Gizarteratzea, eskubide bat

Gizarteratzea, eskubide bat

Jone Arruabarrena

Kontua da pertsona hori berreskuratzea. Ikuspegi demokratiko batetik begiratuta, pertsona guztiek merezi dute gizartean berriro txertatzeko aukera bat. Berreskuratzea, eta ziurtatzea jendartera bueltatzerakoan legea beteko dutela”. Ikuspegi horri helduta josi zuen Jon Mirena Landa EHUko Zigor Zuzenbideko katedradunak Espetxe politika, birgizarteratzea, gainditu gabeko lana hitzaldia astelehenean, Donostiako Okendo kultur etxean.

Atzera begirako batekin hasi zuen hitzaldia Landak, gizarteratzearen inguruan hitz egiten zuten lehenengo legeak aztertuta. Azaldu zuenez, ilustrazioan hasi ziren herritarrak kartzelara sartzen, zigor gisa: ordura arte, epaiketak egin arte itxaroteko leku gisa erabiltzen zen kartzela. Hala ere, Landak esan zuenez, laster konturatu ziren “luzeegiak” ziren kartzela zigorrak ez zirela “eraginkorrak” berriro deliturik ez egiteko: “Ohartu ziren delitu oso larriak ez ziren kasuetan, beste mota bateko zigorrak ezartzea eraginkorragoa zela; besteak beste, isun ekonomikoak”. Zigorren luzerari dagokionez, esan zuen kondenak zenbat irauten duen soilik ez dela garrantzitsua, baita kondena hori zer modutan betetzen den ere: “Alemanian, esaterako, behin betiko zigorrak kartzela barruan, gehienez, hamabost urtez betetzen dira. Gero, komunitatera itzultzen da presoa, baldintzapean aske”.

Kartzela, zertarako?

Kondenak betetzeko moduei dagokienez, galdera bat egin zien Landak aretoan bildu ziren dozenaka lagunei: “Zergatik diogu kartzela birgizarteratzeko tresna bat izan behar dela, eta ez zigor bat aplikatzekoa?”. Segidan azaldu zuen erregimen demokratikoetan presoek, kartzelan badaude ere, herritarrak direla artean ere, eta, beraz, euren eskubideak mantentzen dituztela. Gizarteratzeko orduan ere, prozesuak presoari egokitutakoa izan behar duela adierazi zuen: “Pertsona bat berriro gizartera bueltatzen baduzu, bueltatuko duzun leku horretan loturak izan behar ditu, berriro jendartean txertatzen lagunduko diotenak. Horregatik da hain garrantzitsua kondena presoaren bizilekutik ahalik eta gertuena betetzea, bere ingurunea mantentzeko”.

Landak azaldutakoaren arabera, Bigarren Mundu Gerran presoek jasandako gehiegikerien ondoren, 1955ean arautu zuen NBE Nazio Batuen Erakundeak estatuek presoei eman beharreko tratua, Mandela arauak izeneko arau sorta baten bidez. Lege horrek jasotzen duenaren arabera, besteak beste, herritar batek kartzelan dagoen denbora aprobetxatu beharko luke gizartean berriro modu egokian txertatzeko. “Gizartean zabalduta dago kartzelak ahalik eta okerrena izan behar duen ustea. Preso dauden pertsonei askatasuna kendu diete, eta hori da bete behar duten zigorra. Gainontzekoan, baldintza duinak izan beharko lituzkete”, nabarmendu zuen.

Espainiako Estatuan, espetxeen funtzionamendua arautzen zuen legea izan zen “trantsizioan” onartu zen lehena, eta lege horretan NBEk finkatutako irizpideak errespetatzen zirela adierazi zuen. 2003ko erreforma batekin etorri zen aldaketa. Landaren arabera, erreforman “giza eskubideak” alde batera utzi zituzten: “Erreformaren helburua terrorismoarekin lotutako zigorrak gogortzea izan zen, baina delitu guztietara zabaldu zen azkenean. Zigorrak ahalik eta luzeenak izatea eragiten zuen, eta, gainera, zigorrak kartzela barruan bete behar izatea”.

“Estandar demokratikoak”

Landa kondenak aplikatzeko modu horren aurka agertu zen hitzaldian, eta erreforma bertan behera uzteko edo beste era batera interpretatzeko deia egin zuen. Horrekin batera, gizarteratzeko “estandar demokratikoak” finkatzea ere proposatu zuen: besteak beste, presoek kartzela barruan denbora tarte jakin bat soilik igarotzea delitu larriak diren kasuetan, edo presoaren gaineko indar hertsatzailea betiere giza eskubideak errespetatuz ezartzea.

Leave a Reply

Your email address will not be published.