankideak hartuko du denda. 55 urte dauzka. Alokairua eta inbentarioa kobratuko dizkiot, eta, horrela, errazago hasi ahal izango da. Hark denda hartzea nahi dut, eta lagundu egin behar da horretarako; bestela, akabo”. 1945ean ireki zuen denda Fuenteren familiak. “Garai berrietara egokitzen joan da”. Hain zuzen, Internetek ekarri duen aldaketara ere egokitu da denda; Facebook jarri zuten lehenengo, eta Instagram gero. “Etxez etxe joan ohi naiz askotan gortinak eta bestelakoak jartzera, eta egiten dudan guztiaren argazkiak jartzen ditut Instagramen. Jende gazteari Internet bidez erakutsi behar zaio materiala, dendetara ez direlako etortzen. Etortzen dira, esaterako, Instagramen jarri dudana ikusten badute”.

Kalerako arropa ere saltzen zuen lehen, baina gortinak online erostea zailagoa zela ikusita, produktu horretan espezializatuz joan da. Negozioak aurrera jarraitzeko, denda utziko dionari bidea erraztea garrantzitsua dela deritzo: “Gure kasuan, biok jarri dugu asko gure aldetik negozioak jarrai dezan, eta espero dut urte askoan zabalik jarraitzea”.

4. IÑAKI GRADO
Donostiako Oiartzun izozkitegiko dendaria
“Alokairuaren prezioa igo digute, eta ezin diogu igoera horri aurre egin”
Inaki Grado
“Donostia frankizien hiri bat bihurtzen ari da; denda tradizionalak ixten gabiltza, eta hiriaren esentzia galtzen ari gara”. Haserre mintzo da Iñaki Grado, Donostiako Oiartzun izozki dendako arduraduna. Haren izozkitegia da ateak itxi dituzten dendetako bat, alokairu handiagatik: “Lokaleko alokairuaren prezioa igo digute, eta ezin diogu horrenbesteko igoerari aurre egin. Jabeak ez du prezioa negoziatu nahi izan”. 1987an zabaldu zuten Oiartzun gozotegia, eta han hasi ziren izozkiak ere saltzen. Urte batzuk geroago, hutsik geratu zen gozotegiaren ondoko lokala, eta alokatu, eta izozkiak bertan saltzeari ekin zioten. “Izozki denda hau ixtearekin batera, izozkia modu tradizionalean egiten duten azken dendetako bat desagertu da, izozkia egiteko lantegi batekin”, dio Gradok. Azaldu duenez, mundu guztitik etortzen zitzaizkion urtero bezeroak, baita maila handiko sukaldariak ere: “Izozki esklusiboak genituen”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.