Albisteak

Motorren orroa entzun daiteke

Motorren orroa entzun daiteke

Olatz Mitxelena

Gurpilak eta olatuak. Moto zaharrak, artea, skate, surfa....Vintage kulturaren zaleak zorioneko dira, Wheels & Waves jaialdian bete-betean murgilduta. 2010ean sortu zutenetik, Miarritzen izan du egoitza nagusia jaialdiak, eta, asteazkenaz geroztik, ehundik gora karpa zabalik dira han. Horrez gain, surf txapelketa egiten ari dira Milady hondartzan, eta, hondartza ondoan, skate parke bat atondu dute jaialdirako propio. Urtetik urtera, baina, hedatzen eta handitzen ari da jaialdia, eta, duela bi urtetik, Jaizkibel mendia motozaleen topaleku izan da Punk's Peak lasterketari esker. Aurten, beste urrats bat egin, eta Gipuzkoako beste hainbat tokitara hedatu da jaia, igandera bitarte.

Beste bi egoitza topatu ditu jaialdiak: Pasaian bat, eta Donostian beste bat. Lasarteko hipodromoan egin dute aurten lehenbizikoz El Rollo izeneko flat track lasterketa —herenegun, derrapatzeen, hautsaren eta ezinezko maniobren maitaleen gozagarri izan zen—. Pasaian, Art Ride III erakusketa zabalik da gaurtik igandera arte, Trintxerpeko Ziriza etxean. Marka ezagunenetako motoak ikusteko aukera izango da egunotan: BMW, Royal Enfield, Yamaha, Deus... Guztira, 40tik gora ibilgailu, bi, hiru eta lau gurpilekoak; eta, horiez gain, objektu bitxiak, surf oholak, argazki ugari eta ikus-entzunezkoen emanaldiak.

Antzinako ibilgailuen erakusketa osatzeko, nazioarteko zenbait artistak beren lanak zintzilikatu dituzte Trintxerpeko bakailao fabrika izandakoan. Guztira, hamabi artistak hartuko dute parte Art Ride erakusketan; tartean, Nuts ilustratzaile japoniarra, Jay Nelson surflari eta artista plastikoa, amerikar eta custom estetikan espezializatutako Larry Nieheus argazkilaria eta 1999. urtean Espainiako Argazkilaritza Sari Nagusia jaso zuen Alberto Garcia-Alix. Art Ride III erakusketa 11:00etatik 21:00etara egongo da zabalik, etenik gabe. Sarrerak 5 euro balio du.

Algortako (Getxo, Bizkaia) skate parkearen gaineko historia ezagutarazteko argitaratu berri duten La Kantera lana ere aurkeztuko dute Zirian, erakusketa txiki baten bidez. Argazkiak, kartelak, skate taulak, marrazkiak... askotariko materiala bildu dute Europako bowl enblematikoenetako baten historia ezagutarazteko asmoz.

Pasaiako erakusketak patxadarako aukera eskainiko badu, Jaizkibel mendia adrenalina zaleen topaleku izango da gaur, 11:00etan. 128 motorzalek parte hartuko dute lasterketan, lau kategoriatan, motoen antzinatasunaren arabera sailkatuta. Lasterketa garai bateko paradorearen inguruan izango da, 14:00etatik 17:00etara. Lasterketa aurretik, baina, Jaizkibel ingurua bisitatuko dute motozaleek, horretarako propio antolatutako zeharkaldian. Lasterketak bukatuta, Hondarribira jaitsiko dira, 20:00 aldera. San Pedro eta Butroi pasealekuan aparkatuko dituzte moto guztiak.

Bizirik mantentzea da erronka

Bizirik mantentzea da erronka

Imanol Garcia Landa

Gipuzkoako herri txikienetakoa da Baliarrain—148 biztanle zituen iaz—. Herritar kopuru txikia izateak ere eragina izango zuen azken udal hauteskundeetan izan zuten egoera berezian. 2015eko maiatzean izan ziren udal hauteskundeak, eta ez zen zerrendarik aurkeztu. Abenduan, berriro egin ziren, Espainiako Kongresurako hauteskundeekin batera, eta, haietarako, herritarrek osatutako zerrenda bat aurkeztu zuten.

