Kultura

Gaztetxean, antzerkia ere bai

Gaztetxean, antzerkia ere bai

Asier Zaldua
Gaztetxeetan mota guztietako ekitaldiak antolatzen dituzte, baina kontzertuak izaten dira nagusi. Horren jakitun, Urretxu eta Zumarragako Gazte Asanbladakoek Zast! euskarazko antzerki topaketa antolatu dute astebururako. Gaur eta bihar hir...

Eginez ikasten delako

Eginez ikasten delako

Aitziber Arzallus
Atzo bost hilabete zabaldu zituen ateak Tabakalera Donostiako Arte Garaikidearen Nazioarteko Zentroak. Hamar urtetik gorako prozesu luze eta gorabeheratsuaren ostean, etapa berria "ilusioz eta arduraz" hasi zuten Ane Rodriguez zentrok...

Etxeetatik ateratako kultura

Etxeetatik ateratako kultura

Maite Alustiza
Lau kultur etxe zituen duela 25 urteko Donostiak. Haien bueltan biltzen ziren antzerkiaren eta bestelako diziplinen inguruko sortzaile eta ikusleak. Okendon (Gros), Larrotxenen (Intxaurrondo), Casaresen (Altza) eta Loiolan bazen mugimend...

Izatekotan, bertso ziklogenesia

Izatekotan, bertso ziklogenesia

Zazpi Eskaleren 1995eko diskoa, Pedro Mari Otaño eta Jorge Oteizaren esanak, domino jokoak, magoak, kameleoiak... Askotariko gai eta diziplinak batu ditu azken urteetako Bertso Egunak, baina, izenak dioen bezala, Bertso Egunean "bertsoak behar du zentro". Jon Agirresarobe (Orio, 1983) Bertsozale Elkarteko ordezkariarentzat "urteko saiorik bereziena" da, eta uste du urteen joanarekin lortu dutela saioa "denen neurrira" egokitzea. Bihar, egun osoan, 28 bertsolarik parte hartuko dute Bertso Egunaren barnean izango diren hiru saioetan. Ekitaldi nagusitik haratago, hainbat berrikuntzarekin dator aurtengoa, goizeko eta gaueko saioei dagokienez.

Kaleko ohiko poteoa jaialdi formatuko saio batek ordezkatuko du eguerdi partean. Emanaldia musikatua izango da, gainera. "Beti geunden halako zerbait egiteko gogoz, batik bat baldintza meteorologikoak kaskarrak izaten direlako: ziklogenesiak tokatu zaizkigu, haizeak eraman gaitu ia...". Aurtengo neguak beste itxura bat daraman arren, saioa barrura eramateko aukera aprobetxatu dute, eta "goxotasun bila" joan dira. Formatoa ere ezohikoa izango da. Saioa musikatua den arren, bertsolariak ez dira musikatuta ariko: gai-jartzaileek izango dute musikarien laguntza.

Gaueko ekitaldiari dagokionez, berriz, Kursaalak hartuko du jaia berriro. Bi urte zeramatzaten Manteo kiroldegian egiten, baina Kursaalera buelta eginda "erosoagoa" izango dela uste du Agirresarobek. Eskaintzera doazena ere "handia" izango da: bat-bateko bertsoak eta jarriak; sei bertsolari ariko dira lehenengoetan, eta bost bigarrenen partean.

Azken urteetan bezala, arratsaldeko saioa Kursaalean izango da. Hamar bertsolari oholtzan, Aitziber Garmendia aurkezle, eta 2zio taldearen bi kantu: azken diskoko abestia bata, eta egunerako propio osatutakoa bestea.

Irail aldera hasitako prestaketei azken osatuak eman dizkiete asteotan Bertsozale Elkarteko kideek. Sustapen taldeaz gain, urtero taldetxo bati ematen diote ekitaldiaren gidoia osatzeko ardura. Aurten, Eneko Lazkoz, Urko Casado, Aitor Sarriegi eta Aitor Mendiluze aritu dira. "Gustatzen zaigu Kursaalean kantatzea zer den dakien jendea egotea taldean, gauza berezia delako". Gaia bera ere sustapen taldearekin batera adostu dute. Aurtengoa: bertsolariak antolatzailearen deia jasotzen duenetik oholtzan gaia entzunda kantuan hasi bitartean hartu beharreko erabakiak. "Izan daitezke hartu beharreko erabakiak, edo hartu ahal dituenak, edo hartzeko geratzen direnak...". Agirresarobek dioenez, "bertsogintzatik datorren gai bat" hartzen saiatzen dira, edo gizartean puri-purian dagoen gai bat. "Badakigu indar gehiena bertsogintzatik datozen gai horiek izango dutela, eta oso kontziente gara bertso saio bat egin behar dugula". Gainera, bertsolari talde erakargarria osatzen ahalegintzen dira urtero; kontuan hartzen dute adin ezberdinetakoak izatea, herrialdeen arteko oreka... "Eta ustez jarritako ariketei ondo erantzungo dieten bertsolariak, noski".

