Kultura

Makilkarien arrastoan

Makilkarien arrastoan

Iñigo Terradillos

Hainbat kanta, dantza eta jokoren protagonista da makila euskal kulturan. Komunikatzeko tresna moduan ezaguna da, mitologian bada makilarekin lotutako kondairarik, eta politikan, berriz, agintea ematen dio makilaren jabe denari. Ezezagunago da, baina, euskal makil borrokarako erabilpena. 1970eko hamarkadara arte egon zen bizirik, eta makilkaria 30 lagunez osatutako talde bati aurre egiteko gai omen zen.

Kasualitatez izan zuen makil borrokaren berri Iñaki Ganboa oiartzuarrak. Siziliako (Italia) herritar batzuk ezagutu zituen, eta beraiekin hango makil borroka ikusten ari zela aipatu zioten jatorria Euskal Herrian zuela sistema hark. Horren inguruan ezagutzarik ez zuenez, ikertzen hasi zen, eta azken hamar urteotan informazio eta lekukotza ugari bildu du.

Ganboak azaldu duenez, jendeak makil jokoa deitzen zion borroka sistema horri, eta norbere burua babesteko erabiltzen zuten. "Gero ikusi da beste helburu batzuetarako ere erabiltzen zela, lapurretarako, esaterako". Makil jokoa egiten zutenek makilkari izena hartzen zuten. Informazioa bilatzeko orduan, idatzietara eta liburuetara jo du oiartzuarrak, eta uste baino gehiago topatu du, batez ere Ipar Euskal Herrian. "Agian izan daiteke, berez, han Hegoaldean baino arruntagoa zelako idaztea XVIII. eta XIX. mendeetan".

Gizartea "geroz eta seguruagoa" bilakatuz joan zen heinean, makil jokoaren erabilpena galduz joan zen, "ez baitzuten beharrezko ikusten defentsa edo erasorako tresna gisa". Hori bai, desagerrarazteko azken kolpea 36ko gerrak eman zion, eta orduan galdu zen ia erabat. "Errepresio handia izan zen garai hartan, eta, borrokarako erabiltzen zenez, makilkariak asko estutu zituzten", dio Ganboak. "Nabarmentzekoa da, gainera, borroka mota horietan aritzen zirenek ez zutela izen ona izaten, eta familiatik ezkutuan aritzen zirela makil jokoan". Horiek horrela, jendeak hurrengo belaunaldiei ez erakustea erabaki zuen, eta horregatik egon da tradiziotik ezabatuta, Ganboaren ustetan.

Lekukotzen bila

Zaila da gaur egun makilkari izandakoak topatzea. Adinekoak direlako, izen ona ez zutelako, eta makilkariak izan zirela aitortzeko beldur direlako: "Geratzen diren apurretako batzuekin solasean aritzeko aukera izan dut, eta hasieran urduritasun apur bat adierazten zuten, beldur baitziren beraiek borrokaren batean min egindako norbaiten sendikoa ote nintzen".

Makilkarien arrastoen atzetik Euskal Herriko herri askotatik igaro da Ganboa. "Idatzietan aurkitutako informazioari jarraiki, barrualdeko hainbat herritan izan naiz, artzain girokoetan, itsasertzeko herrietan ez baita makil jokorik izan". Azpeiti, Azkoiti, Errezil, Beizama, Amezketa, Zaldibia, Hernialde, Zizurkil eta Markina-Xemeinen (Bizkaia) aurkitu du aztarna gehien. Herri horietan makil jokoa gogoratzen duen jendea topatu du, eta beraiek kontatutakotik nahiz idatzietan irakurritakotik, XX. mende hasieran borroka mota hori oso ohikoa dela ondorioztatu du. Hori bai, XVIII eta XIX. mendeak izan ziren makil jokoaren gailurra; hainbat gerratetan, lehenengo gerra karlistan kasurako, makilkariek parte hartu zuten. Napoleonek berak ere makilkariz osaturiko taldea zuen borrokarako.

Azken aztarnak, 1976. urte ingurukoak, Amezketa eta Zaldibia inguruan topatu ditu Ganboak. Abeltzaintza munduarekin lotura izatea makila artzainen edo baserritarren tresna izatearekin arrazoitzen du. "Beraiek erabili dute, eta, ondorioz, beraiek eman zioten erabilpen hori". Eta erabilpenean ere badira aldaerak; izan ere, Ganboak 1,20 metroko makilarekin egiten zena ezagutu badu ere, ba omen zegoen 40 zentimetrokoarekin, 80-90ekoarekin eta ia bi metrokoarekin egiten zen makil jokoa.

Ezagutu duen teknika hori ikasi eta nahi duen orori irakasten ere ari da Ganboa. Oiartzungo kiroldegian biltzen da asteartero makilkariz osaturiko taldetxo bat, antzinako euskal borroka arte horretan trebatzera. Eta, hara, herriko nahiz Euskal Herriko hainbat txokotatik iritsi da jendea gaiarekin interesa azalduta.

Jon Ander Galarraga alegiarra, esaterako, bizpahiru urtez aritu da makil jokoa ikasten. "Euskal Herrian makilarekin lotutako borrokarik nolatan ez den egon pentsatzen jarrita, Interneten informazioa topatuta hasi nintzen Oiartzun aldera joaten". Borroka oso pragmatikoa ikasi duela dio, "mugimendu justu eta zehatzekin, oso azkarra". Aitortzen du beste borroka motekin alderatuta ez dela hain ikusgarria, "mugimenduetan ez daudelako besteetan eman daitezkeen jauzi eta bira konplexuak, baina, oso bortitza da". Galarragak garrantzi handia ematen dio Oiartzun inguruan egiten ari diren lanari: "Gure kulturaren zati da, dantzak eta musika den moduan, eta horiek gogoratu eta berreskuratzeko ahalegina egiten bada, gauza bera egin beharko litzateke makil jokoarekin; beraz, zoriontzen ditut egiten ari direnagatik".