Sei hilabete daramatza, beraz, udal talde berriak Baliarrain kudeatzen. Olatz Iriarte dago alkate, eta gogora ekarri du prozesu hori guztia nola izan zen: "Hasieran, pixka bat urruti ikusten nuen gaia. Ez zen udal zerrendarik atera, eta horrek Martzelino Dorronsoro alkate ohiari tristura handia eragin zion, berak egindako lanak segidarik ez zuelako izan. Gero, beste sei hilabete horietan, talde txiki bat egitea lortu genuen herrian izan zen prozesu baten inguruan. Talde horren buru neroni atera nintzen, alkate izango zena. Ezustekoa izan zen, ez baikenekien zein izango zen. Azkenean, herria aurrera ateratzeko gogoz sartu ginen". Udalgintzarekin lotuta, egun berezia izan zuen herriak orain gutxi, hogei urtez alkate izan den Dorronsorori omenaldia egin baitzioten. "Egun polita izan zen", azaldu du Iriartek. "Herritar talde bat hasi ginen elkartzen, hogei urte pasatu ondoren esker oneko omenaldi bat egitea ikusten genuelako". Maiatzaren 1ean herritar ugari biltzen dira txekor jatea egiteko, eta egun hori aprobetxatu zuten "ekitaldi xumea" egiteko. "Martzelinok eskertu zuen, eta asko gustatu zitzaion".

Azken sei hilabeteen balantzea egitean, Iriartek beste herrien martxarekin alderatu du: "Gu sei hilabete beranduago sartu ginen, eta leku hartze hori beranduago izan dugu". Balantze positiboa egin du. "Hori bai, denbora behar da. Ikasteko asko balio du, eta herriak nola funtzionatzen duen jakiteko beharrezkoa da, ikusten delako bakoitzak zer lan dituen eta zer eginbehar dauden. Asko erakutsiko digun prozesu bat izango da".

Udal taldean dauden bost kideetatik lau berriak dira eginkizun horretan, eta sei hilabete hauetan beren burua "kokatzen" saiatu dira. Iriartek azaldu duenez, "gauza asko entzuten dira herritar gisa, baina, gero, udal taldean zaudenean, ikusten duzu nola funtzionatzen duen".

Zerrenda aurkezterakoan, herritarren parte hartzea eskatu zuten udalaren jarduera aurrera eramateko. "Aurreko legealdian bazeuden martxan kultura eta hirigintza batzordeak, eta horiek mantentzen dira. Herritarrek parte hartzen dute, eta horrek erabakiak hartzea errazten dizu, batzordeetan azaltzen baitituzu gauzak. Herriko jende ezberdinak parte hartzen du". Bestelako batzordeak ere badaude; festetakoa, adibidez. "Denetan, bakoitzak lan pixka bat egiten du, eta betiere errazagoa da gauzak aurrera ateratzea".

Herrirako bidea zabaltzea

Proiektu jakinei dagokienez, alkateak dio egitasmoak lantzen ari direla diru laguntzak iritsi ahala. "Orain, baserrietako bideak konpontzeko diru laguntzak atera dira, eta eskaera bat egina dago". Beraien lana, orokorrean hartuta, "dauden gauzak txukun mantentzea" dela gaineratu du.

Aurreko legealdietatik datorren proiektuetako bat herrira doan bidea zabaltzea da. "Proiektua hor dago, mahai gainean. Diputazioko errepideen departamentuan dago proiektua, baina oraindik zintzilik, sartu ginenean bezalaxe. Ez da inongo aurrerapenik egin. Beraiek esan behar dituzten gauzak dira, azkenean. Guk herriko kontuak lotuak ditugu, lursail batzuk jan egingo dituelako, eta hori hitz egina dugu jabeekin. Orain, aldunditik eman behar dute pausoa". Hori horrela, oraindik ezin dute zehaztu lanak noiz hasiko diren.

Ibiur urtegia inguratzen duen bidea konpontzeko proiektua ere mahai gainean du Baliarraingo Udalak. "Bidea nahiko gaizki dago; luiziek hondatu egin dute", esan du Iriartek. "Oraindik ez da ezer egin, bata besteari pilota pasatzen ari da, eta guri herri gisa interesgarria iruditzen zaigu bide horiek txukun izatea". Kontuak aurrera doazen arren, "mantso" doaz: "Gu bakarrik ez gara horrekin aurrera joan behar dutenak".

Urtegiko inguruarekin lotuta, bada beste proiektu bat: Abaltzisketako Larraitz auzora doan bidea txukundu eta seinaleztatzea. "Azkenean, jendea erakartzeko zerbitzuak dira. Herriari bizitza ematen dioten gauzak atera behar dira aurrera".

Hori da, hain justu, Baliarrain bezalako herri txiki baten erronka nagusietakoa, Iriartek dioenez: "Herria hiltzen ez uztea, herriak aurrera jarraitzea, bizirik mantentzea". Eta gaineratu du bide horretan hainbat zerbitzu izatea garrantzitsua dela; tartean, haur eskola: "Egun, haur asko daude Baliarrainen, eta haurreskola izatea garrantzitsua da. Jaiotza batzuk ere izango dira aurten, eta horrekin pozik gaude, beharrezkoa baita herriari bizia emateko".

