Errefuxiatuak babesteko ekintza ugari »

Astelehenean izango da Xenofobiaren eta Arrazakeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna, eta, aurten, bereziki, errefuxiatuen egoerari jarri diete arreta. Hori horrela, askotariko ekitaldiak prestatu dituzte astebururako herri askotan.

Zarauzko Hotz taldeak, esaterako, Europa Ekialdeko errefuxiatuei laguntzeko diru bilketa antolatu du. Gaurtik igandera arte, Munoako karpan askotariko ekintzak izango dira: musika, dantza, pailazoak, bertsolariak…

Oñatin ere, bihar arte martxan izango dute errefuxiatuei laguntza bidaltzeko bilketa; janaria eta higiene produktuak jasotzen ariko dira hainbat saltokitan.

Azpeitian, Elkar-ekin taldeak elkarretaratzea antolatu du gaurko, 19:00etan, Sanjuandegin. Errefuxiatuen gaiari begira, astelehenean haurrentzako ipuin kontalaria izango da, liburutegian, 18:00etan.

Armiarma saretik bingo kantatzera »

Maite Alustiza

Borobil bat osatu dute zortzi lagunek. Eskuan hari mataza bat hartu du lehenak, eta honela hasi da jolasa: “Nire izena Zuriñe da. Zein da zure izena?”. Jarraian beste kide bati pasatu dio hari korapiloa: “Ni Itziar naiz. Zein da zure izena?”. Auzoko egitasmoan parte hartzeko bildu dira zortzi lagunak, astelehen arratsaldez, Tabakalerako laugarren solairuan. Lide Lopetegi egitasmoaren dinamizatzaileak argi azaldu du hasieratik: “Hau ez da euskara klase bat, lagun arteko saio bat baizik”. Xenofobiaren eta Arrazakeriaren Aurkako Nazioarteko Egunaren harira antolatu du ekintza Bagera Donostiako euskaltzaleen elkarteak.

Armiarma sare itxurako bat osatuz doaz pixkanaka. “Ni Camelia naiz. Zein da zure izena?”. Errumaniarra da jaiotzez, baina badaramatza bi urte Donostian bizitzen. Tabakaleratik pasatzen ari zela, jarduera ikusi eta parte hartzera animatu da. “Nire izena Timo da. Zein da zure izena?”. Antzuolatik datorren senegaldarra lehen pausoak egiten ari da euskararekin: “Gustatzen zait hizkuntzak ikastea, eta baita beste kulturen berri izatea ere”. “Nire izena Asun da. Zein da zure izena?”. Eta albokoak erantzun: “Nire izena Maite da”. Ahizpak dira biak, donostiarrak, eta urtebete inguru daramate euskara ikasten. Aurretik ezagutzen zuten Bagera, eta, “pixkanaka”, gero eta erosoago dabiltza.

Herritarrak euskarara hurbiltzeko egitasmoa da Auzoko, eta Lopetegik azaldu duenez, bi alde ditu: auzotarrak eta auzokideak. “Auzotarrek euskara ondo menperatzen dute, eta auzokideei laguntzen diete; bestetik, auzokideak daude, euskarara hurbildu nahi duten pertsonak”. Hurbilketa hori jolasaren bidez egiten dute, gehienbat hitzak landuz. “Euskara praktikatzeko tokia da, eta guk nahi dugu kapazak izan daitezen gutxienez beren burua aurkezteko, oinarrizko hiztegia lantzeko, jende guztiak aukera izan dezan bertako hizkuntzarekin harremanetan jartzeko”.

Bakoitzaren izena esan ondoren, jatorriaz eta bizilekuaz aritu dira borobilean. Gorputz atalak ikasteko fitxekin aritu dira jarraian, baita marrazkiak egiten eta kartekin bikoteak osatzen ere. Bingoan aritu dira gero: “Frutak ikusiko ditugu orain. Hau udarea da. Zer da hau, Zuriñe?”, esan dio Lopetegik kideari. Zalantzak sortu zaizkie gereziak eta platanoak atera direnean. “Gereziak da edo gereziak dira?”. Berdin pasatu zaie domino jokoan, zenbakiak aldameneko lagunari esaterakoan: “Bi edo bi, edo bi eta bi?”. Bi kasuetan, batzuek besteei lagundu diete zalantzak argitzen, eta, hain justu, truke horri eman dio balioa Lopetegik: “Aberasgarria da auzokide eta auzotarrek elkar laguntzea. Auzokideentzat ona da, euskarara hurbiltzen direlako eta bertako jendearekin harremanetan jartzen direlako; auzotarrak, berriz, beste errealitate baten jabe egiten dira”. Gaineratu duenez, hizkuntzarekin harremanetan jartzean, “modu batean edo bestean” kulturarekin edo tokiarekin ere harremanetan jartzen dira.

