Kirola

Ia 9.000 gipuzkoar, igandean Behobiatik ateratzeko prest

Ia 9.000 gipuzkoar, igandean Behobiatik ateratzeko prest

"Ez da markak hausteko eguna izango". Iganderako hego haizea iragarrita dagoela eta, mezu hori helarazi du Fortuna elkarteak, Behobia-Donostia lasterketaren antolatzaileak. Beroari aurre egiteko, hidratatzearen garrantziaz ohartarazi die parte hartzaileei. Aurten ere marka hautsi du izena eman duten korrikalari kopuruak: 33.947 lagun, iaz baino 4.000 gehiago. Horien artean, 8.805 gipuzkoarrak izango dira. Gorantz doa emakumezkoen parte hartzea ere: 1999an 859 emakumek egin zuten korrika, eta iganderako 7.703k eman dute izena. Maila handiko lasterketa izatea espero da, azken hamar urteetako irabazleek parte hartuko baitute proban.

Iaz aldaketa batzuk izan ziren ibilbidean, eta aurten ere bide horri eutsi diote. Antolakuntzak egindako inkesta baten arabera, elkarrizketatuen %70 bide berriaren alde agertu dira, eta %8k bakarrik lehenetsi dute ibilbide zaharra. Irteera orduei dagokienez ere, ez da aldaketarik izango: aulkian doazen atletak 09:30ean aterako dira —48k eman dute izena—; patinatzaileak, bost minutu geroago —233—; eta lehenengo korrikalariak 10:00etan irtengo dira. Hemeretzi txandatan mailakatuta aterako dira Behobiatik; azkenak, 11:35ean.

Hazten eta hazten doan lasterketa da Behobia-Donostia. Lehen urtean, 1979an, 1.021 lagunek parte hartu zuten, eta geroztik urtero igotzen joan da kopurua. Azken zazpi urteetan ia bikoiztu egin da: 2008an 18.000 lagun baino gehiago izan ziren. Parte hartzaileen jatorriari dagokionez, gipuzkoarren atzetik katalanak izango dira gehiengoa (5.400). Bizkaitik 2.780 korrikalarik eman dute izena, Nafarroatik 2.512k eta Arabatik 1.049k.

Behobia-Donostiaren aurretik, haurren eta gazteen txanda izango da. Bihar Behobia Txikia izango da, 15:00etan, Anoetako miniestadioan. Ia 3.000 haurrek eman dute izena. Behobia Gaztean, berriz, 14 eta 18 urte bitarteko 220 korrikalarik parte hartuko dute —igandean, 09:30ean, Herrerako biribilgunetik—.

Baten afizioa, bestearen ofizioa

Baten afizioa, bestearen ofizioa

Familia berean bertsoa eta pilota guztiz uztartuta dauzkate Artola anaiek. Bertsolaria da Mikel Artola (Alegia, 1989), eta Gipuzkoako Bertsozale Elkartean egiten du lan; Iñaki Artola (Alegia, 1994), berriz, pilotari profesionala da. Batak afizio du bestearen ofizioa.

Egun txapelketetan murgilduta daude, biak final-laurdenetan: Mikel, Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan; Iñaki, Lehen Mailako Lau t'erdiko Pilota Txapelketan. Iñakik ez du ondo hasi final-laurdenetako ligaxka, orain astebete Jokin Altuna lagun amezketarraren aurka 22-14 galdu baitzuen. Gaur Bengoetxearen aurka du bigarren partida, Tolosako Beotibar pilotalekuan: "Galtzen hasi gara, baina oraindik beste bi partida ditugu. Bengoetxearena ere zaila ikusten dut; pilotari handia da".

Mikelek, berriz, txapelketa "gorabeheratsu" doala dio. Gipuzkoa Bertsotan sailkapen fasea erraz pasatu zuen, baina gero justu-justu igaro da final-laurdenetara —bera izan da azken sailkatua—. "Ez dut uste saio txarra egin nuenik, baina puntuz larri-larri, eta azkeneko unera arte zain egon behar izan nuen pasatu nintzela jakiteko. Baina aurretik egin duzunak ez duenez zerikusirik, orain final-laurdenetarako prestatzen ari naiz". Haren helburua txapelketa ondo prestatzea eta lehen saioa ondo egitea zen: "Behin pasatu garela, gure helburua beteta dago. Harituz bertso taldeko lau gaude final-laurdenetan. Polita izango litzateke norbait deskuidatu eta pasatzea, eta Tolosako finalerdian aritzea". Eskoriatzan du final-laurdenetako saioa, azaroaren 8an.