Herritarrak hitza hartzera doaz

Herritarrak hitza hartzera doaz

Eider Goenaga Lizaso Maite Alustiza

Iritsi zaie momentua. Igandean, erabakitzeko eskubidea gauzatuko dute Gipuzkoako 32 herritan. 09:00etatik 20:00etara, boto kutxak jarriko dituzte Goierriko 23 herritan, Debagoieneko zortzitan eta Azpeitian. Bi galdera izango dira. Goierrin, honako hau: "Nahi duzu euskal estatu burujabe bateko herritarra izan?". Eta Azpeitian eta Debagoienean: "Nahi al duzu izan euskal estatu independente bateko herritar?". 16 urtetik gorakoek izango dute bozkatzeko aukera; Goierrin 58.066 hautesle egongo dira, Debagoienean 54.533 —Aramaio barne—, eta Azpeitian 12.142. Emaitzak 22:00 baino lehen izatea aurreikusi dute.

Galdeketa aurreko egunetan, Ordizian, Azpeitian eta Arrasaten izan da HITZA, giroa ikusi eta herritarrekin hitz egiteko. Denetariko iritziak bildu ditu; baiezkoak eta ezezkoak: galdeketaren berri dutenak eta parte hartuko dutenak, dakitenak baina joango ez direnak; ezer ez dakitenak...

MIKEL ETXABE

Bergara, 1979

"Kexa asko izaten dugu askotan, baina egin? Ezer ere ez"

"Kuadrillan-eta hasieran ez genuen giro handirik, baina bi lagun hasi ginen pixka bat sartzen, animatu ginen hitzaldi batera eta ikusi genuen interesa zeukala. Hortik gehiago animatu ziren. Askotan kexa asko izaten dugu, baina egin? Ezer ere ez. Ez antolatu, ezta antolatzen dituzten gauzetan parte hartu ere. Ikusten duzu jendea esfortzu bat egiten ari dela, denontzako ona izango den zerbait, eta pena da hori ez aprobetxatzea. Behintzat parte hartzea; gero emaitza beste gauza bat da. Herri dinamiketan badabiltza gazteak, gaztetxean, kontzertuak antolatzen...Eta hau ere aukera izan daiteke gazte jendea inplikatzeko".

OLATZ AGIRRE

Azpeitia, 1991

"Herria mugitzeko eta dinamizatzeko balio izan du honek"

"Jende gehiena bezala, pixkanaka joan naiz sartzen kontu honetan. Iruditzen zait herriarentzako gauza oso ona izan dela. Ez bakarrik herri galdeketaren kontuagatik, baizik eta sortu den giroagatik; herria mugitzeko eta dinamizatzeko balio izan du. Gero eta jende gehiago joan da parte hartzen. Jendea animatuta ikusten dut. Galdeketa egiteak berak, erabakitzeko aukera emateak, ilusioa pizten du. Emaitza ez da hain inportantea, galdera egitea eta erabakitzeko aukera ematea, bai. Gustatuko litzaidake hau zabaltzen joatea, baina ez dakit... Logikoa denez, orain galdeketa egitera doazen herriak aukeratutakoak dira, eta Azpeitia ez da Euskal Herriko beste herriak bezala".

MARIA LUISA IRULEGI

Errezil, 1951

"Espainiatik gauza gutxi iritsiko zaigu, eta hauxe da guk geuk egitea"

"Barrutik jarraitu dut prozesu guztia, Hitzartu-n ibili naizelako lanean, eta aitortu behar dizut igandekoak beldur pixka bat ematen didala. Gazte jendea mugituko dela uste dut; baina nire adineko jendea ez dut animatuta ikusten. Azpeitian gauza pila bat egin dira jendea mugitzeko, baina hoztasuna sumatzen dut,batez ere nire adinekoen artean. Niri beldurtzeko moduko ilusioa egiten dit. Espainiatik ezer gutxi iritsiko zaigu, guk geuk egin behar dugu; eta hauxe da guk egitea, euskaldunok euskaldunontzat lan egitea. Azpeitikoak eredu izan beharko luke, beste herriei begira, eta mundu guztiak parte hartu beharko luke. Askotan eskatu dugu erabakitzeko eskubidea, eta orain daukagu aukera. Baina, jende ezberdina elkartzea lortu dugun arren, beldur naiz ez ote den betiko jendea bakarrik mugituko. Nahiago nuke bestela balitz. Uste dut jendea zain dagoela hemen zer gertatzen den, gero beste herrietara zabaltzeko".

ALBERTO GARMENDIA

Ordizia, 1963

"Kontsulta egitea eta herritarrei galdetzea den guztia ondo ikusten dut"

"Gaia jarraitu dudan arren, ez dut orain arteko ekintzetan parte hartu. Dena den, kontsulta egitea eta herritarrei galdetzea den guztia ondo ikusten dut. Giro aldetik, Goierriko inguru honetan gauzak mugitu direla iruditzen zait, eta pentsatzen dut jendeak parte hartuko duela. Galdetzearen ariketa den aldetik oso ona iruditzen zait, beharrezkoa da jendeak zer nahi duen jakitea, eta honek horretarako bidea ematen du".

