gipuzkoa

Pixkanaka ari da bustitzen

Pixkanaka ari da bustitzen

Eider Goenaga Lizaso

Donostia 2016. urtean Europako kultur hiriburu izango zela iragarri zenetik, 2011ko ekainetik, bide luzea egin da. Gorabeherak gorabehera, Donostia 2016 fundazioak ia bost urte pasatu zituen prestakuntzetan, eta tarteka herritarrei begirako mokadutxo txikiak ere aurkeztu zituen, aurtengoak ekarriko zuenaren aurrerapen gisa. Baina iritsi zen 2016a, eta dagoeneko pasatu da urte erdia. Eta sei hilabetek ematen dute balantzea egiteko modua. "Balantzea? Oso ona, oso ona", dio Fernando Alvarez Donostia 2016ko komunikazio arduradunak, Hitza-ren galderei erantzunez.

"Baina, balorazio horrek behar du esplikazio bat", gehitu du. "Honen jarraipen txiki bat egin duen edonork badaki hau oso konplexua izan dela, historia bat ere badaukala atzetik, eta ez dela erraza izan. Arazo batzuk ere izan genituen, baina gutxinaka-gutxinaka, hilabetez hilabete, astez aste eta ekitaldiz ekitaldi, jende askorengana eta komunitate askotara iritsi da gure edukia: artea dela, antzerkia dela, kirola dela, hizkuntza...". Eskaintza zabala bezain aniztuna dela dio, eta jendeak hori ulertu duelakoan dago. "Hori da nik jasotzen dudana; bai lagunen aldetik, bai kaleko jendearen aldetik, bai autobusean entzuten dudanagatik. Pixkanaka-pixkanaka gure euri mehe honekin bustitzen ari da jendea, eta herritarrak gero eta ideia argiagoa dauka gure proiektuari buruz".

Ahots kritikoak izatea normaltzat eta osasuntsutzat jotzen du Alvarezek. "Nik uste dut herritarrek proiektu honen euskarri eta partaide gisa ikusten dutela euren burua, eta guztiek sentitzen dute badutela zerbait esateko. Eta arrazoi dute, hori gure filosofian sartzen baita". Hala, herritar, eragile zein sortzaileen iritzi, ideia, nahi eta helburuak entzun eta programan txertatzeko ahalegina hasieratik egin dutela nabarmendu du. "Egunero egiten dugu ahalegin hori, baina ez dugu beti lortzen. Beraz, kritikak ondo ikusten ditut, horrek erakusten baitu jendea arduratuta dagoela bere hiriarekin, egiten ari garenarekin eta hiriak ematen duen irudiarekin. Hala ere, nire sentsazioa da ari garela jendearengana iristen, herritarrak ari direla gure egitasmoa ulertzen".

Hasiera gazia

Inaugurazioak utzitako aho zapore gazi-gozoaz, berriz, honela erantzun du Donostia 2016ko komunikazio arduradunak: "Gozoa baino gehiago gazia izan zela esango nuke. Egun horretarako uste dut 70 bat ekintza programatu zirela, eta denak bikain joan ziren, bikain. Baina justu ekitaldi nagusia ez zen nahi bezain ondo joan. Eta normala da ez zaizula gustatu esatea, baita akatsak izan zirela nabarmentzea ere; baina hain sutsua izan zen erreakzioa...". Jendeak kultur hiriburutzaz zuen jakin-mina handia zela eta erantzuna ulergarria dela dio, halere. "Bazen halako ezinegon bat, eta histeria moduko bat eragin zuen". Orduan jasotako kritikak eta jendearen erantzunak lanean jarraitu eta hobetzeko bultzada eman diela gehitu du Alvarezek. "Jendeak horrelako jarraipena egiten duela ikusteak erantzukizun handi bat jartzen dizu bizkar gainean, egiten duzun guztiaren gaineko ardura handia; baina ez ekitaldi handietan bakarrik, jarduera guzti-guztietan baizik".

Izan ere, Donostia 2016k hainbat jarduera handi programatu baditu ere —Uda gau bateko ametsa eta Bake ituna erakusketa, kasurako—, programazioan jarduera txikiak gailentzen dira. "Hori betidanik egon da idatzita, eta agian jende batek esperoko zituen ekitaldi handiak, eta horiek aurkitzen ez dituenean kexatzen da, baina guk hasieratik esan genuen gure filosofia beste bat zela".

