gipuzkoa

Lau urtean behin baino gehiago

Lau urtean behin baino gehiago

E. Goenaga Lizaso / M. Alustiza

Lau urtean behin alderdi politikoek aurkeztutako zerrenda itxiei botoa eman eta ordezkariak aukeratzea baino gehiago da demokrazia. Ordezkari horiek herritarren bizimodua baldintzatuko duten hamaika erabaki hartzen dituzte, eta herritarrek, gero eta gehiago, erabaki horietan partaide izan nahi dute. Batez ere, udal mailako erabakiak direnean. Parte-hartze prozesuek gero eta pisu handiagoa dute udaletan; aurrekontuak osatzeko, kaleen antolaketarako, azpiegitura berriak eraikitzeko... Baina, askotan, parte-hartze prozesuak ere ez du bermatzen herritarren erabakia errespetatuko denik. Hala, bai herri plataformek bultzatuta, bai udalek antolatuta, gero eta gehiago galdetzen zaie zuzenean herritarrei. Gipuzkoan azken urteetan hainbat adibide izan dira.

HONDAKINEN BILKETA

Usurbil, aitzindari

Usurbil izan zen Gipuzkoan atez ateko sistema ezarri zuen lehen herria, eta baita bilketaz kontsulta egin zuen lehena ere, atez atekoa martxan jarri eta urtebetera. 2010eko martxoan, Usurbilgo herritarren %55,8k atez ateko sistemaren aldeko botoa eman zuten —usurbildarren %70,23k parte hartu zuten—. Ondorioz, 2009an ezarritako sistemari eustea erabaki zuen udalak.

Udalak sustatuta

Azken bizpahiru urteetan izan dira galdeketak sustatu dituzten hainbat udal. Mutrikun, esaterako, 2014. urte bukaeran galdetu zieten herritarrei bi sistemaren artean zein nahiago zuten: edukiontziena —organikoa eta errefusa txiparen bidez— edo mistoa —organikoa eta errefusa atez ate; gainerakoak, edukiontziekin—. Edukiontzien sistemaren alde egin dute parte hartzaileen %82k. Elgetan bost edukiontziko sistemaren alde egin zuten urte horretan. Azkoitiko Udalak iazko urtarrilean galdetu zuen martxan zegoen sistemaren gainean; abian zegoen sistema mistoa gogoko zuten adierazi behar zuten, eta ezezko erantzunak nagusitu ziren. Deban, iazko martxoaren 26tik 29ra antolatu zuten galdeketa —%86 txartel txipdun edukiontzi sistemaren alde—.

Plataformek sustatuta

Udalek ez ezik, atez atekoaren aurkako plataformek ere antolatu dituzte kontsultak. 2013ko apirilean, Legazpin, Atez Atekoaren Kontrako Herri Plataformak herri galdeketa egin zuen udalak ezartzeko asmoa zuen atez ateko zabor bilketaren aurka. 7.115 pertsona zeuden deituta botoa ematera, eta 3.683 joan ziren. Botoa eman zutenen %97,72 agertu ziren atez atekoaren kontra. Urte horretako ekainean Zizurkilen egin zuen Tolosaldea Txukun plataformak, eta garai bertsuan egin zituzten Anoetan, Iruran, Ordizian eta Villabonan ere. Bergara Garbia plataformak 2013ko azaroan galdetu zuen, eta berdin geroago Garbia plataformak Eskoriatzan.

Atez atekoaren ondoren

2015eko maiatzeko udal hauteskundeen ondoren, atez ateko sistema zuten hainbat herritan galdeketak egitea erabaki zuten udalek; horietako batzuek hauteskunde programan txertatua zuten galdeketa egitea. Azken kontsulta Astigarragako Udalak bultzatutakoa izan da, apirilean. Edukiontzien alde egin zuten %59,6k, eta atez atekoaren alde %40,3k —eredu hori zuten orain arte—. Urte hasieran galdetu zieten Legazpi eta Aretxabaletako herritarrei, eta edukiontzien aukera hobetsi zuten. Beste zenbait ere izan dira: Bergaran, Eskoriatzan, Ordizian... Lezon martxoan egitekoak ziren, baina atzeratu egin dute.

