Albisteak

Elkarbizitzara kondenatuak

Elkarbizitzara kondenatuak

Olatz Mitxelena

Galtzerdiari buelta nola, hala eman behar omen zioten buelta Pasaiako badiari. Jaurlaritzako lehendakari zela Juan Jose Ibarretxek egindako adierazpenak sonatuak izan ziren. Ordutik, ordea, ez da urrats handirik egin Pasaiako badiaren biziberritzean. Gipuzkoako Foru Aldundiak hasierako onarpena eman zion lehengo astean portuaren Plan Bereziari. Aste berean, San Pedroko lonja berria eraikitzeko lanetan 7 milioi euroko gainkostua salatu dutela jakin da. Biziberritzearen bidean orain arte egin den obrarik esanguratsuena, beraz, susmopean da, eta obrak geldirik daude otsailaz geroztik.

Onartzear den Portuaren Ordenaziorako Plan Bereziak 7,9 hektarea gordetzen ditu hiri erabilerarako, eta 97.000 metro koadro portuko biltegietarako: 46.000 kaiko Herreran eta 51.000 portuaren gainontzeko lurretan. Hala iragarri zuen Portu Agintaritzak plana berrikustea adostu zuenean, iazko irailean. Portuak orduan esan zuenez, kanpo kaiaren proiektua baztertu izanak eragin du plan aldaketa, "portuko eta hiriko beharren arteko oreka" bilatzeko.

Bilaketa horretan, baina, herritarrak galtzaile direla argi du Herrera Herrira plataformak. Portuaren Plan Bereziak "Herreraren kolonizazioari" eusten diola uste du, eta egoera arindu ez ezik, okertu egingo duela: "Hasierako planak [2010. urtekoa] kaiko Herreraren iparraldea eta mendebaldea mistotzat hartzen zituen, eta herritarrentzako erabilerak baimendu, baina plan berrian aukera horri ateak ixten zaizkio erabat, eta egungo portuaren eremuei eusten zaie".

Herrera Herrirako kide Iñaki Aristik azaldu duenez, herriaren erabilerarako bi eremu baino ez ditu aurreikusten plan berriak: Trintxerpeko kaian inguru bat lur azpiko aparkalekuak eraikitzeko, eta Herrerarako Eusko Tren geltokirainoko sarbidea.

Planari hasierako onarpena eman diotenez, orain alegazioetarako tartea zabaldu dute. Hilabete eta erdiz aurkez daitezke alegazioak, eta urte bukaerarako plana behin betiko onartua egotea aurreikusia dute.

Hori dela eta, diputazioak hiru partekatze saio antolatu ditu Trintxerpen, portuaren Ordenaziorako Plan Berezia ezagutarazteko asmoz. Lehenengo partekatze saioa asteazkenean izan zen. Herrera Herrira-k, saioan parte hartzeko gonbidapenari uko egin, eta elkarretaratzera deitu zuen egun eta toki berean, "inposizioa" salatzeko. "Eskandalagarria" iruditzen zaio Herrera Herrira-ri diputazioak antolatu duen prozesua, eta "erabat arduragabea" Pasaiako udal gobernuaren jarrera, "halako garrantzia duen gai baten kudeaketa herrikoak ez diren eragileen esku uzteagatik". Aristik salatu du prozesua plana azaltzeko baino ez dela izango; "ez da inolaz ere izango eztabaidarako aukera". Aldundiak antolatu dituen saioetara gonbidapenarekin baino ezingo da sartu, eta tokia mugatua izango da, Pasaiako Udaleko Hirigintza zinegotzi Nahikari Oterminek esan duenez, saioak "operatiboak" izan daitezen. Horrez gain, partekatze saioetan bi talde bereiziko dituztela aurreratu zuen Oterminek: herri eragileak batetik, eta portuko enpresetako kideak bestetik, "oso bestelako interesak defendatzen dituztela" argudiatuta.

Aitzitik, Herrera Herrira-k uste du halako foroek "aurrez idatzitako gidoi bat legitimatzeko baino ez dutela balio", eta kezka agertu dute, haien ustez, portuaren Plan Bereziak Pasaiako "etorkizuna beste behin hipotekatuko duelako".

"Irizpideak inposatu nahi dizkigute herritarrek udalerriaren etorkizuna eraikitzeko bidean hartutako erabakiak ezinezko izan daitezen, batez ere kaiko Herreran", ohartarazi du Aristik, eta ohartarazi du ez dutela onartuko. "kanpoko erakundeen injerentziarik". "Ez dira nor gure herrian zer egin behar dugun erabakitzeko".

Aristik gogoratu du Pasaiak aspaldi erabakia duela kaiko Herrera nola ordenatu. Pasaiako Udalak 2011. urtean adostu zuen kaiko Herreraren ordenazioa, Herrera Herrira-k dinamizatutako parte hartze prozesuan erabakitakoak bere eginda. Herrera Herrira-k salatu du akordio hura urratzea lekarkeela egungo plana onartzeak. Pasaiako alkatetzan den PSE-EE, ordea, Herrera Herrira-k proposatutakoen kontra agertu da izan da beti, baita 2011ko bozketan ere. Izaskun Gomez alkateak argi adierazi izan du ez duela bere egiten akordio hura.