Jendearen parte hartzearekin pozik agertu da Alvarez, gustu guztietarako programa atondu dutela uste baitu. "Baina gure programan badaude beste proiektu handi batzuk, ez dutenak helburu gisa jarraipen handia izatea. Handiak dira garrantzitsuak iruditzen zaizkigulako, ez jende asko erakarriko dutelako". Hitzargiak, elkar argitzen duten hizkuntzak programa jarri du adibide. "Aste honetan ari dira egiten, Orona fundazioan. Europako beste hizkuntza gutxituak eutsi eta indartzeko jarraitu duten bidea eta praktika onak dira aztergai. Elkarrekin partekatuko ditugu esperientziak, besteenak eta gureak. Guretzat egitasmo hori pisu handikoa da, baina ez da guztiontzako moduko jarduera bat". Beste adibide bat Adiorik gabe programa dela azpimarratu du Alvarezek. "Elkarbizitza da hiriburutza honen balio nagusia, eta ildo horretan indarkeriaren biktimak gogoan izango ditugu. Hiru ekitaldi izango dira, eta lehena uztailaren 2an egingo da, Antzoki Zaharrean".

Hala ere, uda bi apustu garrantzitsurekin abiatu du Donostia 2016k: hilabeteko emanaldi guztietarako sarrerak agortu dituen Uda gau bateko ametsa antzezlana eta urria bitartean irekita egongo den Bake ituna erakusketa. "Horiek dira gure udako apustuak, baina jarduera txiki pila bat ere izango dira. Eta baita Donostiako ohiko eskaintzekin egingo ditugun Elkarrizketak ere; Jazzaldian, Musika Hamabostaldian zein Zinemaldian. Joango gara berri ematen".

1978an bi neska gazteren eskaera, parte har zezaten

Neskek Irungo alardean parte hartzeko lehen ahaleginak 1970eko hamarkadan egin ziren. 1976an hasi ziren planteatzen, Alardeko Musika Bandako zuzendariordeak hiru emakume sartzea proposatu zuenean. Alardearen Batzordeari egin zion proposamena, baina ba...

Etxean ikusia, plazan erakutsia

Etxean ikusia, plazan erakutsia

Maite Alustiza

Urdanibia plazan nabari da sanmartzialen atarian daudela. Txosnak muntatuak dituzte, baina botilak barra gainean daude oraindik, eta lurrean. Lurrean ere jendea, gazteak eta helduak, giroa berotzen, nahikoa bero ez balego bezala: astearteko iluntzeko zortziak dira, eta 30 gradu markatzen ditu kaleko termometroak. Skola Musik akademiako nerabe eta gazteak kontzertuak ematen ari dira plazako agertokian. Lukas Grahamen 7 years abestia kantatzen ari da neska bat: "Once I was twenty years old...". (20 urte izan nituen behin...). 20 urte badituzte han dabiltzan lau neskak, eta laster plazara iristear den beste musika batez galdetu die kazetariak. "Alardea? Egunean bertan joango gara, baina entseguak ikustera... Hemendik ere entzuten da". Aurten, hogei urte dira emakumeek lehenengoz Irungo alardean parte hartu zutenetik, eta urteurren horren aitzakian, hogei urteren bueltako gazteen iritziak bildu ditu Hitza-k, entsegu egunak aprobetxatuta.

Hallelujah kantua hasi dute oholtzan, eta minutu gutxira iritsi da Urdanibia plazara Ama Xantalen konpainia, Peña kaletik barrena. Irungo alde zaharreko konpainia da, neskez eta mutilez osatua. Haiei begira ari da lagunekin Ane Erasun, 22 urteko irundarra. Bi urtez atera da alardean, baina, ikasketak kanpoan egiten ari denez, azken urteetan ez du parte hartzerik izan. Dena den, kanpotik bada ere, neska-mutilak babesten ditu. Dioenez, parekidean parte hartzeagatik ez du kontrako jarrera "bortitzik" jaso, baina kontra egote horrekin ez dator bat: "Ez dut ulertzen jarrera hori, are gehiago jende gaztearen partetik". Uste du etxetik jasotakoak zerikusi handia duela: "Niri betidanik erakutsi izan didate beste edozein gauzatan bezala, festatan edo kiroletan, neskek eta mutilek berdin-berdin parte har dezaketela". Txikitatik bizi baitute askok alardea Irunen. Horren erakusle dira Ama Xantalenekoei begira dauden aitona-amonak eta bi bilobak; txaloka ari dira guztiak, eta neska txikiak, karrotxoan eserita, txilibitua du eskuan. Berriro plazatik pasatu direnean desadostasun keinu bat egin die gazte batek; behin baino gehiagotan errepikatu du. "Ez zaizu gustatzen?", galdera. "Ez". Zergatiaz galdetuta: "Zergatik ez". Eta barrea.