Saioaren bukaeran, ikasitakoaz galdetu die kazetariak parte hartzaileei. “Frutak ikasi ditugu, hiztegiari lotutako gauzak…” Baina, jolastearekin batera, arratsalde pasa ona egin dutela diote denek: “Barre asko egin dugu, ondo pasatu dugu”. Tabakaleratik ateratzerakoan ere, euskaraz komunikatzen jarraitzeko aukera eskura jarri die Auzokok: mahai gainean dituzte poltsikoan eraman daitezkeen hiztegiak. Euskaltzaleen Topaguneak egin ditu, eta oinarrizko hitzak dauzka, beste hizkuntza batetik euskararako itzulpenarekin: lekuak, asteko egunak, hilabeteak, koloreak, urtaroak…

Asteleheneko saiotik aparte, Donostian astero elkartzen da taldetxo bat Auzoko egitasmoaren barruan. “Oso ondo funtzionatzen du”. Auzotar zein auzokide, jatorri askotariko lagunak biltzen dira: “Izan daitezke Euskal Herrikoak baina ez dutenak euskaraz hitz egiteko aukerarik izan, edo izan dutenak, edo Kamerungoak, Senegalgoak, kolonbiarrak… Oso polita da denen artean sortzen den harreman hori”.

Donostian ez ezik, Gipuzkoako herri ugaritan ere badago edo egon da martxan Auzoko: Eskoriatzan, Bergaran, Antzuolan, Aretxabaletan, Arrasaten, Azkoitian, Azpeitian, Ibarran, Oñatin…Herriko taldeetan bat egin nahi duen guztia animatu dute: “Denentzat irekita dago”.

Euskara, batzeko tresna

2011tik ari da Bagera elkartea Auzoko egitasmoan lanean, Topagunearen babesarekin. Ez da, ordea, euskararen normalizazioaren eta hizkuntza aniztasunaren alde martxan duen proiektu bakarra. Bide horretan, Topagunearen hiztegiek beste bide bat hartuko dute aurki, Bagera-ren eta Donostia 2016ren eskutik: hiztegi makina bat sortuko dute. Dagoeneko lanean ari da hamar bat laguneko talde bat Tabakaleran, hiztegiak inprimatuko dituen makina sortzen. Hiztegiaren hizkuntzak aukeratu, eta momentuan bertan inprimatuko du makinak. Udaberrian Donostian instalatuko dute, handik pasatzen den edonork hiztegiak eskura ditzan.

Era berean, turistentzako hiztegi txiki bat sortzen ere lagundu du Bagera-k, udalarekin elkarlanean. 80.000 ale banatuko dituzte hiriko hainbat gunetan, zortzi hizkuntzatan: euskara, gaztelania, galegoa, katalana, frantsesa, ingelesa, italiera eta alemana. Euskararen inguruko hainbat datu ere biltzen ditu: besteak beste, historia, egoera eta hiztun kopurua.

[Herriz herri] Amezketa: Haurrek plaza hartuko dute »

Imanol Garcia Landa

Udalgintza egituratzen duen araua da plan orokorra, eta Amezketak aurki helduko dio araua berritzeko prozesuari. “Legealdi honetan onartu nahi dugu plan orokor berria”, azaldu du Iñaki Amundarain alkateak. Aurreko plan orokorra 2006koa zen, eta, besteak beste, ehun etxebizitza egiteko aukera onartu zen planean, baina ez dute ezer eraiki, krisi ekonomikoaren eraginez eskaera jaitsi delako. Sustatzaileak hiru alditan saiatu dira aurrera ateratzen proiekturen bat, baina azkenean ez da gauzatu. Plan orokorra berritzeari ekiten diotenean ikusi beharko dute etxebizitzen gaiaren inguruan zer erabaki hartu. Gai horren inguruan, orain urte gutxi egindako azterketa batek emandako emaitza gogora ekarri du Amundarainek: “Ehun etxebizitza huts daude herrian, eta udaletik ere zabalik gaude horien alokairua bultzatzeko”.