Lonjako lanak, etenda

San Pedroko lonja berria eraikitzeko lanetan atzeman dituzten gainkostuez galdetuta, Aristik "oso larritzat" jo ditu ustezko irregulartasunak. Larriena, edonola ere, Pasaiako udal ordezkariak jokatzen ari diren rola dela uste du: "Alkateak irregulartasun horiek ikertzearen kontra bozkatu du, baita hirigintza zinegotziak ere". Gaineratu du Pasaiako herritarrak "erabateko desanparoan" direla. "Ea zerk ematen duen honek guztiak, baina erne jartzen gaitu". Gogoratu du Eusko Jaurlaritzak 5 milioi euro eta erdi jarri behar dituela "jende beraren eskuetan".

“Pasaiako etorkizunaren alde”, akordioa

"Premiazko" topagunea izan zen lehengo larunbatean Trintxerpen, Herrera Herrirak deituta. Batzar haren ondorio da Pasaiak Ahal Du-k, Ezker Anitzak, EH Bilduk eta Herrera Herrira-k berak izenpetutako akordioa, "Pasaiaren etorkizunaren alde".Funtsean, P...

PARTE ZAHARREAN BIZI AUZO ELKARTEAREN PROTOKOLOA

Zure eskubidea da

Atseden hartzea

Oztoporik topatu gabe ibili ahal izatea

Emergentzia zerbitzuetarako pasabidea

Ingurune garbia izatea

Araudia ez da betetzen

Terrazak baimendutako ordua baino beranduago jasotzea. Tabernak baimendutako ordutegia baino beranduago ixtea

Tabernetako ateak eta leihoak 23:00ak baino beranduago zabalik izatea.

Tabernetako zaratak eta musikak zure etxean burrunba egitea

Tabernetatik kanpo 22:00ak baino beranduago edatea

Gauez zarata ateratzea

Legez kanpoko ostatuak eta, legezkoak izan arren, bizilagunei galarazten dietenak

Terraza jartzeko, baimendutako tokia baino handiagoa hartzea

Mahaiek eta aulkiek atarietarako pasabidea eta sarbidea oztopatzea (60 cm-ko tartea laga behar dute)

Mahaiak, aulkiak eta abarrak baimendutako tokitik kanpo pilatzea

Mahaiak eta aulkiak baimenik gabe pilatzea

Baimendutako tokitik at arbelak, itxiturak eta abarrak pilatzea

Terrazaren gunea garbi ez izatea

Kalean pixa egitea

Zaborra tokiz eta ordutegiz kanpo uztea

Zure esku dago

Udaltzaingoari deitzea: 092 (Larrialdia bada) 943-48 13 20 (Informazioa)

Udaletxean kexa aurkeztea (Argazkiak edota bideoak aurkeztea komeni da)

Auzo elkarteari kopia helaraztea (kexak bilduz, salaketak indartzeko eta guztien jarraipena egin ahal izateko)

Donostia Amsterdam balitz

Donostia Amsterdam balitz

Maite Alustiza

Amsterdamgo Udalak argi adierazi du: ez ditu hainbeste turista nahi. 800.000 biztanleko hiria da, eta urtean 17 milioi bisitari hartzen ditu. Kanpaina bat dauka martxan, eta, besteak beste, Amsterdamdik gertu dauden herrietan ostatu hartzera animatu ditu turistak. Ekinbide horri erreferentzia egin dio Eduardo de la Fuente hirigintza adituak, Donostiarekin alderaketa egiteko orduan: "Hemen zein politikarik esango du 'goazen atzera egitea hobeto bizitzeko'? Ez da ohikoa. Haztea ez da beti aurrera egitea". Amsterdamgo kanpaina aitzakiatzat hartuta, Donostian erabili diren hainbat eslogan baliatu ditu De la Fuentek Parte Zaharreko zarataz hitz egiteko: "Zarataren arazoaren aurrean, eslogan hau erabiltzen dute: 'Eskertuko dizugu tonua jaisten baduzu'. Aldiz, modu irekian, 2016ko kultur hiriburutzan, hitz bakarra: 'Ongi etorri!'. Ezingo litzateke zaratarenean 'Errespetatu!' erabili eta 2016an 'dezente pozten gara zuen etorreraz'?".

De la Fuenterekin batera, Donostiako Parte Zaharrean Bizi auzo elkarteak mahai inguruan batu ditu Iñaki Gurrutxaga Donostiako Udaleko EAJko ordezkaria, Marta Barandiaran osasun arloko aditua eta Javi Rodriguez eta Leticia Molina —Bilbo eta Iruñeko alde zaharretako auzo elkarteetako ordezkariak—. San Telmo museoan elkartu dira alde zaharretako zaratez eta irtenbide posibleez hitz egiteko.

Urteekin aldaketak izan diren arren, Donostiako Parte Zaharrean errealitatea bera dela dio De la Fuentek: deserosotasuna egunerokoan. Arazoak are gehiago dira uda partean: "Jende oldea izugarria da; bizi kalitatea galdu dugu. Marra gorria pasatu da, eta ez gara ari hobeto bizitzen, okerrago baizik".