Entseguari arreta handirik jarri gabe baina plaza inguruko giroan dabil mutil kuadrilla bat, 20-25 urte bitartekoa. Aritz Fernandezek eta Josu Antiak ondo ikusten dute nesken parte hartzea. "Lehengoa ez dut ulertzen, eta orain batzuek daukaten pentsamendua ere ez. Ze arazo dago? Berez kontzientziatuago egon beharko genuke, baina gai honetan ez du horrela funtzionatzen", dio Antiak. Bat dator Fernandez: "Denoi gustatzen zaigu festa egitea; beraiek lehengo modura nahi badute, behintzat utz diezaietela atera nahi duten neskei lasai ateratzen".

Auzia bertatik bizitzea

Urdanibia plaza utzita, Oiasso museo aldera doa kazetaria, Erromes plazatik aterako den konpainiarengana. Istillaga plazatik pasatzean, ordea, txistu hotsak entzun eta bidea desbideratu du. Neska-mutilen Santiago konpainia ari da ibilbidea egiten, eta haien bide bera egiten, espaloitik, dozena erdi bat lagun. Olatz Ugarte kantineraren taldeak ere gazte ugari biltzen ditu. Kale paraleloetako batean, errepidea noiz libratuko zain daude Maider Arana eta Iraia Jauregi, autoaren aldamenean. 20 urte ditu Aranak, eta 23 Jauregik. Hondarribitik eta Donostiatik etorriak dira Irunera, erosketak egitera. Alarde tradizionalaren alde egin du Aranak. "Nik uste gaia ulertzeko handik bizi behar duzula. Berdintasunaren alde nago, baina ondo ikusten dut alardea lehen egiten zen bezala egiten jarraitzea". Tolosako eskopetarietan neskak eta mutilak normaltasunez ateratzen direla azalduta, ildo beretik erantzun du: "Ez da gauza bera".

Familiako tradizioa

Erromes plazara bidean galdetzaileen artean lauzpabost gaztek uko egin diote gaiaz hitz egiteari. Plazara iristerako, 21:30 dira. Jai giroan dabiltza neska-mutilak, aita-amak, aitona-amonak. Plaza txikia da, balkoiez betetakoa, eta leihoetan jendea ageri da jada. 7-8 urteko mutiko bat danborra astintzen dabil; haren inguruan hiru neskatilak salto egiten dute, danbor kolpeen erritmoan.

Buenos Amigos konpainia tradizionalaren entsegua hastear, plaza erdialdera gerturatu da neska gazte talde bat. Nerea Telleria eta Junkal Amenabar dira horietako bi; 21 eta 22 urtekoak. "Aitona ateratzen zen, osaba ere bai, aita... Ondo iruditzen zait tradizioari jarraitzea, eta nik gozatzen dut ikusten aterako banintz bezainbeste", dio Telleriak. Alardeetan kantinera ez den beste postuetan andreen parte hartzeak sortzen duen gatazka aztertuko duela iragarri berri du diputazioak. Horri buruz galdetuta, alderdi politikoen arteko ika-mikak txarretsi ditu Amenabarrek: "Kontua gehiago nahastu nahi dute batzuek, eta ez esaten duten bezala berdintasuna eta abar".

Etxeko atarian sartzen ari da Julen Martin. 18 urte ditu, eta ez dio aparteko interesik eragiten alardeak. "Niri berdin zait bat ala bestea, ez zait interesatzen. Bakoitzak egin dezala nahi duena". Bien bitartean, plazan inguratu dute Sonia Villaverde kantinera, eta eman diote oparia, kantinerei oparitu ohi dieten upeltxoa. Jarraian, borobilaren erditik atera eta erdian jarri da txistua eskuan duen mutila. Hasi dira jotzen. Kide baten kamisetak hala dio: Irungo alardea 1880tik.