Kursaalaren baliabideak

Saioa egiten den tokiak ere badu berezitasuna eta garrantzia: "Kursaalak asko markatzen du". Baliabide aldetik, beste saio batean ez dauzkaten baliabideak eskaintzen dizkie; dena den, Agirresarobek argi du bertsolariei bertsotarako baldintzak eman behar dizkietela: "Inprobisatzen dugu, baina neurrian; laborategia egiten dugu, baina neurrian".

Hori horrela, "oholtzaren neurriko espektakulu bat" emateko lan egiten du elkarteak: "Azken urteetan txip hori badugu; erabiltzen ditugun baliabideak ez dira soberakoak; hor daude ariketari ondo datozkiolako. Ez da esatea: 'Zerbait handia egin behar dugu, eta erabil dezagun hau edo bestea'". Kursaalaren aurretik, Viktoria Eugenian izaten zen ekitaldi nagusia; Astoria antzokian, Karmelo Baldan eta Anoeta pilotalekuan ere egin izan dituzte saioak.

Harrera ona izan ohi du Bertso Egunak ikusleen aldetik; "askotan betetzen da, eta betetzen ez bada, hortxe-hortxe". Agirresarobek dioenez, badu bere publikoa, kontsolidatua. Eta tartean dira oso bertsozaleak direnak eta bertsolaritzari hain lotuak ez direnak, urtean hainbeste saiotara joaten ez direnak. "Gustuko saioa izaten da; normalean iritzi zorrotzagoa izaten du bertsolaritzari jarraipen handiagoa egiten dionak, baina hori beste edozein kasutan ere hala izaten da".

"Urte guztian zain"

1968ko urtarriletik, San Sebastian Egunaren bueltan egin izan da Bertso Eguna Donostian; urtero, 1970 eta 1980. urteetan izan ezik. Lehenean "emergentzia egoera" ezarria zegoen; 1980an, berriz, urte horretako Bertsolari Txapelketa Nagusiko azken saioa Donostian jokatu zen, eta besterik ez egitea erabaki zuten, nahikoa zelakoan.

Antolaketaz Kultur eta Turismo Ekintzetxea arduratu zen hasieran. Bertsolarien Omenaldiak izenarekin, plazetan zebiltzanak omenduz hasi ziren; "bat, bi eta hiru ere bai, noizbait".

Txomin Garmendiak, 1967ko Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa irabazitakoak, hala gogoratu zituen 2007an Bertso Egunaren lehen aldiak: "Urte guztian egun orren zai egoten ziran senar-emazte pranko baziran; nolaz gelditu aurreko urtean berak aukeratutako bertsolaria besarkatu gabe?". Hala zioen, lehen urte haietan entzuleek aukeratzen zituztelako omenduak: sarrera txarteletan jartzen zuten hurrengo urteko omenduaren izena. Manuel Olaizola Uztapide izan zen lehen omendua; zerrenda horren parte dira, besteak beste, Fernando Aire Xalbador, Manuel Lasarte, Mattin Treku eta lñaki Eizmendi Basarri ere.

Bertsozale Elkarteak bilduta daukan informazioaren arabera, ordea, oso gazterik omentzen zituzten bertsolariak, eta hori ez zen oso begi onez ikusten bertsolarien aldetik. 1981etik aurrera, beraz, batzorde batek hartu zuen omenduak aukeratzeko ardura, uste baitzuten ez zela bidezkoa bertsolari gazteak omentzea, "eta, aldiz, bertsolari izandako eta erretiratutako bertsolariez ahaztea". Ordutik aurrera, Bertsolari Eguna izena eman zioten, harik eta Bertsozale Elkarteak Bertso Egunaren gidaritza hartu zuen arte —Donostia Kulturaren lankidetzarekin betiere—.

1990eko hamarkadan norabidea aldatzea proposatu zuen elkarteak. "Eguneratze bat" behar zuela sinetsita, helburu berriak jarri zituzten; hala nola orduko bertsogintzaren aldaketak islatzea, esperimentatzea, kanpoko esperientziak ezagutaraztea... Eta hortik etorri ziren Zazpi Eskaleren 1995eko diskoa, Pedro Mari Otaño eta Jorge Oteizaren esanak, domino jokoak, magoak, kameleoiak...