1989. urte ingurune saturatutzat jo zuten Donostiako Parte Zaharra, eta, Iñaki Gurrutxaga udaleko EAJ ordezkariak azaldu duenez, harrezkero ez dute lizentzia berririk eman, eta ezin da inguru horretan taberna berririk ireki. "Horrek ez du esan nahi zaratarik ez dagoenik, baina neurria malgutuko balitz, askoz ere taberna gehiago egongo lirateke". Parte Zaharrean Bizi elkartea, ordea, ez dator bat baieztapen horrekin. Eustateko datuak erabiliz dioenez, 29 biztanleko establezimendu bat dago egun, eta saturatutzat jo zenean, 166 pertsonako establezimendu bat aipatzen zen. De la Fuente ere ez dago ados: "Frogatu dezaket gehiago daudela. Berdin zait bidea, baina askoz gehiago daude. 2005ean udalak egiten zituen egin behar ez zituen gauzak. Baimentzen diren gauza asko daude".

Azken hamarkadetan izandako aldaketei begiratu bat emateko, 1994ra egin du salto De la Fuentek: "Parte Zaharreko errehabilitazio plana bukatzen ari ginen. Orduan, saneamendua nazkagarria zen; etxeak ez ziren margotzen… 1998an dena aldatu zen. Turista uholdea iritsi zen, eta dinamika hori ez da gelditu gaur arte". Dioenez, 1990-2000 urteetan, honako hauek ziren arazo nagusiak: jendea kalean egoteak sortzen zuen zarata, pixak, hondakinak… "Orain, ostatu gehiegi daude; etxe turistikoak etxebizitzen merkatu dira, eta alokatzeko hartzen dituzte".

Araudi kontuak

Udaleko ordezkariak ere ostatuen ugaritzearekin dagoen arazoa aipatu du, eta duela hamabost bat egun jaso zuten epaia azaldu du: "Ostatuak irekitzeko udalak daukan arautegiak dio ezin direla ostatuak jarri azpian etxebizitza duten lekuetan; soilik lehen solairuan jar daitezke, beraz. Baina epaiak kontrakoa dio, Parte Zaharrak plan berezi bat duela". Hori dela eta, plan berezian aldaketa bat martxan jarri du udalak, "mugak jartzeko". Gurrutxagak dio kontziente direla Parte Zaharrean turista asko pilatzen dela, eta, horren aurrean, estrategia bat landu nahi dute: etortzen den turista hirian gehiago banatzea, beste tresna batzuen bidez. "Adibidez, plana alda daiteke, eta, tabernekin bezala, beste gauzekiko ere saturatua dagoela adierazi; horrela, ostatuak-eta beste toki batera eraman ahalko lirateke".

Komertzioari dagokienez, turistentzako dendek saltoki tradizionalak "ezereztu" egiten dituztela salatu du De la Fuentek. Alde horretatik, udalak "arduraz" ikusten du Donostia bi eremutan banatuta egotea: "Merkataritza mundua erdialdean dago, eta ostalaritza eta horri lotutakoa batez ere Parte Zaharrean. Beste elementu batzuk sortu behar dira turismoa hirian zehar zabaltzeko".

Parte Zaharreko zarataz iaz egindako ikerketan, hainbat neurri proposatzen zituzten, eta, Gurrutxagak dioenez, udala horietako batzuk hartzen ari da. "Lehen aipatutako kanpaina da horietako bat. Uste dugu emaitzak ekarri dituela, baina ez da neurri nahikoa". Horiez gain, ikerketak honako hauek aipatzen ditu: edaria kalera ateratzeko joera kontrolatzea, terrazetan elementu fisikoak jartzea zarataren inpaktua gutxitzeko, kalea garbitzeak sortzen duen zarata gutxitzea, eraikinen isolamendua…

Tabernetan eta horien kanpoan sortzen den zarataz gain, garbitzeko zerbitzuarena aipatu du mahai ingurura bertaratu den entzule batek. Gurrutxagak azaldu duenez, zaila da denbora gutxian kaleak ondo jartzea. "Santomasetan begiratzen duzu goizeko seietan nola dauden kaleak, eta zortzietan nola dauden, eta eskertzekoa da. Onartzen dizut kasu askotan zarata eginez lortzen dela. Beiraren bilketaren kamioiak sekulako zarata egiten du, eta hor badago zeregina".

Zarata eta osasuna

Zaratak osasunean eragin ditzakeen kalteei erreparatu die Marta Barandiaran osasun arloko profesionalak. Osasunaren Mundu Erakundeak emandako azalpena jarri du abiapuntu: "Osasuna ez da gaixotasunik eza bakarrik, baizik eta ongizate mental, fisiko eta soziala. Zaratak bizi kalitatean eragiten du, gure jarduerak eragozten ditu, kontzentrazioa oztopatzen du, loa…". Baina nola eragiten du zaratak gaixotasuna? Piramide batekin irudikatuko du: "Piramidearen azpian ondoeza dago; hori jende askok jasaten du, tentsioa igotzen da, taupadak igotzen dira, kolesterola…Horiek arrisku faktoreak dira, eta faktore horiek izanda, gaixotasuna sortzen da: loaren asaldura eta gaixotasun kardiobaskularrak.

