gipuzkoa

Eremu turistikoaren definizio berria salatu dute sindikatuek

E. Goenaga Lizaso

Donostiako Udalak aldatu egin du hiriburuko eremu turistikoaren definizioa: urtarriletik aurrera, eremua zabaldu eta 150 metro koadrotik gorako saltokiei urte osoan emango die jaiegunetan irekitzeko aukera —lehen, soilik uztail eta abuztuan zuten—. ELA, LAB, UGT eta CCOO sindikatuek ez dute begi onez ikusten aldaketa, eta joan den astean agerraldi bateratua egin zuten, Donostiako udal gobernuaren erabakia gaitzetsi eta mozioa aurkeztuko dutela iragartzeko. Haien esanetan, "sindikatu, merkataritza elkarte eta gainontzeko alderdiei bizkar emanda onartu dute aldaketa EAJk eta PSEk. Ezkutuan eta eztabaidarik gabe".

2014ko urrian, Espainiako Gobernuaren dekretu batek aginduta, Donostiako Udalak merkataritzari begirako eremu turistiko bat izendatu behar izan zuen, Donostia osoa definizio horren barruan sar ez zedin. 150 metro koadrotik gorako saltokiei irekitzeko aukera ematen die eremu horretan egoteak. Donostiako Udala horren eragina ahal bezain beste mugatzen saiatu zen, merkatarien elkarte, sindikatu eta alderdi politikoekin adostuta. 150 metro koadrotik gorako saltokirik apenas dagoen gune bat izendatu zuten eremu turistiko: kaia eta Parte Zaharreko zati bat —San Juan kaleraino, Bretxako merkataritza gunea kanpoan utziz—. Bestalde, dendak irekitzeko baimena uztail eta abuztura mugatu zuen.

Donostiako udal gobernu berriak, baina, gunea eta egutegia zabaltzea erabaki zuen iazko azaroan, eta urte hasierarekin jarri zen indarrean. Egun, Donostiako eremu turistikoak Parte Zaharra osorik hartzen du, eta baita Zurriolako pasealekua ere. Saltokiak jaiegunetan irekitzeko aukera, berriz, urte osoan dute 150 metro koadrotik gorakoek.

Ondorioak

Aldaketaren ondorioak udan gehiago sumatuko direlakoan, eta 2017rako eremuaren definizioa lehengoratzeko deia eginez, lau sindikatuek hainbat arrazoi eman dituzte aldaketaren kontra agertzeko. Haizea Solagurenbeaskoa LABeko ordezkariaren hitzetan, "neurriak merkataritza ordutegien liberalizazioa dakar, eta horrek, marka handien interesei erantzuteaz gain, denda txiki eta ertainei kalte larria egiteko arriskua dakar; baita merkataritzako langileen lan baldintzak okertzeko aukera ere". Sindikatuen arabera, gainera, aldaketa egiteko garaian udalak ez du inolako arrazoirik aurkeztu, ezta bere garaian alderdi, merkatari eta sindikatuekin lortutako akordioa haustekoak ere.

Sindikatuen aburuz, ordutegia zabaltzeak ez du jarduera ekonomikoa handitzen, ez eta enplegu gehiago sortzen ere. "Jaiegunetan egiten den erosketa beste egun batean egiten ez dena baita. Erosteko ahalmen handiagoa izateak ekarriko luke kontsumoa gehitzea, ez ordutegien liberalizazioak. Gainera, sortzen den enplegua partziala eta, gune handietan, prekarioagoa". Merkataritza gune txikietan enplegua suntsitzen duela ere azpimarratu du Solagurenbeaskoak, eta lanean ari direnei "familia eta lana uztartzeko zailtasuna" areagotu egiten zaiela. "Azpimarratzekoa da, halaber, bereziki sektore feminizatua dela kaltetuen irteten dena".

"Egoeraren larritasuna ikusita", sindikatuek mozioa aurkezteko asmoa dute, EH Bildu eta Irabaziren babesarekin. "Eztabaida sustatu nahi dugu, eremu turistikoaren aurreko definizioa mahai gainean jartzeko, langile zein merkatari txikientzat onena dela ikusten dugulako".

Metro gehiago handientzat

Metro gehiago handientzat

Eider Goenaga Lizaso

Garbera merkataritza guneak 46.000 metro koadro hartzen ditu, baina haren azalera nabarmen handituko da luze gabe. 25.000 metro koadro gehiago eraikitzeko hitzarmena sinatu zuten otsailean Donostiako Udalak eta Unibail Rodamco enpresak —Garberaren jabea—. Hitzarmena sinatu zutenean udal arduradunek azaldu zutenez, hainbat urrats administratibo egin behar dira obrei ekin aurretik —tartean, Donostiako Plan Orokorra aldatzea—, baina lanak 2017ko irailean hasi nahi dituzte. 2019aren hasierarako ireki nahiko lituzkete Garbera berriaren ateak.