AUZO UDALAK
ETA DESANEXIOAK

Ereñotzu eta Itziar

Ereñotzuk auzo udal izateko pausoa 2010eko martxoaren 28an egin zuen, bertako herritarrei egindako zuzeneko galdera baten bitartez. Gipuzkoako udal barrutiak arautzen dituen 2/2003 Foru Arauak ezarritako prozedurari jarraituz egin zuten bozketa, eta auzotarren %59k eman zuten botoa —283 lagunek, 483tik—. 270 boto izan ziren auzo udalaren alde, eta hamahiru boto kontra. Gipuzkoako Foru Aldundiak 2010eko urriaren 18an izendatu zuen Ereñotzu auzo udal. Prozedura berari jarraituz, Itziarren 2014ko azaroaren 30ean honako galdera hau egin zieten auzotarrei: "Debako udalbatzak Itziarko auzo udala eratzea onartu du. Ados zaude?". %72ko partaidetza izan zen, eta boto-emaileen %96k babestu zuten auzo udalaren sorrera. 2015eko urtarrilean onartu zuen aldundiak Itziar auzo udal bihurtzeko dekretua.

Igeldo, desanexioa etenda

Estatuaren abokatuak galdeketa geldiarazteko ahalegina egin arren, igeldotarrek Donostiako auzo gisa jarraitzearen edo desanexioaren artean hautatzeko aukera izan zuten, 2013ko azaroaren 30ean, Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatutako herri galdeketan. Galdeketa egin aurretik, azaroaren 8an, EAEko Auzitegi Nagusiak bidea eman zion galdeketari, Estatuaren abokatuaren eskaera ontzat hartu gabe. Gipuzkoako Herritarren Partaidetzari buruzko 1/2010 foru arauean oinarrituta antolatu zuen galdeketa foru aldundiak. %72,1eko partaidetzarekin (637 boto), baiezkoak 391 izan ziren (%61,38), eta ezezkoak, 234 (%36,73). 1994an Itxas Aurre elkarteak antolatutako galdeketarekin alderatuta, lau puntu igo zen parte hartzea. Igeldo herri bihurtzeko foru dekretua, ordea, EAEko Auzitegi Nagusiak utzi zuen bertan behera 2014ko otsailean, Donostiako Udalak jarritako helegitea tramiterako onartu zuenean. Behin-behinean hartu zuen erabaki hori, eta oraindik ez dago gaiari buruzko ebazpen irmorik.

Itsaso, 89. herria

Ezkio eta Itsaso aurten banatuko dira, eta Itsaso Gipuzkoako 89. herria izango da, foru aldundiak Ezkio-Itsasok egindako eskaerari bide ematen dionean. Itsasoarren eskariz, desanexio prozesua 2011n abiatu zuten, eta dagoeneko foru aldundiaren oniritzia baino ez da falta. Itsasoarrei ez zitzaien galdera zuzenik egin gaiari buruz, baina sinadura bilketan beharrezko babesa lortu zuen desanexio eskaerak, eta Ezkio-Itsasok bide eman zion eskaera horri.

ZEKORKETAK ZESTOAN

Legez, galdeketa ez

Zestoan zekorketekin jarraitu edo ez galdetu zien udalak herritarrei. 2012ko ekainaren 3an egin zuten kontsulta, nahiz eta, legez, ez zen galdeketa bat izan. Botoa emateko lekuak atondu zituzten, eta herritarrek egun osoa izan zuten botoa ematera joateko, baina galdeketari legezko orrazkera emateko, herritarrek udalari egindako eskari moduan aurkeztu ziren botoak. Zekorketak antolatzearen alde egin zuten 963 lagunek; aurka, berriz, 542k. Boto eskubidea 3.012 herritarrek zuten, eta %50,5ek bozkatu zuten. Botoen aldea hain handia izateak udalaren erabakia erraztu zuela esan zuen Leire Etxeberria alkateak.