Plan orokor berrian bi gai aztertuko dituzte. Batetik, egun txabolak egiteko dagoen debekua. “Amezketan landa eremuak garrantzia handia du, eta txabolak egiteko kontua mahai gainean jartzeko asmoa dago”. Bestetik, Ugarte auzoan 50 ibilgailuentzat aparkalekua egiteko proiektua plan orokorrean txertatzea ere aurreikusi dute. Hil honetako osoko bilkuran plan orokorraren baldintzak onartzeko asmoa du udalak, horrela prozesua abian jartzeko. Prozesu horretan herritarren parte hartzeak bere lekua izango du.

Leku berria haur eskolari

Hainbat proiektu ditu Amezketako Udalak esku artean. Horietako batek Ugarte auzoarekin du zerikusia. Amezketatik Alegiara doan bidearen ondoan dago auzoa, eta hango haurrek autobusa hartzeko errepidea gurutzatu behar dute. Puntu horretan semaforoak jartzea aurreikusten dute, errepidea gurutzatzerakoan segurtasuna bermatzeko. Udalak irtenbide horren eskaria aspaldi egina dio Gipuzkoako Foru Aldundiari, erakunde horren ardura baita errepidea. Posible da proiektuari aurten ekitea.

Beste proiektu garrantzitsu bat herriko haur eskolaren lekualdatzea da. “Gaur egungoak irisgarritasun txarra du. Lehen solairuan dago eta eskaileren bitartez igo behar da”, zehaztu du Amundarainek. “Guraso batzuek igogailua jartzea ere proposatu izan dute, baina azkenean ikusi dugu irtenbide egokiena herriko plazan dagoen erabilera anitzeko lokalera lekualdatzea dela”. Alkateak gaineratu duenez, oraingo lekuarekin kanpora ateratzea zailagoa da, lehen solairuan egonik. Lekuz aldatzerakoan, eta plazan dagoenez, aukera gehiago izango dituzte kanpora ateratzeko.

Erretirodunek eta gimnastika ikastarorako erabili ohi dute lokala egun. Diputazioak ondo ikusi du egitasmoa, eta Europako Leader izeneko diru laguntzak erabiliko dituzte proiektua gauzatzeko. Aurrekontuaren %53a ordainduko litzateke laguntza horiekin.

Udalak hil honetako osoko bilkuran onartu nahi du lekualdatzearen proiektua. “Asmoa da irailerako obrak bukatuta egotea, hau da, ikasturte berria hasten denerako”. Haur eskola berrian 0 eta 2 urte bitarteko hamabost haurrentzako lekua izango da.

Baserri bideen garrantzia

Aurtengo udal aurrekontua onartuta dute Amezketan, eta inbertsioetako atal nagusiena da haur eskolaren leku aldatzea. Beste atal nagusietako bat baserri bideen konponketa da. “Baserri bideak berritzeko kopurua handitu dugu aurten”. Zehazki, 60.000 euro bideratzea aurreikusten dute. “Beharra ere handia dugu, eta baserri bideen kilometro asko daude. Dirudienez, aldundiak arlo honetan diru laguntza linea bat atera nahi du, Gipuzkoa osoan arazo berdina baitago”.

Hil honetan, eguraldia hobetzen denean, bide batean brea jartzeko asmoa du udalak. “Proiektua onartuta dugu, 30.000 euroko aurrekontua du, eta erdia Tolomendi elkartearen diru laguntzekin ordainduko dugu”. Azalera handia du Amezketak, baserri ugari daude, eta horregatik gai garrantzitsua da herriarentzat baserri bideen konponketa. “Asmoa da urtero diru kopuru bat jarri eta gai hori bideratzea”. Beste proiektu bat herrigunea oinezkoentzat jartzeko egitasmoarekin jarraitzea izango da. Abaltzisketara joateko bidegurutzetik hasi eta plazarako bidean egingo dute aldaketa, aurretik egindakoarekin lotuz.

Kulturari begiratuz, aipagarria da aurreko bi urteetan izandako ekitaldi jarioa. 2014an Pernando Amezketarra jaio zela 250 urte bete ziren, eta iaz, Amezketak udalerri izendapena jaso izanaren 400. urteurrena ospatu zuen.