Afizioak partekatu dituzte, gero bakoitzak ofiziorako bere bidea hartu badu ere. Halere, elkarrekin topo egiten dute, batez ere pilotan, Mikel Iñakiren botilero moduan aritzen baita txapelketetan. "Bera izan da txikitatik pilotan gehien ezagutu izan nauena, eta nirekin gehien ibili dena", dio Iñakik. Iazko ekainean profesionaletara jauzia egin zuenetik, anaiarekin jarraitu du: "Galdetu zidan ea berarekin jarraitu nahi nuen, eta nik baietz erantzun nion. Orain arte gauzak nahiko ondo ateratzen ari zaizkigu, eta ondo sentitzen naiz berarekin. Beti pentsatu izan dut ustez pilotaz gehiena dakiena baino hobe dela zu ondo ezagutzen zaituen botileroa izatea: ez bakarrik pilotan dituzun gaitasunak jakiteko, baita buru aldetik zer joera dituzun ere. Eta horretan gehiena Mikelek daki".

Egia esateko askatasuna

Beren arteko harreman horrek ez du esan nahi haserretzen ez direnik. "Tarteka partidetan izaten ditugu gure haserreak", dio Mikelek. Anaiaren botilero denean "gehiago sufritzen" du: "Askoz gertuagotik bizi duzu, eta kanpora esaten ez diren gauza asko bion artean geratzen dira. Txikitatik ezagutzen dudanez, badakit zertan hobetu duen eta zertan ez, eta, egia esateko, askatasun handiagoa dut. Beti sinistu izan dut harengan, nik uste berak bere buruarengan baino gehiago. Horrek ere bultzatzeko balio du". Iñakik gauzak esatea exijitzen dio anaiari: "Nahi duzuna da akatsak ikusten badizkizu esatea, nahiz eta jakin zuri ez zaizula gustatuko hori entzutea. Mikelek pentsatzen duena esaten dit, eta orain arte nigan gehien sinistu duena bera izan da".

Ia partida guztien jarraipena egiten dio Mikelek, zuzenean ez bada , telebistatik. Ez dira, baina, denbora guztian pilotaz hitz egiten aritzen. "Askotan partida batera autoan joaten garenean, filosofiaz hitz egiten dugu, Iñaki unibertsitatean ikasten ari denaz, eta gure eztabaidak izaten ditugu", ekarri du gogora Mikelek.

Iñakik ez dio Mikeli jarraitu bere bertsolari ibilbidean, Mikelek Iñakiri pilotan adina. "Txapelketako saioak dituenean bai, herrian eta inguruan egin dituenean ere bai, baina bestela beste herri askotara joan denean, ez naiz berarekin hainbeste ibili". Bertso saioetarako prestatzeko Iñakik ere tarteka laguntzen dio. "Gaiak jartzen, eta parte hartzen ere bai", dio Mikelek. Autoan joaten direnean bertsotan ere aritzen dira; azkena, sanmateoetako torneorako bidaian, Logroñorako joan-etorrikoan.

Elkarrekin egon bai, baina elkarren aurka ez dira lehiatu pilotan. "Konturatzerako, berak niri erraz irabazteari utzi, eta ni berari erraz irabazten hasi nintzen", esan du Iñakik. Herriartekoan aritu izan dira biak, Alegia ordezkatzen. "Herriarteko batean izan zen aukera bakarra Iñaki nire botilero aritu zela. Lau tanto bakarrik egin genituen...", gaineratu du Mikelek, bere anaiaren barrea eraginez.

Bertsotan, berriz, behin parte hartu zuten elkarrekin, txapelketa batean. Harituz-ek antolatu zuen Tolosaldeko bertso txapelketa egin zenean, herriartekoan, Alegia ordezkatuz. Lehen kanporaketa gainditu zuten. "Herriko bertsolarien saioa egiten da festetan eta hor ere parte hartu izan du", esan du Mikelek, eta gaineratu: "Beti esaten diot bertsoarekin lotura izatea ez dela txarra. Kirolaz aparteko kontu batzuekin harremanetan irautea ez da txarra".