GOI TENTSIOKO LINEA

Ezezko borobila

Deikaztelu (Nafarroa) eta Itsaso arteko goi tentsioko lineari buruzko galdeketa egin zuten 2013ko ekainean Nafarroako 36 herritan eta Gipuzkoako hirutan: Gabirian, Mutiloan eta Zerainen. Guztira, 5.156 herritar zeuden galdeketara deituta, eta parte hartzea %63 izan zen. Horien artetik %99 agertu ziren proiektuaren kontra.

HIRIGINTZA

Herri antolaketaz galdetu

Udalek herritarrei galdetzea ez da ezohikoa. Gipuzkoan hainbat udalek egin dituzte galdeketak; batez ere, hirigintza gaiekin lotuta. Zizurkilgo Udala, esaterako, plaza berrian zuhaitza jarri ala ez ari zaie galdetzen egunotan herritarrei. Buzoi bat jarri dute, eta 12 urtetik gora herritarrek bertan eman behar dute botoa, maiatzaren 17ra bitartean. Halako gehiago ere izan dira; besteak beste, Tolosan, bi auzotan egin ziren galdeketak, auzoa zeharkatzen zuten errepideetan egin beharreko obrei buruz; Lazkaon, Lazkaomendira eta hilerrira joateko bidea eraikitzeko zortzi proiekturen artean aukeratu zuten herritarrek; Seguran, Errebote eraikina eraitsi edo ez herritarrei galdetu zien udalak; eta Hernanin bizilagunek erabaki zuten udal azpiegituren inguruko lehentasunak zeintzuk ziren.

AHT

Abiadura handiari ez

Abiadura handiko trenari buruzko galdeketak ere izan dira. Itsasondo izan zen lehenengotakoa; 2006. urteko abenduan galdetu zuten proiektuari buruz, udalak deituta. Parte hartzea %44 izan zen: %10,8 azaldu ziren proiektuaren alde, eta %88,8 kontra. 2007an, Alegian galdetu zuten, Bergarako Angiozarren, Anoetan; 2009an, Legorretan...

“Arriskutik babestuko zaitut, maitea”

“Arriskutik babestuko zaitut, maitea”

Maite Alustiza

Gurasoak dira, aitona-amonak, izebak eta osabak. GuraSOS mugimenduan elkartu dira, helburu argi batekin: euren haurren osasuna babestea. Kezkatuta daude Zubietan egitekoak diren errauste plantak umeengan izan dezakeen eraginagatik. "Osasuna guztiz bermatuta ez dagoelako eta prebentzio eta babes printzipioetan oinarrituta", plantaren asmoa alde batera uzteko eskatu dute. Joan den larunbatean aurkeztu zuten mugimendua, Lasarte-Orian, eta, epe laburrera, bi asmo nagusi dituzte: informazioa jaso eta zabaltzea, batetik, eta prestatu duten manifestuaren aldeko sinadurak biltzea, bestetik. Manifestuan senide bakoitzak konpromisoa hartzen du haur batekin: "Arrisku honetatik babestuko zaitut, maitea, zin dagizut". Gipuzkoako Foru Aldundira eramango dituzte atxikimenduak.

"Kezkatzen gaitu isiltasunak, eta honelako azpiegiturak osasunean dituen eraginei buruz eztabaida gehiago ez egoteak". Ez daukate "interes politiko eta ekonomikorik", euren haurrak babestea baino ez. Honako hau da funtsean eskatzen dutena: gizartea eta haren ordezkariak ados jar daitezela hondakinen arazoari irtenbidea emateko, inoren osasuna arriskuan jarri gabe.

Euren kezken abiapuntua "errealitate ukaezin batean" dagoela diote: inork ez duela errauste planta bere herrian nahi. Gainera, inguruko herritarren osasuna arriskuan dagoela azaltzeko bi argudio dituzte. Batetik, Gipuzkoako Aldundiak Biodonostiarekin hitzartu duen azterlan epidemiologikoa —hiru azterketa egitea erabaki dute; errauste planta martxan jarri aurretik, errauste plantak martxan urtebete pasatu duenean, eta bost urte pasatu eta gero—. Mugimenduko kideen arabera, azterketa horren beharrak frogatzen du herritarrak arrisku baten aurrean daudela. Horrekin batera, salatu dute plantak gizakiengan izan dezakeen eragina "esperimentatzeko", eurak eta euren haurrak "erabiltzeko" asmoa dutela.