Merkataritza gune handiek eta horietan kokatzen diren saltoki zein marka ezagunek, ordea, ez dute soilik Garberan aurkituko kokalekua. Izan ere, Donostiako Udalaren egitasmoen artean hainbat proiektu daude, hirigunean zein hirigunetik kanpo, merkataritza guneak eraiki edo handitzeko.

Iazko urrian, Ernesto Gasco Merkataritza eta Ekonomia Sustapenerako zinegotziak (PSE-EE) merkatari txikien aldeko apustua egin zuen. "[Espainiako] Auzitegi Gorenaren sententziak esaten duena esanda ere, ez da merkataritza gune handietarako garaia. Merkataritza gune berriak irekitzea ez da gure eredua izango. Donostia aurrerantzean ere kalitatezko merkataritzaren erreferente izatea nahi dugu, saltoki txikien berezitasun eta erakargarritasunari eutsiz".

Handik lau hilabetera, Unibail Rodamcorekin sinatutako hitzarmenaren aurkezpenean, diskurtsoa aldatu zuen Gascok. "Gure merkataritza guneen erakarmena oso inportantea da, eta ezin dugu gutxietsi, batez ere kontuan hartuta Baionan irekitako merkataritza gunean Ikea bezalako erreferentziazko markak daudela, eta bisitatzen gaituztenen %50ek hara joateko interesa agertu dutela".

Hain zuzen ere, Gascok aipatutako Auzitegi Gorenaren epaiak ireki dio bidea Garbera handitzeko egitasmoari. 2009an egin zuen Unibail Rodamcok Garbera handitzeko eskaera, baina jarduera ekonomikoetarako eta merkataritza ekipamenduetarako lurzoru publikoaren sorrera arautzen duen Eusko Jaurlaritzaren lurralde plan sektorialarekin egin zuen topo. Plan horrek 25.000 metro koadrora mugatzen zuen merkataritza guneen gehienezko azalera. Odon Elorza alkate sozialistak Garbera handitzeko ahaleginak egin zituen arren, EAEko Auzitegi Nagusiak ontzat jo zuen Jaurlaritzaren plana.

Unibail Rodamcok eraman zuen Jaurlaritzaren plana auzitara, eta iazko irailean Gorenak baliogabe utzi zuen. Epaiaren arabera, saltoki handien azalera mugatzeko arrazoiek ez zioten interes orokorrari erantzuten, merkataritza irizpideei baizik. Behin oztopoa ezabatuta, Donostiako Udalaren eta Garberaren arteko akordioa erdiestea denbora kontua baino ez zen izan.

Gorenaren epaiak Jaurlaritzaren plana baliogabetu arren, EH Bilduk uste du udalak bazuela aukera merkataritza guneen azalera mugatzeko. "Gorenak dio irizpide ekonomikoak erabili zirela merkataritza guneen azalera mugatzeko, eta horregatik baliogabetu zuen. Baina, borondatea balego, udalak aukera luke plan orokorra aldatu eta muga horri eusteko, bestelako argudioak erabilita; lurralde antolaketa, ingurumena, mugikortasuna... hamaika argudio daude muga jartzeko", azaldu dio Hitza-ri Rikardo Burutaran EH Bilduko zinegotziak.

GARBERA

1997an ireki zuten Garbera. Halako saltokirik apenas zegoen inguruan, eta lehenengotakoa izan zen; baina bai Unibail Rodamcok eta bai Eroskik "zaharkitua" gelditu zela argudiatu zuten hura handitzeko eskaera egin zutenean. Eneko Goia alkateak ere garai berrietara egokitzeko beharra aipatu zuen, otsaileko agerraldian. "Inguruko lurraldeetan merkataritza guneen ezarpena eta bilakaera nolakoa izan den ikusita, eta Donostiako merkataritzarentzat lehia handia dela kontuan hartuta, uste dugu beharrezkoa dela moldaketa batzuk egitea Garberak lehiakor izaten jarrai dezan".

Moldaketa horiek Garberako aparkalekua dagoen gunean egingo dira batik bat. Merkataritza gunearen zabalpenak aparkalekua hartuko du, eta ibilgailuentzako tokia lurpeko aparkaleku bat eraikita atonduko dute. Hasiera batean, 3.600 ibilgailurentzako tokia izango da, 700 toki gehiago egiteko aukerarekin. "Pare bat marka handi" erakartzeko itxaropena agertu zuen Gascok prentsa aurrean, bestelako xehetasunik eman gabe.

