Gizartea

Betaurreko moreak janzten

Betaurreko moreak janzten

Eider Goenaga Lizaso

Udal kudeaketan genero ikuspegia txertatzeari aspalditxo ekin zioten Gipuzkoako udalek; aurreko hamarkadakoak dira zenbait udalen lehenengo berdintasun planak. Baina udal txiki ugari daude lurraldean, eta horiek zail dute euren kabuz berdintasun plangintza bat landu eta garatzea. Horri erreparatuta, 2011n Gipuzkoako Foru Aldundiak Berdinbidean programa jarri zuen abian; 10.000 biztanletik beherako herrientzako laguntza programa bat, herri horietan berdintasun politikak abian jartzeko. "Programan sartu ginen, eta betaurreko moreak janzten hasi ginen udaleko denak", azaldu dio Hitza-ri Urnietako EAJko zinegotzi Miren Martiarenak (Urnieta, 1981).

Berdinbidean martxan jarri zenetik dago Urnietako Udala programaren barruan, eta baita Elgeta, Leintz-Gatzaga eta Antzuola biltzen dituen Bideberri mankomunitatea ere. Karmele Korta (Arrasate, 1969) da Bideberriko gizarte langileetako bat. "Gu geure kabuz hasi ginen berdintasun gaia mugitzen, nola egin oso ondo jakin gabe. Diagnostiko bat egin eta plana lantzen ari ginen Berdinbidean sortu zenean, eta guretzat sekulako aukera izan zen". Berdinbidean-eko teknikariengandik ezagutza, esperientzia, aholkularitza, dinamizazioa eta orientazioa jaso dituztela dio.

Berdintasun teknikari bat izatea ezinezkoa zaie 10.000 biztanletik beherako herriei, eta are zailagoa da hori 1.000 biztanletik beherako herrientzat. Hutsune hori borondate hutsarekin eta gogoarekin betetzea ezinezko jotzen dute. "Teknikariek dute halako gaietan ezinbestekoa den ezagutza hori, eta guk gogoa bai, eta borondatea nahi adina daukagu, baina borondateak ez du teknikarien ezagutza eta esperientzia ordezkatzen", dio Amaia Azkuek (Villabona, 1983), Berdinbidean programan sartu berri den Berastegiko Udaleko alkateak (EH Bildu). Aurten izena eman duten 11 udal berrietako bat da Berastegi. "Aurkezpen bileran izan ginen, otsailean, eta guretzat oso interesgarria izan zitekeela iruditu zitzaigun", dio Azkuek. Ondoren, herri guztien partaidetzarekin egin diren bi mintegietan izan dira, eta maiatzean teknikariak Berastegira joan eta haiekin batera lanerako plangintza bat egiteko desiratzen dago alkatea.

Berdinbidean-en izena eman duten udal berrien zerrendan dago Villabona ere. Eneko Urdangarin (Zarautz, 1965) zinegotzi jeltzaleak dioenez, hasi dira berdintasun arloko bide orria zehaztuko duen lan mahaia osatzen. "Otsaileko bileran izan ginen, ondo iruditu zitzaigun han aurkeztutakoa, eta buru-belarri sartu gara honetan. Aldundiak bi teknikari bidali dizkigu, dinamizatzaile eta aholkularitza ematen digutenak, eta haiekin ari gara".

Teknikariek eta arduradun politikoek osatutako mahai bat izendatzea da udalak egin behar duen lehen egitekoa, eta Villabonan, gobernuko kideez gain, oposizioko alderdietako ordezkariak (EH Bildu eta PSE-EE), gazteria eta gizarte arloetako teknikariak, gaztelekuko dinamizatzaileak eta gazteekin aritzen diren begiraleen ordezkariak daude mahaian.

Kezka handiena, izan ere, gazteekin dutela azaldu du Urdangarinek. "Mikro-indarkeria jarrerekiko joera eta onarpena sumatzen dugu gazteen artean, bai hizkuntza aldetik, bai irudi aldetik, eta horrek kezka eragiten digu; horregatik sartu ditugu gazteria arlokoak mahaian". Aurrerantzean egingo duten lanaren bizkarrezurra izango da lan mahaia, eta, ondorioz, bertan daudenek lanerako konpromiso erabatekoa dutela azpimarratu du zinegotziak. "Ibilbide luzeko lan bat da, eta lantaldeak hori bermatu behar du. Berdintasunaren gaia lehen mailara ekarri behar dugu; ezin dugu utzi sei hilabetean porrot egin dezan, udalgintzan hainbat proiekturekin gertatzen den bezala".

Zeharkakotasuna

Bost urte daramatzate Urnietako Udalean Berdinbidean-eko teknikariek zedarritutako ibilbidea egiten. Aurreko berdintasun planaren ebaluazioa lantzen ari dira orain, eta bestea abian jarri nahi dute, urtea amaitzerako. Martiarenaren esanetan, genero ikuspegia udalean txertatzea izan da bost urteotako lan esanguratsuena. "Guk badugu genero arloko prestakuntza duen teknikariren bat, baina hasieratik argi geneukan ez genuela berdintasun gaia soilik gizarte zerbitzuekin lotu nahi, udaletxe guztiaren lana zela. Ildo horretan, oso ondo etorri zaigu programa hau, zeharkakotasun hori lantzen lagundu digutelako, udaletxeko sail eta teknikari guztiak barne hartuta".

Udaleko langileen artean kontzientziazio lan handia egin dutela nabarmendu du zinegotziak, sentsibilizazioari pisu handia eman diotela. "Gizarte zerbitzuetan nahiko argi zuten beraiei bazegokiela, baina beste alor asko ere ukitzen ditu berdintasunaren gaiak. Hirigintzan, esaterako, ez zekiten nola landu genero ikuspegia; eta hor, adibidez, puntu beltzen gaia landu da. Hasieran, arkitektoak ere —emakumea da bera— esaten zigun baietz, ikusten zuela berdintasunaren gaia inportantea zela, zerbait egin behar zela, baina iruditzen zitzaiola bere arloarekin ez zuela zerikusirik. Kosta egiten zitzaion betaurreko moreak janztea, baina jantzi ditu". Martiarenak dioenez, dagoeneko udaleko arlo guzti-guztietan dago txertatuta genero ikuspegia: "Sail guztietan hartzen da kontuan genero ikuspegia; udaletxeko idazkariarengandik hasi, eta kontratu guztietan, diru laguntza lerro guztietan, berdintasun klausulak dauzkagu ezarrita; herriko elkarteei laguntza ematen diegu, ikastetxe eta gurasoekin ere ari gara...".