Loaren asaldura errusiar panpinekin alderatu du: "Zaratatik gaixotasuna dator, horietako bat loaren asaldura da, eta asaldurak gaixotasunak sortzen ditu". Barandiaranek dioenez, loa behar biologiko bat da, eta epe luzean lo ez eginda asalduak gertatzen dira: jarrera nahasmendua, lan etekinak murriztea, nekea, kontzentrazio arazoak, depresioa, antsietatea, loditasuna… "Azkenik, hilkortasuna igo egiten da".

Baina, zer zarata maila behar da osasunean kalteak eragiteko? Ideia bat egiteko: moskitoaren zaratak 20 dezibelio ditu. "0-30 artean ez dago eraginik; 30-40 artean badu eragina, baina gutxi; 40-55 artean kalteak sortzen ditu, eta jende askok bere bizimodua moldatu behar du horri aurre egiteko; eta 55tik aurrera, arriskutsuak dira". Barandiaranek dioenez, "talde ahulenak" haurrak, jende heldua, haurdun daudenak, gaixoak eta txandatan lanean dabiltzanak dira.

Osasunaren Mundu Erakundeak gaueko zarataren muga 40 dezibeliotan jarria du. "Donostiako Parte Zaharrean askotan 65etik gora dabil. Izan beharko litzatekeenaren kontra doa: arratsaldean, zaratak jaisten joan beharko luke, eta are gehiago gauean".

Bilbo eta Iruñeko kasuak

Donostiako egoeraz gain, Bilboko eta Iruñekoak ere aztertu dituzte. Bilboko Bihotzean auzo elkarteko kide da Javi Rodriguez. 21 urte daramatza Alde Zaharrean bizitzen, eta "legerik gabeko toki baten moduan" gogoratzen du hara bizitzera joan zenean, ostegunetik larunbatera, batik bat. "Ezin zen auzoan bizi". 2003an elkartu ziren, eta udal garbiketaren zaratari lotuta Estrasburgok emandako sententzia bat hartu zuten oinarri. "Sententziak zioen kalteak ez zirela bakarrik materialak, baizik eta immaterialak, zaratak, usainak eta abar. 2006ra arte borroka egin genuen, eta lortu genuen kale zurruta Alde Zaharretik kentzea". Egun arazoa ostalaritzak ekartzen die, krisi garaian komertzioak utzitako lokal asko okupatu baititu. Merkatariekin kanpaina bat hasi zuten iaz, eta udalarekin bildu ziren. "Udalak esan zigun plan berezi batez erregulatu daitekeela ostalaritza. Orain arte ipuin bat kontatu ziguten, baina zirrikitua topatu dugu, eta aprobetxatu egingo dugu".

Iruñean, bi arazo nagusi dituzte, Morenok azaldu duenez: ostalaritza eta gaueko aktibitatea. Dioenez, Alde Zaharra saturatuta zegoen ostalaritza lizentziekin, baina krisia iristean, kendu egin zen muga: hainbat lizentzia eman zituzten "tranpa txikiak" eginez. Aldaketa ikusten du egungo udal gobernuarekin: "Lehen, ez ikusiarena egiten zen araudiarekin. Oraingoek etenaldi bat ezarri zuten: eskatuta baina eman gabe zeuden lizentziak geldiarazi zituzten; plan bat lantzen ari dira eragileekin...". Bost elkarte dabiltza alde zaharreko auzotarren eskubideen alde; festa batzordea, adibidez, praktika onen protokoloa lantzen ari da. Bizilagunen elkarteak hainbat ekintza antolatu ditu: "Araudian sinisten dugu, baina baita heziketan ere".

Artistak

Honakoak dira Katapulta zirkuituan parte hartuko duten artistetako batzuk:

Musika

Izeberg. Rock musika, Usurbil. Ixak Arruti (ahotsa eta gitarra), Antton Aranburu (gitarra), Beñat Urteaga (baxua) eta Jokin Irastorza (bateria).

Nothing Box. Rock alternatiboa, Donostia. Marcos Ubiria (ahotsa eta gitarra), Koldo Belloso (baxua) eta Aitor Mansilla (bateria). 2016ko hasieran lehenengo EPa grabatu zuten.

Eraul. Donostia. Folk, pop eta blues musiketik elikatzen dira, melankoliaren presentzia handiarekin.

Los Bracco. Rock and roll taldea, Donostia. Talde melodikoa da, "abesti itsaskorrak, zuzenak eta dantzakorrak" dituena.

Igelaren Banda. Jazz hirukotea. Euskal melodia tradizional eta modernoekin jolasten du, jazz instrumental formatoan.

Swingpapers. 2013 urte hasieran Musikeneko ikasleekin sortutako bosteko jazz taldea da.

Arte eszenikoak

Txikiren bakarrizketa. Antzerkia eta umore absurdoa. Ion Martinez Esnaola Aldatzen Laguntzen antzerki taldearen sortzailea da, eta 2010etik hiru antzezlan sortu eta idatzi ditu.

Marga Altolagirre. Abeslari profesional, bikoiztaile, aktore, zuzendari eta irakasle moduan lan egiten du. Laster bere konpainia propioa sortuko du.