Borrokak dituen aurpegi onenak

Borrokak dituen aurpegi onenak

Maite Alustiza

Gaua lagunekin pasatu ondoren etxera zihoala hil zuten Noxolo Nogwaza aktibista feminista eta lesbiana. "Basatiki". Bortxatu, torturatu eta hil arte jo zuten; "antza denez", haren sexu orientazioagatik. Hil ondoren estolda batean bota zuten gorpua. Ez dakite nork edo nortzuek. Hegoafrikan gertatu zen 2011. urtean, Kwatheman, Johannesburgotik gertu. Nogwazak 24 urte zituen.

Neskatilaren aurpegi lausotua da bisitariak aurkitzen duen lehen irudia Maitatzea ez da delitua. Gure borroka Afrikan erakusketan, Donostiako Udal Liburutegian, Alderdi Ederren. Amnesty International erakundeak antolatu du, eta Giza Eskubideen Zinemaldiaren barruan txertatu dute. Apirilaren 22ra arte egongo da irekita.

Nogwazarenak eta beste 26 argazkik homofobiaren eta transfobiaren aurkako borroka irudikatzen dute, Afrikako bost herrialdetako gizon-emakumeen bitartez: Kenya, Hegoafrika, Kamerun, Zambia eta Uganda. AIk Madrilgo artxiboan zituen hainbat argazkirekin eta Ugandatik jasotako beste zenbaitekin osatu dute erakusketa; irudietako asko Kenyan lanean dabilen Pete Muller argazkilariarenak dira.

"Homofobia globala da, toki guztietan dago, Euskal Herrian ere bai". Aimar Rubio Amnesty Internationaleko kide eta erakusketako koordinatzailea da. Azaldu duenez, "errealitate gordinak" plazaratu nahi dituzte, baina modu positiboan: "Ideia da borroka hau kalearekin konektatzea, diskurtso homofobo eta transfoboa erakutsi eta gainditzea". Bidez batez, herritarrak ahaldundu daitezen nahi dute.

Rubiok gogorarazi du oraindik ere hainbat herrialdek homosexualitatea kriminalizatzen dutela, eta legez kanpokoa dela zenbaitetan. Era berean, ordea, egunero eskubideen alde jarduten duten aktibista eta anonimo ugari dago: Nogwazari eskainitako erretratuen alboan daude Jean-Claude Roger Mbede kamerundarrarenak. Biei ala biei omenaldi berezia egin nahi izan die Amnesty Internationalek, "maitatzea delitua ez dela defendatzeagatik" bizia galdu zutelako.

Nogwaza bezala, Mbede ere "ikonoa" izan zen lesbiana, gay, transgenero, bisexual eta intersexualen (LGTBI) giza eskubideen aldeko borrokan. Hiru urteko espetxe zigorra ezarri zioten 2011n gizon bati, Maite zaitut zioen SMS bat bidaltzeagatik. Baldintzapeko askatasuna lortu zuen 2012ko uztailean, eta handik bost hilabetera 36 hileko zigorra berretsi zioten. Kartzelan sartzea saihesteko, ezkutatuta egon zen, 2014ko urtarrilean hil zen arte.

Gogortasunaren gainetik, irribarreak ikus daitezke argazki askotan. Irudietako batean, homosexualen aurkako legearen ezeztapena ospatzen ari dira, Ugandan, 2014ko abuztuan. Lege horrek, besteak beste, kriminalizatu egiten zuen homosexualitatearen "sustapena", GIBaren probak nahitaezkotzat jotzen zituen baldintza batzuetan eta bizi guztiko kartzela zigorra aplikatzen zuen sexu bereko pertsona batekin ezkontzeagatik.

Han dabil Christopher Senyonjo gotzaina, LGTBI komunitatearen alde lanean. AIk erakusketan jaso duenez, oso garrantzitsua da "Elizaren erasoa" jasaten duten pertsonei ematen dien laguntza espirituala, Eliza ebanjelikoak herrialde horretan homofobia sustatzen baitu. Pepe Julian Onziema ugandar aktibistaren testigantzak erakusten du herrialdean zerbait aldatu dela: "Askotan jasan ditut erasoak eta jazarpenak Kampalan. Hiriko erdigunea da lekurik beldurgarriena [...] Nolanahi ere, joan den hilean bertan paseatzen ibili nintzen, eta, lehen aldiz, ez zitzaidan ezer gertatu". Argazkiaren izenburuak laburbiltzen du erakusketaren aldarria: "Etorkizuna hobea izango da".

Euskal Herritik justizia eske

Amnesty Internationalen barruan ari da lanean Euskadiko Aniztasun Afektibo Sexualeko Taldea. Indarra bi kasutan jarria dute: Nogwazarenean eta Turkiako Ahmet Yildiz gaztearenean. Bietan justizia eskatzen dute.

Nogwazaren kasuan, hilero eskutitz bat bidaltzen diete Hegoafrikako agintariei. "Poliziak eta agintariek ez dituzte gorroto krimenak ikertzen. Hori eskatzen diegu, iker dezatela". Aurki izango da Nogwazaren hilketaren bosgarren urteurrena —apirilaren 24an—, eta horren bueltan, kasuaren inguruan argitaratzen ari den materiala bildu eta Afrikara bidaliko dute, babesa adierazteko. "Hegoafrikan emakumeekin egiten dutena izugarria da; bortizkeria sekulakoa da".

