Ticket Bai, oraindik ezbaian

Ticket Bai, oraindik ezbaian

Jone Arruabarrena

Ostalariak, merkatariak, eta mota guztietako zerbitzuak eskaintzen dituzten autonomoak. Guztira, Gipuzkoan, 42.000 zergadunek baino gehiagok erabiltzen dute Ticket Bai sistema. Hain zuzen, azaroaren 1ean, herenegun, urtebete bete zen horietako batzuek ordainagiri sistema hori ezartzeko betebeharra dutenetik. Merkatariek faktura digitala egiten duten momentuan bertan bidali behar izaten dute Gipuzkoako Foru Aldundiko Ogasunera, informazio osoarekin. Ogasuneko iturrien arabera, milioi bat faktura baino gehiago iristen zaizkio egunero orain, eta, sistema ezarri zutenetik, 317 milioitik gora jaso dituzte. Iritzi ezberdinak daude sistema horren inguruan.

Aldundiak sistema berria aurkeztu zuenean adierazi zuenez, zerga iruzurrari aurre egiteko jarri zuen indarrean Ogasunak Ticket Bai. Irune Iarza Ogasuneko zuzendari nagusiak esan zuenez, beste helburu garrantzitsu bat zen “ekonomia digitalizatzea, eta ogasunarekin egin beharreko izapideak arindu eta erraztea”. Bi xede horiei segika, “ekonomia bultzatu, lehiakortasun leiala sustatu eta guztion ongizate soziala hobetu” nahi du Ogasunak, Iarzaren arabera.

Ekonomiaren digitalizazioak, besteak beste, zergadunen egunerokotasuna “erraztu” egiten duela defendatu du Iarzak: “Ticket Bairen bitartez, bidalitako faktura eta egon daitezkeen arazoen eguneko jarraipena egin dezakete zergadunek, eta hori, errenta aitorpena egitean, lagungarria da oso”. Ez dira iritzi berekoak Edurne eta Arturo Iziar enpresariak. Neba-arrebak dira, eta bakoitzak sektore ezberdinetan dauka negozio propioa. Ordiziako lursailen kudeaketarako Auzoki enpresaren jabea da Edurne, eta igeltsero gisa Goierriko eskualdean lan egiten duen Iziar Igeltseritza enpresan autonomoa da Arturo. “Ez diot inongo alde onik ikusten Ticket Bairi. Fakturak egiten dituzun momentuan bertan bidali behar dituzunez, ezin dituzu errepasatu edo pixkanaka prestatzen joan, lan luzeen kasuan. Bidali ondoren begiratu ditzakezu, baina gauzak konplikatu egiten dira”, kexatu da Arturo Iziar.

Ticket Bai jarri aurretik, fakturak egiteko bestelako programa batzuekin egiten zituzten ordainagiriak merkatari gehienek, eta programak ordezkatzera behartu ditu sistema berriak. Edurne Iziarren Auzoki enpresa izan zen inguruan sistema berria jartzen lehenenetarikoa: “Bi urte daramatzagu. Ticket Bai jartzeko derrigortasuna indarrean sartu baino hiru hilabete lehenago jarri genuen guk martxan, orduan diru laguntza batzuk zeudelako”. Hala ere, Edurneri zaila egin zitzaion sistema berrira ohitzea: “Aurreko programa baino zailagoa egin zaigu erabiltzeko. Lan gehigarri bat eskatu zigun hasieran; ordu pila bat sartu behar izan genuen. Ekonomikoki ere inbertsio bat egin behar izan genuen”. Antzeko esperientzia izan zuen haren neba Arturok: “Hasieran, batez ere, arazoak eman zizkidan: ez zegoela ondo, sinadura elektronikoa behar zela, iraungi egin zela…”.

“Formakuntza falta”

Badira, ordea, esperientzia positiboa izan duten dendariak ere. Idoia Elexpuru da horietako bat; Aretxabaletako Belar Meta arropa dendaren jabea da, eta aitortu du “uste baino errazagoa” egin zitzaiola Ticket Bairen sistemara ohitzea. Gainera, fakturak egiteko programak aldaketa bat behar zuela aprobetxatu zuen sistema aldatzeko: “Momentu hartan geneukan programa konplexuagoa zen erabiltzeko, eta aldatu egin nahi genuen Ticket Bai heldu baino lehenago ere. Beraz, ondo etorri zaigu. Aldaketa bera pixka bat gogaikarria izan da, baina bestela ere egin behar genuen. Orain daukagun programa errazagoa da, gainera”. Iarza Ogasuneko zuzendari nagusiak adierazi du erabiltzaileei hasieran “ardura” sortzen ziela sistema berrira ohitzeak, baina, behin martxa hartuta, “eskerrak” eman dizkiotela Ogasun Sailari.

“Formakuntza falta” izan da merkatarien elkarteek salatu duten beste faktore bat. Edurne Iziarrek azaldu du, bere kasuan, ez zutela formakuntzarik jaso, eta bere kabuz ikasi behar izan duela. Arturo Iziarrek, berriz, gestoria batera jo zuen, programa behar bezala egokitu ziezaioten, eta kexu da horrek “gastu gehigarri bat” ekarri diolako. Elexpuruk azaldu du programa instalatu zion teknikariak eman zizkiola hura erabiltzeko azalpenak. Aldiz, Iarzak adierazi du “formakuntza eta informazioa” zabaldu dietela erabiltzaileei, “Ogasuneko langileek emandako jardunaldi irekien bitartez”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.