Errenterian zarata mapa aurkeztu nahi du udalak

Errenterian zarata mapa aurkeztu nahi die udalak herritarrei, eta, horretarako, hainbat bilera egin ditu inguruko auzotarrekin. Azkenengoak Galtzaraborda, Igantzi, Kaputxinoak eta Alaberga auzoekin egingo dituzte, herriko udaletxeko areto nagusian, da...

Soinu maila baxuan

Soinu maila baxuan

Olaia Iraola
Eskola Agenda 21 programaren barruan, Urnietako Egape ikastolako Lehen Hezkuntzako ikasleek soinu maparen inguruko lana egin dute. Proiektuaren helburu nagusia eskola eta herria garapen iraunkorrerantz bideratzea izan da. Ikastolako musik...

Euskal literatur zaleen bilgune

Euskal literatur zaleen bilgune

Maialen Igartua
Futbolak, auto lasterketek, txirrindularitzak, musika taldeek... zale ugari mugitzen dituzte. Ez da literaturaren kasua. Gutxi dira literatur zaleak, eta eremua are gehiago murrizten da euskarazko literaturari buruz aritzean. Hain zuzen...

[Herriz herri] Beizama. Biztanleria kezka, haztea xede

[Herriz herri] Beizama. Biztanleria kezka, haztea xede

Julene Frantzesena

Gipuzkoako herririk garaiena da Beizama; 485 metrora dago kaskoa. Udalerriari Erdi Arotik datorkio Unibertsitate titulua, garai hartan herriak Saiaz Handiko udalerrien interesak defendatzeko ardura zuelako. Beasainekin, Albizturrekin, Bidaniarekin, Errezilekin eta Azpeitiarekin egiten du muga, eta Urola Kostako herri txikiena da biztanleei dagokienez; izan ere, 164 lagun bizi dira gaur egun Beizaman.

Datu horrek kezkatzen du, besteak beste, Nekane Otaño alkatea (Beizama, 1966). "Aurreko agintaldian etxe batzuk egin zituzten, eta 25 bat lagun-edo etorri ziren bizitzera. Baina beheraka doa biztanle kopurua. Adinekoak hil ahala, baserriak ere husten ari dira. Gazteak hemen geldi daitezen etxeak egin behar dira. Baserrietatik ere alde egin dute gazteek, eta zaila da horiek berriz itzultzea. Erronka ederra daukagu, eta ez dakit jendea erakartzea lortuko dugun. Dena den, bada mendi ingurua-eta gustatzen zaion jendea, eta gure helburua hori da, jende hori erakartzea, herriari bizia emateko".

Horri lotuta, etxe berriak egin nahi dituztela dio: "Diru gutxi dugu, eta ateak jotzen ari gara dirua lortzeko. Izan ere, gazteak erakartzeko bidea izan daiteke etxeak eraikitzea".

Aizarnazabal (%12,2) eta Azkoitiaren (%11,5) ostean, Urola Kostan langabezia tasa altuena duen herria da Beizama: aurtengo maiatzean hamar herritar zeuden lanik gabe (%11,4); 2015eko maiatzean, berriz, bost. Otañok dioenez, langabezia tasa igo egin da, baina, Beizama hain herri txikia izanik, "herritar bat langabezian gelditzean asko igotzen da ehunekoa". Gainera, "industriarik ez dagoenez, beizamar gehienek herritik kanpo lan egiten dute".

Beizamako Udalak joan den martxoan onartu zuen behin-behinean Hiri Antolamendurako Plan Orokorra, hau da, herria nola antolatuko den jasotzen duen txostena. Alegazioak sartu dizkiote txostenari, eta, orain, arkitektoa ari da hura osatzen. Bukatzean onartuko dute plana, udalbatzarrean. Otañok adierazi duenez, "garrantzitsua" da plan orokorra, han jasotzen delako "herriaren diseinua nolakoa izango den, etxeak eta lantegiak non eta nola eraiki ahalko dituzten edo aisialdiko ekintzak non egin ahal izango diren".

