Eider Goenaga Lizaso
Urte askotan Amara Berriko Familia Sakratuaren elizan egon ondoren (1974tik), iaz Donostiako Parte Zaharreko Santa Maria elizan ireki zuten Donostiako Elizbarrutiaren Museoa. Kokapen berriarekin, obra gehiagorekin eta museografia landuagoarekin, indarberritu egin zuten museoa, eta horren erakusgarri da urtebetean izandako bisitari kopurua: 50.000. Edorta Kortadi (Tolosa, 1946) Santa Mariako erretore eta museoko arduradunak dioenez, kokaleku berria faktore garrantzitsua izan da museoari beste ikusgarritasun bat emateko: "Turista ugari pasatzen da hemendik, baina bertako jendea ere ibiltzen da, bai paseoan bai baxoerdiak hartzen; Parte Zaharrean denetariko jendea ibiltzen da, eta askotan aprobetxatzen dute museoa bisitatzeko".