“Esperientzia hunkigarria izan da disko hau grabatzea”

“Esperientzia hunkigarria izan da disko hau grabatzea”

Landarbaso abesbatzak ahotsa jarri du Fernando Velazquez soinu banden konpositore bizkaitarraren Concert suites, music for films disko berrian (Kontzertuetako suiteak, filmetarako musika). El orfanato, Zipi y Zape eta Ocho apellidos vascos filmetako soinu bandak bildu dituzte, besteak beste. Iñaki Tolaretxipi zuzendariak (Errenteria, 1972) esan duenez, erronka izan da Errenteriako abesbatzarentzat, halako zer edo zer egiten duten lehenbiziko aldia baita. Pozik daude emaitzarekin, "polita eta aberasgarria" izan delako. Gainera, Landarbaso abesbatzak mende laurdena beteko du martxoan, eta buru-belarri ari da urteurrena ospatzeko ekitaldiak antolatzen.

Fernando Velazquez konpositorearen azken diskoan parte hartu duzue. Nolakoa izan da prozesua?

Berarekin duela bi urtetik hitz egina genuen proiektu komun bat egitea. Aukera zuenean gurekin kontatuko zuela esan zidan, bazekielako kalitate handiko abesbatza garela. Iritsi da unea, eta diskoa grabatu dugu berarekin eta Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin batera. Berehalakoa izan zen, hamabost eguneko kontua; grabazioa, berriz, bi egunetan egin genuen, iazko irailean.

Zergatik zen Landarbaso egokia disko horretarako?

Nagusiki esan behar dut ez dela ausazkoa izan grabaziorako Landarbaso abesbatza hautatzea. Nazioarteko hamalau sari ditu, eta Fernandok hori badaki; badaki maila handiko taldea garela, eta talde txikian lan egiteko gaitasuna dugula. Talde txikia da gurea, ganbera taldea. Bi aukera daude, sinfonikoa edo ganberakoa; gu bigarren horretan ibiltzen gara.

Soinu banden disko bat grabatzen duzuen lehenbiziko aldia da. Zer esan nahi du horrek zuentzat?

Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren talde batzuekin parte hartu izan dugu, baina Fernandorekin ez. Dena berria izan da, polita; ez da zaila izan, egia esateko. Oso esperientzia hunkigarria izan da disko hau grabatzea, berarekin eta halako talde profesional batekin lan egitea.

Nolakoa izan da grabazioa? Zer izan da zailena, politena...?

Bukaeratik hasita, politena dena izan dela esan dezaket. Musika oso erraz entzuten da, hunkigarria da oso. Azkenean, zinema musika da, eta publiko guztiei begirakoa. Oso alaia da musika hori, eta berehala iristen da. Grabazioaren zailena, berriz, kaskoekin grabatzea izan dela esango nuke, gu ez gaudelako ohituta hiru edo lau orduz musika belarrian edukita grabatzera. Errazena da ez dela oso musika konplikatua, ez da ahots askotara egiten. Gu ohituta gaude hamabost edo hamasei ahotsetan abesten, eta, egia esan, zazpi ahotsetan egitea guretzat ez da batere zaila izan. Partiturak ez dira batere konplikatuak izan guretzat.

Salmenten diruaren zati bat, gainera, Errenteriako Juneren Hegoak elkartearentzat izango dela erabaki du Velazquezek.

Juneren Hegoak elkarteari diruaren zati bat ematea hunkigarria da benetan. Elkarte horrek zuzenean ukitzen nau zuzendari gisa, June nire iloba zelako, eta nire arreba hor sartuta dagoelako... Hunkigarria izan da, eta [Amaia Tolaretxipi] arrebak esan zuen moduan, detailea da Fernando Velazquezek diruaren zati bat elkarteari ematea. Musikak batzen gaitu, baina musikaren barruan badaude pertsonak, eta esango nuke hunkigarritasun hori kaleratu nahi dela nolabait ere. Ezustea izan da diruaren zati bat Juneren Hegoak elkarteari ematea erabaki izana, bai niretzat eta baita arrebarentzat ere.

Diskoa publiko zabalarentzat dela esan duzu. Zer aurkituko du entzuleak?