Yildizen alde ere ari dira. LGTBI komunitatearen aldeko aktibista zen, eta 2008an hil zuten, 26 urte zituela. Besteak beste, AIk salatu du hil aurretik gazteak jarri zuen salaketa ez zutela ikertu —hilketa baino hilabete batzuk lehenago salatu zuen familiako hainbat kidek mehatxu egin ziotela—. Susmagarri nagusia Yildizen aita da, baina ez dute kasua argitzeko neurririk hartu.

“Beste soinu bat lortu dute oraingo bandako kideek”

“Beste soinu bat lortu dute oraingo bandako kideek”

Julene Frantzesena

Aita-semeak dira Jose Luis Frantzesena (Azpeitia, 1942) eta Unai Frantzesena (Azpeitia, 1974). Odolak ez ezik, musikak ere lotzen ditu. Izan ere, Jose Luisek 1986an hartu zuen Azpeitiko Udal Musika Bandaren gidaritza; Unai semeak, berriz, 2007ko irailean eutsi zion aitaren lekukoari, eta bera da egungo zuzendaria. Azpeitiko Udal Musika Banda 150. urteurrena ospatzen ari da aurten, eta aita-semeek bandaren iragan laburreko ibilbideaz hitz egin dute.

150 urte. Erraz esaten da...

JOSE LUIS FRANTZESENA: Bai, urte asko dira. Bigarren Karlistadaren ostean, herri askotan sortu ziren bandak. Herrietako orkestrak dira.

UNAI FRANTZESENA: Beste hainbat bandak ere ospatu du 150. urteurrena. Azkoitikoak, esaterako, datorren urtean beteko du urtemuga. Imanol Elias zenak idatzitako efemerideen liburuan ikusi genuen duela 150 urte bandarako instrumentuak erosteko diru saila jarri zuela udalak. Hura hartu genuen datatzat, baina orain anaia hasi da bandaren inguruko liburua idazten, eta lehenagoko datak agertzen dira artxiboan eta.

Bandan hastean, zerekin egin zenuten topo?

J.L.F.: Zuzendari hasi nintzen, hala proposatu baitzidaten. Kopuruz, banda txikia zen orduan; 22 edo 23 lagunekoa. Bitan banatuta zegoen gainera, eta, poliki-poliki, lortu genuen bat egitea. Ordutik ez da hausturarik izan, eta ikaragarria da hori. Konpromisoa eskatzen du bandak, eta iraun dezan lana egin behar da. Orain martxa onean dago.

U.F.: 15 bat urterekin hasi nintzen ni. Aitak xilofonoa ekarri zuen etxera, eta hura jotzea erraza iruditu zitzaidala esan nion. Bandan hasteko esan zidan, eta halaxe egin nuen. Zuzendari moduan, bederatzigarren ikasturtea dut hau. Dena den, bandan jotzetik hura zuzentzera saltoa dago.

J.L.F.: Zuzendari nintzenean, lehengo jendeak osatzen zuen banda. Bandan bertan pixkanaka ikasitako jendea zen, eta zaila zen errepertorio berria egitea.

Zertan aldatu da musika banda urte guztiotan?

J.L.F.: Aldaketa ikaragarria izan da. Unai zuzendari hasi zenetik, izugarri hobetu da banda.

U.F.: Zuzendari postua hartu nuenean, ikasle guztiak bandako akademiatik musika eskolara bideratzen hasiak ziren. Erabaki hori hartu zen, eta ondo prestatutako gazteak daude orain bandan.

J.L.F.: Batetik, erritmoan hobetu da. Bestetik, afinazioan. Nik, adibidez, ez nuen lortu klarinetea afinatzea; gaizki ibiltzen nintzen beti. Oraingo bandako kideek beste soinu bat lortu dute. Horrez gain, errepertorioa ere aldatu da. Izan ere, orain errazagoa da partiturak lortzea. Gure garaian, partitura asko eskuz eginak ziren, eta fotokopiagailurik ere ez zegoen...

U.F.: Soinua aldatu da, eta perkusio alorrean beste aukera bat daukagu. Instrumentu berriak erosi ahal izan ditugu, eta zaharrak pixkanaka baztertu.

J.L.F.: Udalaren laguntza izan dugu beti. Instrumentuekin ere asko lagundu izan du, eta, eskerrak, ze ni bandan hasi nintzenean zituzten instrumentuak...

Osasuntsu al dago Azpeitiko banda?

U.F.: Bai, ia 60 lagun izatera iritsi gara. Gazteak musika eskolatik datoz, eta haiekin banda gaztea osatu dugu. Kontua da denei ez zaiela ematen bandara sartzeko aukera, ez dagoelako tokirik instrumentu batzuetan, eta ikasle batzuk gogoarekin daude. Unibertsitatean hasten direnean-eta, gazte askok uzten du banda, baina orain 45 bat lagun inguruk osatzen dugu. Dena den, boladak izaten dira. 150. urteurrena dela eta, batzordea dugu osatua, gauzak antolatzeko, eta giro ederra dugu. Bandan garrantzitsuena giro ona edukitzea da.

J.L.F.: Talde guztietan moduan, giro ona izatea da gakoa. 80 urte inguruko hiru kidek, Iñaki Alberdik, Javier Bergarak eta Felix Gurrutxagak, 50 urte egin dituzte, gutxienez. Gainerako gehienak nirekin hasitakoak dira.

150. urteurrenak balio al dizue bandaren historiaren berri izateko?

U.F.: Gutxi gorabeherako historia badakigu, baina gauza asko pasatu dira bandaren ibilbidean, eta horien berri zehatzago izateko balioko du aurten argitaratuko dugun liburuak.

J.L.F.: Bandak gorabehera asko izan ditu. Gaztetxoa nintzeneko San Sebastian eguneko diana baten oroitzapena dut. Gero, zortzi-bederatzi urte egon zen Azpeitia bandarik gabe. Historia jasotzea garrantzitsua da.

