Unai Zubeldia
Irrintzika esnatuko da etzi Oñati; txilioka, oihuka, deiadarka. Lekaioka, alegia. "Aspaldiko euskaldunek herrian erabiltzen zuten deia edo irrintzia da lekaioa; abisuak pasatzeko, arazoak komunikatzeko zein urrun zeudenei hurbiltasuna adierazteko". Aitor Guridi Oñatiko Txantxiku ikastolako zuzendariordearen azalpena da hori. Ikastolako arduradunek auzolana irudikatzeko asmoz aukeratu zuten Lekaixoka! leloa —irrintziaren errepresentazioa da irudia—, eta, irrintzi doinuaren jiran, Gipuzkoako ikastolen aldeko Kilometroak jaiarekin bat egiteko deia egin dute antolatzaileek. Jadanik prest dauzkate ibilbideko lau gune nagusiak: Ikastola, San Martin, Asentzio eta Berezao. 09:30ean hasi eta 19:00ak aldera amaitu, gozatzeko hamaika aukera izango da egun guztian.