Pilotan eskuratu dituen lorpenak galdetzerakoan, Iñakik berehala dio iaz lortutako bigarren mailako lau t'erdiko txapela izan dela nagusiena. Anaiak, baina, bestelako iritzia du: "Lehen mailako binakako finalerdietara iristea". Iñakik arrazoia eman dio gero: "Txapela janzteak ilusio handia egiten du, baina lorpen moduan, lehen mailakoa jarri behar da aurretik".

Orain ere lehen mailan lau t'erdiko final-laurdenak jokatzea lorpen handia dela dio Mikelek. Ilusio berezia egiten die ligaxkan Olaizolaren aurka jokatzeak. Horrek ere botilero anaia du, Asier. "Txikitan pilota partidak ikustera joaten ginenean, nik Barriolaren kamiseta nuen eta Mikelek Olaizolarena. Orain ni kantxan eta bera aulkian, Olaizola anaien aurka ariko gara". Eta Mikelek: "Bai kantxan eta bai aulkian uste dut desabantaila pixka bat dugula...".

Osinalde sariketa irabaztea du Mikelek bertsolaritzan lortutakoen artean. "Guretzako bere garaian Osinalde bazen erakartzen gintuen sariketa bat, eta horrek ikaragarrizko ilusioa egin zigun". Lorpen zerrendari begiratuz gero, handiena aurtengo Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan final-laurdenetara pasatzea dela esan du. "Baina bertsotan egin dudan gauzarik politena eta gehiena ase nauena bertsolari onenekin aritzea izan da: [Andoni] Egaña, Amets [Arzallus] edota Maialenekin [Lujanbio], esaterako... Eta ilusio handia egin zidan Joxe Agirrerekin kantatzeak ere. Orain dela urte batzuk esanez gero, ez genuen sinistuko". Beste une berezi bat ere aipatu du Mikelek: Altzoko festetako bertso saioa. "Inguruko garrantzitsuena iruditu izan zaigu beti. Aurten han kantatzeko aukera eman ziguten, eta hori eginda, dagoeneko lasai geratzeko moduan nintzela esan nuen".

Lehen oroitzapenak

Tartean anaia dagoela ditu Iñakik pilotarekin bere lehen oroitzapenak: "Igande goizetan joaten ginen biok aitarekin Orendaingo frontoira, edo Alegiakora, edo Abaltzisketara... Horretaz ondo oroitzen naiz, eta baita Kalebeherako frontoian irabazi nuela nire lehen txapela".

Bi oroitzapen mota etorri zaizkio Mikeli bertsolaritzaren inguruan. "Gure aitonak, aitan aldekoak, bazekizkien bertsoak buruz, eta batzuk kantatzen zizkigun. Bestalde, gogoan dut Hitzetik hortzera ematen zutela igande eguerdian eta nola horri begira egoten ginen. Eta nola etxekoentzat bertsolariak norbait garrantzitsuak ziren, eta haiei entzuteko isilik egon behar ginen. Beste oroitzapena kantatzen hasi ginenekoa da: parrandan hasi ginenean-eta, lagun batzuk elkartzen ginen, bertsozale amorratuak, eta bertsotan aritzen ginen, hankamotzak, hankaluzeak eta potoak eginez".

Bestearen ezaugarriren bat norberaren ofiziorako hartuko lukete. "Pilotan aritzen zenean tenple ona zuen eta erabakiak hartzen zituenean, azkar hartzen zituen", esan du Iñakik. "Nik bertsoak josteko bere gaitasuna hartuko nuke", dio Mikelek bere aldetik: "Okerrena errimarekin ibiltzen naiz, eta oinak ekartzeko garaian. Berak, hain gutxi arituta ere, askotan hitz egokiagoak ekartzen ditu eta horrek inbidia pixka bat ematen dit. Izaera aldetik, frontoitik kanpora pilota eta horren zakuan sartzen den guztia hartzeko modua".

Iñakik ondo hartzen du famaren kontua. "Azkenaldian ari naiz bizitzen ezaguna izatea zer den. Batzuetan pisua da, edozein lekutara joan arren ezin duzulako pilotari jantzia kendu. Baina ondo daramat, eta gustatzen zait kalean pilotari moduan ezagutzea". Mikelek bertsolaritzan ez du hori ezagutzen: "Nire gertatu zaidan aldaketa, anaia ezaguna egin denean izan da. Izenaren beharrik ez daukat, orain Artola pilotariaren anaia bihurtu naiz".

