Jone Arruabarrena
Eguzkiaren azken printzek argitzen dituzte soroak Lezoko Urreleku baserrian. Urria den arren, eguraldiak modua ematen du baratzean egun osoan aritzeko. Eguna bukatzearekin batera, baratzeko lanak ere amaitu ditu Nekane Tomasenak (Errenteria, 1968). Lurraren Orena proiektuaren sortzaileetako bat da; egitasmo horren bidez, Urrelekuko lurretan nekazaritza ekologikoan oinarrituta ekoitzitako produktuak saltzen dituzte. Miriam Arrietarekin (Itziar, Deba, 1983) batu da baserrian; Arrietak Itziarren dauka baserria, baina hara eta hona dabil azken egunotan, bere lurretan hazitako sagarrekin zukua egiten. Hirian jaio zen Tomasena, eta hirian bizi da, baina landa eremuan egiten du lan. Baserrian jaiotakoa da Arrieta, eta bertan ari da lanean oraindik, ahizparekin. Biek daukate lotura landa eremuarekin, eta ez dira bakarrak. Hain zuzen,Landa Eremuko Emakumeen Nazioarteko Eguna da igandean, urriaren 15ean, eta, Eustatek emandako datuen arabera, gaur egun Gipuzkoan 42.319 emakume bizi dira eremu horretan.
Kalabaza itxurako barazki lehorrak atera ditu Tomasenak autoaren atzealdetik. “Badirudi aurten izango ditugula batzuk, behintzat”, dio. “Guri ez zaizkigu ondo lehortu”, erantzun dio Arrietak. “Luffa izena du landareak, eta lehortzen direnean, belakiak egiteko erabiltzen dira”, azaldu du geroago. Baserriko tresnak gordetzen dituzten etxe baten alboan eseri dira, baratzera begira. “Biolur elkartean ezagutu genuen elkar, baratzezainen taldean, eta arazoak ditugunean elkarri laguntzen saiatzen gara. Elkarte horren barruan hainbat talde daude, eta esango nuke baratzean aritzen direnen eta okinen taldean biltzen dela emakume gehien. Bakoitzak bere proiektua dauka, baina badaude emakume guztion artean saretuta sortu ditugun egitasmoak ere”, esan du Arrietak.
Milorri da egitasmo horietako bat. Infusioak edo saldak egiteko belarrak nola ekoitzi azaltzen diote elkarri, “esperimentatu” egiten dute, eta ekoizpena guztien artean saldu. “Proiektu horretan gauden guztiak emakume baserritarrak gara, eta loturaren bat daukagu lurrarekin, modu batera edo bestera. Batzuk ekoizleak dira, profesionalak, eta beste batzuk baserrian bizi dira, ez dute profesionalki ekoizten, baina bai beste modu batean”, azaldu du Tomasenak. Izan ere, uste du landa eremuko emakumeen kontzeptua malgutu egin dela azken urteetan: “Gaur egun, gauzak aldatzen ari dira. Ni hiriko emakume bat naiz, baina lurra lantzen dut. Eta badaude baserrietan bizi baina inoiz aitzurrik hartu ez duten emakumeak ere”. Arrietak gehitu du landa inguruneko bizitza izatea dela komunean daukaten beste puntuetako bat: “Hor dauzkagun zerbitzuak, zailtasunak eta erraztasunak berdinak dira guztiontzat”.
Landa eremua, gizonena?
Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, landa eremuan bizi eta lanean ari diren emakumeen %86k baino gehiagok egiten dute lan zerbitzuen sektorean, %12k industrian, eta %1ek eraikuntzan. Nekazaritza, abeltzaintza, basogintza edo arrantza lanbide gisa daukaten emakumeen ehunekoa ere txikia da: %1ekoa. Gizonen kasuan, %4ra igotzen da kopurua. Bide horretatik, landa eremua gizonezko baserritarraren irudiarekin lotu izan da beti. “Gizonek beti izan dute ikusgaitasun handiagoa baserri munduan, baina emakumeak ere hor egon dira beti, esparru guztietan: baratzeko zaintza lanetan, animaliekin zein etxe barruan. Gizonak, berriz, beti egon dira erabakiguneetan, eta hala daude oraindik ere”, dio Tomasenak. Arrieta bat dator harekin, eta erantsi du baserritarren elkarteetan zein kooperatibetan ikusi izan dela hori: “Duela gutxira arte emakumea ez da egon leku horietan; emaztea etxean geratzen zen, eta gizona joaten zen bileretara”. Gaur egun ere joera horiek askotan errepikatzen direla azaldu du Tomasenak: “Ezagutzen ditut kasuak non emakumeak baserrian lan egiten duen eta gizonak kanpoan. Bileretara, ordea, gizona joaten da”.
Era berean, baserriko makina handiak erabiltzeko orduan igartzen dute desberdintasuna. “Makinak iritsi zirenean, gizonak gidatzen zituen beti”, esan du Arrietak. “Beti izan dute joera makina handiak hartzeko, aurrean egoteko. Uste dut boteretsuago sentitzen direlako egiten dutela, eta uste dutelako zuk ez duzula ondo egingo. Oso joera kulturala da; txertatuta dago gure gizartean”, dio Tomasenak.
Horren adibidetzat pasarte ugari dauzkate biek. “Garai batean, traktorea hartzen nuen lehengusua edo makina erabiltzen zuen beste gizonik ez zegoenean. Azken aukera nintzen ni. Momentuan ez nintzen ohartzen, baina orain pentsarazi egiten dit kontu horrek”, aipatu du Arrietak. Tomasena, berriz, traktore bat erostekotan zela saltzailearekin aritu zen telefonoz hizketan, eta saltzaileak ziurtzat jo zuen emakumeak ez zekiela makinei buruzko kontu teknikorik. “Alabak eta biok hitz egin genuen saltzailearekin, eta motorrari zein zaldiei buruz galdera teknikoak egiten hasi nintzen. Saltzaileak, orduan, esan zidan ez arduratzeko, kontu horien inguruan nire gizonarekin edo aitarekin hitz egingo zuela”.
Makinei dagokienez, aldaketa handiak izan dira duela hamarkada batzuetatik nekazaritzan eta abeltzaintzan, eta bi baserritarrek uste dute ekoizpen eremu bakoitzean ezarri den ereduak zerikusia izan duela baserriaren buruaren generoarekin. “Gizona buru zen baserrietan joera handiagoa egon da inbertsio handiak egiteko eta azpiegitura handiak eraikitzeko. Emakumeak buru ziren baserrietan, ordea, esango nuke ez dela horrenbeste ezarri nekazaritza industriala, eta lurrari lotuta jarraitu dutela, mekanizazio txikiekin, eta lehengo jakintza aurrera eramaten”, azaldu du Arrietak. Eredu aldaketarekin, indibidualizaziorako joera bat ere antzeman dute biek: “Sektorean, bakoitzak bere bidea egiten du”, ondorioztatu dute. Dena den, Arrietak nabarmendu du hori ez dela beti horrela izan: “Garai batean, ez zegoen makinarik, lana etxez etxe egiten zen, eta auzokide guztiak joaten ziren etxe bakoitzeko lanak egitera. Baina momenturen batean gertatu zen banaketa hori”. Horren harira, modu kolektiboan lan egitearen garrantzia nabarmendu du hark ere, eta beste lan eredu batzuk eraikitzeko garrantziaz ere aritu da. “Haziak gordetzeko lanetarako, adibidez, beti emakumeengana jotzen da, emakumeek egiten dituztelako baratzeko eskulan txiki horiek, eta lan hori, gainera, ez zaie aitortu oraindik. Nekazaritzako industria handiek, ordea, ez dituzte haziak inoiz eman izan”.
