Jesus Muñoz de Ana: “Suizidioaz hitz egin behar da, baina modu egoki batean”

Jesus Muñoz de Ana: “Suizidioaz hitz egin behar da, baina modu egoki batean”

Jone Arruabarrena

Psikologiari eta buru osasunari buruz aritzeko podcast bat sortu du Gipuzkoako Psikologiaren Elkargoak. Irailaren 10ean argitaratu zuten lehen atala, Suizidioaren Prebentziorako Nazioarteko Egunarekin batera. “Buru osasunarekin zerikusia” daukaten data seinalatuetan kaleratuko dituzte hurrengo atalak ere, Jesus Muñoz de Ana (Donostia, 1979) elkargoko kide eta podcastaren sortzaileetako batek azaldu duenez.

Nola otu zitzaizuen podcast bat sortzeko ideia?

Herritarrengana iritsi nahi dugu. Psikologiari buruz ikas dezaten nahi dugu, baina modu informalago batean, eta horretarako formatu egokia izan daitekeela iruditu zaigu.

Podcastak asko entzuten dituzte gazteek. Adin tarte horretara iristeko ahalegin bat ere egin duzue?

Bai, hori izan da podcastaren formatua aukeratzeko beste arrazoi nagusietako bat. Badakigu gazteek entzungo dutela gehien. Kontziente gara Psikologia Elkargo bat oso arrotza egin dakiekeela gazteei, eta horregatik saiatu gara proiektu hau haientzat hurbilago egiten.

Nolako harrera izan du?

Pozik gaude, gure helburua lortu dugulako: profesionalengana ez ezik, herritarrengana ere heldu da.

Psikologia gaiei buruzko podcast asko daude, baina horietako batzuk ez dira psikologoek sortutakoak. Zer garrantzi dauka saioen atzean profesionalak egoteak?

Uste dut ezberdintasun nagusia dela profesionalek ikerketan oinarritutako begirada batetik lantzen dituztela edukiak; zehaztasun zientifiko batekin, baina baita profesional horien esperientzia batuta ere. Horregatik, helarazten ditugun edukiak erabilgarriak izan daitezen nahi dugu, eta zientifikotasun bat ez daukaten aholkuak eman.

Erabiliko dituzuen iturri eta kolaboratzaileei dagokienez ere kontuan hartu duzue hori?

Bai. Kontu handiz ibili behar dugu, iturriak ondo kontrastatuta. Horregatik, podcasta egiten lagunduko diguten kolaboratzaileak atal horretan landuko ditugun gaietan espezializatutakoak izango dira.

Lehenengo alean suizidioari buruz hitz egin duzue. Nolako eragina izan du pandemiak gizarte arazo horretan?

Gazteengan, batez ere, asko hazi da osasun mentaleko arazoengatik arreta jaso behar izan dutenen kopurua; alde horretatik, argi ikusten da pandemiak zer eragin izan duen. Arlo hori ere asko ikertzen da orain: nola eragin dien gazteei eta nolako garrantzia duen zaintzak prebentzioan. Hutsuneak identifikatu behar ditugu, baita potentzialitatea daukaten gauzak nabarmendu ere.

Zuek erabat aurre egin nahi diozue suizidioaz hitz egiteak halako kasuak ugaritu egiten dituela dioen ideiari?

Suizidioaz hitz egin behar da, baina modu egoki batean. Hedabideek ere erantzukizun handia daukate; ezin da arinkeriaz hartu, edo gaiari garrantzia kendu. Ideia suizidak dituztela adierazten dutenek arreta behar dute, eta frogatu da hitz egiteak laguntzen duela; ikusgarritasuna ematen zaie prebentzio moduei, eta pertsona horiei laguntzeko erak ere azaleratzen dira horrekin batera.

Norbanakoarena da lan hori?

Ez. Hiri eta herrietako eragile kulturalek, sozialek eta instituzioek parte hartuta egin behar da. Horrek guztiak eragin handia dauka buru osasuneko arazoak dituzten pertsonengan, eta lan hori nola egin jakin behar dugu.

Podcastean askotan diozue osasun publikoko arazo bat dela suizidioa. Zergatik da garrantzitsua hori nabarmentzea?

Beharrezkoa da, guztioi eragiten digun gai bat delako, baita guztion artean landu eta prebenitu beharreko kontu bat ere. Izan ere, ez da egia suizidioa arazo indibiduala dela eta pertsona horrek irten behar duela zulo horretatik. Kontrakoa da.

Zein da modu egokia bidea jorratzeko?

Kontuan izan behar dugu pertsona horrek norainoko ahalmena daukan, zer muga dauzkan eta nola lagundu diezaiokegun. Hain zuzen, horretarako daude psikologoak: zer laguntza eman behar zaion zehazteko eta zer erakundek parte hartu behar duten esateko.

Duela urte batzuk ia ezinezkoa zen gai horiei buruzko irratsaio bat entzutea. Zer aldatu da sentsibilizazioari dagokionez?

Batetik, sare sozialek aukera eman die pertsona askori bizi duten egoeraren berri emateko. Erabiltzaileek beraien istorioa kontatzen diote elkarri, beraien bizitzeko modua, baita samurrak ez diren egoerak ere. Uste dut horrek ekarri duela, hein handi batean, ohiko hedabideak ere istorio horiek kontatzen hastea, eta, era berean, gai horien inguruko kontzientziazioa ere handitu egin da.

Zer egin behar da pertsona horiek beraien ezinegona adierazten dutenean?

Landu egin behar da nola lagundu horrelako egoera batean bizi dela adierazten duen norbaiti. Hain zuzen, lanketa horretan laguntzea da podcastaren helburuetako bat; erakustea badagoela jorratu daitekeen bide bat eta zerbait egin daitekeela. Zer egin behar den, eta baita zer egin behar ez den ere.

Kristalezko belaunaldia eta antzeko kontzeptuak ere agertu dira, gai horien inguruan gazteek gehiegizko sentiberatasuna dutela adierazteko.

Baliteke orain gai horien inguruan hitz egiteko espazio gehiago egotea, baita lehen ez zeuden tresnak baliatzeko aukera izatea ere. Kritika ere egin behar dela uste dut; gazteen artean hausnarketa sustatu behar da, bizi dituzten egoerei ikuspuntu kritiko batetik begiratu diezaieten.

Leave a Reply

Your email address will not be published.