Etxean bertsolaritza eta pilota asko bizi dute. "Gurasoak, gu aritzetik aparte, oso zaleak dira", esan du Iñakik. "Aitak frontoi asko zapaldu ditu, bai Mikelekin eta bai nirekin ere, eta orain ere ia beti joaten da nire partidetara. Ama gutxixeago, nerbioekin-eta okerrago pasatzen du eta etxetik bizitzen ditu". Mikelek dioenez, gurasoek utzi diete bidea egiten beraiei iruditu zaien moduan: "Meritu handia izan dute noraino sartu jakiteko, noraino baldintzatu pilotaren eta bertsolaritzaren gure bidea. Datorrena hartuz, gure martxan utzi digute. Eta horregatik uste dut gusturago egiten dugula ere".

Bakoitzak hartu duen bidea irudikatzeko badute pasadizo bat. Azkoitira joan ziren herriarteko pilota txapelketa jokatzera, bakoitza bere mailan, eta Iñakik egun berean eskolarteko bertso txapelketa zuen, Azkoitian bertan. "Bertso saioa bukatu ondoren, Iñakiri 'hi pilotan aritzen haiz,ezta?' esan zioten, eta pilota partidak bukatu ondoren, niri 'hi bertsotan aritzen haiz, ezta?' esan zidaten", gogoan du Mikelek. "Garbi geratu zen bakoitzaren eremua zein zen".

Bizikleta gaineko asteroko arnasaldia

Bizikleta gaineko asteroko arnasaldia

Iganderoko bizikleta buelta "derrigorra" du Jose Angel Arrotaonandia Alberdik (Zarautz, 1972). Astea lasaiago pasatzen laguntzen dio. Baina, bakarrik ezin ibili, eta Josu anaia (Zarautz, 1973) du tandemeko gidari."Jose Angelentzat, bizikletan ibiltze...

Futbolaren aurretik, bertso derbia

Realaren eta Athleticen arteko azken partidetan egin bezala, Real Sociedad Fundazioak igande honetarako bertso derbia antolatu du. Arratsaldeko futbol partidaren aurretik, bertsoez gozatzeko aukera izango da Donostiako Antzoki Zaharrean. 12:30etik aurrera, sei bertsolari arituko dira kantuan; Realaren aldetik, Amets Arzallus, Andoni Egaña eta Maialen Lujanbio; eta, Athleticen aldetik, Igor Elortza, Jon Maia eta Jone Uria. Gai-jartzaile lanak, berriz, Aitzol Barandiaran kazetari eta bertsolariak egingo ditu.

Bertso derbia

Donostiako Antzoki Zaharrean, 12:30ean hasita.

Errugbiarekin zaletzen

Irun, Hendaia eta Hondarribiko haurrak baloi obalatu batek eta H forma duten zutoinek ere batuko dituzte hemendik aurrera. Izan ere, hiru herri horietan martxan jarri berri dute haurrentzako errugbi eskola. Hendaiako Stadek eta Rugby Club Irunek sustatu dute eskola, Bidasoa-Txingudi Mugaz Gaindiko Partzuergoaren laguntzarekin. Akitania-Euskadi Euroeskualdeak ere diruz laguntzen du proiektua.

Joan den azaroaren 23an aurkeztu zuten errugbi eskola berria, Hendaiako Ondarraitz estadioan. Hiru udaletako ordezkariak zein kirol mundukoak izan ziren hitzarmena sinatzen eta ondorengo aurkezpenean.

Iñaki Alberdi Irungo errugbi taldeko presidentea izan zen hitzarmenaren sinatzaileetako bat. Gogorarazi duenez, partzuergoari bi klubek egin zioten proposamena, "ekonomiaz eta beste hainbat gauzari buruz arduratzeaz gain, kirola ere laguntzen dutelako". Hala ere, "arazo" bat dagoela aitortu du Alberdik: "Kontua da, Irunen eta Hondarribian, haurrek 12 edo 13 urtera arte ezin dutela kirola aukeratu, Eskola Kirola egin behar dutelako. Gero bakoitzak nahi duena hauta dezake". Horregatik, adin horretako ikasleekin errugbia ikastetxeetan lantzen hasi dira, Hendaiako zein Irungo errugbi taldeetako begiraleekin. Euskara, gaztelera eta frantsesa hitz egiten dute begirale horiek.