Ereduen arteko talka
“Makroproiektuen eredua oso maskulinoa da; hori beti esaten dute etxaldeetako emakumeek”, esan du Tomasenak. “Emakumeen eredua plurala da, txikitik abiatutakoa, askoz ere logikoagoa. Eta uste dut klima larrialdiak arrazoia emango digula. Ez dago energiarik makroproiektuak egiteko, eta, beraz, uste dut denborarekin gurea izango dela eredu berria”.
Baina txikitik abiatutako ereduari aitortza falta zaiola uste du Arrietak: “Administrazioarentzat ematen du ez zarela profesionala”. Baserri mundua irudikatzen denean, ordea, uste dute hori dela saltzen den irudia: eskulan asko dagoen eta animaliak asko zaintzen diren eremu bat. “Gauza bat saltzen ari bagara, gero hori praktikara eraman behar da, baina administraziotik beste eredu bat sustatzen ari dira”, txarretsi du Arrietak. Jakina da baserriko lana ez dela erraza, eta etxalde txikietan lan egiten dutenen egoera prekarioa izaten da askotan, lan baldintza gogorrekin. “Gaur egun, inor ez da ari aberasten lehen sektorean, ez bada laguntza mordoa hartuta…”, aitortu du Arrietak. Aldiz, salatu du abeltzaintzaren sektorea “publikoki askoz gehiago lagunduta” dagoela. Dena dela, lehen sektore osoko baldintzak “gogorrak” direla azaldu du Tomasenak: “Lehen sektorean lan egitea ez da batere erakargarria: lan gehiegi delako, lan astuna delako, oso fisikoa…”.
Soldata “ez proportzionala”
Lezoko Urreleku baserriko soroei begiratu die Arrietak, eta esan du “kostatuta” bete direla eremu horretan alokatzeko baliagarri dauden bederatzi hektareak. Jasotzen duten ordainsaria azpimarratu du, besteak beste: “Jendea harritu egiten da askotan daukagun soldatarekin. Eduki behar duzun jakintza, lanean eman beharreko orduak eta egindako inbertsioak kontuan hartuta, ez da proportzionala. Lehen, baserrian geratzea beste aukerarik ez zuenak egiten zuen hautu bat zen, eta ematen du edonork egin dezakeela, baina nik esango nuke hori ez dela horrela”.
“Ekoizpen txikiaren irudia saltzen da, baina laguntzarik ez dugu jasotzen gero”, salatu du Tomasenak. Gainera, azaldu du ez dutela “eliteentzako” ekoiztu nahi: “Produktuen prezioa igotzen badugu, dirudunek soilik erosiko digute, eta herriarentzako ekoiztu nahi dugu guk, guztiok izateko janari osasuntsua jateko eskubidea eta geuk baldintza duinak edukitzeko”. Arazo hori beste faktore batzuek ere baldintzatzen dutela esan du Arrietak: “Lehen, etxe bakoitzeko aurrekontuaren %30 erabiltzen zen jateko; orain, %17ra ere ez da iristen, gaur egun etxebizitzarako edo garraiorako askoz diru gehiago erabili behar delako”.
Paisaiari begiratu diote biek. “Lanbideak badauzka alde onak ere, eta harrapatu egiten zaitu: urtaro guztietan kanpoan lan egiten duzu, lurrarekin bateratuta zaude, paisaiarekin desegiten zara…”, nabarmendu du Tomasenak. Arrietak ere alde onak ikusten dizkio hartutako bideari: denboraren antolaketa norberaren esku izatea, eta zer norentzat ekoiztu nahi dugun erabakitzea, adibidez.
Freskatzen hasi du. Bakoitza bere autoan sartu da, eta katu bat atera da zuhaixka batzuen artetik. Biek agur esan diote lurrari; bihar egunsentiarekin batera ikusiko dute berriro.
Leave a Reply