Hurrengo kontzertua

Maiatzak 29an. Steve Gunn eta Elena Setien. Hondarribian, Psilocybenean.

Talentua katapultatzera doaz

Talentua katapultatzera doaz

Maite Alustiza

Objektu pisutsuak jaurtitzeko erabiltzen zen garai batean katapulta. Objektu handiak artista gazteengatik ordezkatu ditu Katapulta egitasmoak, eta martxan jarri du musika eta arte eszenikoen zirkuitua Gipuzkoatik. Lurralde osoan 80 emanaldi, tokiko hamasei musika talde, nazioarteko hamabi talde, eta arte eszenikoetako zortzi konpainia ikusteko aukera izango da urte osoan.

Artista erdiprofesionalak aukeratu dituzte, hau da, profesional izatera iristeko proiekzioa dutenak. Katapultagarri hitza erabili du Imanol Goñez Alconek, Katapulta plataformako kideetako batek. "Ez da jende amateurra, dagoeneko maila bat daukan jendea da, eta aurretik lan asko egin ez duena. Lan guztia egin baduzu eta ez baduzu lortu ia ezer, guk ezer gutxi egin dezakegu". Bat dator plataformako Idoia Aizkorreta Urkizu: "Artista gazteak dira, ahalik eta profesionalenak, eskarmentua dutenak".

Artista gazteei babesa ematearekin batera, "berriro dinamismoa" eman nahi diote herrialdeari, Goñezek dioenez: "Kontzertuen aldetik-eta nahiko geldi dago, orain dela 15-20 urterekin alderatuta. Uste dut batik bat belaunaldi berriengatik dela. Gazteei orain kosta egiten zaie arteari irekitzea; egiten dutenek pasio handiz egiten dute, baina gainontzekoek bestelako jakin-nahiak dituzte". Dioenez, kontzertu motaren araberakoa da, baina normalean publikoa 30 urtetik gorakoa izaten da. "Hogei urteko gazteak ez dakigu non sartzen diren. Hori ere bada gure helburua sortzaile gazteak aukeratuta".

Zirkuitua osatzeko, Katapulta plataforma elkarlanean aritu da Gipuzkoako Diputazioarekin, Kutxa Kulturrekin eta Donostiako Jazzaldiarekin. Jazzaldiak lau banda aukeratu ditu, Kutxa Kulturrek sei, diputazioak beste sei, eta Katapultak beste horrenbeste. "Saiatu gara 30 urtetik beherakoak izaten, baina musikan konturatu gara ez direla asko izan, edo batzuek agian ez zutela mailarik, edo ikusi dugu batzuetan hobe zela hurrengo urtera itxarotea diskoa aterako dutelako eta komeni zaielako". Arte eszenikoetan ere, gehiengoa 30 urtetik gorakoa aurkeztu da; atal horretan zortzi talde aukeratu ditu plataformak. Hala ere, aukeratuak izan edo ez, deialdira aurkeztu diren taldeak artxiboan gordeko dituzte, eta tartean aukerarik sortzen bada talderen batek nonbait jotzeko-edo, hori erabiliko dute.

Katapulta zirkuituaren barruan, bi ataletan antolatu dute programa. Batetik, Gaztemaniak zirkuitua dago. Urteak daramatza martxan, eta profesionala da. Aurten hamabi kontzertu izango dira. "Gehiengoa nazioarteko artistak dira, eta horiei hasierako talde bezala gehituko zaizkie beste zirkuituko artistak. Modu bat da talde profesional bat ikustera doan jendeak ere ikus dezan hasten ari den taldea". Bestetik, zirkuitu erdiprofesionalean, bandak eta arte eszenikoetako taldeak daude. "Hiru saio egingo ditu bakoitzak. Musikan, bikoteka joko dute, bi kontzertu elkarrekin, eta beste bat talde profesionalarekin".

Kontzertuen egutegia zehaztu gabe dute oraindik. Taldeekin hitz egiten ari dira ea noiz dauden okupatuta eta noiz ez, eta aretoekin ere berdin: "Areto askok udarara arteko programazioa egina dute. Apur bat berandu hasi gara, eta ziurrenik saio gehienak uda eta gero izango dira, irailetik aurrera".

Euskaldunak ingelesez

Hizkuntzari dagokionean, oreka bilatzen saiatu dira, baina konturatu dira talde gehienek ingelesez abesten dutela. "Talde euskaldunak dira, baina ingelesez kantatzen dutenak". Eszenikoetan, batzuek mistoa egiten dute, baina gehiengoa gazteleraz ariko da, edo hizkuntzarik gabe.

Espazioek ere eragina izan dute aukeraketa egiterakoan. "Adibidez, dantza proposamenak zeuden, baina eszenatoki jakinak behar zituzten, eta ezinezkoa da. Horregatik zentratu gara gehiago bakarrizketetan, mikroteatroan, performancetan, magian...". Dagoeneko programatzen zuten espazioak hautatu dituzte, horiek ere bultzatzeko. "Helburua da artistak bultzatzea, baina baita espazioak ere. Apustua egingo dutenak, ekipo bat izango dutenak, publizitatea egingo dutenak... azken finean, dena emango dutenak". Era berean, "Gipuzkoa sakonean" sartu nahi izan dute: Arrasate, Oñati, Azkoitia, Azpeitia...