Garbera handitzea Donostiarentzako "onura nabarmena" izango dela azaldu zuen Goiak. Udalak 7,3 milioi euro jasoko dituela kontraprestazio moduan, eta enplegua sustatuko duela: 500-600 lanpostu eraikuntza lanetan, eta 550 lanpostu saltokia martxan jartzean. Horrez gain, merkatari txikiei keinua egin zien Goiak. "Garbera zabaltzeko proiektuak inguruko merkatari kopuru esanguratsu bati begirako integrazio neurriak eta lankidetza politikak aurreikusten ditu, bezeroak erakarriz Donostia merkataritza alorreko jomuga erreferentziala izan dadin".

Merkatari txikiak, 2009an, Garbera zabaltzeko lehen ahalegina egin zutenean, egitasmoaren aurka agertu ziren. SShops-Donostia elkarteak, esaterako, lanpostu berrien sorrerari buruzko datua jarri zuen zalantzan; lanpostuen sorrera hiriko saltoki txikietan lanpostuak galtzearen kontura izango zela adierazi zuen. Halaber, hiritik kanpo dauden saltoki handiek hirira jendea erakartzen duela ukatu zuen. "Zaila da arratsalde berean Garberara erosketak egitera joatea, eta ondoren zentrora jaistea. Edo batera edo bestera joango zara, ez bietara", esan zuen SShops-eko ordezkari Lourdes Lazarok.

SAN BARTOLOME

Donostian irekiko den beste saltoki handi bat San Bartolomekoa izango da; Easo kalea eta Aldapetako aldapa gurutzatzen diren tokian. Aldapetako muinoa zulatuko dute hura egiteko, eta Donostiako metroaren irteera bat joango da bertan, baita hotel bat ere. 8.000 metro koadro izango ditu.

Merkataritza gune horren proiektua aurreko udalak —EH Bildu zegoen gobernuan— onartu zuen, alderdi guztiekin adostuta. Baina, Burutaranek dioenez, udal gobernuak bere filosofian aldaketak egin ditu. "Hasiera batean hirugarren sektoreari begirako egitasmoa zen, baina komertzioei muga jartzea zen asmoa. Baina orain hartu duten erabakia da inori mugarik ez jartzea. Alegia, norbait etortzen bada 8.000 metro koadroko denda handi bat jarri nahi duela esanez, ez dauka mugarik". EH Bilduk proposamena egin zion udal gobernuari bertan jarriko diren saltokien azalera mugatzeko —marka handiak etortzea saihesteko— eta elikagai dendarik ez jartzeko —Eroski bat joango baita hortik oso gertu—. "Baina ez dute onartu, eta zabalik utzi dute edozein marka eta edozein tamainako saltokiak irekitzeko".

ILLUNBE

Gaur egun, Illunben ez dago ez saltokirik, ez zinemarik, ez eta taberna edo jatetxerik ere; soilik Donostia Arena dago martxan, eta 30 urtez erabiltzeko akordioa du sinatua Gipuzkoa Basket taldeak udalarekin. Baina Gorenaren epaiak aukera berriak irekitzen ditu gune horri begira. Izan ere, gaur egun eraikitakoaz gain, 14.000 metro koadro gehiago eraiki daitezke Illunben, eta azalera osoa —ia 35.000 metro— merkataritzarako erabiltzeko aukera dago.

Baina Illunberen jabetza Donostiako Udalarena da, eta udalak saldu egin nahi du, jabe pribatu baten esku utzi. Udalak apirilean iragarri zuenez, ekainean aterako dute lehiaketara Illunbe, eta 18 milioi euroko irteera prezioa izango luke. Jabe berriak 3 milioi euroko kostua izango luketen sarbide berrien obrak hartu beharko lituzke bere gain.

Kaltetutako ingurunearen balorazioa

Belartza II eraikiko duten tokia —harrien pilaketa egin dutena— Unanue natur ingurune babestuaren muga-mugan dago. "Errekak bereizten ditu, baina alde batean aberastasuna baldin badago, bestean ere bai", dio Mikel Esnaolak, Belartza II Gelditu taldeko kideak. Naturkon osatzen duten taldeek orain arte kaltetutako gunearen "urgentziazko balorazioa" egin dute, eta balio natural "esanguratsua" topatu dute han. "Tartean, babestutako habitatak (haltzadiak eta hariztiak), eta mehatxupean dauden zenbait fauna espezie, hala miru gorria (galzorian dagoen espeziea) nola belatz handia (espezie arraroa)". Bioaniztasunaren ikuspegitik balio handiko tokia dela diote. "Belartza II eraikiko balitz, balio natural, paisajistiko eta agrologiko handiko eremua suntsituko litzateke".