PATXI BASTIDA

Azpeitia, 1955

"Dudarik ez dut egiten parte hartze handia izango dela Azpeitian"

"Ilusioz jarraitu dut urte honetako prozesua, eta ilusio handiarekin nago. Ilusioa beti. Nik sumatu dudanagatik, eta lagunei-eta entzundakoagatik, jendea esperantza handiarekin dagoela iruditzen zait. Nigandik hasita. Nik esperantza eta ilusioz begiratzen diot igandeko galdeketari. Giroa badagoela uste dut, eta ea honen atzetik zer etortzen den. Dudarik ez dut egiten parte hartze handia izango dela Azpeitian".

TXISKU MASID

Lazkao, 1964

"Galdeketa egitea bera lorpen bat da; jada irabazi dugu"

"Hasieratik parte hartu dut antolaketan: giza katea, gero estadioetakoa eta orain galdeketa. Prozesua oso polita eta aberatsa izan da; Ordizian jende ezberdin asko bildu gara. Aldi berean, azken urteak uste baino lan gehiago eman digu; burokratikoagoa da lana, eta gauzak ondo lotu behar dira. Bestetik, egin den lanari esker, sentsibilitate ezberdinak elkartzea lortu dela iruditzen zait, lehen sumatzen zen zatiketa haustea lortu dela nolabait, eta iritsi gara orain arte mugitu ez den jende batengana. Ez dakit nola aterako den, baina herrian egin den lan hori jada irabazi dugu. Asko kostatu da muga haustea eta elkarrekin lanean hastea, baina lortu dugu, eta eutsi egin behar zaio, baita ekainaren 5aren ondoren ere. Eta denak ez gaude ados, baina niretzat galdeketa egitea bera ere lorpen bat da; jada irabazi dugu. Galdera planteatu dugu, herritarrei galdetuko zaie, eta hor egongo da. Teoria hutsetik harago, praktikan jarri dugu, eta horrekin jada irabazi dugu. Gero, parte hartzea, ikusiko dugu...".

ANAJE RUIZ

Arrasate, 1953

"Eguneroko gauzen inguruan galdetzea gustatuko litzaidake"

"Badakit galdeketa egongo dela, baina ez dut gaia askorik jarraitu. Ez naiz bozkatzera joango; hala ere, herritarrei galdetzea den guztia oso ondo iruditzen zait. Gustatuko litzaidake eguneroko gauzen inguruan galdetuko baligute; politikari asko hauteskunde programan jartzen dutenarekin doaz aurrera, horretan babesten dira gero nahi duten guztia egiteko, eta ez naiz alderdi konkretu batez ari. Hondakinekin hemen daukagun kontuarekin, Epelekoarekin-eta, adibidez, gustatuko litzaidake galdetzea. Benetan galdetzea egunerokoan denei eragiten diguten gauzez, gauza erabilgarriez. Baina zaila ikusten dut; askok kontrakoa esaten duten arren, agintzen dutenen interesak herritarrenen gainetik daude askotan".

FILO PEREZ

Extremadura (Espainia)

"Galdetzea ona da; askotan eman dugu botoa alfer-alferrik"

"Nik hau normal-normal bizi izan dut. Galdetzea normala iruditzen zait. Galdetzea ona da, eta gero norberak erabakiko du zer boto eman, hori norberarena da. Baina uste dut herritarrei galdetu behar zaiela, herriak bere iritzia eman behar duela. Azpeitian piztu da giroa, eta jendea ari da gaiari buruz hizketan. Agian nahastuta egongo naiz, ikusiko dugu, baina jende askok parte hartuko duela iruditzen zait. Bestetik, Katalunian pareta batekin egin dute topo, eta agian guk ere pareta joko dugu, baina segi egin behar da aurrera. Galdeketarekin zer lortuko dugun, hori beste gauza bat da, baina jendeari galdetzea beti da ona. Iganderako ilusioa badut; askotan eman dugu botoa alfer-alferrik, eta honek behintzat balioko du jendeak zer nahi duen neurtzeko, honi buruz ez baitzaigu sekula galdetu".

ANDER GOÑI

Arrasate, 1997

"Inguruan ikusten dut askok ez dutela interesik jartzen"

"Inguruko gehienek badakite igandean galdeketa dagoela, baina ikusten dut askori ez zaiela inporta, ez dutela interesik jartzen horrelako gauzetan. Asko ez dira botoa ematera joango; hauteskundeetan ere, badaude lagunak bozkatzera joaten ez direnak. Niri garrantzitsua iruditzen zait; gero politikariez kexatzen gara... Aukera daukagun momentuetan iruditzen zaiguna esaten ez badugu, ez dugu nahi duguna lortuko. Egia esan ez dakit etorkizunean zer gertatuko den, noraino helduko den hau, baina jendeak erabaki ahal izatea gauza oso positiboa da".