Bideberri mankomunitateak bestelako bidea egin duela azaldu du Kortak. "Gu gizarte zerbitzuetarako mankomunitate bat gara, Debagoieneko hiru herri txikik bat eginda sorturikoa. Eta guk egin dugu lan hau orain arte; baina berdintasunaren gaiak gizarte zerbitzuak gainditu egin behar ditu, zabaldu egin behar da, bai herrietara eta bai udaletara". Orain artean, herritarrengana iristea izan da Bideberri mankomunitateak egindako lanaren ardatza. "Gauza asko egin ditugu herritarrei begira —autodefentsa ikastaroak, maskulinitate tailerrak, gaztetxeekin elkarlanean egindako ekintzak—, aktibazio bat lortu da, eta iruditzen zait lan hori nahiko ondo egin dugula", dio Kortak. Beste pauso bat eman nahi dute, ordea. Mankomunitatetik atera, eta gaia udaletan txertatu behar da, herri bakoitzeko erakundeetan. "Gure erronka, orain, zeharkakotasun hori lantzea da, udalak eta udaletako organo guztiak gai honetan inplikatzea. Hori da Berdinbidean-ek orain ipini digun lan ildoa, genero ikuspegia udaleko arlo guztietan txertatzea".

Elgeta, Antzuola eta Leintz-Gatzaga herri txikiak izan arren mankomunitatean antolatuta egotea egin beharreko lana garatzeko lagungarria izan dela aitortu du Kortak: "Herri txikientzat oso zaila da gizarte arloko edozein programa abian jartzea". Berastegik, ordea, bakarka hasiko du bidea, eta lan mahaia, hasiera batean, alkateak eta gizarte langileak osatuko dute. "Gu herri txikia gara, 1.000 biztanle ingurukoa, eta gure gizarte langilea ere astean bitan bakarrik etortzen da, egunean sei ordu. Herri handiagoetan gizarte langile bat baino gehiago izaten dute, guk osoa ere ez. Beretzat gain karga bat izango da, baina gogoz dago, eta ni ere bai. Lan mahaia teknikariak eta nik osatuko dugu, baina prest gaude gaia serio hartzeko, eta astean denbora tarte bat horri eskaintzeko. Berdinbidean-ek kronograma bat aurkeztu digu, eta hori bete beharra dago", dio Azkuek. Partaide berriak bidea egin ahala gehituko direlakoan dago. "Nik harrera ona espero dut; herriko eragile guztiengana joango gara, eta denen inplikazioa bilatuko dugu".

Besteengandik ikasi

Berdinbidean-ek beste herri txikien esperientziak ezagutzeko eta trukatzeko ematen duen aukera oso baliagarritzat jo du Berastegiko alkateak. "Gure tamainako herriekin egotea, haien esperientziak entzutea, beti da aberasgarri. Adibidez, Asteasuk aurreko legealdian ere parte hartu zuen programan, eta atera zituzten ondorio batzuk; guk ere hortik ikas dezakegu".

Biztanleriari erreparatuta, Asteasu, Irura, Altzo, Lizartza, Ikaztegieta edo Legorreta izan litezke Berastegirentzat ispilu. Villabonarentzat, berriz, Zestoa, Urnieta, Astigarraga, Lazkao edo Oiartzun. Programak Villabonari ispilu egokia bilatzen lagun diezaiokeela uste du Urdangarinek. "Zuk ikus dezakezu Zarautzen proiektu batek oso ondo funtzionatu duela, eta saia zaitezke martxan jartzen. Baina Zarautzek 20.000 biztanle baino gehiago ditu, berdintasun teknikari bat du, herriaren soziologia ere ezberdina da. Ezin da guretzat eredu izan. Beste herri batzuetan bilatu behar dugu ispilua".

Oraingoz parte hartu duten bi mintegietan besteen esperientziak entzute hutsa lagungarri izan zaiola dio Urdangarinek. "Adibidez, Zestoako alkateak komentatu zuen nola bere alaba etxera joan zitzaion futboleko praka batzuekin, eta nola galdetu zion zertarako zen praketako sare hori. Tontakeria dirudi, baina horrelakoak etengabeak dira. Harro-harro, ahoa betetzen zaigu nesken futbol taldea aterako dugula esaten, baina neskek mutilen arropa erabili behar dute, eta mutilentzat arropa berria erosteko, berriz, diru pila xahutzen da. Eta horrelakoak pixkanaka gainditzen joan behar dugu".

Ezagutzaren garrantzia

Herriak elkartzen diren mintegietako batean aipatu zuen udal ordezkari batek herrian izandako bortxaketa baten kasua ere. "Guk halakorik ez dugu izan, zorionez, baina mintegi batean atera zen gaia. Teknikariak eta politikariak prestatuta gaude horri aurre egiteko? Nik, zinegotzi gisa, noski, adierazpenak egingo ditut hurrengo egunean, gertatutakoa salatzeko. Eta gero, zer? Norbaitek joan beharko du neskaren etxera, babesa eman beharko zaio, aurrera egiten lagundu, agian ikastetxean ere lanketa bat egin behar da...". Urdangarinen arabera, gaiari buruzko ezagutza ezinbestekoa da halako egoera batean, eta hori abiatu berri duten bidean eskuratuko dutelakoan dago. "Gai hauetan ezin duzu hanka sartu. Pentsa, gertatzen da bortxaketa ostiral gauean, eta zuk larunbatean edo igandean erantzun bat eman behar duzu. Baina, noski, nola ez dakizun zer egin eta aldundian ez dagoen inor, neskari esaten diozu bueltatzeko asteartean... Bada, hori ez da modua".

Martiarenak ere halako gaiek udaletxeko langile eta ordezkariengan kezka sortzen dutela dio. "Gertatzen dena da gauzak egin nahi dituzula, baina gai batzuk ez dakizula nondik hartu. Borondatearekin ez da nahikoa. Gai konplexuak dira, egoera oso bortitza. Gerta liteke neska zein mutila herrikoak izatea, biak adingabeak izatea; eta, adingabeak badira, babestu egin nahi duzu pertsona hori, baina nola babestu? Emango dugu izena edo ez? Salaketa publikoa eginez gero, emakumea biktimizatuko dugu edo ez? Hori ondo egin nahi duzu, eta ezinbestekoa da adituen aholkularitza".