Alkateak dioenez, aurreko plana "zaharkituta" gelditu da, eta orain arte "egin ezin ziren hainbat lan" gauzatzea ahalbidetuko du berriak: "Plana esku artean ditugun egitasmoetara egokituko dugu, eta behar berriei erantzuteko aukera emango digu. Adibidez, etxebizitzak egiteko aukera gehiago izango dugu, edo lehendik eta zahartuta dauden baserrietan aldaketak egin ahal izango ditugu".

"Asmatu" dute parkearekin

Aisialdiari lotuta eman ditu pausoak udalak. Joan den agintaldian hasitako proiektua, umeentzako parke estalia, urtarrilean inauguratu zuten. Herriko plazako Ostatu Zaharraren beheko solairuan dago jolastokia, eta, alkatearen ustez, "asmatu" dute parkearekin: "Bertako nahiz kanpoko bisitarientzat toki egokia da. Jendea ibiltzen da bertan, batez ere, asteburuetan. Ondo funtzionatzen du".

Bestalde, familientzako eta, oro har, bisitarientzako ibilbide bat ere sortu dute. Beizamako ahotsa jarri diote izena; izan ere, antzinako Beizamako historia jaso dute ibilbidearekin. "Ordu eta erdi inguruko ibilbidean, Beizama inguruak ezagut daitezke. Panel interpretatiboak jarri ditugu, eta, horien bidez, beizamarren bizimoduaren eta bertako ondarearen eta paisaiaren berri izan dezakete bisitariek. Gainera, baserritarren lanak duen balioaz jabetuko dira ibilbidea egiten dutenak".

Beizamako alkateak dioenez, "aterpetxera zetozen bisitariek inguruak ezagutu gabe alde egin ez zezaten" jarri zuten martxan ibilbidea: "Beizama inguruko jendearentzat ere ibilbide interesgarria da. Dena den, neguan jarri genuen martxan proiektua, eta udan ikusiko dugu jendea animatzen den ibilbidea egitera".

Araztegia, azken txanpan

Ur-saneamendu arazoei irtenbidea emateko asmoz, joan den otsailean hasi zituzten Beizamako ur zikinak tratatzeko araztegia eraikitzeko lanak. Gipuzkoako Foru Aldundia ari da proiektua egiten, eta aldundia bera nahiz Gipuzkoako Ur Kontsortzioa arduratu dira lanen finantzaketaz. Lanak hastean araztegia maiatzean martxan izatea aurreikusten bazuten ere, orain geldirik dira obrak. Mikel Zubizarreta Gipuzkoako Urak-eko ordezkariak dioenez, araztegiaren "elementu garrantzitsuenaren zain" daude lanekin jarraitzeko: "Arazte sistema erostean, hobetze aldera, aldaketa batzuk egin ziren, eta tresneria iritsi zain gaude. Merkatuan ez dira halako tresna asko egoten, eta normala da iritsi zain egotea". Dena den, piezak aurki jasoko dituztela eta jaso ahala muntatzen hasiko direla esan du Zubizarretak.

Pixkanaka proiektuak gauzatzen ari da udala, baina, Otañok dioenez, "diru laguntzen arabera" ibiltzen dira beti. "Gure herrian ezin ditugu proiektu asko eta egundokoak egin, oso diru gutxi baitugu. Proiektuak abiatzen ditugu diru laguntzak lortutakoan, eta, hala ere, udalak askotan diruaren zati bat jarri behar izaten du. Herri handiek ere diru arazoak izaten dituzte, ba pentsa txikiek... Dena den, nahi adina ez izan arren, laguntza handiak ematen dizkigute, eta gaitz erdi".

Sanpedroak, ate-joka

Udan sartu berritan, San Pedro jaiak iristear dira Beizamara. San Pedro egunez hasiko dira jaiak, ekainaren 29an, eta asteburuan jarraituko dute. Beraz, izango da zer gozatu Beizaman, uztailaren 3a bitartean. Egun horietan lehiaketak eta txapelketak, otorduak, musika emanaldiak, jolasak eta abar izango dira herrian.

Festen azken egunerako, iganderako, "bertakoentzat eta kanpokoentzat" azoka berezia prestatu dute. "Iaz antolatu genuen azoka aurrenekoz, eta uste genuen baino jende gehiago bertaratu zen. Hori dela eta, aurten ere saiakera berezia egin dugu azoka prestatzeko. Pintxoak eta txotxa ere izango dira, eta trikitilariek alaituko dute giroa", dio alkateak. Azokan, besteak beste, jakiak, bitxiak nahiz eskulanak jarriko dituzte salgai. Igande gauean bukatuko dira sanpedroak.