Lurraldeko toki ezberdinetan jo ahal izatea aukera ezin hobea da Izarorentzat. Izaro Andres Zelaieta da taldeko abeslaria, eta zirkuiturako aukeratutako artistetako bat. "Errekonozimendu bat da batetik; esatea zure lana interesatzen dela eta gehiago ezagutzera ematea nahi dutela, losintxa bat da guretzat. Bestetik, kontzertu gehiago emateko aukera oso ona da; eurek antolatuta guk lan hori kendu egiten dugu, gainera, beste taldeekin elkartzen gaituzte...".

22 urte ditu, eta orain dela urtebete hasi zen bakarlari moduan. Bakarrik jotzen zebilela Oriol Flores ezagutu zuen, eta Iker Lauroba gero. "Horrela hasi ginen nire abestiak janzten. Hortik aurrera zazpi bat kontzertu eman ditugu taldean, oso oso pozik gaude". Euskaraz, gazteleraz eta ingelesez abesten dute, eta martxan dute finantzaketa kolektiboko kanpaina bat, diskoa pagatu ahal izateko —izaromusika.com—. "Irailean irtengo da diskoa, eta lau egunetan %50 lortu dugu. Katapulta bezalakoek asko laguntzen dute hedabideetan bisibilitatea izateko ere".

Gauza kuriosoa gertatu zaio: diskoa atera aurretik, jendeak abestiak kontzertuetan ikasi ditu. "Hori oso polita iruditzen zait, ikusten joan dira nola aldatu diren abestiak bakarrik jotzetik taldean jotzera eta gero diskoan egongo den horretara. Inbutu bat egin behar izan dut diskoan 12+1 abesti bakarrik sartzeko".

Orain arte egindako bidean zortea izan duela dio. "Ez dakit dena zortea den, baina zati handi bat bai. Toki askotatik deitzen didate eta kontzertu dezenterako, baina beste maila batean, toki txikiagoetan, tabernetan-eta. Finantziazio gabekoak dira asko, eta egia esan, dirua galtzen duzu". Baina, orokorrean, oso zaila ikusten du kontzertuak lortzea: "Deika eta deika ibil zaitezke, eta jendeak ez du esfortzurik egin nahi ez finantziazio aldetik, ez ekipoaren aldetik... Konpromiso hori lortzea oso garrantzitsua da".

Goñezek zioenaren ildotik, Izarok ere entzule gazteen falta sumatzen du: "Talde txiki asko daude, baina gazteak ez dira ateratzen. Ni gaztea naiz eta nire publiko ia dena ere ia 30 urtetik gorakoa da. Zortea dut nahiko jende gazte ere badagoelako, baina falta da atentzio bat publiko horren partetik. Falta dira gehienbat talde euskaldunak, ahal dutenak publiko hori gozatu". Aurrera begira, kontzertuak ematen jarraitu eta profesionalizatzea gustatuko litzaioke.

Katapulta plataforma

Katapulta plataforma 2011n hasi zen egosten, eta 2013tik dabil martxan. Buenawista Prolleckziom's irabazi asmorik gabeko elkartetik dator ideia. 1988tik ari dira lanean, Donostiako Buenavista auzoan, punk-rock eszenaren barruan. "Musikariez gain beste gauza batzuk ere bagara: argazkilariak, arkitektoak... Horregatik, artista asko ezagutzen ditugu, eta hortik sortu zen ideia. Ikusi genuen zenbat denbora galtzen den boloak bilatzen, eta beharrezkoa zela horretan babestuko zintuen zerbait egitea". Arlo ugaritan dabilen jendea izanik, bestelako euskarriak ere erabiltzen dituzte artistak promozionatzeko, Aizkorretak azaldu duenez: "Bideo bat egin diegu artistei, euren lana erakutsiz. Konturatu gara lana erakusteko modurik onena bideo bat dela".

Plataformaren asmoa da sortzaile mota ezberdinak babestea. "Besteengandik bereizten gaituena da guk bilatu egiten ditugula artistak, normalean gu joaten gara eta beraiekin zerbait egiten dugu". Katapulta plataformaz gain, Buenawistan Musika Gela ere badute. Intxaurrondon eta Egian dauden entsegu lokalak dira, Donostia Kulturarenak, baina eurek kudeatzen dituzte.

[Herriz herri]. Asteasu. Unibertso bakana Hernioazpin

[Herriz herri]. Asteasu. Unibertso bakana Hernioazpin

Jon Miranda

Bisitari ugari sumatu dituzte Asteasun azken hilabeteetan. Muskerraren Bidea egitera gerturatzen dira gehienak. 2013. urte bukaeran tokiko ekonomia suspertzeko proiektu bat pentsatzen hasi ziren herrian, eta iazko urte bukaeran gauzatu zen. Pili Legarra alkateak kontatu du: "Asteasuk inguruko herriekiko zein berezitasun zituen pentsatzen hasita, berehala ohartu ginen Bernardo Atxagak Obaban irudikatu zuen mundu hori zela gure bereizgarria. Berekin hizketan hasi eta ondo hartu zuen gure asmoa". Ideia lantzen hasi zen herriko idazlea, eta bi kilometro pasatxo dituen ibilbidea osatu zuen, 17 geldialdi dituena.