Naturgune izan beharko luke

Naturgune izan beharko luke

E. Goenaga Lizaso

Hauts laino handi bat. Horixe ikusten dute Belartza inguruan (Donostia) bizi diren herritarrek. Eta gaia ere hautsak harrotzen ari da azkenaldian. Izan ere, Belartzako poligonorako bidean, harrobia zegoen tokian, Mercadonaren supermerkatu bat eraikitzeko obrarekin hasi dira, eta eraikuntza enpresak baimenik gabe egindako zenbait jarduerak natur taldeen zein bizilagunen haserrea eragin dute.

Gipuzkoako talde ekologista eta naturzaleak biltzen dituen Naturkon plataformak agerraldia egin du aste honetan, obrek orain arte eragin duten kaltea salatzeko eta Belartza II poligonoa eraikitzeko egitasmoa bertan behera gelditu dadila eskatzeko. Egun eraikita dagoen Belartza poligonoaren jarraipena litzateke Belartza II, eta proiektuak hogei hektareatik gora eraikitzea aurreikusten du. Natur taldeen arabera, "natur balio handiko inguru batean" eraikiko da poligonoa, eta, egun hutsik dauden industrialdeei erreparatuta, "zentzugabekeria" litzateke beste bat eraikitzea.

Baimenik ez

Belartza II Gelditu taldeko kide eta Añorgako bizilaguna da Mikel Esnaola, eta, Hitza-ri azaldu dionez, harrobian egiten ari diren obra —Mercadonakoa— Belartza II industrialdearen eraikuntza egitasmoaren barruan kokatu behar da. "Bi obrak nahastu egiten dira hemen. Bateko obratik ateratzen ari diren harria bestea eraikiko den tokira ari dira botatzen, bi obra eremu ezberdin izan arren. Egiten ari direnak EAEko Lurzoruaren Legearen 135 eta 136 artikuluak urratzen ditu".

Esnaolaren esanetan, harrobiko obra hasi zutenetik baimenik gabeko lau jarduera egin dituzte. Batetik, ateratzen ari diren harria Belartza II eraikiko den orubera botatzen ari dira, orube horretan obra baimenik ez dagoen arren. Jada 150.000 metro kubikoko betelan irregularra egin dutela salatu dute talde ekologistek, zazpi metroko altuera eta 3.000 metro koadroko azalera hartzen dituela, eta lan horretan haritzak eta bestelako zuhaitzak suntsitu dituztela. "Betelan hori baimenik gabe egiten ari zirela behin eta berriro salatu dugu Donostiako Udalean, udala baita baimena eman behar duena. Baina erantzunik ez dugu jaso. Maiatzaren hasieran prentsaurrekoa eman genuenean hasi ziren mugitzen".

Donostiako Udalak maiatzaren 16ko datarekin eman zion baimena eraikuntza enpresari, "epe ertain batean —20 hilabete gehienez— behin-behineko betelana egiteko". Baimen horrek dioenez, epe hori agortzen denean eraikuntza enpresak lehen zegoen bezala utzi behar du orubea. Esnaolaren iritziz, baimen hori "ilegala" da, hilabete eta erdiko atzerapenaz iristeaz gain.

Gainera, eraikuntza enpresak baimenik gabeko beste hiru jarduera egin dituela salatu dute auzotarrek zein talde ekologistek. "Baimen bakarra eman dute, eta lau jarduera egin dituzte". Maiatzaren hasieran pilatutako harriak tokian bertan txikitu eta manipulatzen hasi zirela salatu dute talde ekologistek. "Maiatzaren hasieratik, birringailu baten bidez, harriak txikitzen eta xehatzen ari dira etengabe, granulometria txikiko agregakin bilakatuz, eta hogei metroko garaiera duen hauts hodeia sorraraziz. Atmosferaren kutsatzailea den jarduera horrek eragin zuzena du airearen kalitatean, eta ondorio nabarmenak ditu inguruko baserri eta etxebizitzetan".

Azkenik, obran dabiltzan ibilgailuak mugitzeko bi mendi pista ireki dituztela eta lurraren mugimenduarekin bertatik pasatzen den erreka estali dutela salatu dute. "Bideak egiteko lurra mugitu dute, eta lur hori erreka gainera erori da. Ez dute erabat estali, baina ur emari gutxiko erreka txiki bat da, ez da Oria ibaia, eta lehortzeko arriskua dago", azaldu du Esnaolak.