Udal musika banda izanik, zer hitzarmen duzue udalarekin?

U.F.: Hitzarmenean egutegia dugu jasoa. Ekitaldi horiez gain, beste pare bat eska ditzake udalak. Dena den, hitzarmena moldatu egiten dugu urtero.

J.L.F.: Hitzarmena 1926koa-edo da, eta, ordutik, Aste Santuko prozesioa-eta kenduta daude. Aldaketak izan dira urtez urte.

Herriko beste kultur taldeekin zer harreman duzue?

U.F.: Saiatzen gara elkarlanean aritzen. Koruarekin, argazki elkartearekin, dantzariekin eta abarrekin egin izan ditugu ekitaldiak, nahiz eta muga bat baino gehiago dugun; batez ere, errepertorio aldetik eta.

Eta beste herrietako bandekin?

J.L.F.: Duela urte asko, Gipuzkoako Banden Elkartea sortu genuen. Bide onetik hasi bazen ere, denborarekin indarra galdu zuen.

U.F.: Harremana dugu hainbat bandarekin. Gainera, jendea behar denean, elkarri deitzen diogu tronpeta-jotzailea edo klarinete-jotzailea behar dugula esanez.

Nola ikusten duzue etorkizuna?

U.F.: Badu etorkizuna, baina lana egin beharko dugu eusteko. Musika eskolan jende asko ari da haizezko instrumentuekin, eta horiek dira bandaren oinarria. Alde horretatik, jarraipena izango duela dirudi.

Ingurukoari forma emateko bi forma

Ingurukoari forma emateko bi forma

Maite Alustiza

Ematen du guk elkar ezagutu baino lehen bildumek elkar ezagutzen zutela". Pasaia Hiria-Xabier Portugal poesia lehiaketan lehen saria jaso berri du Garazi Ugalde Pikabeak (Lezo, 1988), Morfologiak lanarekin. Euskarazko bigarren bildumarik onena, berriz, Anartz Izagirre Zubimendiren (Azpeitia, 1994) Forma geometrikoak zure baitan izan da. Sariketako gaia librea izan arren, "kasualitatez" formei erreferentzia eginez ondu zuten biek izenburua. Bat datoz: desberdinak izan arren, bi olerki bildumek ondo baino hobeto osatzen dute liburua. Bermingham argitaletxearekin argitaratu dute, eta Gipuzkoako liburutegietan aurki daiteke jada.

Morfologiak ez da gai baten inguruan sortutako bilduma bat, "gehiago da bilduma kronologiko bat". 2014ko udan hasi eta urtebetean idatzitako poemekin osatu du Ugaldek: "Gai aldetik denetik dago, norberaren burua eta besteak kokatzeko saiakera bat dago, objektuen eta espazioen deskribapen bat". Berlinen bizi zela sortu zituen Ugaldek, eta, dioenez, landutako gaiak ez dira kasualitatea: "Agertzen dira emigrazioa, errefuxiatuak... behin-behineko bizitzak, oso sotilki izan arren". Egin eta gero jarri zion izenburua bildumari, galdera bati erantzunez: non dago poema hauek elkartzen dituen zerbait? "Iruditzen zitzaidan kasu askotan behintzat forma presente zegoela; espazioen, izakien eta objektuen azterketa moduko bat".

Izagirreren kasuan, aldiz, olerki guztiek badute lotura bat: forma geometrikoak eta sentimenduak. "Formek bezala sentimenduek ere badituzte beraien erpinak, guk jartzen dizkiegun mugak, angeluak...". Joan den udan idatzi zituen, eta lehenengo olerkiak egin ahala konturatzen joan zen forma geometriko bakoitzari zerbait aurkitzen ziola, bederatzi olerkiko bilduma osatu arte. Eta inspirazioa, nondik? Ikus-Entzunezko Komunikazioko ikasgai bat ikasten ari zela, hor ikusi zituen formak, konposaketak... "Eta hor sortu zitzaidan gogoa formez idazteko". Bestelakoan, eguneroko edozein momentu edo tokitan topa dezake inspirazioa; autobusean, adibidez. Gaiei dagokienez, "inertziaz" sentimenduetara jotzen duela dio, baina badu gogoa beste gai batzuen inguruan idazteko ere: "Badauzkat beste terreno batzuk esploratzeko".

Ugalderentzat, norbere burua munduan kokatzeko modu bat da poesia: "Norberaren azterketa, bestearena... Non nago ni, eta, horretatik abiatuta, nola ikusten dut mundua, zer harreman daukat harekin". Bere inguru hurbileko errealitatetik abiatzen da, beraz. "Nire barruan darabildan zerbaiti forma ematea da".

Liburuan, Irati Goikoetxeak egin die hitzaurrea Ugalderen eta Izagirreren sortei —epaimahaiko kide ere izan da—. Ugalderen olerkietan, Goikoetxeak nabarmendu du egileak bere poemen kanpo egitura zaindu duela, baina batez ere muinari heltzen asmatu duela. Izagirreri, berriz, barrutik hutsik dauden formak sentimenduz bete izana goraipatu dio.

Txikitatik gustuko izan dute biek irakurri eta idaztea. Ugalde herriko lehiaketetara aurkeztu izan da, eta baita hainbat sari eskuratu ere —2014an Pasaia Hiria lehiaketa bera irabazi zuen, Korapiloak lokarrietan lanarekin—. Sariketak aukera bezala ikusten ditu; "aitzakia polita" dira zerbait erakusteko izanez gero, baina ez dira helburua: "Bestela ziur asko gure lanek ez lukete ikusiko argirik, ez da batere erraza, eta ezagutzera emateko aukera bat da, tiraderan gordeta ez geratzeko". Bat dator Izagirre. Ilusioa egiteaz gain, olerkiak liburu batean ikusteak bultzada ere eman dio: "Lehiaketak era batera edo bestera indartu egiten du zure gogoa".