Zineman funtzionatzen duen musikak etxean ere funtzionatzen duela jabetuko da entzulea. Beste formatu batean iritsiko zaie musika. Nahiz eta pelikula barruan ez egon, musika hori bihotzera heltzen da, eta sentimenduak mugitzera ere heltzen dela esan daiteke. Edonoiz entzuteko musika da, eta entzuteko oso erraza.

Non da Landarbaso abesbatza gaur egun? Zein egoeratan zaudete?

Abesbatzak 25 urte beteko ditu martxoan. Bihar eguerdian urte osoko proiektua aurkeztuko dugu, Errenteriako udaletxean, alkatearekin batera. Interculturrek, munduan den abesbatzen elkargorik garrantzitsuenak, Landarbaso abesbatza munduko 50 onenen artean sailkatua du, 43. postuan gaude zehazki. Abesbatzak azken hamar urteetan egin duen jauzia garrantzitsua da, eta horren erakusle da Musikasten parte hartzea: ziklo korala itxiko dugu. Hori, herrian bertan. Donostiako Hamabostaldian, berriz, hiru kontzertutan parte hartu genuen iaz. Pisu handia dugula erakusten du horrek.Taldea, gainera, oso momentu onean dago: 43 abeslari daude, denak gazteak, mutilak eta neskak ongi orekatuta, eta gaur egun oreka hori izatea ez da hain erraza. Giro paregabea dugu, eta kalitate handiko talde moduan sailkatuta gaude.

Hurrengo erronka?

Martxoan disko berria kaleratuko dugu abesbatzaren 25. urteurrenaren harira, Konplize ditut eta izenburupean. Mikel Markezen kantuaren izena hartu dugu diskoarentzat; hamar kantu izango ditu, eta pista bakoitza konplize bat da. Markez bera izango da lehena; berekin batera grabatu dugu lehen abestia. Baina badaude Golden Apple Quartet, Iñaki Salvador, Amaia Zubiria, Amets Arzallus, Xabi Solano... Bakoitzarekin pista bat egin dugu, eta urtebete pasatxoko lana eskatu digu diskoa argitaratzeak. Martxoaren 5ean aurkeztuko dugu, Viktoria Eugenian [Donostia]. Publizitatearekin hasi ez bagara ere, 900 sarreratik 400 baino ez dira gelditzen kontzertu horretarako. Kantak ezagunak dira, denetik dago.

Urteurrena ospatzeko ekitaldi asko antolatu dituzue?

Ez ditugu asko ere egingo, baina egingo ditugunak pisukoak izango dira. Jende asko sartuko dugu bidean. Bi urte daramatzagu prestatzen, eta ilusio handiz ari gara.

60 kilometro karratu musika kutxatan

60 kilometro karratu musika kutxatan

Bidegorriaren erdian kartoizko kutxa bat jarri dute. Beste bat kaian, eliz atarian beste bat, banku baten parean, Parte Zaharreko kaleetan... Music Box jaialdia iragartzeko spotean erabilitakoak kutxa "sinbolikoak" dira, baina jaialdiaren funtsa laburbiltzen dute bere horretan: Donostiako espazio publiko bereziak aukeratu dituzte, eta kaxa musikal bihurtu. Bihartik abendura bitarte, hiriko 60 kilometro karratutan kontzertuak izango dira, espero gabeko tokietan.

"Ez dugu agertoki edo euskarri fisikorik eraikiko, justu kontrako ideia da kaxena. Kaxa naturalak edo jadanik badaudenak aprobetxatuko ditugu, eta ez berriak eraiki". Donostia 2016 kultur hiriburutzaren barruan antolatutako egitasmoa da, Ahotsen Itsasargia atalaren parte, eta Itziar Zorita da hango arduraduna. Azaldu duenez, kontzertuetarako toki gehienak Ginmusica ekoizpen etxeak aukeratu ditu, hura izan baitzen proiektua aurkeztu ziena. "Gure kolaborazio edo iritzia errespetatu dute".

Kontzertuetarako lekuak prestatzeko, leku horietan aritu ohi diren lagun eta taldeekin elkarlanean ariko dira, baita Arkitektura Goi Eskola Teknikoko ikasleekin ere. Espazioak egokitzeko lanetan parte hartuko dute ikasleek; besteak beste, larrialdietarako sarbideak eta irteerak antolatzerakoan eta egiturak intsonorizatzerakoan.