Babestutako gunea

Esnaolaren arabera, harrobian egiten ari diren obrak baino gehiago, obra horren ondorioek eta poligono berriaren eraikuntzak eragiten dute kezka. "Eremu hori Unanue naturgunearen mugakide da, eta babestutako eremuan txertatu beharko litzatekeela defenditzen dugu", eskatu dute Naturkoneko kideek, prentsaren aurrean. "Makroproiektuak, zuzeneko eremuan dituen eraginak kontuan ez hartzeaz gain, nahita uzten ditu aipatu gabe inguruko guneetan zeharka sortuko dituenak. Belartza II eraikitzeak kalkulaezina den balioko korridore ekologikoen txikizioa ekarriko luke".

Horrez gain, prentsaurrekoan bildutakoek zalantzan jarri dute halako industrialde handi bat eraikitzearen komenigarritasuna. "Donostian industrialde berri bat eraikitzea zentzugabekeria hutsa da, eta are gehiago hirien zaharberritu daitezkeen industrialde erdi hutsak edukita". Ildo horretan, salatu dute Eskusaitzetako poligonoan (Zubieta, Donostia), Gipuzkoako industrialde handiena izanik, oraindik ez dagoela enpresa bakar bat ere.

Ez ziren dekoraziorako

Ez ziren dekoraziorako

Maite Alustiza

Herri galdeketa prestatzen zebiltzan Etxarri Aranatzen (Nafarroa), 2014ko apirilean botoa emateko. Etxez etxe ari ziren, galdeketa babesteko argazkirako atxikimendu bila. "Manifetan ibilitako bat kontramanifetan egondako batengana joan zen. Tinbrea jo zion, eta berarekin hitz egin nahi zuela esan. Kafe bat atera, eta ordubetez hitz egiten aritu ziren. Pertsona horrek esan zion ez zela argazkian jarriko, baina eskertzen ziola pila bat joan izana, eta egiten ari zirena kontatzea. Etxera joan zenak, bueltakoan, hala esan zien bilerako kideei: 'Ez dakit zer emango duen, baina, kafe momentu hauengatik bakarrik, merezi du egiten ari garena'". Manu Gomezek egin du kontakizuna, galdeketa bultzatu zuen A3 plataformako kideak. Emaitzatik haratago, prozesuak "bizipen handiak" utzi dizkie "herriaren historia txikirako".

Etxarrin galdetu zuten, eta gauza bera egingo dute ekainaren 5ean Gipuzkoako hainbat herritan: Azpeitian, Goierrin eta Debagoienean. Herri horietako ordezkariek orain artekoak kontatu dituzte Koldo Mitxelenan, Donostiako Gure Esku Dago-k antolatuta. Leire Ferro kazetaria aritu da moderatzaile.

GOIERRI

Gure Esku Dago-ren sorrerara egin du atzera Angel Oiarbidek, 2013ko ekainera. Dioenez, bi uste zeuden aldi hartan: batetik, herritarrak sinistuta zeuden sentsibilitate ezberdinekoek ezin zutela bat etorri, eta, bestetik, jendeak ez zekien ze gaitasun edukiko luketen elkarrekin pausoak ematen hasiz gero. Urtebetera jarri zuten lehen erronka: giza katea. "50.000 lagun behar zirela esan genuen, orain hiru urteko termometroak ematen zuen tenperatura hori zelako. Jendeak esaten zuen ez ginela iritsiko. Harrokeriarik gabe baina harrotasunez jarrera bat barneratu genuen". Herritarrak ezinbesteko izan zirela nabarmendu du Oiarbidek, eta hala direla orain ere: "Borondate bat baldin badago, azaleratu egin behar dugu; gu gara gure etorkizunaren arduradun".

Urtebete horretan bi ikasgai atera zituzten: "Gai gara pausoak emateko, eta guk uste baino gaitasun handiagoa genuen". Bigarren urtean norabide horretan segitu zuten, oihalak tresnatzat hartuta. "Hautetsontziak eraiki genituen, fisikoki, ez dekoraziorako, baizik eta erabiltzen hasteko". Orain arte "begirale" modura egon arren, iritsi da hautetsontziak erabiltzeko garaia. "Gai hau atzo diskusio kontu bat zen, jendea urrundu egiten zuen, eta aitzindari da gai izatea herritarren artean elkarrizketa sustatzeko, entzuteko, hau irrazionaltasunetik arrazionaltasunera eramateko". Ikasten ari direla dio Oiarbidek, baina aldi berean irudikatzen. "Ekainaren 5ean ez da ezer bukatzen, hasi egiten da. 2014ko uhina iritsi da, eta horko uhinek hurrengo olatua elikatu egin behar dute".