GuraSOSek darabilen beste argudio bat Eusko Jaurlaritzak aurkeztu duen azterketa da. Kutsaduraren sakabanatze atmosferikoaren azterlanean onartzen da kaltetze eremua 30 kilometrokoa dela, hau da, instalazioaren kokapenetik hasita 15 kilometroko erradiokoa. Gurasoen mugimenduak eremu horretan dauden ikastetxeengan jarri du arreta: eragin mapa bat osatu du, erraustegiak zuzenean atmosferara igorritako partikulengatik kalte egin diezaiekeen ikastetxeekin. Horren arabera, berrehun hezkuntza zentro leudeke, baita Donostiako ospitale gunea eta Onkologikoa ere.

Osasuna eta Errausketa Ikerketa Taldeak aurkeztutako ebidentzia zientifikoek ere kezkatzen dituzte. "Medikuek argi diote: fetuak, haurrak eta gaztetxoak dira, gaixo eta edadetuekin batera, erraustegien efektuen eragin nabarmenenak jasaten dituztenak".

Ideologia ezberdineko lagunak batu dira mugimenduan, eta, aurrera begira, kide gehiagoren elkargune izan nahi du. Maiatzaren 21erako, esaterako, dibulgazio ekitaldi bat antolatzen ari dira Hernanin, Orona Ideon. Zientzialari eta medikuen eskutik, errauste plantek osasunean sor ditzaketen eraginei buruzko informazioa jasotzeko aukera eskaini nahi diete herritarrei. Familiez gain, hezkuntza komunitatea ere bidelagun izan nahi dute. Dei berezia egin diete eragin eremuan dauden ikastetxeei eta orokorrean Gipuzkoako zentro guztiei, manifestuarekin bat egin dezaten. Hezkuntza arloarekin ez ezik, osasun arloko profesionalekin ere elkarlanaren aritu nahi dute. Edozein herritarrek aukera du manifestua sinatzeko, www.gurasos.org webgunean.

Usurbilgo alkatearen eskaera Gipuzkoako herriei

Xabier Arregi Usurbilgo alkateak ohar bat bidali die Gipuzkoako alkate guztiei, Zubietako errauste plantaren gaia euren herrietako udalbatzarretara eraman dezaten. Gutunean azaldu duenez, "itxikeria politikorik gabe eta herritarren ongizatea oinarritz...

Ateekin batera aukerak zabal daitezen

Ateekin batera aukerak zabal daitezen

Maite Alustiza
Kontserba potoak prest daude, baina hutsik. Prest daude hozkailuak, baina ez dute ezer hozten. Makinak muntatuta eta ekoizleak lanean hasteko gogoz. Hirurehun metro koadroko espazio batean daude denak, Zaldibiako Goizane zentroan. Nekaza...

Kirola, emakumeen azaletik

Kirola, emakumeen azaletik

Julene Frantzesena
Gizartean gizonen eta emakumeen arteko desberdintasunak "geroz eta txikiagoak" badira ere, kirolean "oso handiak" dira oraindik. Hala dio Mariate Bizkarra EHUko irakasleak (Gasteiz, 1964): "Prentsan gutxiago agertzen dira emakumeak, ...

[Herriz herri] Astigarraga. Hazkundeari aurre hartzen

[Herriz herri] Astigarraga. Hazkundeari aurre hartzen

E. Goenaga Lizaso

GIPUZKOA, BATETIK BESTERA . Sagardoa eta sagardotegiak bai, baina Astigarraga hori baino gehiago da, eta hori aldarrikatu nahi du udalak. Populazio hazkundeari erantzutea —bikoiztu egin da 25 urtean—, herria egituratzea eta Astigarraga ezagutaraztea jomugan jarrita ari dira lanean.