Udalerri bakoitzeko ikastetxe banatan hasi dira bidea egiten, "proba gisa". Hezkuntza fisikoko eskola orduetan errugbiaren hastapen saioak egingo dituzte. Astean bi orduz izango dira, eta bost aste iraungo dute eskolek.

Eskola horiez gain, pixka bat haratago joan nahi dute Txingudi Rugby Eskolako kideek: udaberrian txapelketa txiki bat egin nahi dute ikastetxeen arteko partidekin. "Euren maila zein den ikusi nahi dugu", azaldu du Alberdik. Pixkanaka gainontzeko eskoletara hedatu nahi dute.

Egoera desberdinak

Errugbi zaletasuna ez dago maila berean Ipar eta Hego Euskal Herrian, eta horren jakitun dira proiektuaren bultzatzaileak. "Hendaia, Donibane Lohizune, Miarritze eta abarretan indar handiagoa du errugbiak, kirol nagusia da. Bidasotik honantz, alderantziz da; futbola besterik ez dago", iritzi dio Alberdik. Bi kluben egoera ere desberdina da. Hendaiako taldeak ehun urte dituela nabarmendu du, eta Irungoak, berriz, 45. "Hor ere badago aldea". Hori horrela, errugbi zaletasuna bultzatu nahi dute eskolaren bidez: "Irun eta Hondarribiko haurrek kirol hori gehiago ezagutzea da gure asmoa".

Uste dute errugbiak "aukera asko" ematen dizkiela haurrei, eta interesgarria dela haientzat errugbian aritzea. Haren esanetan, muga fisikorik ez dago, beste zenbait kiroletan bezala: "Garaiera altukoek, txikiek, argalek, lodiago daudenek... edonork joka dezake errugbian; ez dago patroi jakinik". Gainera, beste mota bateko balioak eskaintzen dizkie kirol hori egiten dutenei: "Epailea zein arerioa errespetatzen dira, eta, gainera, partida bukatuta hirugarren zatia jokatzen da, beste taldearekin". Balio horiek hedatu nahi dituzte.

Orain arte, igandetan

Txingudi Rugby Eskola ez da Irungo haurrek ezagutu duten gisa horretako lehenengoa. Izan ere, Lehen Hezkuntzako ikasleek orain arte igandeetan bakarrik egin ahal izan dituzte entrenamenduak, Eskola Kirolarengatik. "Astearte eta ostegunetan, futbol, eskubaloi edo saskibaloiko entrenamenduak izaten dituzte. Larunbatetan, berriz, partidak jokatzen dituzte. Gainontzeko kiroletarako, errugbia barne, igandea eta astelehena bakarrik geratzen dira libre", azaldu du Rugby Club Irungo presidenteak.

Egun, zehaztu duenez, haurren mailan, kimuetan eta benjaminetan eskola bana dute, eta guztira 60 bat haur dira. Zifra "polita" dela uste du, baina jokalari horiek, adina aurrera joan ahala, kirola uzten joan daitezkeela uste du. Ziur Txingudi Rugby Eskolak indar handiagoa emango diola kirolari Bidasoaren bi aldeetan.

Haurtzaro lapurrak

Lehengo batean, goizean lanerako bidean nindoala, lagun batekin eta alabatxoarekin elkartu nintzen. Alaba triste zihoan ikastolara. Zazpi urteko neskatilak itsasoari buruzko ipuin bat eraman behar zuelako klasera eta berak Pirritx, Porrotx eta Marimototsen bat aukeratu zuelako, eta bazekielako gelako mutilek barre egingo ziotela.

Bai, hala daude kontuak: umeendako pailazoak gustuko izateagatik barre. Antza, nagusiegiak dira horretarako. Badirudi mutiko horiei futbola gustatzen zaiela eta neskatoei Violetta —lehen Hanna Montana izango zen, baina modak aldatu egien dira, futbol jokalariak zahartu ahala—. Ama eta biok animatzen ibili ginen umea, pailazoak gustatzea ondo zegoela eta berari gustatuz gero, hor konpon beste guztiak, ez ziela jaramonik egin behar esaten jardun genuen; eta barre egiten bazioten "eta zer!" ozen bat jaurti behar ziela. Baina uste dut gure diskurtsoak ez zuela gehiegi konbentzitu.