DEBAGOIENA

2013an Gure Esku Dago aurkeztu ondoren hasi ziren Debagoienean herri mailako lantaldeetan. Lierni Olmedo Erain mugimenduko kideak azaldu duenez, iazko udazkenean aurrera egin nahian zebiltzan, baina "galduta" zeuden. "Angelekin [Oiarbiderekin] elkartu ginen, eta begiak ireki zizkigun. Esan zigun: 'Debagoienak ez badu olatu honetan parte hartzen, noiz beste batzuek, zuek baino zailago dutenak?'".

Ordura arte ez zuten eskualde gisa lan egin, herriz herri baizik. Gure Esku Dago-ren horizontaltasunari eutsi nahi zioten, eta, horregatik, herritarrengana jo zuten lehenik. Prozesua urtarrilean hasi zuten, herri bakoitzean bere dinamikarekin. Oñatin, adibidez, kafe hartze tertuliak egin zituzten. Gehienbat, hiru galderaren bueltan aritu ziren: herri galdeketa zertarako, epeak eta galdera. "Oso inportantea izan zen fase hori; herri guztietan erabaki zen aurrera egitea". Otsail bukaeran Erain aurkeztu zuten, 150 bat debagoiendar ezagunen babesarekin, eta sinadurak biltzen hasi. "6.000 sinadura genuen muga, eta 9.100 baino gehiago batu ziren. Berme handi bat izan zen aurrera jarraitzeko".

AZPEITIA

Debagoienean bezala, Azpeitian ere galdeketa ekainaren 12an ziren egitekoak, baina Espainiako Gorteetarako hauteskundeak direla eta, aurreratu egin behar izan dute. Horrek "estualdi batzuk" ekarri dizkiela dio Laxaro Azkune Hitzartuko kideak; hala ere, "estu bada ere", iritsiko dira. Iazko urri bukaeran elkartu ziren lehenengoz 30 bat lagun. Galdeketa bailara mailan egitea ere planteatu zuten, baina, egoera ikusita, herrian zentratzea hobetsi zuten: "Ikusi genuen Azkoitian ez zegoela berotasun handirik, ezta Zestoan ere; Errezilen eta Beizaman beste lan batzuetan zebiltzan". Hamabost kideko taldea hasi zen lanketan, "talde plural bat", eta, galdera zehaztu ondoren, herritarrei aurkeztu zieten. "Proposamena babestuko zuten 60 lagun elkartzea zen lehen asmoa, eta 150etik gora etorri ziren. Gure planak puskatu zituzten, baina modu onean". Sinadura bilketan 1.500 jarri zuten muga, eta 2.000 bat atxikimendu bildu zituzten.

Aste santuak pasatuta, prestalanean hasi ziren, planteamendu garbi batekin: hainbat sektoretara joan, bildu, eta zertarako prest zeuden galdetu. "Musika taldeak berehala hasi ziren, elkarrekin bildu gabeko taldeak martxan jarri ziren, eta Erabakifest jaia egin genuen. Berdin futbolekoek, saskibaloikoek, literatura eta bertsolaritzakoek... alor guztiak inplikatu dira". Bihar, lib dup bat grabatzekoak dira, 18:00etan, plazan. Kezkarik handiena: gazte jendearengana heldu ote diren.

ETXARRI ARANATZ

2012. urtea "ospatu" egin behar zutela erabaki zuten Etxarri Aranatzen, bi efemeride betetzen zirela eta: 700 urte herria sortu zela, eta 500 urte Nafarroako konkistatik. Herri dinamika bat sortu zuten orduan, eta urte hori "eromena" izan zela gogoan du Manu Gomezek: "35 ekitaldi egin genituen, helburu batekin: ezberdinen arteko topaleku bat egin nahi genuen". Besteak beste, herri antzerki bat egin zuten 140 lagunekin —2.000 biztanleko herria da, eta 1.300 lagunek ikusi zuten—. "Egun horretan, jendeak negar egin zuen, urteetan elkar hitz egin gabekoak elkartu ziren; oso berezia izan zen".

Urte hori bukatuta, herri galdeketa prestatzeari ekin zioten. Udalaren bidez egitea erabaki zuten lehenik, bide ofizialetik. "Tramite ofizial guztiak egin, eta nafar gobernuak gelditu egin zuen, UPNk helegitea jarri zuen". Dena den, aurrera egitea erabaki zuten, eta eurek bultzatuta egin zuten galdera 2014ko apirilaren 13an: Nahi al duzu Euskal Herri independente bateko herritarra izan?. %42,7ko parte hartzearekin, %94 agertu zen alde.

Galdeketa egiteko prozesutik bizipen mordoa atera ditu Gomezek. "Guk garbi dugu galdeketek jendea elkartu egiten duela, eta ez zatitzea. Orain hobeto bizi gara lehen baino, gauza komun gehiago dugu elkarren artean hitz egiteko". Galdeketa eginda, gainera, tortillari buelta eman diotela dio. "Gure herri galdeketak demokrazia monopolio batetik kendu egin zuen. Demokrazia ez da elite baten tresna. Herritarrok gai gara interesatzen zaigun hori galdetzeko".