Ibilbidearekin batera, Muskerraren bidea (Pamiela) liburu gida kaleratu zuen Atxagak. Ikasleek lantzeko egokia dela iritzi dio idazleak, eta talde bisitak egiteko aukera eskainiko diete ikastetxeei hemendik aurrera. Legarraren hitzetan, ibilbidean zehar jarrita dauden paneletan QR kodeak ageri dira, eta bakarka egiteko aproposa da sistema hori. "Hala ere, iruditzen zitzaigun taldean egiteko modua ere eskaini behar genuela. Gidari bat trebatu du Atxagak, eta Tolosaldea Tour agentziaren bitartez, taldeei bi orduko bisita gidatua egiteko aukera eskainiko diegu hemendik aurrera". Martxoaren 14an, 11:30ean, Asteasuko idazlea bertan dela egingo dute bidea. Irisgarriagoa egiteko, panel handi bat jarri dute plazan eta jendea bidean gal ez dadin, poste handi batzuk jarri dira, zenbaki eta guzti, ibilbidearen norabidea markatuz.

Muskerraren Bidean, lehen geltokia ahozko tradizioan egiten du Atxagak, eta Pello Errota eta bere familia ditu aipagai. Mikaela Elizegik, bertsolariaren alabak, 1963an atera zuen Pello Errotaren bizitza liburua —Aita Zabalak antolatu eta argitaratua—. Legarraren birramona zen Mikaela Elizegi: "Oso zaharra zela ezagutu nuen nik, ohean. Emakume indartsu eta bitxia zen. Gaur egun desagertuta dagoen Elizmendiko etxe batean bizi zen, eta 99 urterekin hil zen".

Ahozkotasunean aberatsa den herria da Asteasu Haritz Mujika bertsolari eta zinegotziaren ustez. "Bertsoa oso estimatua da hemen". Lizardi etxean, Amaia Agirre irakasle zela, Asteasuko bertso eskola herriko zortzi gazterekin hasi zen martxan. "Haiek utzi zutenean, herri bakoitzean bertso eskola bat sortu beharrean, inguruko gazteekin hemen biltzen hasi zen Amaia. Orduan hasi nintzen ni, Oihana Iguaran, Beñat Iguaran, Ane Labaka, Unai Mendizabal, Adur Gorostidi eta guzti horiekin. Bertso frikiak ginen, asteazkenero hiru ordu ematen genituen bertsoaren inguruan bueltaka". Urteak pasata antzematen da egindako lanketa: Harituz taldea sortu da orduan ereindako hazitik, eta hango kideek bere ibilbidea egin dute bertso munduan —Mujikak Lizardi eta Osinalde sariak irabazi ditu, adibidez—.

Asteasuko bertso eskolan ibili zirenak orain irakasle dabiltza, eta Mujikak herrian bosna gaztetxoz osatutako bi talde daramatza astelehen eta ostegunetan: "Gazteak zaletzea da gure asmoa, behintzat bertsoa entzuten ikas dezatela". Udaletik asmo bertsuarekin jarriko dute martxan Pello Errota 2019 egitasmoa. "Hemendik hiru urtera ehun urte beteko dira herriko bertsolaria hil zela, eta iruditzen zaigu gazteen artean Pello Errota ez dela erreferente". Horregatik, udazkenean hasita eta 2019ra arte, bertsoak ematen dituen aukerak baliatuko dituzte beste hainbat gai jorratzeko.

Industria eta landa eremua

Muskerraren bidea-n Atxagak erreferentzia egiten dio Lekuak libururako idatzitako testu bati: puntu geografiko bakoitzaren denbora-sakonera kalkulatzen duen aparatu berezi bat irudikatzen du egileak. "Berdinak al ziren, denbora-sakoneraren aldetik, Beasain edo Tolosa, industria-herriak, eta Aiako Laurgain auzoa, oraindik nekazari girokoa?". Asteasun ere, Atxagaren zundak denbora ezberdinetara bidaiatzeko aukera emango du.

Aspaldiko garaietatik eutsi dio gaur arte lehen sektoreak. Aitor Usandizaga baserritar eta zinegotziaren esanetan, Tolosaldean nekazaritza ustiapenetik soilik bizi diren familia kopuru gehien duen herria da Asteasu. "Beste tokietan ez bezala, transmisioa ez da erabat eten, eta gazte dezente ari dira lanean, gehienak familia giroko ustiapenetan". Behi esnearen produkzioak indar handia du herrian, baina hala ere, artzaintzak garrantzia hartu du denbora gutxian. "Zailtasunak ere badira, bertako produktuen salmenta gero eta zailagoa baita mundu globalizatuan. Gurea bezalako herri malkartsu batean produkzio kostuak altuak dira. Baina beharbada horregatik da hain erakargarria inguruko paisaia", dio Usandizagak.

GI 2631 errepideak lotzen ditu landa gunea eta industria Asteasun. Legarraren hitzetan, industria garrantzitsua dute herrian; "enpresa indartsuak daude eta krisiari eutsi diote denek; bakar batek ere ez ditu ateak itxi". Tokiko ekonomia suspertzen ere laguntzen du industriaguneak, "herriko taberna eta jatetxeetara etortzen direlako langileak".