MARTIN ARNAIZ

Arrasate, 1943

"Ez da disparate bat demokrazia batean herritarrek erabakitzea"

"Parte hartuko dut, hauengatik besterik ez bada —bilobari seinalatuz—. Guk ez dakit jada zerbait ikusiko dugun, baina inportantea da hau bizitzea, gogo hori edukitzea eta praktikan jartzea. Uste dut Goierrin lan oso inportantea egin dutela, Debagoienera ere iritsi da, eta aprobetxatu behar dugu. Etxean geratuta ez da ezer aldatuko; langileen borrokak ikusi ditugu, beraien eskubideak defendatzen, eta inportanteena dena, denok elkarrekin. Askotan ikusi da gauzak lor daitezkeela, baita parean dagoena handia izanda ere. Orain Espainiatik-eta traba asko jartzen dituzte, baina hemengoa hemen erabaki dezakegula uste dut. Ez dut uste disparate bat denik, demokrazia batean, herritarrek erabakitzea zer nahi duten. Hori edonork ulertzeko modukoa da".

ROSARIO ZEBERIO

Ordizia, 1943

"Guretzat, adineko pertsonentzat, kezkak beste batzuk dira"

"Egia esan kontu hau ez dut askorik jarraitu, baina entzun asko entzun da. Hala ere, ni ez naiz asko ibiltzen herrian. Ez daukat parte hartzeko asmorik. Ez, ez, ez, nik ez dut saltsa horretan sartu nahi. Nahiago dut beste lan batzutan aritu, politika kontuetan ez dut sartu nahi. Nazkatuta nago, entzutearekin bakarrik nazkatu egiten zara, beti jira eta buelta kontu bera dabilelako; eta soluziorik ez da bilatzen, eta hori da txarra. Esango bazenuke honek soluzio bat ekarriko duela, segituko nioke, baina ez diot soluziorik bilatzen. Eta guretzat, adineko pertsonentzat, kezkak beste batzuk dira".

AITOR ELUSTONDO

Azpeitia, 1979

"Bada garaia erabakitzeko eskubidea izan dezagun"

"Aurretik hainbatetan eskatutakoa egingo dugu, eta ikusi da herriak baduela interesa. Eskubide bat aldarrikatuko dugu, bada garaia erabakitzeko eskubidea izan dezagun. Espero dezagun hau lehen pausoa izatea. Izan ere, nonbaitetik hasi behar da, zer edo zer egin beharra dago; guk sinistu eta egin behar dugu. Eta guk sinesteko, ondo dago erakustea herritarrek zer nahi duten. Nik uste dut jendeak baduela parte hartzeko gogoa. Nola esango diogu ezetz horrelako aukera bati? Lan handia egin da Azpeitian, jende asko mugitu da, mugimendu zabala izan da".

LURDES ZUBIA

Arrasate, 1969

"Politikari askoren jarrera ikusita, nahiko ezkorra naiz"

"Erabakitzeko eskubidearen alde nago, eta inguruan ikusten dut ilusioa badagoela. Ni ez naiz askorik inplikatu, baina botoa ematera joango naiz. Hilabete honetan bi boto ematea tokatuko zaigu... gauza oso ezberdinetarako, baina bietara joango naiz. Aukera gutxi egoten dira, eta dagoenetan ez bagoaz... Hala ere, politikari askoren jarrera ikusita, nahiko ezkorra naiz. Baina egia da beraiek agintzen digutena egitera mugatzen bagara berdin jarraituko dugula".

ANDER ITURBE

Azpeitia, 1959

"Ez nago hemen erroldatuta; beraz, ez dut interes handirik jarri"

"Ez dut gai hau askorik jarraitu, baina entzun dut zerbait, eta ikusi ditut ikurrinak-eta balkoian. Kontua da, hemengoa izan arren, ez nagoela Azpeitian erroldatuta, eta ezin dut botoa eman; horregatik, agian, ez dut askorik jarraitu gaia, ez dut interes handirik jarri. Bestalde, ni politika kontuekin hain nazkatuta nago, bai herri mailan eta bai estatu mailan... desilusionatuta nago erabat. Aukera edukiko banu, bai, emango nuke botoa. Baina, orain dagoen egoerarekin, azken momentura arte ez nuke jakingo ze boto eman".

ROS INSAUSTIONDA

Lazkao

"Sentsazio onak ditut; iruditzen zait behar zela horrelako zerbait"

"Kanpotik baina interesarekin jarraitu dut prozesua, eta baita aurretik egin diren gauzak ere. Igandeari begira sentsazio onak ditut; iruditzen zait behar zela horrelako gauza bat. Nik uste dut herritarrok badugula gogoa gure esku dagoena egiteko, eta hau oso gauza positiboa da. Eta ikusi dena da sentsibilitate ezberdinak mugitu direla, eta iruditzen zait elkarrekin lan egiteko ordua iritsi dela. Azkenean, inor ez da etorriko guri galdetzera, eta guk egin beharko dugu pauso hori. Espero dut, bai Lazkaon eta bai Goierri osoan, parte hartze txukuna izatea, eta ea Goierri beste eskualde batzuen eredu bihurtzen den".