KATALUNIARA BEGIRA

Katalanak behin baino gehiagotan aipatu dituzte mahai inguruan bildutakoek. Katalanak eta haien jarrera. "Autodeterminazioaren aurretik determinazioa dago", dio Gomezek. Oiarbide bat dator, eta uste du pausoak eman ahala barneratzen dela jarrera: "Guk oraindik ez dakigu zer-nolako gaitasuna daukagun. Katalanen determinazioa hainbestekoa izan da, Espainiako Estatuak barneratua du katalanek erabakita bukatuko dela katalanen auzia". Eskoziako erreferendumaren adibidea jarri du. "Hemen, batzuek esaten zuten: 'Han, Cameron dago; hemen, Rajoy'. Ordezkarien jarrerarengan jartzen zen lupa, baina irakurketa hankamotz geratzen da ez badiogu erreparatzen ordezkatuen jarrerari. Gure jarreraren isla da gure ordezkarien jarrera. Katalanek erakutsi dute ez dela utopia bat. Gaurko ordezkari asko atzokoen berdinak, baina beste jarrera bat dute". Alde horretatik, itxaropentsu dago Gomez: "Garbi daukat lehenago edo beranduago herri hau galdetua izango dela bere osotasunean".

Donostian ere erabakia ardatz, ekainaren 5ean

Donostiara ere helduko da erabakitzeko eskubidearen aldeko aldarria ekainaren 5ean. 11:00etatik 15:00etara, Bulebarrean, hainbat ekintza antolatu dituzte: kale animazioa, musika, ekarpenetarako gunea, haur jolasak, taloak... Kutxak ere jarriko dituzte...

Ostadarraren koloreak Goierrin aldarrikatuz

Ostadarraren koloreak Goierrin aldarrikatuz

Loinaz Agirre
Mendiak eta ostadarrak bat egiten dute Goierriko Zubia LGBTI+ talde berriaren irudian. 1970eko hamarkadatik aniztasunaren eta sexu askapenaren ikurra da ostadarra edo Erromako zubia, eta ikur hori bere egin dute, Goierriko zubia aldarrika...

Euskal Herriko konpainien lanak ere egongo dira

Euskal Herriko taldeen artean, La Enananaranjak eta Iñaki Matak Altzoko Haundia haurrentzako ikuskizuna taularatuko dute. Migel Joakin Eleizegi erraldoiaren istorioa kontatzen du —euskaraz, gaztelaniako azpidatziekin—. Markeliñe taldeak, aldiz, Krusoe obra plazaratuko du; Daniel Defoeren Robinson Crusoe nobelan oinarritzen da —hitzik gabekoa—. Roberto Whitek hitzik gabeko lau pieza aurkeztuko ditu Varietté White lanean, eta Iñaki Mataren Barreras obrak gurpil aulki bat izango du abiapuntu. Informazio gehiago jaso eta sarrerak erosteko: www.dss2016.eu

Kalean ere txotxongiloak dabiltza

Kalean ere txotxongiloak dabiltza

Maite Alustiza

ustralian eta Txinan izan ondoren, Gipuzkoara iritsiko da World Puppet Festival. Haur eta helduentzako 240 ikuskizun eskainiko dituzte mundu osoko 40 konpainiak, bihartik ekainaren 5era. Donostiak eta Tolosak hartuko dute txotxongiloen jaia, eta aretoetan ez ezik, kalean ere izango dira emanaldiak. Donostian, esaterako, hogei agertoki baino gehiago jarriko dituzte: Eason, Kontxa pasealekuan, Bulebarrean, Koldo Mitxelenan... Berdin Tolosan: Euskal Herria plazan, Plaza Berrian, Lopez Mendizabalen, Trianguloan... Honako hauek dira antolakuntzak "nahitaez" ikusi beharrekoen artean aipatu dituenak:

INAUGURAZIO EKITALDIA
Bihar, 22:00etan, Zurriolan

Belgikako Tol Theatre konpainiak emango dio hasiera jaialdiari, Zurriola hondartzako kai muturrean. Hitzik gabeko aireko ikuskizun bat dakar konpainiak; dantzaren, kantuaren eta zinemako irudien nahasketa bat. Garabi handi baten bitartez, txotxongilo erraldoiak, aktoreak, bizikletak eta beste hainbat elementu hegan jarriko dituzte. Adin guztietako ikusleentzat.