[Herriz herri] Arrasate. Sorkuntzarako fabrikak

[Herriz herri] Arrasate. Sorkuntzarako fabrikak

Maite Alustiza

Ekainean 110 urte beteko dira Union Cerrajera fabrika sortu zutenetik. Arrasaterentzat motor ekonomiko garrantzitsua izan zen, baita bailara osoarentzat eta Gipuzkoarentzat ere. Herriaren erdigunean, fabrikaren atezaintza zenari eusten diote oraindik, Erlojuaren eraikina izenez da ezaguna —bereziki babestutako kalifikazioa du—. Ondoan, bere garaian Aprendices eskola izan zena dago. Maria Ubarretxena alkateak azaldu duenez, eskola hori Union Cerrajerak ireki zuen, beraien langileen ondorengoentzat. "Hortik hasi zen gaur egun hemen daukagun mugimend u guztia: hor hasi ziren ikasten, gero Jose Maria Arizmendiarrieta etorri zen, ikasle batzuk hartu eta Ulgor kooperatiba sortu zuen, gero Fagor izango zena". Urrian hiru urte beteko dira Fagor Etxetresnen porrotetik, baina Ubarretxenak ez du uste denbora nahikoa denik zauria ixteko: "Ez da zenbat langileri eragin zien bakarrik, baita enpresa horrek zer suposatzen zuen ere. Tristezia izan da herrian, denentzako oso notizia txar eta gogorra".

Erlojuaren eraikina eta Aprendices berritzea da udal gobernuaren proiektu nagusienetako bat. Guztiz berritzea eta erabilera ematea: "Inguru horretan gune kultural bat sortu nahi dugu". Ubarretxenak dioenez, Erlojuaren eraikinean herriko hamazazpi kultur talde daude egun, baina "oso modu prekarioan" dabiltza: ez daukate berogailurik, leihoak ez daude isolatuta... Sorkuntzarako gune egoki bat sortu nahi dute, "batez ere belaunaldi berriak animatzeko". Asmoa da askotariko diziplinak han biltzea: dantza, trikitia, bertso eskola, txalaparta, batukada... Dagoeneko eraikinean dauden kultur taldeez gain, herrian egoera txarrean dauden beste batzuk han kokatzea da udalaren asmoa. "Otxoteari, adibidez, eskaini egingo diogu".

Euskaltegia ere hara eramango dute, "urteetan" leku berri bat eskatzen ibili eta gero. "Iruditzen zaigu euskara ikastera joaten den pertsona horrek euskal kulturarekin hartu-emana edukitzea ona dela guk bilatzen badugu pertsona hori hemen integratzea eta kultura bereganatzea". Kalkulatu dute 1.500 lagun inguru egongo direla Erlojuaren eraikinean.

Aprendices eraikina, berriz, urte askoan Arrasate Musikal herriko musika eskolaren egoitza izan zen —500 bat ikasle ditu—. Eraikina egoera txarrean zegoenez, beste batera lekualdatu zituzten, behin-behinean. "Behin-behineko egoera horrek darama zortzi urte edo gehiago, eta gaizki daude". Aprendices eraikina berriro musika eskola bihurtu nahi dute. Hor egongo dira Arrasate Musikal, Goikobalu abesbatza, euren balleta eta auditorium txiki bat.

Espaloiak zabaltzea

Mugikortasunari lotuta ere, hainbat egitasmo ditu udalak: bidegorria egitea, bizikletaren erabilera sustatzea... Espaloi batzuetan obrak egiten dabiltza, horiek zabaltzeko. "Korriente hori dator: oinezkoari ematea lehentasuna eta bizikletentzako ere egokitzea. Ea kultur aldaketa hori eragiten joaten garen".

Proiektu konkretuen artean, Arbolapeta-Muzibar zatia aipatu du. Inguru hori berrantolatu nahi du udal gobernuak: "Espaloia oso estua da, jende asko pasatzen da. Ikusten da espaloia handitu behar dela, baina hori egitearekin batera eta bidegorria ezarri nahi badiogu, horrek eragingo du aparkalekuak kentzea...". Nola egin erabakitzen hasteko, 21 alternatiba planteatu zituzten, eta erakusketa batean azaldu zituzten, jendeak iradokizunak egin zitzan.

Aste honetan bertan bilera izan dute inguruko kale bateko bizilagunekin: "Alternatiba batzuek proposatzen dute beraien kaletik trafikoa desbideratzea. Orain trafiko gutxikoa da, eta horrek sekulako aldaketa ekarriko lieke". Erreka azpitik doa zati horretan, eta erreka bistaratzea ere proposatu dute: "Hori eginda leku gutxiago legoke, baina esaten dute erreka biziberritzeko ireki egin behar dela, eguzkia sartu behar dela nahi badugu bizitasuna sortzea...".

Onena zer litzatekeen "garbi" ez dutenez, erabaki dute lehenengo aproposa litzatekeela mugikortasun plan bat edukitzea, Arrasate guztian trafikoa nola antolatuta dagoen eta nola egin beharko litzatekeen ikusteko. "Luzerako izango da. Lehenengo esleitu beharko da mugikortasun plana, gero egin... Nahiago dugu luze joatea baina jendea ahalik eta kontentuen uztea, azkar egin eta arazo bat konpondu ondoren beste bat sortzea baino".

Garbiketa ordenantza

Herrian zeresan handia ematen ari da kale garbiketari dagokion ordenantza. Martxo bukaeran hasierako onarpena eman zioten, EAJren eta PSE-EEren aldeko botoekin eta gainerako alderdien kontrakoarekin. Batik bat pintaketak, pankartak eta kartelak arautzen dituen artikuluak sortu du zalaparta gehien. Hainbat herritar eta eragileren arabera, adierazpen askatasuna mugatzen du. "Maiatzaren 17ra arte daukagu epea alegazioak aurkezteko, eta gu horretara animatzen ari gara, gainera. Denon gustura ez da irtengo, hori argi dago, baina nik beti esaten dut: 'Irteten bagara zeozerekin denak gustura ez gaudena baina desadostasun handiegirik gabe... hori da kontua'". Gaiak luze joko duela dio Ubarretxenak: "Alegazioen ondotik aztertu egin behar dira, jendearekin egon, egin beharreko aldaketak egin...".