“Mendiz inguratuta dago, eta ederra da naturatik hain gertu bizitzea”

J. Frantzesena

Jaioterriaz hitz ederrak baino ez ditu Eneko Otaño aizkolariak (Beizama, 1994). Hantxe, sorterrian hasi zen aizkoran; ezagutu ditu plazak ordutik.

Zer duzu Beizamatik gustukoen?

Bertan jaioa naiz, eta, Azpeititik eta kaletik aparte dagoenez, eskertzen dira hango bakea eta lasaitasuna. Herri polit-polita da.

Txoko bat aipatzekotan, zein?

Inguruan ditugun bi mendi: Illaun eta Murumendi. Horietara buelta asko egiten ditut, asko ibiltzen naiz mendian.

Azpeitia aipatu duzu. Denbora asko pasatzen al duzu han?

Bai, asko. Beizaman baino gehiago. Kuadrilla hangoa dut, eskolan han ibili izan naiz, eta lan egiten dudan enpresa ere Azpeitikoa da.

Azpeitiak ez duen zer du Beizamak? Eta alderantziz?

Mendiz inguratuta dago Beizama, eta ederra da naturatik hain gertu bizitzea. Azpeitian, berriz, lagunartea daukat, eta jendea, giroa, tabernak... denetarik dago han.

Beizamara egun-pasa doanari zer gomendatuko zenioke?

Gazta eta ogia egiten duten bi baserri daude, eta haiek bisita ditzakete. Mendi bueltaren bat ere egin dezakete, eta plazara joanez gero, han dituzte parkea, ostatua... Ez da toki txarra arratsaldea pasatzeko.

Gaia aldatuz. Zer dela eta hasi zinen aizkoran?

Betidanik gustatu izan zait aizkora, txikitatik. Aitarekin joaten nintzen apustuak eta txapelketak ikustera. Etxean ere anaiarekin aritzen nintzen denbora-pasa. 15 bat urterekin apustu bat egin genuen lagunek; nirekin aritu behar zuen laguna lesionatu egin zen, eta ez genuen jokatu. Kilo dezente nituen orduan, eta etxean esaten zidaten kirola egiteko. Baina, aizkoraz aparte, ez nuen gustuko kirolik. Herrian bazen erretiratu bat, aitaren laguna, eta hark behin soziedadean esan zidan lagunduko zidala aizkoran trebatzen; basoan-eta ibiltzen zen. Bengoarekin txapelketa batean aritzeko aukera eman zidaten, eta horrela hasi nintzen.

Mieltxo Mindegiarekin egindako apustua irabazi duzu aurten.

Apustu mundua asko gustatzen zait. Txapelketekin alderatuta, oso desberdinak dira, baina garrantzitsuak iruditzen zaizkit. 2014an [Mikel] Larrañagaren aurka jokatu nuen. Apustua presazkoa izan zen beharbada, baina txikitatik horixe nahi izan dut, eta aukera ona zen. Gainera, apustuak txapelketak baino gehiago gustatzen zaizkit. Larrañagaren aurkakoa galdu egin nuen, eta ez nuen besterik jokatzeko asmorik, baina Mindegiak erronka bota zidan, eta hartu egin nuen. Txapelketan ez nuen zorte onik izan, eta ar hori kentzeko balio izan zidan apustuak. Gustura sentitu nintzen, emaitza ona izan zen eta.

Apusturen bat baduzu esku artean?

Orain ez daukat batere lotuta, baina datorren neguan edo udaberrian bateren batek erronka botatzen badit, ikusiko dut zer egin. Izan ere, ikusi beharko da zer-nolako txapelketak ateratzen diren eta beste aizkolariek zer egiten duten.

Txapelketei dagokienez, zer helburu dituzu?

Uztailaren 3an, Gipuzkoako Bigarren Mailako finala jokatuko dut. Sailkapen fasean bigarren egin nuen, eta finalean aurrena egiten duena Lehen Mailara igoko da. Txapeldunen Kopa ere aurki hasiko da, eta ni astelehenean Arria V.aren kontra arituko naiz, Hernanin.