Donostiako erdigunetik 5 kilometrora eta Hernanitik 3,5era, Astigarraga sagardozaleen paradisua da. Sagardoetxea euskal sagardoaren museoa bertan dago, eta, hemeretzi sagardotegirekin, 300 biztanleko sagardotegi bat dute herrian. "Sagardoak mapan jarri gaitu, horretan ez dago dudarik. Hori eskertu eta zaindu behar dugu, eta zaintzen dugu. Baina Astigarraga sagardoa eta sagardotegiak baino gehiago ere bada". Jesus Mari Santos jeltzaleak (Astigarraga, 1964) urtea egingo du ekainean alkate gisa, eta herriak dituen erronken harira hitz egin du Hitza-rekin.

Asko handitu da herria azken urteotan; 1990etik bikoiztu egin da populazioa. "44 falta zaizkigu 6.000 biztanlera iristeko". Eta epe laburrean hazkunde handiagoa espero dute. Urumea inguruan 800-900 etxebizitza inguru eraikiko dira, eta horrek jende gehiago eramango du Astigarragan bizitzera. "Guk prestatu egin behar dugu jende hori etortzerako. Izan ere, horrek herrian behar batzuk sortzen ditu, zerbitzu gehiago eskaini behar zaizkie herritarrei, herritarren beharrak askoz ere handiagoak dira, eta horretara egokitu behar dugu".

Santosek dioenez, udalaren erronka Astigarragan bizi denak bizimodua herrian egitea da; umeak bertan eskolatu, erosketak bertan egin, aisia herrian antolatu... "Astigarragara etortzen diren gehienak Donostiatik datoz, baina guk ez dugu lotarako herri bat bihurtu nahi. Astigarragan bizi dena astigartar izatea nahi dugu". Ostiraletan merkatua antolatzea da ildo horretan emandako azken pausoetako bat. "Probako proiektu bat da. Ikusten ari gara nolako harrera duen. Lau astez egin da jada, eta ematen du ari dela martxa hartzen. Jendea hurbiltzen ari da, eta hori inportantea da guretzat". Krisiaren eraginez, komertzio txiki asko itxi dira, eta galera horri nolabait erantzun nahi diote.

Herrian enplegua sortzeari begira ere lanean ari dira Astigarragako Udalean. "Hiru industrialde ditugu, eta laugarren poligonoa ari gara eraikitzen. Jendeak hemen lan egiten badu, errazagoa da bizimodua hemen egitea, eta horrek herria egituratzen laguntzen du".

Kultur etxe berria

Kultur etxe berriaren eraikuntza ere aipatu du alkateak. Hurrengo urtean hasi nahi dituzte obrak. "Oraingo kultur etxea ez da udalaren eraikina, fundazio batena da, eta txikia gelditu zaigu. Badira hiru legegintzaldi gaia hor dagoela, eta guk martxan jarriko dugu. 3 milioi eurotik gorako aurrekontua izango du, eta proiektu handinahikoa izango da". Kultur etxe berriak herriak dituen beharrak asetzeko adinako eskaintza eta tamaina izango duelakoan dago alkatea.

Herrigunearen garrantzia ahaztu gabe, auzoei behar duten arreta eskaintzea ere ezinbesteko jotzen du udalak. "Astigarragan pisu handiko auzoak ditugu, eta horietan ere inbertsioak eta lanketa egin beharra dago. Auzoetatik hori ari zaizkigu eskatzen, azken zortzi urteetan apenas egin baita ezer". Horrez gain, herriko hainbat guneri balioa emateko ahaleginean ari dira. "Astigarraga herri polita da, eta oso txukun dago. Baina gure ingurunea, landa gunea, izugarri ederra da, eta horri balioa ematea ezinbestekoa da. Santiagomendin, adibidez, proiektu paisajistiko bat lantzen ari gara. Santiagomendi harribitxi bat da; ermitara igotzen zara eta ikuspegi zoragarria dago. Itsasoa ikusten da, Aiako Harria, Ernio... ni maiteminduta nago toki horrekin".