Agurtu nituen eta gaiari bueltaka ibili nintzen luzaroan, nahiko hunkituta laga ninduelako neskatoaren tristurak. Oso gogorra iruditu zitzaidan zazpi urteko haurrendako pailazoak txikien kontua izatea, eurak nerabeak balira bezala. Eta orduan Jose Ignazio Piter Ansorenari, Mirriri, egindako elkarrizketa batean irakurri niona gogoratu nuen. Berak zioen Txirri, Mirri eta Txiribitonen aurreko urteetan ikuskizunetara hamar-hamaika urteko umeak joaten zirela, eta denbora joan ahala haurren adina gero eta baxuagoa zela. Bere esanetan, haurtzaroa murriztu egin diegu umeei, aurre-nerabezaroan jartzen ditugu goizegi. Esango nuke, ikusitakoa ikusita, Ansorenaren esperientzia hori beste pailazoei ere gertatzen zaiela, eta kontu orokortua dela.

Zein tristea den, baina! Umeak desumetu egiten ditugu, gaztetxo bihurtu, behar baino lasterrago, horrek dakarren guztiarekin. Nerabezaro amaiezina jasaten dute/dugu horrela. Txarrena da pubertaroan sartzen direla, pubertaroaren aldaketa fisiologiko eta mentalik gabe, eta ematen dizkiegun ereduak guztiz sexualizatuta eta genero estereotipoak zeharo markatuta daudela: neskak, emakume pinpirin, makillatu eta tuntun; eta mutilak, gizontxo patetikoak indarra eta oilarkeria demostratu nahian.

Hala kontatu dit lagun batek, behintzat, 11 urteko iloba neska duena: makillaje, itxura eta abarrak baino ez omen dituzte berak eta bere lagunek buruan, Disney Channel-i esker, itxura denez. Izan ere, telebista kate horretan sit-com direlakoek eredu horiek zabaltzen dituzte, zeharo estatubatuarrak oso sexualizatu, banandu eta estereotipatuak. Galdetu beharko genuke zein den helburua, zergatik ostu nahi diguten bizitzako sasoirik ederrenetakoa, zergatik kendu nahi diguten inozentzia, zergatik niniak heldu bihurtu nahi txepel hori. Zer interes ekonomiko, sozial eta politiko ote dagoen horren atzean.

Ikaragarria begitantzen zait hau guztiau. Ume denborak luzea izan beharko luke, kantu, jolas eta barre artean bizitzekoa, itxura eta modari erreparatu barik, helduon eguneroko arazo txotxoloetatik kanpo, inork barre egiten badie "…eta zer?" ozen baten planto egin eta jarki daitezen, dibertitzen ibili, barrezka, arboletara igota, eta txiribueltaka lurrean, zoro, alai…

‘Lillonarios’: izango ez dena

Gogoan dut ezagun batek esan zidala nola, egun motela gurutzatzen zitzaion bakoitzean, aldartea suspertzeko bere ezkontzako erretratuei begiradatxoa botatzea nahikoa zuen. Egokia iruditu zitzaidan norberaren tristezia kontsolatzeko makina edukitze hor...

Osatu, osotu, trinkotu

Zer ote dute udazken eta udaberriko asteburuek plan, ekintza eta erreibindikazioz beteta daudela? Biharko, Gure Esku Dago-koek mosaiko erraldoia antolatu dute Zurriola hondartzan Katalunian etzi egingo den kontsultari babesa adierazteko asmotan, goizean. Arratsaldean, berriz, Ziburun Kaskarotenea ikastolaren aldeko manifestazioa izango da. Gauza gehiegitxo larunbat bakar batentzat, nire iritzirako.

Hau da, koordinazio pixka bat beharrezkoa litzateke, bakoitzak bere astoari arre esan beharrean eta besteei hor konpon. Arrain txikien kasuan bai, handiari begiratzen zaio, handiak (edo handiaren ekitaldiak) txikiarena jan ez dezan. Hori ez da ez trinkotzea, ez herria egitea, kohesioa lortzea. Ez genuke jardun beharko elkarri begira, elkarri entzunez, denok garrantzitsu?

