Nekane Zinkunegi Barandiaran
Haurra zela, 7-8 urterako Getariako moilan ibiltzen zen Inaxio San Miguel (Getaria, 1967) uretara erortzen ziren atunak jasotzeko jauzi egiten. “Gure herrian beti egon da ohitura umetatik uretan ibiltzeko; udan, turistei txanponak uretara botatzeko-eta eskatzen genien, eta haiek jasotzen ahalegintzen ginen urpean betaurreko eta hegal batzuekin. Dirua ateratzen genuen, ez pentsa”. Hortik datorkio afizioa, eta urpekaritza irakaslea da gaur egun Getariako Ksub eskolan.
Nerabezaroan, kuadrillako gehienak itsasora arrantzara joan zitzaizkion, 14 urterako aukera izaten baitzuten orduan. San Miguelek ikasten jarraitu zuen, bere kasa urarekin lotura mantendu zuen, eta, aldaketa beharrak bultzatuta, kontua serio hartzea erabaki zuen: “Garai batean, gorbatarekin-eta ibiltzen nintzen, eta aldaketa beharragatik hasi nintzen txankletetan eta galtza motzetan ibiltzen. Urpekaritzako irakasle 1998tik naiz, eta duela hamasei urte zabaldu nuen Ksub”.
Urpekaritzan aritzeko formazioa beharrezkoa da; bestela, begirale baten ondoan murgildu behar da, eta San Miguelentzat, ez da berdin gozatzen. “Ur azpiak eskaintzen duen askatasuna kontuan izanda, hobe da nor bere kabuz murgiltzea”. Bi motatako ikastaroak eskaintzen dituzte Ksuben: batetik, aisialdirako urpekaritza nolakoa den erakusten dute; eta, bestetik, urpean lana egin behar dutenei formazioa eskaintzen diete.
Normalean, asteko egun guztietan eskaintzen dituzte ikastaroak, eta giroa epeldu ahala lan gehiago izaten dute. Gainera, ur azpiko bestelako lanez ere arduratzen dira: “Edonoiz deitzen digute hoditeria arazoren bat konpontzeko edo beste lanen bat egiteko”. 10-30 metroko sakoneran murgiltzen dira, nahiz eta handiagoetan ibili izan den bere kabuz. “Hala ere, tarte hori izaten da politena, urpeko bizitza mota gehiena tarte horretan dagoelako. Zenbat eta beherago joan, hainbat eta ilunago da itsas hondoa, eta bizitza motak ere gutxitu egiten dira”.
Urpekaritzarako ez da jakintza berezirik behar; 16 bat urte izatea eta erakusteko gogoa duen irakasle on bat hartzea komeni da, San Miguelen ustez. “Ikasten ari dena irakaslearen esku egoten da hein batean, eta poliki-poliki teknika ona lortzen lagundu behar zaio. Hasieran beldurtuta egotea da normalena. Irakasleari dagokio hori ikaslearen begietan ikusi eta hari ariketen bidez erlaxatzen eta urpean gozatzen laguntzea”.
Noizean behin sustoren bat hartu badu ere, Ksub zabalik dagoenetik ez zaio istripurik egokitu: “Urpean igeri egitea ez da ariketa hain arriskutsua; hau da, arriskua badago, baina arriskua handitzea edo txikitzea geure ardura da; gure gaitasunen arabera ibiliz gero, ez dago arriskurik”.
Ur azpian arnasa hartzen-eta sakontasun txikian irakasten dute, eta behin ikasi eta gero jotzen dute sakontasun handiagoetara. “Komunikatzeko keinuak baliatzen ditugu, eta horiek ikasteko klase bat eskaintzen dugu: ondo gauden edo ez adierazteko, gorago edo beherago joan nahi dugun esateko…”.
Ederrena, etxean
“Zorte handia” izan du, eta ia mundu osoan ibili da urpekaritza egiten: Itsaso Gorrian, Indiako ozeanoan, AEBetan, Afrikan… Baina gozatzeko ez dago leku horietara joan beharrik: “Kantaurin sekulako itsasoa dugu, eta arrain mota mordoa ikusiz goza dezakegu. Askotan kanpora joaten gara, eta etxean daukagu gauzarik ederrena”. Joan den asteburuko bezalako giroarekin, San Miguelek behin baino gehiagotan pentsatzen du: “Hau edukita, Kanarietara joan? Zertara?”.
Gogoan du Afrikan urpean igeri egiten ari zela beldur handia pasatako une bat: “Kostatik oso urrun ari nintzen urpean grabazioak egiten, eta grabatzeari utzi nion une batean ingurura begiratu eta bost eta zortzi metro arteko zortzi marrazo balea inguruan nituela ohartu nintzen. Beste lagun batekin joan nintzen, baina hura ere beste arrain batzuekin-edo entretenitu zen. Banekien ez zidatela ezer egingo, baina erreparoa sentitu nuen”. Baina, normalean, urpean “bakea” egoten dela uste du: “Ez dago grabitaterik; beraz, ilargira joatearen parekoa da, baina horretarako aukera gutxi daude, eta urpean hemen bertan murgil gaitezke. Gainera, asko erlaxatzen du. Itzela da uretara salto egin eta zerekin topo egingo duzun ez jakitea; abentura kutsua du”. San Miguel ez dago prest itsasotik aparte bizitzeko: “Ur azpian ibiltzea bizio modukoa da; itsasoa beti izango dut nigandik gertu. Ez dut neure burua itsasorik gabe imajinatzen”.
Leave a Reply