Sagardotegiekin elkarlana

Alkateak behin baino gehiagotan esan du Astigarraga sagardoa baino gehiago dela. "Baina gaizki ariko ginateke sagardoak eta sagardotegiek guretzat duten balioa eta garrantzia gutxietsiko bagenu. Sagardoak herria eraikitzen lagundu du; jende askok ezagutzen badu Astigarraga, sagardoari esker ezagutzen du". Ildo horretan, sagardotegiek udalaren laguntza dutela eta udalak laguntzen jarraitzeko eta elkarlanean jarduteko asmoa duela iragarri du Santosek. Aurten, adibidez, udalak sagardotegietarako autobus zerbitzuak jarri dituela eta eskaintza hori sagardotegiekin elkarlanean landu dutela nabarmendu du.

Baina batak ez du bestea kentzen. Eta sagardotegien eskaintzari muzin egin gabe, eta sagardoari merezi duen balioa aitortuz, Astigarragak herritarrei zein bisitariei zerbait gehiago eskaini nahi diela azpimarratu du alkateak. "Asko etortzen dira sagardotegiengatik, eta ongietorriak dira, baina guk gai izan behar dugu horiei Astigarragak duen guztia erakusteko".

Hilabete honetan, esaterako, 3.000 bisitari inguru espero dituzte, Eternal Running lasterketan. "Lehen aldiz antolatuko dugu, eta itxaropentsu gaude. Hamar kilometroko ibilbide bat da, 80 oztoporekin, eta eskaintza berri bat da. Ikusiko dugu nola joaten den. Loiun izan ginen hango lasterketa ikusten, eta sekulako giroa sortu zen herrian. Gauza polita da, kirol eskaintza bat, herrira jendea ekarriko duena. Ikusiko dugu nola ateratzen den".

Tren geltokia

Astigarragak duen gabezia handienetako bat tren geltokia dela dio alkateak. Izan ere, trenbidea pasatu pasatzen da Astigarragatik, baina Renfeko aldiriko trenak ez du egiten geldialdirik bertan, ez dago geltokirik. "Aspaldiko eskaera bat da geltokia egitea. Erabakia hartuta dago, proiektua egina dago, lur eremua ere berreskuratu da, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak zein Eusko Jaurlaritzak emana dute oniritzia. Adif-ek egin beharko luke obra, eta hark ere onartua du".

Urumea inguruan eraikiko diren etxebizitza berrien ondoan joango litzateke geltoki berria, eta geltokia egitearekin batera, udalaren asmoa trenbide gaineko pasabidea kentzea da. "Onena abiadura handiko trenaren obrekin batera egitea litzateke, eta hori lortzeko lanean ari gara. Biak batera eginez gero, asko merkatuko litzateke. Logikoa da".

Tren geltokia egin artean, astigartarrek autobusa dute garraio publiko bakar gisa. "Nik uste dut nahiko ondo daudela maiztasunak, bai Donostiara eta bai Hernanira joateko". Ospitaleetara zuzenean joaten zen A3 linearen ordezko bat topatzeko ere lanean ari direla dio Santosek. Linea horrek "oso erabiltzaile gutxi" zituela-eta, urte hasieran bertan behera gelditu zen. "Hernanira joan, eta handik beste autobus bat hartuta joan behar da orain ospitaleetara. Kontua da Hernanin hogei minutu inguru itxaron behar dela beste autobusa hartzeko, eta hori konpondu nahian gabiltza foru aldundiarekin".

Herritarren beharrei ahal bezain ondo erantzutea eta herritarrek udala gertu sentitzea lehentasunen artean jartzen du Santosek. "Ildo horretan, gure programan herritarrei hitza emango geniela esan genuen, eta apirilean egin dugu atez ateko hondakin bilketari buruzko galdeketa. Oso polita izan zen, giro onean joan zen, eta oso gustura gaude parte hartzearekin. Baita emaitzarekin ere. Guk bosgarren edukiontzia jartzeko proposamena egin genuen, uste genuelako kopuru onak ematen dituela, eta herritarrentzat erosoagoa dela". Bosgarren edukiontzia ahal bezain laster jarri nahi du udalak; ahal bada, uztailean, herriko festen aurretik.