Dioenez, euren asmoa ez da polemika edo egonezina sortzea, baizik eta jendea kontzientziatzea: "Herria zaindu egin behar da, guk gure etxea zaintzen dugun moduan gure herria zaindu behar dugu. Helburua ez da debekatzea, kontzientziatzea eta herria zaintzea baizik". Gaineratu duenez, antzinako kasko historikoa dute, eta Arrasateko harresiak zeuzkan bost ateetatik hiru mantentzen dituzte. "Horri balioa emateko gauza bat dela uste dugu".

Udal mailan, martxan jartzekotan dira memoriaren eta bizikidetzaren mahaia. Lehen bilera maiatz hasieran egingo dute: "Hitz egin dugu, oinarri moduan dokumentu bat helarazi genien gainerako alderdiei, eta gutxi gorabehera denek ikusi dute ondo hitz egiten hasteko". Ubarretxenaren arabera, benetako pausoak egin nahi badituzte, beharrezkoa izango da guztien adostasuna: "Nahiz eta mantso joan, behintzat erabaki dugu mahai horretan alderdi guztiak esertzea, eta hastea hausnarketa bat egiten eta ikusten zein pauso eman ahal ditugun".

Bestetik, parte hartzearen inguruko lanketa egiten ari dira udal barruan. "Saiatzen ari gara denon artean erabakitzen parte hartzearen ordenantza bat sortzeko, zelan izan beharko litzatekeen parte hartzea udaletik landua: zein gauzatan bai, zeintzuetan ez, zeinekin..." Gutxieneko adostasun batera ailegatzea jarri dute helburu: "Adostasun hori gera dadila udaletxean propio bezala, eta datorrena datorrena denok erabiltzea hori gutxi gorabehera eredu bezala. Kostatuko da, baina lortu nahi badugu, denok izan beharko dugu gurean apur bat malguak".

Etorkizuneko bidaiarien bila

Etorkizuneko bidaiarien bila

Iñigo Terradillos

Bidaiatzeko zaletasuna gazte-gaztetatik sustatu nahi du Tolosako Antxon Bandres Bidaiarien Txokoak antolatutako Bidaia Bekak. Abenturazale eta bidaiariak daude bidaiarien txokoaren atzean, eta gisa honetako egitasmoen bitartez euren pasio hori gazteengan suspertzen ikusi nahi dute.

Izan ere, Josu Iztueta bidaiari tolosarrak argi du bera bezalako bidaiarien grina nondik datorren: "Gutako askok bidaiatzeko aukera izan dugu beste askok horretarako aukera eman zigulako, mendi elkarteek, skout taldeek, edo auzoko mendizaleak, esaterako, eta horrek gure bizitza baldintzatu du, jakin-mina sortu zutelako gugan". Bada, haiek jaso zuten hori zabaltzeko beharraren ondorioz sortu zen ekinbidea joan den urtean. DBH4ko ikasleei eman zieten parte hartzeko aukera, eta aurkeztu zirenen artean, Laskorain ikastolako sei neska-mutilez osaturiko taldearen proposamena izan zen aukeratua. Euskal bitxikeriak izenburupean osatu zuten ibilbidea, Orio, Gernika, Urdaibai, Agurain, Eunate eta Gares zeharkatuz eta arrantza, gerra eta bakea, natura eta musika bezalako gaiak jorratuz. Hori guztia sei eguneko bidaia batean egin zuten, iazko ekainean, zortzi lagunentzako lekua duen furgoneta batean eta 500 euroko aurrekontuarekin.

Lehendabiziko esperientzia "oso baikorra" izan zela adierazi dute bai antolatzaileek, bai eta bidaiaz gozatu zuten gazteek ere: "Oso ondo pasatu genuen, oso aberasgarria izan zen; taldeko inork ez zuen lehenago furgonetaz bidaiatu, eta esperientzia asko gustatu zaigu", kontatu du Maitane Iruin iazko irabazleetako batek.

Bidaiatzeko beste era bat

Hain justu, bidaiatzeko zaletasuna sustatzearekin batera, ekinbideak baditu beste helburu batzuk, eta horietako bat bidaiatzeko era asko egon daitezkeela ikusaraztea da. Iztuetak dioen moduan, "bidaia honetan ez dago ez luxuzko autokarabanarik, ez eta hoteleko egonaldirik ere". Toki batetik besterako mugimenduak furgonetaz egiten dituzte, eta furgoneta bera erabiltzen dute lotarako ere. Era berean, aurrekontu mugatua dute erregai, kanpinetarako sarrera, museoren batera joateko txartel edota janaritarako. "Baliabide askorik gabe eta urrutira joan gabe gure herrian gauza politak egin daitezkeela erakutsi nahi diegu gazteei", dio bidaiari tolosarrak.

Gazteengan balio gehiago erakustea ere aurreikusten du egitasmoak, elkarren arteko harremanak sendotzea, esaterako. "Izan ere, bospasei egunez eremu txiki batean egin behar dute elkarbizitza". Horretaz gain, berdintasunari dagokion pisua emate aldera, neska-mutilez osaturiko taldeak dira parte hartzaileak.

Iparraldea ezagutzeko

Joan den urteko esperientzia "polita" ikusita, bigarrenez egitea merezi zuela ikusi zuten Bidaiarien Txokoan. Otsailean zabaldu zuten deialdia, eta aurkeztu ziren guztien artean epaimahaiak Ibarrako Uzturpe ikastolako gazteen proiektua aukeratu du aurtengo irabazle moduan.

Euren proposamenak aurreikusten duenaren arabera, lehendabiziko egunean Tolosatik Sara (Lapurdi) alderako bidea egingo dute. Egun horretan bertan Zugarramurdi ere bisitatuko lukete. Bigarren egunean, Amaiur eta Orreaga ezagutu nahi dituzte. Ituren eta Zubietara joango dira hirugarren egunean; laugarrenean, Anboto eta Mungiara jo nahi dute, eta azken horretan Olentzeroren Etxea bisitatu asmo dute gazteek. Bosgarrenean, berriz, Gaztelugatxera joango dira, eta handik buelta, etxera.

Ipar Euskal Herrian hainbat geldialdi ditu irabazleen bidaia proposamenak; izan ere, baldintzetako bat zen aurtengoan Iparraldea barne hartzea: "Euskal Herria ezagutaraztea ere bada Bidaia Bekaren xedeetako bat, eta maiz ezagunago zaizkigun Bizkaiko edo Gipuzkoako herrietara jotzeko joera izaten dugunez, baldintza hori jarriz, Ipar Euskal Herria ezagutaraztea ere lortu nahi genuen".

