Rebeka Calvo
Naturaren eta denboraren hauskortasuna, eta bizitzaren zein margotzearen inguruko hausnarketak, ideia horiek bildu nahi izan ditu Mariano Arsuaga margolariak (Irun, 1954) Donostiako Koldo Mitxelena kulturunean. Ganbara aretoan ikus daiteke Lorategiak airean, baina erakusketa bakan bat baino gehiago da. Izan ere, Gasteizen eta Iruñean egongo da ikusgai ondoren. Horietan, baina, lan gehiago ere ikusi ahal izango dira; proiektua osatzeko hamabost karpeta biltzen dituen katalogoa prest izango du ordurako. "Hurrengo bi hirietarako banatu ahal izango dugu katalogo hori", azaldu du artistak berak. "Nire lan egiteko moduaren isla da katalogoa. Egunerokoek osatzen dute lanaren zati handi bat; egunerokoetan ikus daiteke nire sormen lana nolakoa den; eta erakusketa honen muina hori ere badenez, katalogoan hori ere islatu nahi nuen".