Talde independenteak

Irudimena erabiliz, egitarau konbentzionaletatik nabarmentzen diren bestelako ideien bidez erakarri nahi dituzte ikus-entzuleak. Hori horrela, musika eskaintzari dagokionez ere Ginmusicaren proiektua egokitzat jo zuen Donostia 2016k: "Europako musika independente eta ezaguna bertako taldeekin nahasteko ideiari balio handia eman genion. Ikusleak Tindersticks talde ezaguna aurki dezake, edo bertako Belako taldea, adibidez". Biharko kontzertua nahasketa horren erakusle da: Bullet Proof Lovers Donostiako rock-and-roll banda bat da, 2014an sortua; Corazonasek, berriz, guztiz bestelakoak diren bi talderen batura dakar: Arizona Baby eta Los Coronas. Iaz ere martxan izan zen Music Box, eta horretan ere askotariko taldeak ikusteko aukera izan zen: Is Tropical, Devendra Banhart & Andy Cubic, Motorama, Manett, Perlak, Las Tea Partys...

Musika independentea eskaintzearekin batera, hiria bisitatzeko eta haren kultura ezagutzeko beste modu bat eman nahi du jaialdiak, Donostiako bazterrak musikaren bidez ezagututa eta berrezagututa. Aurrera begira, egitasmoak aztarna utzi asmo du: "Festibalak kultura eremuen ondarea utziko du 2017rako, eta hiriaren beste ikuskera batzuen bila dihardu, pertsonen memorian errotu eta erabiliak izan daitezen".

Abendura bitarteko egitaraua ia guztiz osatuta dauka jaialdiak. Sorpresarik egongo da oraindik, ordea. Herritarrak zuzenean inplikatu nahi ditu proiektuak, eta, horregatik, aukera eman die kontzertuetarako proposamenak egiteko. Azaroaren 19rako, adibidez, kontzertu sorpresa iragarria dute, eta edonork du aukera kontzertuetarako tokia proposatzeko.

Bi modutan eman ahal izan dute botoa: iaz izandako kontzertu egunetan jarritako gutunontzietan eta Interneten bitartez —Facebook bidez, Donostia 2016ren webgunean...—. "Jadanik baditugu proposamen batzuk, eta ikusi beharko dugu zein talde eta non izan daitekeen aukerarik egokiena".

Tokikoa ez da soka motzekoa

Tokikoa ez da soka motzekoa

Berdin Jamie Cullum edo Hasier Oleaga. Ray Davies edo Iñaki Salvador. Echo & The Bunnymen edo Euskadiko Ikasleen Jazz Orkestra. Nazioarteko musikariak ezagutzeko aukera zabala dakar urtero Donostiako Jazzaldiak, baina baita tokiko taldeen haize kolpea ere. "Euskal jazzmen handiak jaialditik pasatu dira". Miguel Martin Jazzaldiko zuzendariak azaldu duenez, iaz 35 euskal bakarlari, talde eta DJk parte hartu zuten Jazzaldiaren agertokietan, eta, beste urte batez, aukera horri lekua egin nahi diote aurtengo programazioan ere. Horretarako, martxan da tokiko hamar talde aukeratzeko prozesua. Sorkuntza eremua mugatuagoa izan arren, eragina eta zabalpena ez da tokikora mugatzen.

Jaialdiak lehen urteetatik izan du tokiko taldeen parte hartzea. Garai batean, espresuki inguruko taldeei zuzendutako lehiaketa bat ere izaten zen jaialdiaren parte. "Duela sei-zortzi urtetik, programazio sisteman jarri dugu arreta. Lehen, aukera ematen genien artistei parte hartzeko; orain, aukera zabalik uzteaz gain, kanal batzuk ezarri ditugu haien presentzia ziurtatzeko".

Kanal horietatik garrantzitsuena martxan dagoen hautaketa prozesua da Martinentzat. 50 bat taldek parte hartu dute urtero, eta hala izan da aurten ere. Hasierako fasean, taldeek bidalitako grabazioak entzun zituen batzorde antolatzaileak, eta, horren ondoren, hamabost aukeratu zituen. Horietatik hamar hautatu beharko ditu orain, eta aukeratuek uztailaren 21etik 25era joko dute Jazzaldian; normalean Kursaaleko terrazetan izaten dira saioak.

Prozesuaren oinarrietan azaltzen denez, Hego Euskal Herrian jaio edo bizi diren musikariez osatutako taldeak aurkez daitezke egitasmora —kideen %33k baldintza horiek ez betetzea onartzen da—. Hala ere, eszenan aritzeari eman dio garrantzia Martinek: "Prozesua irekita dago hemen jaio eta bizi direnei, baina gehienbat praktikatzen dutenei, hemengo jazz musika eszenaren parte direnei. Euren musika hemen garatzen dutenak dira tokiko taldeak".