Bidaia honen bitartez euren arteko harremana sustatzeko eta elkarren artean gehiago ezagutzeko asmoa dutela esan du Ibon Lopetegi Uzturpeko taldekideak. Bidaia egituratzeko orduan, bestalde, adierazi du ikastolan bertan jorratutako gaiak izan dituztela buruan. "Bertan ikasi edo entzundako gai batzuk aukeratu, Euskal Herriko mapan puntuak ezarri, eta batetik besterako bidea osatu dugu". Iazkoek bezala, ez dute sekula furgonetaz bidaiatu, eta irrikaz daude esperientzia berri hori ezagutzeko. Ekainean egingo dute lehiaketarako idatzia duten eta norbere irudimenean egina duten bidaia.

Bigarrena egin duten moduan, hirugarrena ere izango dela espero dute antolatzaileek, eta, horrela, gazte gehiagorengan barruan daramaten bidaiari sena azaleratzen eta etorkizuneko abenturazaleak bultzatzen segituko dute.

Protagonistak izan zirelako

Protagonistak izan zirelako

Eider Goenaga Lizaso

Emakumeak, 1936ko gerran, ama, alaba eta emazte baino gehiago izan ziren. Emakumeak, 1936ko gerran, errepresioaren biktima soilak baino gehiago izan ziren. Emakumeak, 1936ko gerran, eta gerra ostean, protagonista izan ziren: milizianoak, fronteko erizainak, espetxeratuak, fusilatuak, ekintzaileak, sortzaileak, errepresaliatuak, lubakiak egiten ibilitakoak, torturatuak, bortxatuak, erbesteratuak, langileak, familiari eutsi ziotenak... Eta horiei guztiei egin nahi diete aitortza, igandean, Intxorta Egunean. Emakume erresistente eta errepresaliatuen omenaldian 40 emakumek jasoko dute aitortza, Elgetan. "Omenaldi eta aitortza ekitaldia izango da, gure historiaren zati inportante bati egindakoa. Badakigu askoz gehiago izan zirela, eta izen asko geldituko direla aipatu gabe, baina saiatu gara, sinbolikoki, talde guztiak ordezkatuta egon daitezen", azaldu du Julia Monge feminista eta Intxorta 1937 taldeko kideak (Arrasate, 1957).

Feminismoan betidanik ibili da murgildua Monge, eta duela hainbat urte memoria historikoaren gaiarekin buru-belarri hasi zen lanean. "Elgetan museoarekin eta omenaldiekin hasi ginenean, nik banuen kezka bat, eta zen irudi erabat maskulinoa ematen zela. 'Bai, baina badakigu emakumeak egon zirela', esaten zuten batzuek. Jakitea ez da nahikoa, ordea. Ez badituzu bereziki aipatzen, ez dira ikusten".

Hala, ikusezintasun horretatik ateratzea helburu, urtero egin dute ahalegina emakumeak ere presente egon zitezen. Inflexio puntua, ordea, 2012an jartzen du Mongek. Urte horretan, Arrasate 1936, emakumea, gerra eta errepresioa dokumentala aurkeztu zuten. "Gerrako gertaerak eta gerraren eragina aztertu genituen, baina emakumeen testigantzekin, emakumeen ikuspuntutik, emakumeak protagonista hartuta". Dokumentalak sekulako arrakasta izan zuela dio Mongek, eta aurkezpen ugari egin dituztela urteotan. "Horietan zerbait ikusi badugu ikusi dugu orduko emakumeek bizitakoa gai unibertsala dela. Arrasateko gertaerak dira, Arrasateko protagonistak, dokumental lokala da, baina, aldi berean, unibertsala. Hemen bizitako bera bizi izan zuten gerra garaian beste tokietako emakumeek ere".

Emakumea gerrako biktima gisa aurkeztu da beti, eta Mongek ez du ukatzen hala izan zela. "Biktima izan ziren, noski, oro har herria izan zen biktima, eta emakumeak ere bai. Baina inportantea da nabarmentzea, biktima ez ezik, protagonista izan zirela. Emakumea ez zen subjektu pasiboa izan, aktiboa baizik: sortzailea izan zen, erresistentea... aurrera egin zuen".

Aurtengo Intxorta Eguna antolatzeko, eta omendu beharreko emakumeen zerrenda egiteko, lan handia egin dute Intxorta 1937ko kideek. "Esparru guztiak ukitu nahi genituen, gerra garaitik hasi eta diktaduraren amaieraraino, eta horretarako ate asko jo ditugu. Abanikoa zabaldu genuen, eta abaniko hori osatzeko protagonista bila ibili gara". Elkarrizketak, argazkiak eta grabazioak, memoria historikoa lantzen duten beste taldeekiko elkarlana, pista bati segika egindako dokumentazio eta ikerketa lana, hildakoen senideak bilatzea... Horren emaitza izango da igandeko omenaldia.

"Nekatuta gaude, baina nolako emakumeak ezagutu ditugun...". Emakumeei "erreferente aktibo, gogor eta baikorrak" falta izan zaizkiela dio Mongek, eta omenduko dituztenek eredu hori osatzen dutela. Zerrenda osoa errepasatu ezinean, abanikoa osatuko duten hainbat andreren errepasoa egin du Mongek.

ESTHER ZILBERBERG

Gerrako frontean miliziano moduan aritutako emakume asko brigadistak ziren, faxisten kontra borrokatzera atzerritik etorriak. Horietako biren berri zuten Intxorta 1937 taldeko kideek. "Intxortetan badago leku bat La Belga deitzen diotena, eta badakigu hor Belgikatik etorritako bi emakume aritu zirela metrailadore batean, tiratzaile gisa. Guretzat sinbolo moduko bat ziren, eta erotu egin gara haien bila, baina ez dugu ezer topatu", azaldu du Mongek. Haritik tiraka, ordea, Elgetan ez, baina Euskal Herrian eta Iparraldeko Frontean ibilitako brigadista baten erreferentzia topatu zuten: Esther Zilberberg Estoucha (1910-1994). "Poloniarra zen jaiotzez, baina Belgikatik etorri zen Euskal Herrira. Semea topatu dugu, Parisen. Amaren biografiarekin Estoucha liburua idatzi zuen semeak, eta hura etorriko da omenaldira".