Larregitan ibiltzen gara epe laburreko kontuetan, beharbada gure egoera prekarioagatik, eta maiz erantzuna brastakoa izan behar delako, azken orduko larrialdi eta injustiziei erantzuna emateko. Baina horrek hustu eta higatu egiten gaitu, eta behin baino gehiagotan lepoa moztutako txitak bezala gabiltza, nora ezean gauzak eta ekimenak egiten, pentsatu gaberik, egin egin behar delako...

Herri santu/madarikatu honetan (aukeratu zuk, irakurle, gehien gustatzen zaizun adjektiboa), uste dut, gainera, sarri askotan kanpora gehiegi begiratzen dugula, barrura begiratu beharrean. Kanpolarrosa samarrak garela, alegia; horrek dakarren guztiarekin: etxekardo izatea, edo nahiago baduzue, etxekalte. Baina gure kanpoeder izaera hori ere ez dugu ondo erabiltzen, kopiatzen ere ez dakigu eta! Kataluniari begiratzen diogu, baina ez gara gai han sortu dutena hemen berregiteko, handik ikas genezakeena ondo inportatzeko.

Katalunian jendeak egin du bultza, behetik gora, trinkotuta eta elkartuta. Baina gurean ez ote gaude zatikatuegi? Ez ote ditugu besteak susmagarritzat hartzen? Gure lakoak ez direnei —ez soilik politikoki— ez ote diegu autentikotasunaren labela ukatzen? Oso sakabanatuta gaudelakoan nago. Alde batetik estatuen arteko zorigaitzeko muga hori, elkarri begiratu beharrean elkarri bizkarra emanda bizitzera kondenatu gaituena, oraindik ere Euskal Herri kontinentaleko euskaldunak exotiko eta berezitzat hartzera garamatzana penintsularrok. Ahaztu barik probintzianismo merkea, hondartza-txizati eta onddo-lapur etiketapean sailkatzen gaituena, guipuchi eta vizcaino, faltsuak eta kortesak, elkar ezagutu barik batak bestearenganako mesfidantzaz. Eta futbola aipatu gabe, askorentzat hori baita herri bakarra… Horrela nola egin (ab)herria, nola osotu komunitatea?

Hala eta guztiz ere, dena ez da izango kritika, hausnarketarik eza eta irreflexioa. Badugu ekimen zoragarri bat —ez da bakarra, baina bai agian berriena—, herria egiten ari dena, osatzen, elkarri begira jartzen gaituena, aurrez aurre, mapa erditik tolestu eta elkarri muin emateko moduan, Errigora, alegia: gure hegoalde fisikoko ekoizleei erosi, bitartekaririk gabe, eta etekinak atzera ere inbertitu hantxe, euskararen alde. Bertako produktuak bultzatu, ingurunea zaindu, bertan lanpostuak mantentzen lagundu eta euskara indartu, era xumean eta gozoan, tripa bete eta animoa goratu. Hala bai osatu, osotu eta trinkotu.

Mareak ezabatu du sexismoa

Kontxan jokatutako futbol partidak amaituta, taldekideek argazkiak atera zituzten elkarri helduta, talde profesionalek zelairatzean egiten duten gisan. Ez zen gutxiagorako, joan den igandean Donostiako hondartzan ikusitako irudia esanguratsua izan baitzen oso.

Orain arte bosgarren eta seigarren mailako neskek belar artifizialeko zelaietan jokatu behar izan dute futbolean. Izan ere, leku falta dela eta, azken urteetako antolatzaileen erabakia izan da hondartzan mutilek eta talde mistoek baino ez jokatzea. Orain dela bi urte guraso talde batek salatu zuen erabakia "errespetu irizpideen aurkakoa" zela eta arduradunek nesken futbola ikusgarritasun gutxiagoko lekuetara mugatzen zutela. Generoen berdintasuna bermatzeko asmoarekin, Iñigo Lamarca arartekoarengana jo zuten, kexa arduradunengana hel zedin. Bi urte igarota, igandean beren aurreneko partidak jokatu zituzten bosgarren mailako neskek Donostiako Kontxan.

"Aurpegian nabaritzen zitzaien pozez zoratzen zeudela", azaldu du Aitor Jimenezek, Santo Tomas Lizeoko nesken entrenatzaileak. Futbolean jokatu izan du Jimenezek berak, baina orain bazter batetik ikusten du jokoa, gaztetxoei aginduak emanez. "Ez zuten ulertzen beraiek zergatik jokatu behar zuten zelai artifizialean eta mutilek hondartzan. Neskek zein mutilek nahiago dute Kontxan jokatu. Hemendik hogei urtera gauza eder baten moduan oroituko dute".