JOKIN ETXEBESTE

Arrasate, 1987

"Galdeketa antolatzeak berak ekarri du aldaketa bat"

"Joango naiz botoa ematera, noski. Ikusten dut geldirik gaudela, edo bestela gauzak okerrera doazela. Aldaketa bat behar dugu, eta uste dut galdeketa antolatzeak berak ekarri duela aldaketa bat, jendea mugitzeko gogoz zegoela. Hemen, eskualde oso bat inplikatu da kristoren ekintza pila antolatuz. Espero dut jendeak parte hartzea, emaitza baino garrantzitsuagoa izango da igual. Gogoratzen dut giza katea izan zenean Kataluniarekin konparatzen genuela, eta ni behintzat ez nintzen oso baikorra, ez nuen uste erantzun hori izango zuenik. Orain, pauso gehiago eman ditugu, eta herri askotan eman ahal izango dugu botoa. Uste dut, gainera, gure ondoren gehiago animatuko direla".

LEIRE VIANA

Ordizia, 1980

"Herrian egin diren ekitaldietan lortu da jendea mugitzea"

"Antolatu diren zenbait ekintzatan parte hartu dut, antolaketan ibili ez arren. Nik uste dut herrian egin diren ekitaldietan lortu dela jendea mugitzea. Eta galdera egitea bera oso ondo iruditzen zait, inportantea da herritarrei zer nahi duten galdetzea. Ez dakidana da nolako parte hartzea izango den; ez daukat pertzepzio argi bat. Niri agian ez zait iruditzen ezer berezia sumatzen denik, baina nire pertzepzioa da. Hala ere, espero dut parte hartze handia izango dela".

JON GURRUTXAGA

Azpeitia, 1996

"Hainbeste eskatu ondoren, herritarroi galdetu egingo zaigu"

"Herria nahiko aktibo dagoela esango nuke. Lan handia egin dute Hitzartu-koek, eta uste dut asmatu dutela herrira iristen. Mugimendu honetan, bai Azpeitian eta bai Euskal Herrian, gazteak bezala jende heldua ere mugitu da, oso mugimendu zabala izan da, eta jende askorengana iristea lortu dute; beste mugimendu politiko batzuek lortu ez dutena.

Nik ilusioa badut, eta uste dut hori dela pertzepzio orokorra. Hainbeste urtetan eskatu ondoren, herritarroi galdetu egingo zaigu. Guk hitza emango dugu, eta ez dakit zeinek hartuko duen, nahi duenak hartuko du, eta nahi ez duenak ez, baina hemen egin beharko ditugu gauzak, garbi baitago ez Madrildik eta ez Paristik ez digutela galdetuko".

MAITE MENDIOLA

Bergara, 1979

"Gauzak ez dira egun batetik bestera aldatuko"

"Nik uste dut askok irudikatu dugula nolako etorkizuna nahiko genukeen. Askorentzat urrutiko gauza bat da edo zerbait ezinezkoa, baina pixkanaka bakarrik heldu gaitezke horretara. Gauzak ez dira egun batetik bestera aldatuko; ikusten ari gara Katalunian, han dagoen indarrarekin ere, ez dela bide erraza. Dinamika politak ateratzen ari dira herrian; galdeketaren inguruan egin diren ekintzez eta hitzaldiez gain, Kilometroen antolaketan-eta ere mugimendua dabil. Gazteena garrantzitsua iruditzen zait. Beraiek izan behar dute interesik handiena, beraien esku baitago datorkien guztia erabakitzea".

Ez dute sua itzaltzea nahi

Ez dute sua itzaltzea nahi

Asier Perez-Karkamo
Jaietako egun nagusian, 1976ko irailaren 8an, Guardia Zibilak Josu Zabala Erasun gazte irundarra hil zuen, tiroz, Hondarribian. Arratsaldeko alardearen ondoren, Eduardo Moreno Pertur ETAko kidearen desagerpena salatzeko manifestazi...

“Urte asko pasa dira, baina ezin da ahaztu herri honetan bizi izan genuena”

A. Perez-Karkamo

Maxuxa Larrarteren aitona-amonen etxe azpian zauritu zuten Josu Zabala. Ez zen oso urruti Larrarte, eta den-dena ikusi zuen. Hartaz mintzatzen denean ahotsa aldatzen zaio; ez da lan arina harentzat, baina egin behar dela uste du, "gazteek herrian gertatutakoa ezagut dezaten".