Judua, komunista eta medikua zen Zilberberg. Belgikan egin zituen medikuntza ikasketak, eta amaitu berria zuen karrera Irundik barrena Euskal Herrira heldu zenean. Mediku lanetan jardun zuen frontean, Perezagua batailoi komunistarekin. Horrez gain, Emakume Antifaxisten Bilboko Batzordeak argitaratzen zuen Mujeres aldizkariarentzat idatzi zuen, Juanita Lefevre izenarekin —1936ko neguan, Legutioko batailan zauritua izan ondoren, aldizkari horretako erredaktore buru izendatu zuten—.

Bere egunerokoan honela jaso zuen Zilberbergek frontean bizitako gertaera bat: "Egun batean, mendi kaskoan jarritako metrailadore batetik oso hurbil nintzela, tiro egiten ari zen gizona faxisten suak hil zuela ikusi nuen. Zer egin? Tiratzailearen tokia hartu nuen, eta etsaia zetorrela ikusi nuenean, uste dut begiak itxi nituela, baina tiro egin nuen".

1937ko ekainean, Bilbo erortzearekin batera, Zilberberg Santanderrera joan zen. Mediku eta irrati esatari gisa jardun zuen han. Baina hura ere erori zen faxisten esku, eta Zilberbergek Katalunian amaitu zuen guda, Nazioarteko Brigadetako mediku gisa. Gerra amaitzen ari zela, Frantziara joan zen, eta han nazien kontrako erresistentzian aritu zen, Jeanne Dubois izengoitiarekin. Atxilotu, torturatu eta Mauthausengo kontzentrazio esparrura eraman zuten.

CECILIA G. GILARTE

Cecilia Garcia Gilarte idazle eta kazetariak (Tolosa, 1915-1989) 20 urte zituen gerra piztu zenean. Ordurako, haren izena ezaguna egiten ari zen, bai literaturgintzan eta baita kazetaritza munduan ere. Anarkista sutsua zen, Burgostik (Espainia) etorritako langile familia bateko alaba. 11 urte zituela argitaratu zuen Bartzelonako aldizkari batek haren lehen artikulua; nerabezaroan CNT sindikatuaren berriemaile gisa hasi zen lanean; eta, gerra piztu aurretik, hiru eleberri idatzi zituen.

"Emakume indartsua zen oso. Frontean aritu zen berriemaile gisa, eta sekulako sorkuntza lana egin zuen, bai gerran eta bai gerra ondoren ere. Mexikora erbesteratu zen gero, umeekin. Beraz, fronteko kazetari izateaz gain, denetik egin zuen; ama izan, senarraz arduratu, sorkuntzarekin jarraitu...", nabarmendu du Mongek. Iparraldeko Frontean egin zuen gerrako berriemaile lana, eta haren kronikak CNT Norte, Frente Popular eta El Liberal egunkarietan argitaratu zituzten.

1937ko irailean, Iparraldeko Frontea erori zenean, Frantziatik barrena Kataluniara joan zen, eta han eutsi zion 1939ra bitartean. Tartean, bere lehen alaba jaio zen. Gerra amaituta Miarritzera joan ziren Gilarte eta haren familia, eta 1940an, Bigarren Mundu Gerraren ondorioei ihesi, Mexikora joan ziren. Han egin zituen hurrengo 24 urteak. Mexikon zela, Izquierda Republicana alderdian afiliatu zen Gilarte, eta sorkuntza lanarekin jarraitu zuen —saiakerak, antzerkia, eleberriak, kazetaritzako lanak...—, baita Sonorako Unibertsitatean irakasle aritu ere.

1964an itzuli zen jaioterrira, eta bertan sortu zituen azken idatziak; 1975ean, La soledad y sus rios bere azken liburua argitaratu zuen. 1989an zendu zen, 74 urte zituela.

ANTTONI TELLERIA

Jaso duten testigantza hunkigarrienetako bat Anttoni Telleriarena izan dela dio Mongek —iaz egin zioten omenaldia Telleriari; aurten, haren senideek beste omendu bati emango diote Egiaren Iturria eskultura—. Elgetakoa zen Telleria, eta gerra piztu zenean 14 urte zituen. "Emakumea gerrako harrapakina da gerra guztietan, eta gurean ere bai. Baina bortxaketen gaia tabua da".

Intxortako frontea erori zenean heldu ziren Francoren soldaduak Telleria bizi zen baserrira. "Erresistentziak iraun zuen zazpi hiletan, baja asko izan zituzten. Pasatu zirenean, soldaduei edozertarako baimena eman zieten, 48 orduz". Egindako lana saritu behar zen. "Eta eduki zuten saria. Elgetan jende guztiak zekien emakumeak bortxatu zituztela".

Hil baino bi urte lehenago erabaki zuen Telleriak hitz egitea. "Anttoni gurasoekin bizi zen baserrian. Soldaduak hura bortxatzera joan ziren, aitak aurre egin zien, eta buruan tiro bat jota hil zuten. Aita laguntzera makurtu zenean, Anttoniri ere tiro egin zioten eskuan; behatz batzuk falta zituen. Ondoren, ama hil zuten, kulata kolpe batez. Eta gero soldaduek bortxatu egin zuten". Telleriak urte askoan isildu zuen gertatutakoa, bortxatuak izan ziren emakume gehienen moduan. "Anttoni ezkongabe gelditu zen; sufritutakoaz gain, estigma uzten baitzuen horrek. Emakumeek, oro har, ez dute gerran bizi izandakoa kontatzen, edo ez diote garrantzirik ematen, edo nahiago dute ezer ez esan; eta horrelako zerbait bizi izan zutenek, are gutxiago". Elkarrizketatutako emakume askok lotsa eta beldurra dutela dio Mongek. "Hainbeste urte igaro, eta oraindik beldur dira, gezurra dirudi".

ANGELES FLOREZ

Saturrarango espetxean egondako emakume bat topatzeko ahaleginean ari zirela jaso zuten Intxorta 1937koek Angeles Florezen berri (Asturias, Espainia, 1918). Gazteria Sozialistetan afiliatua zen, eta estatu kolpearen ondoren miliziano gisa aritu zen. Oviedoko frontean sukaldari, eta erizain gisa gero, Gijongo gerra ospitalean.

1937ko urrian, Asturias erortzearekin batera, atxilotu egin zuten, eta hamabost urteko espetxealdia ezarri zioten epaiketa militarrean. 1938ko maiatzean eraman zuten Saturraranera, eta han eduki zuten 1941eko abuztua bitartean. Diktadura garaian, 1948an hain zuzen ere, erbestera jo behar izan zuten Florezek eta haren familiak. Senarra 1947an joan zen Frantziara, eta bera eta alaba urtebete geroago joan ziren, itsasontziz, ezkutuan. 1960an familia bisitatzen saiatu zen, baina mugan atxilotu egin zuten. 2004an itzuli zen herrira, senarra hil eta urtebetera.