1990eko hamarkadaren azken urteetan neskaz zein mutilez osatutako taldeek jokatu izan zituzten beren partidak Donostiako itsasertzean marraztutako zelaietan. Pare bat urtez baino ez zuten partekatu elkarrekin joko zelaia, neska talde oso gutxi osatu baitziren hurrengo urteetan. Geroztik, mutilentzako barruti pribatua izan da Kontxa, nahiz eta talde mistoetan neskek ere jokatzerik izan duten. Azken urteetan neskaz osatutako talde ugari eratu arren, belar artifizialeko zelai gainean ibili behar izan dute baloiari ostikoak ematen. Santo Tomas Lizeoko kirol koordinatzaile Xabier Ezeizaren esanetan, erabaki horretan eragina dute adin horretako mutil eta neskek eskolaz kanpoko kirolak lantzeko dituzten egutegiek ere. Bosgarren eta seigarren mailako ikasleek gutxienez bi kirol landu behar dituzte urtean, eta mutil gehienek hondartzako futbola hautatzen dute lehen kirol gisa. Horregatik, ikasturte osoan asteburu batean hondartza futbolean aritzen dira, marea behean dagoenean, eta hurrengo asteburuan, hautatutako bigarren kirola praktikatzen dute, marea goian dagoela aprobetxatuz.

Nesken egutegia, aldiz, naturalagoa da, ikasturte erdian astebururo kirol bat praktikatzen baitute, eta bigarren ikasturte erdian hautatutako beste kirola. Neskek lehen urte erdi horretan astebururo futbol partidak jokatu behar zituztenez, belar artifizialean egitea erabaki zuen federazioak, argudiatuz bi astetik behin Kontxako hondartzan jokatzen ziren partidetan ez zegoela talde guztientzako lekurik.

Marea behean dagoenean Kontxako hondartzan hamabost jokalekutarako tokia dago, eta, hiru txandatan banaturik, guztira berrogeita bost partida jokatzen dituzte. Orotara, 90 taldek parte hartzen dute. Aurten, esaterako, mutilez osatutako 91 taldek eta neskaz osatutako 26k eman dute izena.

Irizpide aldaketa

Mutilek eta neskek eskubide berak izan ditzaten, iraila iritsi aurretik hainbat bileratan parte hartu dute Donostia Kirola elkarteak, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Gipuzkoako Futbol Federazioak, Realak eta Donostiako ikastetxeek. Bileren emaitza izan da lehen indarrean zegoen irizpidea aldatzea. Aurten, mailen arabera banatuko dute; lehen ikasturte erdian bosgarren mailakoek jokatuko dute futbolean, eta bigarren ikasturte erdian seigarren mailakoek.

"Egutegi berri bat behar zen, eta, azkenean, orain arte neskek erabili duten egutegia erabiltzea erabaki genuen. Hau da, ikasturtearen lehen erdian futbola praktikatzea, eta ikasturtearen bigarren erdian beste kirola", dio Ezeizak. Baina espazioaren arazoak hor zirauen. Hori ikusita, ikasturtea mailaren arabera banatzea erabaki dute. Hortaz, "marea behean dagoen asteburuetan Kontxan jokatuko dute, eta marea goian dagoenetan, berriz, belar artifizialeko zelaian". Orain dela bi asteburu hasi zuten liga txapelketa bai mutilek eta bai neskek; hain zuzen ere, Añorgako instalazioetan.

Hala ere, beste arazo bat sortu da: Gipuzkoako Futbol Federazioak, zeinak orain dela 71 urtetik hondartzako futbola antolatu duen, uko egin dio aurtengo saioak antolatzeari, haren esanetan formatu berriak txapelketaren egitura aldatu baitu. Hori ikusita, ikastetxeek antolaketa bere gain hartzea erabaki dutela azaldu du Ezeizak: "Gure lehentasuna gure ikasleek parte hartzeko aukera izatea da. Horregatik, hiru ikastetxeren artean antolatzen ari gara arbitrajeak —Santo Tomas Lizeoa, Axular Lizeoa eta Luberri—, kirol klubak ere bagarelako. Halere, gainontzeko ikastetxeek laguntzen dute, eta Donostia Kirolak da egutegiaren arduraduna"