Martxo amaierara bitarte, hamabost taldeek Donostiako hiru espaziotan emango dituzte kontzertuak: Forum FNACen, Altxerrin eta Victoria Eugenia Klubean —dagoeneko jo dute Didier Datcharry Trio eta Reunion Big Band taldeek—. Zuzeneko saioak dira, irekiak, eta ez dute lehiaketa izaerarik: ez dago sailkapenik. Jaialdia antolatzeko batzordeak hainbat faktore hartuko ditu kontuan taldeak aukeratzerakoan: "Musikarien ahalmen instrumentala, musika proiektu zehatz eta definitu bat izatea, ezaugarrituko dituen soinua izatea, ezberdin egingo dituena, estiloen barietatea...".

Taldeen aukeraketa prozesuarekin batera, urteko diskoei ere erreparatuko die Jazzaldiak, bere programazioa osatzeko: 2015ean editatu diren disko guztien artean bost aukeratuko ditu, jaialdian jo dezaten. "Taldeek disko bat ateratzeko duten ausardia eta ahalmena baloratu nahi dugu, eta Jazzaldian jotzera gonbidatu".

Martinen arabera, egitasmoa oso garrantzitsua da hainbat talderentzat, euren musika ezagutzera emateko, baina badira dagoeneko ibilbide luzea egina dutenak ere: "Batetik, aukeraketa honek modua egiten digu heldutasun nahikoa duten taldeak aurkitzeko, eta bestetik, zaleek estimatutako musikarien lana guk ere ontzat hartzeko. Batzuk dagoeneko erreferentzia dira euskal jazzaren barruan".

Gipuzkoan egiten den jazzaren kalitatea eta zabalpena areagotuz doa, eta hori, hein handi batean, Musikene Euskal Herriko Goi Mailako Ikastegiari esker izan dela uste du Martinek: "Dudarik gabe, erakunde pedagogiko garrantzitsuenetako bat da jazzari lotuta. Guretzat estilo horrekin egiten ari den lana oso garrantzitsua da". Inguruko musikariak eta mundu osotik etorritakoak batzen dira ikastegian, formakuntza jaso eta perfekzionatzera. "Horrek egiten du gure hirian entzuten den jazzaren maila lehen baino askoz ere altuagoa izatea. Ez du zerikusirik garai batean jazzaren munduan zegoen eszenarekin". Gaur egun saio asko daudela dio, musikari oso onak, eta "ideien etengabeko jarioa".

Europako gazteekin

Tokiko taldeentzat garrantzitsua izango den beste jaialdi bat hartuko du aurten Donostiak, Jazzaldiaren garai bertsuan: 12 Points. Uztailaren 20tik 23ra egingo dute, Jazzaldiarekin eta Europako kultur hiriburutzarekin batera. Europako hamabi herrialdetatik hamabi jazz talde aukeratuko dituzte. "Jaialdi honekin, komunitate bat sortzea lortzen da Europa osoko musikari gazteen artean eta jaialdia egiten den lekuko musikarien artean. Harremanetan izango dira, eta jam session-etan parte hartuko dute goi mailako Europa osoko musikariekin".

Hamargarren aldia izango du jaialdiak, eta, 2007tik hona, ia 500 musikari gaztek hartu dute parte 12 Points egitasmoan. Txandaka egiten da Dublinen —urte bakoitietan— eta Europako beste hiriburu batean —urte bikoitietan—. Aurten parte hartu nahi dutenek oraindik zabalik dute izena emateko aukera, urtarrilaren 30a baino lehen, 12 Points jaialdiaren webgunean.

Danborrada bat, lau urteurren

Danborrada bat, lau urteurren

Duela 57 urte egin zuten Azpeitian aurreneko helduen danborrada, 1959an. Oargi taldekoak Napoleon jantziekin, El Andaluz zezenzale elkartekoak sukaldariz, eta Oñatzbide elkartekoak gastadore jantzita atera ziren orduko danborrada hartan. Geroztik, hainbat talde batu da helduen danborradara, eta, egun, 27k parte hartzen dute danborren desfilean; mila herritar baino gehiago elkartzen dira danborraren bueltako festan, San Sebastian bezperan.

Azken urteetan, taldeak hasiak dira danborradako urrezko nahiz zilarrezko ezteiak betetzen. Aurten ere izango da urteurrena ospatuko duen talderik: hala nola, 50 urte beteko dituzte Alkartasuna eta Zezenzaleak taldeek, eta 25 urte Zokoak eta Sanjuandegik. Udalaren omenaldia jasoko dute lau taldeek astearte gauerdia iristean, talde guztiak plazan direla.