'RED EARTH REVISITED'
Maiatzaren 30ean, 18:30ean, Antzoki Zaharrean

Tragedia historiko baten bueltan girotzen da ikuskizuna. Hegoafrikan gertatu zen, Lurmutur Ekialdean, 1853. eta 1854. urte artean. Ingelesak Hegoafrikaren azken zati hori konkistatzen saiatu ziren, eta, artean, Xhosa erregeak eta buruzagiek gobernatzen zuten ingurua. Urteak eman zituzten han borrokan, eta gatazka horren biktimetako bat Nongqawuse umezurtza izan zen.

Hiru herrialdetako kideek sortu dute ikuskizuna: Hegoafrikako Assitej South Africa konpainiak, Herbehereetako Speetheater taldeak eta Euskal Herriko bi txotxongilolarik. Lau aktore profesionalek eta Europako eta Afrikako lau gaztek kontatzen dute istorioa. 10 urtetik gorakoentzat. Hizkuntza: ingelesa eta euskara, gaztelerazko azpidatziekin. Prezioa: 8-12 euro.

'SPARTACUS'
Maiatzaren 31n, 21:00etan, Gazteszenan

Erroman kokatu du kontakizuna Frantziako La Licorne konpainiak. Zuzeneko musikarekin girotuta, Kristo aurreko 73. urteko gizarte iraultza baten historia dakar. Gladiatoreak, kondenatuak eta esklabu guztiak akabatu arte borrokatzen diren bitartean, herritarrek eta Erromako enperadoreek gozatu egingo dute. Askatasunaren bila, Espartakok iraultza odoltsu bat gidatuko du, milaka esklaburekin batera. Txanponaren bi aldeak erakutsiko ditu obrak: Erromaren aberastasuna eta boterea batetik, eta miseria eta heriotza bestetik. 6 urtetik gorakoentzako saioa da —frantsesez izango da, azpidatziekin—. Prezioa: 10 euro.

'ÓSCAR, EL NIÑO DORMIDO'
Ekainaren 1ean, 18:30ean, Viktoria Eugenia antzokian

Andaluziako (Espainia) El Espejo Negro konpainiak 7 urtetik gorakoentzako ikuskizun bat dakar, gazteleraz. Oscar haurra da protagonista. Istripu bat izan zuen, eta, ondorioz, lo luze batean murgildu zen. Bederatzi hilabete eman zituen ametsetan, egun eta gau. Hala zegoela, gurasoek txikiagoa zenean irakurtzen zizkioten ipuinak gogorarazi zizkioten, eta, pixkanaka, esnatzen joango da. Ez du, ordea, ezer gogoratuko: ahaztu egin zaio hitz egitea, idaztea eta ibiltzea. Feten Europako Haur Antzerki Azokan ikuskizun onenaren saria jaso du. Prezioa: 8-12 euro.

'LES IRRÉELS'
Ekainaren 2tik 5era, 17:00etan, Garberan eta
Okendo plazan

Hitzik gabeko ikuskizun bat eskainiko du Frantziako Creature konpainiak. Ez dago argi pertsonaiak zer diren: irrealak ala gizakiak, antzinako zibilizazio bat, etorkizuneko tribu bat edo oraindik deskubritu gabeko espezie bat. Irrealen kanpamentuan hamabost denda daude, eta bakoitzak bere sormenezko unibertso propioa dauka barruan. Ekainaren 2an eta 3an, Garbera merkataritza gunean emango dute; hilaren 4an eta 5ean, berriz, Okendo plazan. Guztiak 17:00etan dira. Adin guztietako ikusleentzat prestatutako saioa da.

'OUT'
Ekainaren 4an, 19:00etan, Viktoria Eugenia antzokian

Helduentzako ikuskizun bat dakar Italiako Unterwasser konpainiak. Out mutilaren eta bere bihotzaren arteko istorioa kontatzen du. Mutila kolorerik gabeko etxe batean bizi da, eta bere txoria (bihotza) galdu eta min hartuko ote duen beldur, kaiolan (bularrean) gordeko du. Halako batean, ihes egingo du txoriak, eta mutilak lehen aldiz bere bihotza aurkitzeko bidaiari ekingo dio. Beldurra, adorea, adiskidetasuna eta maitasuna sentituko ditu; eta bihotza irekitzeko gai diren pertsonez betetako mundu batean ibiliko da. Prezioa: 15-18 euro.

Laborategi bat, musikaz hazteko

Laborategi bat, musikaz hazteko

Itzea Urkizu Arsuaga
Esperimentatuz ikastea hezkuntza sistemarik aurrerakoienek marraztutako bidea da. Europa iparraldeko arkatzek egin izan dituzte bide horren lehen lerroak, baina Euskal Herrira iritsi da hango oihartzunik: MusikaLab udalekuena adibi...