Batez ere mugitua izan zen Pernando Amezketarrari lotutako urtea. Hain justu, Fernandoren Urtea izena jarri zioten egitasmo osoari. “Hasi urtarriletik eta abendura arte ekitaldi asko antolatu genituen”. Ibilbide bat ere egina gelditu da, panel batzuekin, Amezketarrarekin lotura izan zuten lekuetan. “Udalaren aldetik balantze oso ona egiten dugu, eta herritarren aldetik ere inpresio hori jaso dugu. Esfortzu handia egin zen egitarau zabala antolatzeko”.

“Amezketa soineko luze bat da, setazkoa, eta bere kolorea berdea da” »

I. Garcia Landa
Amagoia Etxeberria sortzailea eta moda diseinatzailea da. Egun Amezketan bizi ez bada ere, bere sorlekuarekin lotura estua mantentzen du, astero joaten baita herrira.Nola deskribatuko zenuke Amezketa? Ederra, laua eta nire bihotzaren to…

Beste teoria oportunista bat »

Danel Agirre

Kontsumoan oinarritutako gizarte estandarizatua ezartzeko atezainik gabe sartu dizkiguten gol guztien artean, badira batzuk gure aurrelariak buruz plantxan lortu balitu bezala ospatzen ditugunak. Konforta eta askatasuna erosten genituelakoan, gure orkatilari zepoak lotuz joan gara, eta giltzak besarkada irribarretsu batekin etsaiari oparitzen. Etxe bat ordaintzeko dirurik ez daukatenek banketxeekin tratu esklabistak sinatzea normaltzat jo dugu, mekanismo horren maltzurkeria intrintsekoari erreparatu gabe. Heldutasunera eta probetxuzko bizitzara behingoz iritsi garela ofizial bihurtzen duen beste zigilu batez, autoaz, are zalantza gutxiago egin dugu.

Ez dakit non bizi zaren, Lezon, Itsasondon, Elgoibarren. Azken hamarkadetan, zure auzoko kale eta espaloiak garaje itogarri bihurtuko zituen, nirean bezala, familia bakoitzak bizpahiru kotxe gabe ezin bizi horrek. Donostiakoa are okerragoa da; han, Michelin izar bakoitzeko lurpeko sei aparkaleku ezin garestiago dituzte. Aspaldi, amak Abenidan arratsaldeko zazpietan jasotzeko eskatu zidan batean, eguerdian irten nintzen etxetik, Amaratik erdigunerako ilaraz gozatzeko kafe termoa eta liburu parea hartuta. Doan aparkatzea ezinezkoa da bertan: edo gasolioa bukatu arte zirkuluka gidatu, edo Lermaraino joan beharra duzu.

Hori guztia, halere, enbarazu sinpatikoa litzateke, autoa dirua zanpa-zanpa jateko makina deabruzkoa ez balitz. Berria denean, ordaindu beharra dagoelako. Zahartzean, hilabete amaierara iristeko kreditu txartelekin truko magikoak egiten ari zaren egun hartantxe porrot egiteko ohitura hartzen duelako. Bitartean, erregaiak, zergek, inspekzio teknikoek, bidesariek, konponketek, karrozeriak eta isunek osatzen duten konbinazio efizientea dela medio. Adegiko Whatsappeko taldean ez gaudenontzat, motorizatzea negozio itogarri samarra da.

Duela hamabi bat urte —bizitzan aurrenekoz eta azkenekoz— milaka euro batzuk aurreztu nituen. Eta patrikak ez hain hutsik eramateak izterrak kiskaliko zizkidalakoan edo, furgoneta bat erosi. Bizkor konturatu nintzen tranpa makur batean erori izanaz. Urte batzuk pasatutakoan, hiri handi batera mugitzearekin, eta aitak autorik ez zuenez, berari pasatzea proposatu nion, betebehar eta guzti. Inozenteak, furgoneta dotorea ikusi, eta amuari kosk egin zion. Seme penagarria naiz, baina seme penagarri obsesionatua: gastu finkoen, faktura errepikakorren aurkako nire gudan murgilduta nabil aspaldi, eta bataila garrantzitsu bat irabazi nuen horrela —kreditu txartelekin magia egin beharrean jarraitzen dut, hori bai, marka da gero, urteetarako gerra geratzen zait—.