Alkartasuna taldea 1967an atera zen lehen aldiz helduen danborradan, eta Pedro Illarramendik (Azpeitia, 1938) gidatu zuen talde hura; ordurako Oargi taldeko zuzendari lanetan eskarmentua bazuen. Talde asko soziedadeetatik jaio badira ere, Anton tabernako —egun Fideo de Mileto— koadrilak sortu zuen Alkartasuna. Lagun talde hartako kidea zen Illarramendi, eta lagunek egin zioten zuzendari ateratzeko proposamena: "Landetako taldea utzi eta Bar Anton Alkartasuna taldearekin ateratzen hasi nintzen". Eskoziako jantzi tradizionalak egin zituzten. Egun ere, traje horiekin ateratzen dira.

Danborradan, 50 bat laguneko taldea irteten da, eta egungo zuzendaria Karlos Iriarte da (Azpeitia, 1960). Illarramendik duela zazpi urte eman zion lekukoa, eta bera danborra jotzen ateratzen da ordutik. 2010ean, Azpeitiko Udalaren esker ona eta omenaldia jaso zituen, 50 urtez danborradan egindako lanagatik.

Iriartek taldeko zuzendari postua hartu aurretik, hainbat urte egin zituen Alkartasunarekin danborra jotzen: "1979an atera nintzen aurrenekoz, osabaren jantziarekin. Haren trajea hartu nuen, eta nire koadrilako bost bat lagunek ere inguratu zuten bana. Bost bat gazte atera ginen urte hartan. Egun, taldeko kide asko koadrilakoak gara". Iriartek dioenez, urte gutxitan egin du danborradan kale: soldaduskan pasatu zituen urteak edo gaixorik egon den urteren bat kenduta, hutsik egin gabe irten da.

Iriartek gogoan ditu Illarramendiren ordezko zuzendaria bilatzerakoan elkarteko batzordeko kideek izan zituzten gorabeherak: "Illarramendik 2008an esan zigun 2009an azkenengoz aterako zela zuzendari. Pentsatzen nuen jendeak nahiko zuela Illarramendiren postua hartu. Soziedadeko norbait izatea nahi genuen, baina bati galdetu eta ezetz; besteari esan, eta hark ere ezezkoa". Irailerako hasten dute hurrengo urteko danborradaren antolakuntza, eta zuzendaririk gabe zeuden 2010eko irailean. "Ez zitzaidan burutik pasatu ere egin ni izan nintekeela. Egun batean, soziedadean afaltzen ari ginela, ez genuela zuzendaririk aurkitu esan nien emazteari eta alabari. Alabak esan zidan ez nintzela gaizki moldatuko, eta emazteak, berriz, nahi nuena egiteko. Halaxe egin nuen; nahi nuena. Hasieran, Pedrok lagundu zidan entseatzen-eta. Orain, autoan musika jarrita entseatzen dut, teknikari komertziala naizelako eta kilometro asko egiten ditudalako".

Illarramendik dioenez, 50 urte "ez da marka makala". Urte horietan guztietan danborradak hainbat oroitzapen iltzaturik utzi dizkie taldeko bi kideei. Hala gogoratu du Iriartek: "Zuzendari atera nintzen lehen urtea dut gogoan. Ez zuzendari atera nintzelako soilik; egoera politikoa ere izugarria zen. Inaxio Uria hil zuten aurreko abenduan eta... Egia esan, ordurako erabakita nuen alaba danborra jotzen hasten zenean utzi egingo nuela, baina berriz ere ilusioa daukat, eta gustura ateratzen naiz". Illarramendik, berriz, "nobedade" bat ekarri du gogora: "Urte batean, udalak kalean megafonia jartzea erabaki zuen, eta hura oso erabaki garrantzitsua izan zen. Izan ere, ordura arte, sei-zazpi banda ateratzen ziren danborradan, gehiago ezin ziren ekarri".

Alkartasuna taldea "osasuntsu" ikusten dute bai Illarramendik eta bai Iriartek. "Gazte asko ari da taldean sartzen; gure alabak-eta ateratzen dira danborra jotzen. Urteek aurrera egin ahala, emakumeen taldea izango da Alkartasuna", dio Iriartek.