Ia berrogei urte pasatu dira Zabala hil zutenetik. Zabala Gogoan lantaldea sortzea erabaki duzue aurten. Zertarako?

Batetik, gertatutakoaren testigantzak jaso nahi ditugu, hitzez, argazkiz eta bideoz. Berrogei urte pasa dira, baina hura bizi izan genuenok oraindik presente dugu, eta egungo gazteek, belaunaldi berriek gertatu zena jakin dezatela nahi dugu. Eta, bestetik, omenaldia antolatu nahi dugu. Urtero egin izan zaio, irailaren 8ro, baina alardearen festan galduta geratzen zen, eta behar bezalako ekitaldi bat prestatzea ezinbestekoa dela uste dugu.

Zuk zergatik erabaki duzu lantaldean sartzea?

Ekintza ikusi nuelako, lekuko izan nintzelako, eta urtero egin zaion omenaldian parte hartu izan dudalako. Oso hunkigarria izaten da niretzat, oso gogorra. Bai, urte asko pasa dira, baina ezin da ahaztu herri honetan bizi izan genuen gertakari hura.

Testigantzak biltzen ari zarete. Zer esan nahi du horrek, oraindik badagoela zer ikertu?

Ikertzeko baino gehiago, kontatzeko. Argi dago zer gertatu zen, baina ez da kontatu, eta belaunaldi berriek ez dakite zer gertatu zen, ez dakite Guardia Zibilak herriko jaietan gazte bat hil zuela tiroz. Urtero omenaldi xume bat egiten da, familiak ikus dezan ez garela ahazten. Baina zabaltzea falta da, eta gazteek horren berri izatea.

Orain arte, alarde egunean egin izan da omenaldia, egun horretan hil zutelako. Aurten bezperan egitea erabaki duzue. Zergatik?

Bai, alarde egunarekin galduta geratzen da ekitaldia, festarekin. Horregatik, bezperan egingo dugu, leku berean, Zabalaren txokoan, baina irailaren 7an. Jende gehiagok parte hartzeko aukera izango du, eta festa girotik aldenduko da ekitaldia. Erakusketa bat ere prestatuko dugu, astean zehar Itsas Etxean bisitatzeko aukera izango dena.

Aurreko urtean esfortzu handia egin zen omenaldian sentsibilitate desberdineko jendea egon zedin. Aurten bide horri eutsi diozue, ezta?

Bai, bai, eta horretarako jendearekin hitz egiten hasi gara. Adibidez, Lesakako Laminaciones lantegiko batzorde osoa etorriko da —han egiten zuen lana Zabalak—; udalari eskaera egin diogu, udalbatza osoa etortzea nahiko genuke... Ari gara horretan lanean, batzuekin eta besteekin elkartzen.

Nolakoa da familiarekin duzuen harremana?

Beti izan dugu harremana beraiekin. Beren asmoa beti izan da omenaldia herriak egitea, beraiek hor egon bai, eta lagundu, baina pisua herriak hartzea. Oso jende xumea dira, eta orain arte horrela egin dugu. Baina beti egon gara haien ondoan.

Eta, zure ustez, zein da Josu Zabalaren familiak 40. urteurrenetik atera nahiko lukeen ondorioa?

Herritarren artean transmisioa bermatzen dela ikustea, eta, horrez gain, adineko jendeak gertatutakoaz lasai hitz egitea. Bi gauza horiek lortuz gero, pozik geratuko lirateke.

Hainbeste itxarondakoa bertan da

Hainbeste itxarondakoa bertan da

Iñigo Terradillos

Egonezina eta ezjakintasuna izan ziren lehendabiziko sentimenduak euren seme Oierri, handitzen zihoan heinean, zerbait gertatzen ari zitzaiola antzeman bai baina zerbait hori zer zen ezin jakin zutela ikustean. Sanfilippo gaixotasun genetikoa zuela azaldu zieten medikuek gerora. Gorputzak behar ez dituen substantziak desegin edo birziklatzeko beharrezko entzima batek gaizki funtzionatzen duenean edo entzima hori ez dagoenean sortzen da eritasuna; hondakin materiala zeluletan biltzen da, eta horrek ondorio suntsitzaileak ditu organismoan. Adingabeengan hiperaktibitatea, garuneko kalteak eta joera autosuntsitzaileak eragiten ditu, eta nerabezaroan heriotza goiztiarra ekarri. Sanfilippo sindromea ezohikoa da —jaiotzen diren 50.000 haurreko kasu bat izaten da—, eta gaixotasun arraro gisa sailkatua dago.