Badakit zer esatera zoazen. Hau guztia oso ongi dagoela, zuk ere gustura egingo zenukeela gauza bera, aspaldi dakizula autoa sakakuartos bat dela. Baina Aretxabaletan egiten duzula lan, eta bizi, berriz, Hendaian, eta ez duzula beste erremediorik. Zure arazoa ez zait batere inporta, ordea, hau ez delako Zuzendariari saila. Hau nire bizitzako gertakariei erantzuten dieten teoria oportunistak plazaratzeko espazio bat da, ezer bainoago. Eta hona gaurko teoria: autoaz nola edo hala libratu, eta zoriona zure leihotik sartuko da. Leiho hori hipotekatua baduzu, ordea, zurea bizioa da, eta ez dakit erremediorik ote duen.

Kantuzko alfonbra Aste Santuarentzat »

Asier Perez-Karkamo
Euskal Herrian egiten den eliz musika ziklo zaharrena da Hondarribikoa. Duela 34 urte antolatu zuen lehen aldiz Eskifaia elkarteak, eta harrezkeroztik ez dute hutsik egin. Aurreneko ekitaldia berrikuntza izan zen, ordura arte abesba…

32 urte, eta atzo balitz bezala »

Pasaiako segadaren ikerketa artxibatu du Donostiako 2. Instrukzio Epaitegiak, baina auziak argitu gabe jarraitzen du. 1984ko martxoaren 22an, Komando Autonomo Antikapitalistetako lau lagun hil zituen Espainiako Poliziak. Ikertzeko interes falta salatu dute hildako azpeitiarren senideek. - Irakurri gehiago...

Erakusketa, hitzaldiak eta ikastaro bat »

Erakusketa hilaren 16ra arte egongo da Ordiziako kultur etxean, eta hilaren 18tik apirilaren 8ra, berriz, Legazpiko kultur etxean. Bestalde, hitzaldiei dagokienez, Ordiziakoa gaur izango da: 19:00etan, kultur etxean. Legazpikoa apirilaren 6rako antola…

Irakurtzeko eskubidea »

Asier Zaldua

Irakurtzea plazer bat da, eta, gainera, aberasgarria da. Jende askok, ordea, zailtasunak ditu testu arruntak irakurtzeko: harrera herriko hizkuntza menperatzen ez duten etorkinek, irakurtzen berandu hasi direnek, eskolatze urrikoek, ikasteko arazoak dituztenek, ezgaitasun intelektuala dutenek… Horien irakurtzeko eskubidea bermatzeko, Irakurketa Erraza ekinbidea sortu dute. Ardura bereziarekin landutako liburuak eskaintzen ditu, zailtasunak dituzten pertsona horientzat. Ordizian eta Legazpin hitzaldiak eta erakusketak antolatu dituzte egitasmoa ezagutarazteko.

Ekinbide horien guztien helburua gizaki guztiek kulturaz gozatzeko duten eskubidea bermatzea da. Horretarako, Irakurketa Erraza egitasmoak ardura bereziarekin landutako liburuak eta dokumentuak eskaintzen ditu. Irakurtzeko zailtasunak dituzten pertsonek irakurri eta ulertzeko moduko idatziak dira. Izan ere, populazioaren zati handi batek —%30ek, hain zuzen ere— irakurtzeko zailtasunak ditu. Hori dela eta, batzuek ez irakurtzea erabakitzen dute, eta beste batzuek sufritu egiten dute: badakite irakurtzea plazer bat dela eta aberasgarria dela, baina ezinezkoa zaie irakurtzea.

Irakurtzea behar soziala, nazioarteko zenbait lege testutan aitortutako eskubidea, eta ideiak, pentsamenduak eta esperientziak partekatzea baimentzen duen gozamena da, ordea. Gainera, irakurketaren bidez, hainbat taldek gizarteratzea lortzen dute. Hori guztia dela eta, irakurtzeko zailtasunak dituztenei moldatutako liburuak, webguneak eta dokumentuak prestatzen ari dira mundu osoan. Testu horiek Liburutegien Nazioarteko Federazioaren arauak betetzen dituzte, hizkuntzari eta formari dagokienez.

Oñati, Arrasate, Eibar, Elgoibar, Azpeitia, Donostia eta Errenterian irakurketa errazeko taldeak daude, eta Donostiako Kaxilda eta Errenteriako Mirentxu erreferentziazko liburu dendak dira. Orain, egitasmoa Goierrin ezagutarazi nahi dute. Bultzatzaile nagusiak Legazpiko eta Ordiziako Garagune zentroak dira. Hango langile eta egoiliarrak oso gustura daude jaso duten erantzunarekin.