Poesia ala prosa?

Eroso sentitzen dira poesia idazten. Izagirrek hasieran prosa zuen gustukoen, eta 16 bat urterekin hasi zen poesia deskubritzen, irakurtzen... Idazteko orduan ere, "errazagoa" zaio poema bidez ideia bat adieraztea: "Aukera gehiago ematen dit nik nahi dudana azalerazteko. Poesian askoz ere libreagoa da. Pasatu izan zait prosan loturak egiterakoan eta haria jarraitzerakoan kosta izana".

Ugaldek ere idazten du prosa, baina formatu laburra berezia da harentzat: "Ideia bat biltzeko formatu txiki bat da, eta aukera ematen dizu denbora laburrean zerbait sortzeko. Dedikazio askoz handiagokoa da prosa, luzeagoa. Esfortzua da laburragoa, eta emaitza ere azkarragoa. Poesiak ere badu indar berezi bat laburtasun horretan, adierazkortasun handia du". Irakurtzerakoan ere, horra jotzen du: "Agian gaur egungo bizimoduak ere horretara garamatza".

Egunerokoan, hitzekin baino gehiago irudiekin aritzen da Izagirre, Ikus-Entzunezko Komunikazioa karreran. Ugaldek, berriz, Itzulpengintza eta Interpretazio ikasketak eginak ditu, eta itzultzaile ari da egun. Idaztea, beraz, "oso lotuta" dago bere lanarekin: "Itzultzeak ere badu sorkuntzatik. Nahiz eta izan norbaitek idatzitako zerbait, zuk gaur egunera eta hizkuntza batera ekarri behar duzu, jarri behar diozu sorkuntza puska handi bat". Literatura itzultzea, adibidez, asko gustatuko litzaioke, baina lanbide bezala "ez da errazena". Biek ala biek, oraingoz, tarte libreetarako eta idazteko gogoa daukatenerako gordeko dute idaztearena.

Musika herriarena da

Musika herriarena da

Urko Etxebeste

Egitasmo komunitarioa, doakoa, irekia, belaunaldi artekoa, herriko taldeekin lotura duena, parte hartzailea eta herritarrak irakasle eta ikasle izango dituena. Pasai San Pedron musika eskola herrikoia abiatuko dute Aste Santuaren ondoren, oinarri horiekin. Era informalean, ez-arautuan, musikaz dakitenek musikan trebatu nahi dutenei erakustea da asmoa, oinarrizko ezagutza zabaltzea. Hasteko, gainera, oinarri sendokoa da musika herritartzeko proiektua: 60 sanpedrotarrek eman dute izena egitasmoan. Hamarnaka pasaitar horiek bat egin dute herri giroa musikaren bitartez indartzea asmo duen proiektuarekin.

Musika eskola herrikoiarena ez da hutsaletik sortutako egitasmoa. San Pedron erro sendokoa da herri musikaren inguruko mugimendua. Horren erakusle dira Tirri Tarra txaranga historikoa, baita Sorgiñarri txistulari taldea, San Pedroko trikiti taldea eta dultzaineroen taldea ere. Apenas 2.000 biztanle dituen barrutia izateko, ez dago gaizki: Libia traineruak banderak irabazi eta herrira ekarri dituen bakoitzean inoiz ere ez du txarangaren harrerarik falta izan.

Baina bi kezkari erantzuna eman nahi diote: musikarien belaunaldi berriak sortu nahi dituzte, eta herri giroa indartu. San Pedroko kultur mugimendu eta azpiegituren gainean egindako parte hartze prozesuan kokatzen da egitasmoa.

Igor Carballo da egitasmoaren bihotzetako bat. Zehaztu duenez, parte hartze prozesu bat egin dute Proisa kulturgunearen ordez —egoera txarrean zegoen, eta eraitsi behar izan zen— egin asmo den azpiegitura berriak zein ezaugarri izan beharko lituzkeen eztabaidatzeko, eta horri edukia emateko asmoaren barruan dago eskola sortzea. Espazioez, erabilerez eta kudeaketaz gain, mamia behar du kulturgune berriak: "Eraikin hori egin bitartean, teoria utzi, eta jarduerak abian jartzea erabaki genuen". Gune berri horrek izango lukeen aktibitatea aurreratzen hasi dira, alegia. Horren adibide, musika eskolaz gain, haurren txokoa da: "San Pedron ez dago haurrentzako gune estalirik. Udalari eskatu, eta Erti egokitu da horretarako. Martxan dago negutik". Udal Aretoa izango da ere musika eskola berritzailearen egoitza.

5 urtetik 65era

Deialdia egin, eta erantzuna paregabea. Musika eskola herrikoiak zentzurik ez luke ikaslerik gabe. Eta horien erantzuna aparta izan da: 60 pertsona hasiko dira Aste Santuaren ondoren musikan trebatzen, 5 urtetik 65 urtera artekoak. "Gehienak gazteak dira, baina erretiratuak ere animatu egin dira. Ondo, oso ondo. Pozik gaude".

Irakasleak ere ez dira falta, hamabi daude orotara, denak ala denak musikaren munduan eskarmentukoak. Eta egutegia ere findua dute dagoeneko; batzarrak egin dituzte ordutegiak eta bestelako xehetasunak ezartzeko. Egoitzaren funtzionamendurako, ordea, hainbat atal lotu behar dituzte oraindik Pasaiako Udalarekin, Ertiko eraikina handia ez delako.