Horrela hitz egin zuen Florezek erbesteaz, handik itzuli zenean. "Frantzia gutxi maite dut, behartuta joan nintzelako, kriminal bat izango banintz bezala. Toki batera zure gogoz joaten bazara, maita dezakezu; baina ni exiliatua nintzen, eta nire lurrean bizi nahi nuen".

Angeles Florez Elgetan izango da igandean, omenaldian. "Gerra bizi izan zuten asko ekintzaile dira oraindik. Eta Angelesena eredu izugarria da. Gijonen bizi da, eta han hitzordua jartzeko deitu genionean, ez zeukan astirik gurekin gelditzeko; pentsa, 97 urterekin, eta denborarik ez". Florezek hainbat liburu idatzi ditu; tartean, Memorias de Ángeles Flórez Peón 'Maricuela' autobiografia.

TERE PONTON

Gerra bizi izan zuten emakumeak eta gerraosteko errepresioari aurre egin ziotenak bilduko dituzte igandeko ekitaldian. "Gerra oso gogorra izan zen, baina askok esaten dute gerraostea ez zela errazagoa izan". Trantsizio garaian jarri dute muga Intxorta 1937 taldekoek. "Nahiz eta ez zaigun gustatzen mugak jartzea". Garai horretakoa da Tere Ponton.

Pontonek 80 urte ditu egun, eta Gasteizkoa da. 1976ko martxoaren 3ko gertakariekin lotuta jasoko du omenaldia. "Martxoaren 3ko gertakarien oinarria langile greba bat zen, eta Tere Pontonek ez zuen lanik egiten, baina langileek familia zuten, eta familia horiek ez zuten jateko ezer. Langileen emazteek eta bikotekideek batzar txiki bat egitea eabaki zuten, eta poltsa hutsen protesta deiturikoa egiten zuten. Kalera irteten ziren, egunero, poltsa hutsak eskuan hartuta, jendeak ikus zezan euren etxeetan ez zegoela jateko ezer. Langileen borroka oso gogorra izan zen, baina emakumeek ere izan zuten euren parte hartzea, eta hori islatu nahi genuen omenaldian", azaldu du Mongek.

BEGOÑA GOROSPE

Feminismoaren hastapenak ere ez dituzte ahaztuko Intxorta Eguneko ekitaldian. Begoña Gorospe hernaniarra (Donostia, 1942) izango da ekitaldian, arlo horren ordezkari gisa. 1960ko hamarkadaren hasieratik dabil mugimendu feministan Gorospe. "Taldetxo bat sortu zuen, eta horiek izan ziren feminismoaren lehen pausoak. Guretzat oso inportantea da arlo hau; nondik gatozen erakusten digu".

Gorospek honela azaldu zuen elkarrizketa batean emakumeen eskubideen inguruko kontzientzia nola sortu zitzaion: "Gurasoen etxean ikusten nuen, gauza naturala balitz bezala, etxeko betebeharrak ez zirela berdinak anaiarentzat eta niretzat; nik kozinatu egin behar nuen, oinetakoak garbitu... Orduan hasi nintzen konturatzen zerbait ez zebilela ondo gizon-emakume arteko harremanean. Nire etxean justizia oso inportantea bazen, ez nuen ulertzen zergatik ez zen arlo horretan aplikatzen. Hala, 60ko hamarkadan Hernaniko emakume langileen egoeraren inguruko gaietan sartzen hasi nintzen".

70eko hamarkadaren erdialdera piztu zitzaien elkarte feminista bat sortzeko ideia. Elkartea legeztatu ez zutelako, protesta egin zuten Donostiako Bulebarrean, eta Polizia —"grisak", dio Gorospek— gogor oldartu zitzaien. "Urtebete geroago, Donostiako Emakumeen Elkartea legeztatuta, Euskadiko Emakumeen I Topaketetan pate hartu genuen". Gorosperen arabera, sexualitatea, abortoa, dibortzioa, ammistia... ziren haien kezka eta eztabaidagi nagusiak.

Feminismoan lehen urratsak egiten ari zela ezagutu zuen Gorospek mugimendu feministak gerra aurretik egindako ibilbidea ere. "Euskal emakumeak historiarik ez zuela ohartuta, Eusko Emakumeak 1930-1939 ikus-entzunezkoa egin nuen". Garai hartan protagonista izan ziren hainbat emakume elkarrizketatu zituen Gorospek lan hori egiteko, gaur egun Intxorta 1937ko kideak egiten ari diren moduan.

AGURTZANE JUANENA

Omenaldian parte hartuko duten emakume gazteenak torturaren biktima izandakoak dira. Agurtzane Juanena da horietako bat. Franco hil aurreko egunetan, 1975eko irailean atxilotu zuen Poliziak. 18 urteko ikasle eta militante gaztea zen. Oinez sartu zen polizia etxean, baina, erietxetik pasatuta, larriki zauritua atera zen. Gogor torturatu zuten, eta, lagunen izenak ez salatzearren, bere burua polizia etxeko leihotik bota zuen gazteak. Urte eta erdi behar izan zuen lesio fisikoak osatzeko; barruko oinazeak askoz gehiago iraun zuen. 2003an hustu zuen barrua Juanenak, Esan gabe neukana liburua kaleratzearekin. "Komisarian gertatu zitzaidanaren kontakizuna gordea eduki dut. Gaztelaniaz idatzi nuen, baina alfabeto grekoz, amak uler ez zezan. 25 urte geroago utzi diot beste inori irakurtzen".

Agurtzena Juanenarekin batera, torturatuak izan ziren beste bi emakume izango dira igandean Elgetan: Eli Nosellas (Ibarra, 1959) eta Arantxa Arruti (Zarautz, 1949).

Bizikidetzara iristeko zubiak

Bizikidetzara iristeko zubiak

Urko Etxebeste
Zubiak erabiltzeko dira. Lehenik eraiki, gero erabiltzeko. Errenteriako Orereta ikastolak bizikidetzaren gaia lantzeko iniziatiba hartu du, hainbat adarretatik zubiak eraikiz: ikastetxearen barruan, herrian, Ipar Euskal Herriko ikastolek...