Enparan kaleko elkartetik

Zilarrezko ezteiak egingo dituzte Sanjuandegi eta Zokoa taldeek aurten. Zokoa taldea izen bereko Enparan kaleko elkartetik sortu zen, 1992an. Jabier Etxaniz Kinttela-k (Azpeitia, 1959) eta Jesus Lopetegik (Azpeitia, 1958) taldearen sorreran hartu zuten parte. "Txalintxo taldearekin ateratzen nintzen. Orduan plazan talde gehiagorentzat tokirik ez zela-eta halako zurrumurruak izaten ziren, baina Zokoan proposatu nuen taldea sortzea. Soziedadeko bazkide nintzen ordurako, eta Azpeitiko Udaleko zinegotzi ere bai. Probatzea pentsatu genuen", dio Kinttelak. Gauzak horrela, soziedadeko kideen baietzarekin joan ziren udaletxera, eta toki faltaren kontua atera bazen ere, baiezkoa eman zien Kepa Ibarzabal zinegotziak: "Guk atera behar genuen zurrumurrua zabaldu zen kalean, eta Sanjuandegikoak ere udalera jo zuten eurek ere atera nahi zutela esanez".

Festetako zinegotziaren baiezkoa zutenez, jantziak eta txapelak enkargatu zizkioten Donostiako jostun bati. "Sukaldari edo soldadu trajea egitea aurreikusten genuen, eta egun ditugun britainiar erregimenaren traje militarrak aukeratu genituen. 60 mila pezeta [360 euro] gastatu genituen kide bakoitzak". Danborradan ateratzeko, baina, danborrak behar, eta larruzkoak eskatu zituzten, Kinttelak dioenez: "Guk eskatuta geneuzkan danborrak, baina, egun batean, Sanjuandegikoak etorri zitzaizkigun esanez talde bakoitzari larrua edo txapa tokatzen zitzaion erabaki behar genuela. Ibarzabalekin leon-kastillo egin genuen, eta larrua tokatu zitzaigun. Eskerrak, bestela Sanjuandegikoei saldu edo auskalo zer egin beharko genuen eskatutako danborrekin".

Urtebeterako dena prest zuten, eta, lehen aldi hartan, Zokoarekin 40-44 lagun atera ziren. Egun, bazkide berriekin-eta, 50 lagun dira. Lopetegik dioenez, "taldearen arima" da Kinttela: "Danborradako gauza guztiez bera arduratzen da. Sortu berak egin zuen, eta hemen jarraitzen du lanean".

Urte hauetan guztietan pasadizo bat baino gehiago izan dute elkartean, eta horietako batez akordatu da Kinttela: "San Sebastian bezpera batean, hamar kilo angula eskatu genizkion Fernando Villegas zenari. Jan genituen, pasatu zen bezpera, egunak ere bai, eta Villegasekin egin nuen topo kalean. Angulak zer moduzkoak zeuden galdetu zidan, eta 'oso onak', erantzun nion. Hala esan zidan hark: 'Egongo ez hituan ba ederrak, oraindik pagatu gabe dituzue eta!'. Hainbeste kontu buruan, ordaintzea ahaztu zitzaigun".

Kinttelak bere burua saltserotzat dauka, eta danborradan irteteari "ezergatik ere" ez liokeela utziko dio. Lopetegiren arabera, "azpeitiartasuna" barruraino sartuta duten pertsona horietakoa da Kinttela: "Athleticzaleak sutsuak diren bezala, badira azpeitiartasuna bihotzean txertatua daukatenak. Ni ez naiz hain sutsua, baina gustatzen zait saltsa. Dena den, semeari lasai uzten diot trajea. Baina badira espezimen arraro batzuk, neolitikotik zuzenean etorriak...". Lopetegiren aburuz, "gaztetan ilusio handiagoa izaten da bizitzeko, ezagutzeko eta probatzeko", baina hori pasatu egiten da: "Orain, erosotasuna bilatzen dugu; nahiago dut soziedadean lasai egon, eta danborrada pasatzen ikusi".

25 urteotan taldea asko aldatu da: "Gazteak ginen, eta seme-alaba txikiak genituen. Haiek hazi egin dira, eta guk adinean aurrera egin dugu. Seme-alabak amorratzen daude danborradan ateratzeko, eta aldaketa handiena hori izan da. Gazte asko ateratzen da, eta asko emakumeak dira".

Kultura bai, eta besterik?

Kultura bai, eta besterik?

Azkenean. Iritsi da 2016a. Horrenbeste itxarondako unea, batzuentzat. "Donostiaren urtea", deitu dio Eneko Goia alkateak. Donostia Europako kultur hiriburu izango den urtea behintzat izango da. Bi aste barru ekingo dio agintaldiari, San Sebastian egun...