Abestiak erakustea da irakasleen asmoa: "Txaranga edo fanfarre batean ohikoak diren abestiak erakutsiko dizkiete irakasleek musikan trebatu nahi dutenei. Guk nahi duguna da ikasleek gaitasuna izan dezatela, jaietan adibidez, herrian txistu, trikiti, dultzaina taldeekin edo txarangarekin ateratzeko. Ez da musika eskola ofiziala. Tirri Tarra fanfarrea horrela sortu zen, batak besteari zekiena erakutsiz".

Pozgarria litzatekeela, Igor Carballoren ustez, herri eskolaren bitartez musikan sakondu nahi duenak ohiko musika eskoletara joatea erabakitzea. Komunitatea sortu eta sendotzeko aukera da eskola, prestakuntzaren bidez, horrela herriko giroa eta adierazpideak indartuz.

Kantuzko alfonbra Aste Santuarentzat

Kantuzko alfonbra Aste Santuarentzat

Asier Perez-Karkamo
Euskal Herrian egiten den eliz musika ziklo zaharrena da Hondarribikoa. Duela 34 urte antolatu zuen lehen aldiz Eskifaia elkarteak, eta harrezkeroztik ez dute hutsik egin. Aurreneko ekitaldia berrikuntza izan zen, ordura arte abesba...

Irakurtzeko eskubidea

Irakurtzeko eskubidea

Asier Zaldua

Irakurtzea plazer bat da, eta, gainera, aberasgarria da. Jende askok, ordea, zailtasunak ditu testu arruntak irakurtzeko: harrera herriko hizkuntza menperatzen ez duten etorkinek, irakurtzen berandu hasi direnek, eskolatze urrikoek, ikasteko arazoak dituztenek, ezgaitasun intelektuala dutenek... Horien irakurtzeko eskubidea bermatzeko, Irakurketa Erraza ekinbidea sortu dute. Ardura bereziarekin landutako liburuak eskaintzen ditu, zailtasunak dituzten pertsona horientzat. Ordizian eta Legazpin hitzaldiak eta erakusketak antolatu dituzte egitasmoa ezagutarazteko.

Ekinbide horien guztien helburua gizaki guztiek kulturaz gozatzeko duten eskubidea bermatzea da. Horretarako, Irakurketa Erraza egitasmoak ardura bereziarekin landutako liburuak eta dokumentuak eskaintzen ditu. Irakurtzeko zailtasunak dituzten pertsonek irakurri eta ulertzeko moduko idatziak dira. Izan ere, populazioaren zati handi batek —%30ek, hain zuzen ere— irakurtzeko zailtasunak ditu. Hori dela eta, batzuek ez irakurtzea erabakitzen dute, eta beste batzuek sufritu egiten dute: badakite irakurtzea plazer bat dela eta aberasgarria dela, baina ezinezkoa zaie irakurtzea.

Irakurtzea behar soziala, nazioarteko zenbait lege testutan aitortutako eskubidea, eta ideiak, pentsamenduak eta esperientziak partekatzea baimentzen duen gozamena da, ordea. Gainera, irakurketaren bidez, hainbat taldek gizarteratzea lortzen dute. Hori guztia dela eta, irakurtzeko zailtasunak dituztenei moldatutako liburuak, webguneak eta dokumentuak prestatzen ari dira mundu osoan. Testu horiek Liburutegien Nazioarteko Federazioaren arauak betetzen dituzte, hizkuntzari eta formari dagokienez.

Oñati, Arrasate, Eibar, Elgoibar, Azpeitia, Donostia eta Errenterian irakurketa errazeko taldeak daude, eta Donostiako Kaxilda eta Errenteriako Mirentxu erreferentziazko liburu dendak dira. Orain, egitasmoa Goierrin ezagutarazi nahi dute. Bultzatzaile nagusiak Legazpiko eta Ordiziako Garagune zentroak dira. Hango langile eta egoiliarrak oso gustura daude jaso duten erantzunarekin.

Asun Jauregi da bi Garagune horietako arduraduna. Irakurtzeko eta ulertzeko zailtasunak dituzten pertsonekin lan egiten dutenez, Ordiziako eta Legazpiko udalei irakurketa erraza ezagutzera ematea proposatu zieten. Beraiek lau bat urte daramatzate egoiliarren artean irakurketa bultzatzen. Horretarako, piktogramak eta irakurketa errazeko testuak erabiltzen dituzte. "Hainbat barne dokumentu irakurketa errazera moldatu ditugu, egutegiak eta gonbidapenak ere irakurketa errazean idazten ditugu...".

Jauregiren ustez, egitasmoa oso garrantzitsua da. "Bi gauza daude jokoan: informazioa jasotzeko eskubidea eta kulturaz gozatzeko eskubidea. Gurekin daudenei bi mundu irekitzen zaizkie: informazioarena eta kulturarena. Batzuek egitasmo honi esker hartu dute lehenengoz liburu bat esku artean".

Proiektuak Ordiziako eta Legazpiko udalen babesa du. Isa Sanz Legazpiko Udaleko Hezkuntza teknikariak azaldu duenez, irakurketa erraza zabaldu nahi dute Legazpin: "Jendea erakusketa ikustera, hitzaldira joatera eta ikastaroan parte hartzera animatu nahi dut. Bestalde, testuak moldatzeko eta irakurketa errazeko talde bat sortzeko asmoa dugu".

Irakurketa errazeko liburuek ezaugarri jakin batzuk dituzte: irudi deskriptiboak dituzte, testu guztiak ezkerretara justifikatuta daude, lerroek testuen sintaxi unitateak errespetatzen dituzte, bazterrak zabalak dira eta lerroen arteko hutsuneak, zuriuneak eta tipografia ohiko liburuetan baino handiagoak dira. Gainera, hizkuntza erraza eta zuzena erabiltzen dute, istorio zehatz eta logiko bat kontatzen dute —argumentu lerro bakar batekin—, ekintza zuzen eta sinpleak kontatzen dituzte —pertsonaia gutxirekin—, esaldiak laburrak dira eta esaldi bakoitzak ideia nagusi bana du.