Erretiroa ere, prestaturik

Erretiroa ere, prestaturik

Myriam Aranburu

Hirurogei urteko muga pasatu, eta erretiratu berriak dira Rosario Urdangarin (Ataun, 1954), Joxe Angel Zinkunegi (Bidania, 1955) eta Joxepi Urdangarin (Idiazabal, 1955). Argi dute beren bizitzako beste fase batean murgiltzen ari direla, ezagutzen. Etapa berri hori prestatzen lagundu nahi du Goieki Goierriko Garapen Agentziak, eta erretiroa prestatzeko bost saio egin dituzte bi astean —hasieran lau izan behar zuten—. Enpresa munduan lan egin eta erretiroa hartu duten hamazazpi lagunek hartu dute parte. Goierri Eskolaren eta Orkli enpresaren laguntzarekin antolatu dituzte saio horiek.

"Zer egin dezaket hainbeste denbora librerekin? Ez ote naiz aspertuko?", galdetzen diote oraindik ere askotan euren buruari. Bizitzako hainbat pauso emateko edo hainbat fase berriri aurre egiteko, prestatu egiten da gizakia. Are gehiago, laguntza eta prestakuntza ere jasotzen ditu. Erretiroa hartzeko orduan, ordea, ez dira asko formazioa jasotzen dutenak.

Biztanleriaren bizi itxaropena handitzen ari da, eta geroz eta adineko gehiago daude. Eustat Euskal Estatistika Erakundearen 2015eko datuen arabera, %20,6 ziren 65 urtetik gorakoak Gipuzkoan. Horietatik ia %80k, gainera, ez dute dependentziarik, eta euren kabuz ondo moldatzen dira. "Urte asko ditugu aurretik, ostertz zabal bat", agertu du Joxepi Urdangarinek. "Hogei bat urte biziko dira gure adineko asko eta asko". Eta ez, ez daude ados erretiratuen topikoarekin. Paseatu eta kartetan jolasteaz gain beste gauza asko egiten dituztela agerian utzi nahi dute. Honela dio Urdangarinek: "Oraindik ere asko dugu eskaintzeko".

Etapa berrira egokitzen

Erretiroari dagokionez "hasiberriak" direla azaldu du ataundarrak. Antolakuntza beharrezkoa ikusten du fase berri horri gogoz heltzeko, eta denbora libre hori betetzeko elementuak sartu behar direla uste du: "Antolatuz joan behar dugu, gure denbora planifikatuz". Bat egin du Zinkunegik: "Bizitzako etapa guztiak antolatuak ditugu: gazte izateari utzi eta heldu bihurtu, etxebizitza, familia...". Horregatik uste du erretiroa hartzea beste etapa bat dela, eta ez du duda egiten: "Erretiratu hitzak ez luke existitu behar; etapa bat da, besterik ez".

Bost saio egin dituzte Goierriko Eskolan, eta hainbat gai landu dituzte, hala nola osasun fisikoa eta mentala, elikadura eta garapen pertsonala. Askok, hasieran, zalantza ugari zituzten saio horien inguruan, ea zertarako izango ziren, eta zerbaitetarako baliagarriak izango ote ziren. Saioak amaitu ostean, baina, gogoz gelditu dira. "Gehiagotan biltzeko gogoa jarri zaigu", adierazi du idiazabaldarrak. "Herri txikietan bizi garenok murgildu egiten gara bertan, eta nik behintzat ez nekien horrelako saioak egiten zirenik".

Badakite lehenengo urte hau egokitzapen urtea izango dutela. Baina zalantzati daude aurrera begira: "Ondoren etortzen omen dira kezka nagusiak", azaldu du Urdangarin ataundarrak. Horregatik, erretiratuta urte batzuk daramatzaten pertsonekin bildu nahi dute, haien esperientzia zein den aditu eta haien errealitatearen berri izateko.

Hasierako zalantzak

Erretiroa hartuta oso pozik daude, baina fase horretara iristeko orduan ere izan dituzte batzuek arazoak. "Orduan ulertu nuen zer zen deprimituta egotea", onartu du Zinkunegik. Lanean hainbeste urte igaro ostean, erretiroa hartzeko ordua iritsi zitzaiola esan zioten, eta kolpe latza izan zela oroitarazi du. Eguneroko lana utzi beharrak ezinegona sortu zion, eta aitortu du behin baino gehiagotan buruan izan duela "orain ez al naiz, ba, gai lana egiteko?" galdera. "Beti urruti ikusten nuen erretiroa, eta bat-batean iritsi zen, espero gabe". Hala ere, hasierako trantze hori pasatu ondoren, ilusioa berreskuratu du. "Bakoitzak ilusioa pizten dion hori egin behar du".

Joxepi Urdangarinek duela ia bi urte utzi zion enpresan lan egiteari —eszedentzia bat zela medio—. Ezin du irribarrea gorde, eta kanpoko itxurak bat egiten du barnean sentitzen duenarekin. Erretiroa hartuta oso-oso pozik dagoela azaldu du: "Gerra asko emateko gaude oraindik".

Urte askoan ibili izan dira lanean, eta, erretiratu ostean, beretzako denbora antolatu nahi dute. "Erretiroa hartzerakoan, lurreratu beharra dago", dio Rosario Urdangarinek. Lasaitasuna bai, baina ez du gelditu nahi. "Ez dut nahi semeak gaur zerbait erakutsi eta bihar ere galdetu beharra izatea". Horregatik gomendatu die beste parte hartzaileei aktibo egoteko, eta, poliki bada ere, gauzak egiten jarraitu behar dela uste du: "Gure kabuz gauzak egiteko gai izan behar dugu, eta gakoa asko saiatzea eta konstantea izatea besterik ez da".

Uhinetan barrena, libre

Uhinetan barrena, libre

Julene Frantzesena
Norbanako nahiz kolektibo orok iritziak eta kritikak adierazteko duten beharra eta eskubidea bermatzeko sortu ziren irrati libreak zein komunitarioak Euskal Herrian, 1980ko hamarkadan. Irrati libreen mugimendua hasi, eta, orduz geroz...

Kontzientziak astintzeko

Kontzientziak astintzeko

Ikerne Zarate
Mazedonian errefuxiatuei negar gasekin eraso, Greziatik kanporatu eta Turkiara eraman, eta Europak hori guztia ahalbidetzen duen bitartean, Leonar Martin eta Alicia North SOS Arrazakeriako boluntarioek errefuxiatuen egoera ikusarazteko pr...