Fernando Martinez: “Notarioarena soslai polifazetikoa da”

Fernando Martinez: “Notarioarena soslai polifazetikoa da”

Kerman Garralda Zubimendi

Segurako Alde Zaharrak herriak Erdi Aroan izandako loria erakusten du, bere jauregi eta kale dotoreekin. Horietako batean, Segurako plazaren albo batean dagoen Zurbano kalean, badago iraganeko beste oinordekotza bat: notariotza. 1.500 biztanle baino gutxiago ditu Segurak, eta notarioa duen Gipuzkoako herri txiki bakarra da. Arduradun berria du otsailaz geroztik: Fernando Martinez Segura (Madril, 1998). Gipuzkoan ari den notariorik gazteena da.

Ez da ohikoa horren gaztetan notarioa izatea. Seguran ari zara. Bezeroak harritu egiten dira?

Bai eta ez. Egia da jendeak notario bat irudikatzen duenean norbait helduagoa izaten duela buruan. Baina, Segurako notariotza txikia denez, aldaketa asko izaten dira, eta jendea ohituta dago hasiberriekin lan egitera.

Ondo hartu zaituzte?

Tratua ona da. Nire aurretik izan diren notarioei eskertu beharrean nago, lan ona egin dutelako eta herritarren artean errespetu handia dagoelako notarioarenganako.

Zer eskatzen dizute gehien? Zer behar dute bezeroek?

Askotariko gauzak: tramiteetatik hasi eta familiako kontu konfidentzialetaraino. Notarioarena soslai polifazetikoa da. Egun batean norbaiten konfidente izan zaitezke, eta hurrengoan, aholkulari, administratzaile, erredaktore…

Ba al dago alderik Segura bezalako herri txiki bateko notario izatearen edo hiri batekoa izatearen artean?

Segurakoa nire lehen esperientzia da, eta ez dakit nolakoa den hiri handi batean lan egitea, baina baietz pentsatzen dut. Adibidez, Segurako notariotza ez denez horren masiboa, erraza da gertuko tratua eskaintzea eta bezeroa hobeto ezagutzea. Hiri handietako notariotzetan, ezinezkoa da hori.

Gaztea izateak badu onurarik?

Adina ez da ez ona, ez txarra. Esperientzia da gakoa. Oposizioetan agertzen ez diren baina egunerokotasunak irakasten dizkizun mila kontu txiki daude.

Nolakoa da notario baten egunerokoa? Zer duzu agendan?

Lankide batek hartzen du telefonoa, eta hark esaten dizkit orduak, bezeroen beharrak… Izan daitezke kontsultak, sinaduraren bat… Ditudan tarteetan eskrituren erredakzioak aurreratuz joaten naiz, egiten dizkidaten kontsultei konponbidea topatzen saiatzen naiz, kasu bakoitzak behar dituen dokumentu guztiak dituela ziurtatzen dut… Bolada ezberdinak izan ditut. Uda aurretik, sinadura osteko izapide gaiak nire gain hartzen nituen, bai zergak kudeatzekoak, bai jabetza erregistroan aurkeztekoak. Autoa hartu eta Azpeitira joan behar izaten nuen. Denbora asko pasatzen nuen horretan, eta uztea erabaki nuen.

Eta lanetik kanpo zer egitea gustatzen zaizu?

Notariotzak denbora dezente kentzen dit. Ez lanak, baina bai ikasteak eta zuzenbideko gaiak lantzeak. Arratsaldean, gustatzen zait zuzenbideari buruz irakurtzea, legeak etengabe eguneratzen baitira. Gainerakoan, kirola egitea eta irakurtzea gustuko dut. Ez naiz bereziki zinemazalea, baina tarteka telesailen bat ere ikusten dut.

Seguran bizi zara?

Donostian bizi naiz, aitonarekin.

Zure aitona, Jose Maria Segura Zurbano, Donostiako notarioa izan zen. Zuri Seguran egokitu zaizu lan egitea, Zurbano kalean.

Kasualitatea izan da. Ikusi nuenean, argi nuen ez nintzela notariotza aukeratzen ari, baizik eta notariotza ari zela ni aukeratzen.

Eta nolatan notario?

Azken finean, nire familia guztiak zuzenbidearen inguruan egiten du lan. Hala, unibertsitatean karrera aukeratzerakoan, ez nuen zalantzarik egin. Behin Zuzenbidea ikasten ari nintzela, argi ikusi nuen nahiago nuela zuzenbide pribatuko adarra publikokoa baino. Espezializatzerakoan, pribatutik jo nuen, eta, bertan, oposiziorik ohikoenak notariotzakoak eta erregistrokoak izaten dira.

Ez dakizu euskaraz. Nolako eragina du horrek lan egiterakoan?

Euskaraz kortesiazko hitz gutxi batzuk besterik ez dakit: kaixo, agur, mila esker, eskerrik asko… Hortik kanpo, euskarak eta gaztelaniak antzik ez dutenez, tutik ere ez dut ulertzen. Norbait euskaraz hasi zaidanean, “gaztelaniaz, mesedez” esan diet, eta ez dut arazorik izan. Norbaitek trebezia handiagoa badu euskaraz, Kristina nire laguntzaileak badaki, eta bion artean moldatzen gara. Baina gaur egun badaude gutxieneko lanak egiteko tresnak. Adibidez, soilik euskaraz iristen zaizkidan lizentzia administratiboak oso ondo itzultzen dituzte itzultzaile digitalek.

Horren gazte notario postua lortuta, zer gelditzen zaizu aurretik? Baduzu beste ametsik?

Etengabe hezten eta trebatzen jarraitu nahi dut, zerbitzu hobea eskaintzeko helburuz. Segurarrak gustura egotea nahi dut.

Leave a Reply

Your email address will not be published.