Izaskun Aizpurua eta Kepa Iribarrenengan atsekabea eta etsipena nagusitu ziren orduan. Izan ere, semeari gertatzen zitzaionaz jabetu baziren ere, gaur egun gaixotasun horrentzat berariazko tratamendurik ez dagoela ere jakin zuten. Itxaropena piztu zitzaien, ostera, AEBetan urteetan aurrera eraman duten ikerketa emaitza onak uzten ari zela ikustean. Ikerketa hori borobildu eta gizakietan probatzea itxaron behar zen, ordea, eta, ondoren, Euskal Herrian egitea. Horrek guztiak kostu handia zuenez, Stop Sanfilippo fundazioak hamaika ekimen antolatu ditu herritarren eskutik dirua biltzeko.

Herritarren laguntza handiak —Euskal Herrian bildutakoa nabarmendu dute Oierren gurasoek— ikerketa bizkortzea ahalbidetu du, eta estreinako aldiz hasi dira entsegu kliniko bitartez haur bat tratatzen. Eliza izena du, 6 urte ditu, eta Oier ibartarrak bezala A motako Sanfilippo gaitza du. "Asko itxarondako lehen pausoa" da hori, aitak dioenez. Haur estatubatuar horrekin hasi duten tratamendua zertan den azaldu du amak: "Birus baten bidez gen ona sartu diote, eta horren bitartez espero dena da gorputz guztian zehar hedatzea, gen horrek entzimak banatzea, eta pixkanaka gorputz hori normaltasunerako bidean jartzea".

Orain, bi hilabete inguru itxaron beharko dute entsegu horrek Elizaren gorputzean dituen ondorioak ikusteko, eta, guztia espero bezala joanez gero, bigarren haurrarekin hasiko lirateke. Animaliekin aritu dira ikertzaileak orain arte, eta lehendabizikoz ari dira gizakietan tratamendu hori probatzen. "Pauso hori ematerako ziurtasun handia izan behar dute; horregatik, medikuek diotenez, ez dute arazorik aurreikusten, baina bi hilabeteko tarte hori behar dute bide onetik doala baieztatzeko", dio Iribarrenek.

Aurreikuspenak betez gero, beste bi haurrengan tratamendu berbera erabiliko dute, eta, ondoren, Gurutzetako Ospitalera (Barakaldo, Bizkaia) eramango dute. "Estatu Batuetatik Bilboko ospitalera etorriak dira han entsegua normal-normal egin daitekeela ziurtatzeko, eta 2016a bukatu baino lehen izango dela esan digute", azaldu du Aizpuruak.

Azken hilabeteak berri hori noiz iritsiko zain eman dituzte Oierren gurasoek. Bazekiten hastear zirela, baina espero baino gehiago luzatu da itxaronaldia. Entsegu hori gizakiengan estreinakoz erabiltzen hastea pauso handia izan da, baina Oierrentzat ezinbesteko beste pauso bat geratuko litzateke, bere gorputzak tratamendua onartzen duen jakitea, alegia.

Sartu behar dioten birusa arduratuko da organismo guztian gen on hori barreiatzeaz. Birus arrunta da, baina entseguarekin hasi aurretik, haur bakoitzari birus horrekin noizbait kutsatuak izan diren baieztatzeko proba egin behar zaio. Probak baiezkoa ematen badu, horren aurkako antigorputzak sortuak izango ditu, eta orduan birusa kanporatuko du.

Proba hori egin ostean jakingo dute, beraz, Oier entseguan sartuko den ala ez. Uda ostean eta urtea amaitu aurretik espero dute tratamendua Bilbon izatea, eta orduan amaituko da hilabete luzez iraun duen gurasoen borroka, ilusioa eta itxaropena. "Probak baiezkoa eman eta esaten badigute Oier ezin dela entseguan sartu semearen gaixotasuna sendatzeko, itxaropena amaituko da guretzat".

Desioa eta beldurra

Sentimendu kontrajarriak dituzte egun hauetan; batetik, entsegua Bilbora ahalik eta azkarren iristeko nahia, eta guztia ondo bidean jarri eta semea pixkana hobetzen ikusteko desioa; eta, bestetik, hainbeste itxarondakoa azkenean ezerezean gera daitekeelako beldurra. Azken horretarako prestatzen ari dira, bereziki; izan ere, haien ustez, "proban positibo emango duten haurrak azalduko dira". Eta une berezi hauetan ere jendearen elkartasuna eskertu dute ibartarrek, "herritarren bultzadarik gabe ez baikenuke honaino iristea lortuko".

Oierrek tratamendua arazorik gabe onartuko balu emaitzak nabaritzeko urtebete gutxienez itxaron beharko litzatekeela azaldu diete medikuek. Bitartean, 8 urte egingo ditu hilabete honetan, eta "kanpotik begiratuta ondo dagoela iruditu arren, barrutik, egunetik egunera kutsatzen jarraitzen du". Duela hiru urte atzeman zioten gaixotasuna, eta gaur egun egonkor dago. "Gaitz honek, ordea, ez du etenik, eta gutxinaka itsu geratuko da; ez du entzungo, eta ezingo da ibili, ohean geratu arte".