Irakurketa errazeko lehenengo liburua Suedian argitaratu zuten, 1968an. 1997an irakurketa errazeko materialak egiteko jarraibideak zehaztu zituzten. EAEko Irakurketa Erraza Elkartea, berriz, 2012an sortu zen. Ordutik, materialen argitalpena, erakundeekiko lankidetza hitzarmenak, sare bat sortzea eta dinamizazioa bultzatu ditu. Horrez gain, hainbat zerbitzu eskaintzen ditu: testuak egokitu, berrikusi eta argitaratzen ditu, logotipoa ematen die, idazkera erraza egiteko teknikak irakasten ditu, eta erakunde eta enpresentzat lege testu eta azalpen testuak moldatzen ditu.

Ekinbideak geroz eta jarraitzaile gehiago ditu. Hala, mundu osoan irakurtze klubak sortzen ari dira. Klub horietako kideek irakurketa errazeko liburuak irakurtzen dituzte, eta, ondoren, liburuari buruz eztabaidatzeko elkartzen dira. Saio horietan ozenki irakurtzen dute, dinamizatzaile baten gidaritzapean. Espainiako Estatuan 130 klub baino gehiago daude: liburutegietan, zaharren egoitzetan, ospitaleetan, helduen hezkuntza iraunkorreko zentroetan, espetxeetan...

2014an Gaumin argitaletxeak irakurketa errazeko euskarazko lehen nobelak argitaratu zituen. Lehen bilduma horrek katalanetik itzulitako eta zuzenean euskaraz idatzitako euskal egileen nobelak ditu. Argitaletxea Fernando Morillo idazleak sortu zuen, eta Santiago bidearen misterioa da irakurketa errazean argitaratu duen lehen nobela. Laida Martinezek haurrentzako bi liburu idatzi ditu: Max oporretan doa eta Max Bilbon bizi da. Ander Izagirrek, berriz, Txernobil txiki bat etxe bakoitzean.

Munduan eragiteko zortzi modu

Munduan eragiteko zortzi modu

Maite Alustiza
"Hogei urtez artikuluak idatzi eta hitzaldiak eman ditut. Horietako askok ezohiko itxura dute, musikan erabiltzen ditudan antzeko metodoak baliatu ditudalako". Horrela hasten da John Cageren Silence liburuaren hitzaurrea. Donostiako Kold...

“Irakurri izan dugu Bach izan zela bere garaiko ‘metaleroa'”

“Irakurri izan dugu Bach izan zela bere garaiko ‘metaleroa'”

Itzea Urkizu

2009an Lasarten sortu zenez geroztik, Hilotz taldeak metamorfosi txiki bat izan du: laukote batek abiarazitakoa hirukote berri batek gorpuzten du orain. Aldaketa hori, gainera, maketatik diskorako soinuan ere islatzen da; bi urteko asmo, indar eta lanaren ondoren, argitaratu berria dute Giza ankerkeria lehen lan luzea. Mikel Iarzak (baxua eta ahotsa), Etxahun Urkizuk (bateria) eta Pablo Cabasesek (gitarra) Tolosako entsegu lokala dute metal musika sortzeko aterpe, baina zentzumenak zabalik dituzte edozein generok emandako plazerak dastatzeko. Uztartze horretatik sortutakoa zuzenekoetara eramanez, datozen hilabeteotako kontzertu bakoitza aukera bat da, beren musika gainontzekoentzat ere gozamen bilakatzeko.

Giza ankerkeria-n kritika soziala egin nahi izan duzuela dirudi.

MIKEL YARZA: Bai. Hil ala bizi maketakoak gure lehen konposizioak ziren, bai hitzez, bai doinuz, eta orain gehiago hausnartu dugu munduak funtzionatzeko duen moduaz, botere harremanez, bizimoduaz... Baina badira hitz pertsonalagoak ere.

Autoekoizpenaren bidea aukeratu duzue. Nolakoa izan da prozesu hori?

ETXAHUN URKIZU: Pentsatu gabeko zerbait izan da. Estudio batean grabatzeak kostu ekonomiko handia du, eta, gainera, uste dut ez ginela gai izango disko osoa astebetean-edo grabatzeko. Lagunei esker osatu ahal izan dugu lana. Batetik, Ander Zubillagak bateria grabatu digu, eta Borja Mintegiagaren Lezoko estudioan grabatu ditugu gitarrak. Soinu ona izatea nahiko erraza izan da, lagun horiei esker.

Zuen lana ezagutaraztea, aldiz, zailagoa al da?

E. U.: Guztia guk egin beharra daukagu, hori da kontua: kontzertuak lotu, komunikabideei informazioa bidali...

Akaso, orain arte ohikoagoa izan da erreferentziazko estudioetan grabatzea. Gero eta gehiago dira, ordea, beren lanak ekoizten dituzten taldeak, ezta?

E. U.: Genero honetan, bereziki.

M.Y.: Euskal Herrian ez dago metala edo muturreko metala ekoizten duen erreferentziazko estudiorik, taldeei bultzada bat emateko.

Metala duzue ardatz, baina hainbat adar ditu metalak. Zuek zeini heltzen diozue?

M.Y.: Thrash metala abiapuntua da, eta beste hainbat gauza daude. Diskoaren zabalkundean diogu Giza ankerkeria-k death eta black metalaren ukituak dituela.

Zeintzuk dira ezaugarriak?

E. U.: Thrash metala punketik gertu dago, azkarra da, eta abeslariek oihu egiten dute, baina kantatu ere bai; bien arteko zerbait.