Oso gustu txarreko artikulua

Danel Agirre

Eskuineko borobiltxoko erretratua kendu eta hutsunean hankartearen irudi bat paratuko banu, ez luke egitera noanak bezainbesteko atentziorik emango: izan ere, datorren paragrafoan nire diru-sarrerak xehatzera noa, zintzo.

Behin alokairua eta autonomoen kuota ordainduta, laurehun eta zortziehun euro artean geratzen zaizkit beste gastu guztietarako hilero, urte-sasoiaren arabera. Neguan aurreztea tokatzen zait, lan aldetik askoz makalagoa izan ohi den uda partean txalupa hondora ez dadin. Hau idazten nabilela berrehun euro batzen ez dituzten bi kontu-korronte daude nire izenean, bata Kutxabanken eta bestea Alemaniako GLSn. Ez daukat ez autorik, ez higiezinik, ez akziorik, ez pentsio-planik. Gurasoak baino luzeago biziz gero haien etxebizitzaren zati bat jasoko dudala errepikatu izan dit aspaldi amak —gurasoak Franco bezalakoak dira, guztia lotua dutela erakustea asko gustatzen zaie, xanpain apur bat edan dutenean batez ere—. Azken hori gerta dadin ez dago inongo presarik, argitu dezadan. Baina oso garbi daukat: nire belaunaldian hainbeste bezala, familiaren salbamendu-jaka gabe kaka eginda biziko nintzateke.

Irakasle edo foru aldundiko bulegari soldata baduzu eta zurekin alderatuta estu samar nabilela iruditu bazaizu, lasai, ez dizut dirurik eskatuko eta. Azpeitikoei inbidia emateko moduan bizi naiz, erraz eta eroso. Ezohiko striptease hori okurritu zait sosak erlijio bakar izanda, txanponen monoteismoan bizita, norberaren ekonomiaz askoz modu naturalagoan hitz egin beharko genukeela uste dudalako. Sekula ez dut ulertu plazara diru eske irtendakoan BERRIAko langileek zergatik ez duten aho beteka esaten, adibidez, mila euro eskas egiten dituztela hilero. Bulegoren batean norbaitek ordu laurdenez gorbata estuago sentitzea lortuko lukete behingoagatik akaso. Diru-sarrerez hitz egitea ez da "gustu txarrekoa", batzuen eta besteen diru-sarreren artean tamainako leizeak daudenean.

Alkondaran itsatsitako pegatina batean gure ondasunak idatzita kalera irtengo bagina, mundu hau askoz ulerterrazagoa izango zen. Bilera eta negoziazioak askoz interesgarriagoak lirateke, esaterako. Seychelleetan offshore bat duen jeltzaleak ez luke pegatina hori eraman beharra onartuko, bistan denez. Edo ziria sartuko liguke, gaineratuko didazu. Eta ez zaizu arrazoirik falta, baina are goibelagoa da zapatuan hiru garagardo lasai hartzeko ez daukanak ere ez lukeela nahiko, auzo-lotsak jota. Zortziehun euro kostata egin, eta subkontzienteak alferra edo behar bezain argia ez dela esaten diolako. Zoriona arrakasta ekonomikoarekin parekatzen duen gizarte honek, eta haren profeta diren ekonomista, coach eta beste hainbat iruzurtik, bera bezalakoak susmagarritzat dituelako. Nik neuk galdetu izan diot neure buruari zerbait gaizki egiten ari naizen, pasa den urtetik hortz batean pitzadura bat edukita, fakturari beldurra diodalako dentistara ez naizelako oraindik joan.

Inor ez dela lan eginez aberastu dio obrako atsotitz zahar eta zuhurrak. Horregatik, kontu korrontean armiarma-sareak baino ez dauzkanak abantaila bat eduki behar luke: kontu korrontean armiarma-sareak baino ez dauzkala umiliazio gabe esan ahal izatea.