Asun Jauregi da bi Garagune horietako arduraduna. Irakurtzeko eta ulertzeko zailtasunak dituzten pertsonekin lan egiten dutenez, Ordiziako eta Legazpiko udalei irakurketa erraza ezagutzera ematea proposatu zieten. Beraiek lau bat urte daramatzate egoiliarren artean irakurketa bultzatzen. Horretarako, piktogramak eta irakurketa errazeko testuak erabiltzen dituzte. “Hainbat barne dokumentu irakurketa errazera moldatu ditugu, egutegiak eta gonbidapenak ere irakurketa errazean idazten ditugu…”.

Jauregiren ustez, egitasmoa oso garrantzitsua da. “Bi gauza daude jokoan: informazioa jasotzeko eskubidea eta kulturaz gozatzeko eskubidea. Gurekin daudenei bi mundu irekitzen zaizkie: informazioarena eta kulturarena. Batzuek egitasmo honi esker hartu dute lehenengoz liburu bat esku artean”.

Proiektuak Ordiziako eta Legazpiko udalen babesa du. Isa Sanz Legazpiko Udaleko Hezkuntza teknikariak azaldu duenez, irakurketa erraza zabaldu nahi dute Legazpin: “Jendea erakusketa ikustera, hitzaldira joatera eta ikastaroan parte hartzera animatu nahi dut. Bestalde, testuak moldatzeko eta irakurketa errazeko talde bat sortzeko asmoa dugu”.

Irakurketa errazeko liburuek ezaugarri jakin batzuk dituzte: irudi deskriptiboak dituzte, testu guztiak ezkerretara justifikatuta daude, lerroek testuen sintaxi unitateak errespetatzen dituzte, bazterrak zabalak dira eta lerroen arteko hutsuneak, zuriuneak eta tipografia ohiko liburuetan baino handiagoak dira. Gainera, hizkuntza erraza eta zuzena erabiltzen dute, istorio zehatz eta logiko bat kontatzen dute —argumentu lerro bakar batekin—, ekintza zuzen eta sinpleak kontatzen dituzte —pertsonaia gutxirekin—, esaldiak laburrak dira eta esaldi bakoitzak ideia nagusi bana du.

Irakurketa errazeko lehenengo liburua Suedian argitaratu zuten, 1968an. 1997an irakurketa errazeko materialak egiteko jarraibideak zehaztu zituzten. EAEko Irakurketa Erraza Elkartea, berriz, 2012an sortu zen. Ordutik, materialen argitalpena, erakundeekiko lankidetza hitzarmenak, sare bat sortzea eta dinamizazioa bultzatu ditu. Horrez gain, hainbat zerbitzu eskaintzen ditu: testuak egokitu, berrikusi eta argitaratzen ditu, logotipoa ematen die, idazkera erraza egiteko teknikak irakasten ditu, eta erakunde eta enpresentzat lege testu eta azalpen testuak moldatzen ditu.

Ekinbideak geroz eta jarraitzaile gehiago ditu. Hala, mundu osoan irakurtze klubak sortzen ari dira. Klub horietako kideek irakurketa errazeko liburuak irakurtzen dituzte, eta, ondoren, liburuari buruz eztabaidatzeko elkartzen dira. Saio horietan ozenki irakurtzen dute, dinamizatzaile baten gidaritzapean. Espainiako Estatuan 130 klub baino gehiago daude: liburutegietan, zaharren egoitzetan, ospitaleetan, helduen hezkuntza iraunkorreko zentroetan, espetxeetan…

2014an Gaumin argitaletxeak irakurketa errazeko euskarazko lehen nobelak argitaratu zituen. Lehen bilduma horrek katalanetik itzulitako eta zuzenean euskaraz idatzitako euskal egileen nobelak ditu. Argitaletxea Fernando Morillo idazleak sortu zuen, eta Santiago bidearen misterioa da irakurketa errazean argitaratu duen lehen nobela. Laida Martinezek haurrentzako bi liburu idatzi ditu: Max oporretan doa eta Max Bilbon bizi da. Ander Izagirrek, berriz, Txernobil txiki bat etxe bakoitzean.

“Behar dudan guztia ematen dit Altzok; nik dena dut hemen” »

I. Garcia Landa
Altzon jaio zen 1971an, eta Altzon bizi da Maixa Lizarribar musikari eta musika irakaslea. Loatzo musika eskolan egiten du lan, eta, beraz, tarteka bere lantokia ere herrian bertan du.Nola deskribatuko zenuke Altzo?Bakoitzak bere herria…