M.Y.: Gitarraren presentzia handia da thrashean. Death metalean, berriz, bateria konplexuagoa da, presentzia handia du.

PABLO CABASES: Egia esan, oso zaila da desberdintasunak azaltzea.

Eta black metalari dagokionez?

M.Y.: Giro bat sortzen du black metalak, sentsazio tristea.

E. U.: Bereizgarrietako bat blast beat-ak dira, batetik —bateria oso-oso azkar jotzea—; eta minor akordeak, bestetik. Hortik datorkio izena, musika ilunagoa delako.

Zuen generoa ezin da komertzialtzat hartu, baina jende asko mugitzen du, ezta?

E.U.: Egia esan, gure eskalan ez askorik. Baina, Alemaniako Wacken jaialdian, edozein kontzertu ikusten 40.000 pertsona elkar daitezke; munduko metal jaialdi garrantzitsuenetakoa da.

M.Y.: Zenbait taldek, garaiagatik-edo, indar handia hartu izan dute, baina baita generoagatik ere. Esan nahi dut Su ta Garrek, metal gogorragoa egingo balu, ez lukeela hainbeste jarraitzaile izango.

E.U.: Anestesia ere gogorra da, baina jarraitzaile asko ditu. 1980ko hamarkadan metal asko entzuten zen Euskal Herrian, eta uste dut talde askok horregatik hartu zutela indarra. Duela urte batzuk, ohikoa zen Gaztean, adibidez, Berri Txarrak, Latzen edo Su ta Gar entzutea, joeran zegoelako.

Irratiak aipatu dituzue. Metalak tarte zabalagoa beharko luke?

E.U.: Metala musika zaila da entzuteko, baita guretzat ere, sarri. Baina tarte gehiago musika genero guztiei eskainiko nieke.

M.Y.: Orain, 1980az bestelako ereduek irabazi dute, baita musika entzuteko ereduek ere. Gaur egun, singleek funtzionatzen dute, nazioartekoek eta bertakoek, eta irratiak dira horren isla.

E.U.: Ez da metalari egindako bazterketa bat, audientzia handiaren aldeko apustu bat baizik. Nik Radio 3en eredua gustukoago dut, esaterako: saio espezializatuak daude, eta hori oso aberatsa da.

Euskal Herrian, hala ere, badira zuen antzeko talde gazteak.

E.U.: Talde oso onak, gainera. Bullets of Misery gernikarrak, adibidez; zuzeneko oso ona dute, eta disko bikaina argitaratu dute.

M.Y.: Gabezia Lasarteko taldea ere bai. Nafarroan, berriz, Evil Killer-ek heavy klasikoa jorratzen du, eta Araban Childrain taldea dugu. Maila oso oneko talde asko dago. Baina metalaren komunitatean, berez txikia izanik, bada makrokontzertuetara soilik bertaratzeko joera bat, eta horrek talde on txikiak itzalean uzten ditu sarri.

Aurreiritzi asko al dago metalaren inguruan?

E.U.: Bai, noski. Ile luzea baldin badaukazu eta larruzko jakak janzten badituzu, jende gehienak ulertzen du heavya zarela. Baina, aldiz, ilehoria izanez gero eta surf marka bateko jertse bat soinean baldin baduzu, jendea harritu egiten da thrash eta death metal talde bateko kide zarela esandakoan.

M.Y.: Dena den, metal zaleen barruan ere bada logika horri jarraitzen dion jendea. Askotan, gainera, horrela pentsatzen dutenak izaten dira karratuenak pentsamoldez, eta ez dute metaletik haragoko musikarik entzuten.

Zein dira zuen erreferente musikalak?

E.U.: Black metalean, Behemoth edo Disexion aukeratuko nituzke. Testament edo Anthrax, berriz, thrashean. Eta, noski, heavy klasikoa: Iron Maiden, Judas Priest edo Black Sabbath mitikoak. Eta, guk egiten dugunaz harago, funkya edo soula entzun ohi ditut; Snarky Puppy, adibidez.

P.C.: Nik ez diot aterik ezeri ixten; gustuko baldin badut, gustuko dut. Punka entzuten hasi nintzen, baina, behin batean, Metallicaren Master of Puppets utzi zidaten, eta nire bizitza erabat aldatu zen [barreak].

M.Y.: Metalaren barruan, ia dena gustuko dut, new metala izan ezik, akaso; gustukoago dut musika organikoa, industriala baino. Eta, gure eremutik kanpo, musika klasikoa entzuten dut: Bach, Vivaldi, Mozart... Musika hori sekulakoa iruditzen zait, gorena.

Egiazki, zenbait obra klasiko ez daude metal doinuetatik hain urruti ere, ezta?

E.U.: Irakurri izan dugu Bach izan zela bere garaiko metaleroa.

M.Y.: Baina jende gehienak ez ditu erlazionatzen. Ez musikalki, eta ez sozialki; musika klasikoa entzutea klase sozial altukotzat dugu, eta metala aurkakoa da.

Diskoa entzun duen jendearen erantzunik jaso al duzue?

M.Y.: Gertuko lagunei gustatu zaie lana, eta maketatik honako aurrerapausoa nabaritu dute.

E.U.: Lortu dugun soinua nahiko ona dela azpimarratu digute batzuek, eta horrekin geratu naiz ni.

M.Y.: Diskoa laburra egin zaiela ere esan digute, baina hori seinale ontzat hartuko dugu [barreak].

Orain kontzertu errenkada duzue aurretik. Zuzenekoak dira zuen erakusleihorik onena?

M.Y.: Azkenaldian, asko hitz egin dugu horri buruz. Promozioa gure ardura denez, zuzenean jotzea da jendea gure musikara lotzeko aukerarik onena.