Herri gaztetua

Gaur egun 1.525 biztanle dira Asteasun. "Inguruko beste herriekin alderatuta, alderantzizkoa da gure piramidea, askoz jende gazte gehiago dago zaharra baino. 2011n udalean sartu ginenean egin genuen azterketa baten arabera, 18 eta 30 urte bitarteko 250 gazte inguru zeuden herrian, urte gutxian etxebizitza beharra izango zutenak", dio Legarrak. Lamiategiko proiektuarekin erantzun nahi izan diote, neurri batean, arazoari. 32 etxebizitza eraiki dituzte, eta urte amaierarako egongo dira bukatuta. "Bertan biziko den jendearen erdia baino gehiago gazteak dira eta Asteasu bertakoak". Herrian bizitzeko hautua egiten duten horiei zerbitzuak eskaintzeko ahalegin horretan, eskolaz gain, ludoteka, gaztelekua eta gaztetxea ere badituzte herrian, eta hirugarren adinekoek ere taldea osatu dute elkarrekin gauzak egiteko. "Oso dinamika polita daramate", Legarraren ustetan.

Herrian pil-pilean dagoen gaietako bat da trafikoarena. Parte hartze prozesu baten bitartez eman nahi diote konponbidea gaiari. Trafiko plana adosteko, sei bilera antolatu dituzte azken hilabeteetan. "Autoak aparkatzeko modu desegokiaren ondorioz, haurrak uneoro arriskuan dabiltzala uste du jendeak. Horren aurrean, herriko seinalizazioa eguneratu eta udaltzaina kontratatzea erabaki dugu. Udaltzainaren ordutegiaz kanpo, Ertzainarekin hitzarmena egitea adostu da, autoei isunak jartzeko baimena emango diena", dio alkateak.

Apustuzaleak

Andazarrate gailurreraino bidean ikusten zituen gaztetan Atxagak korrika apustuak, eta, batez ere, bizikleta karrerak. Afizio horrek ia bere horretan jarraitzen du Asteasun, Aitzondo Txirrindulari Elkarteari esker. Abenduan antolatzen den ziklo krosa eta Aitzondo klasika dira elkartetik bultzatzen dituzten urteko ekintza nagusiak.

Atxagak Muskerraren Bidea-n aipatzen ditu herrian harri jasotzen ibilitakoak, eta baita ere sega txapeldunak. Juan Jose Irazusta, esate baterako; hamar aldiz Euskadiko Segalarien Txapelketa Nagusia eskuratu zuen.

Eta emakume izateagatik isilean geratu den beste kirolari handi bat, Miren Uzkudun Asteasu da. Hogei urtean hamahiru pilotalekutan aritu zen erraketista gisa. Madrilgo Iberia pilotalekuan debutatu zuen, eta besteak beste, Mexikon eta Kuban aritu zen. Gaur egun, bere herrian, neskak pilotan aritzen dira, palaz. Duela lau urte sortu zen Atzapar taldean jarduten dute: "Pilotan aritzeko aukera izatea eta pilotan hazi eta heztea da gure helburua, bide batez emakumeen partaidetza bultzatuz". Eskuz 40 ume ari dira, eta hamar bat gazte dabiltza goiko kategorietan. Azken hiru urteetan herriarteko txapelketan parte hartzeko aukera izan dute.

“Oso motz jokatu dute mundu erruralari begiratzeko orduan”

J. Miranda

Asteasu eta Obaba barrutik ezagutzeko proposamena egin du Bernardo Atxagak (Asteasu, 1951) Muskerraren Bidean.

Hernio azpiko toki hau munduan bakana dela diozu. Zergatik?

Bereziak dira munduko toki guztiak. Ez dago berezitasunik gabekorik. Alde bakarra, sakonera da. Esan nahi dut: zenbat eta bizitza gehiago toki batean, orduan eta sakonera gehiago. Noiztik bizitza Hernio azpi horretan? Paleolitikotik, agian. Beraz, historia asko, gertaera asko, gizaki asko. Nevadako desertua, berriz, hutsik egon da milioika urtez. Fantasmak bizi dira han, beste inor ez.

Non eta nola agertu da Asteasu zure literatur ibilbidean?

Haurtzaroa izan delako nire gaietako bat, horregatik Asteasu. Hamalau urte arte han bizi izan nintzen. Haurtzaro osoa.

Beste tokiek ez bezalako balio poetikoa duela uste duzu?

Hala izan du niretzat, eta oraindik ere hala du. Baina, jakina, ez da bakarrik paisaia baten gorabehera. Denbora ere bada. Ni 1951n jaio nintzen. Horrek eragin handia izan du nigan. XX. mendearen bigarren zatia izan da nire aberri nagusia.

Gainerako euskaldunek ulertu al dute Hernio ingurua?

Euskaldunen artean ere ez daude bi pertsona berdin, eta zaila zait erantzutea. Nolanahi den, Euskal Herrian izan diren ideologia nagusiak oso motz jokatu dute mundu erruralari begiratzeko orduan, halaxe alde zeudenak nola aurka zeudenak. Baina, apurka apurka, ari gara irudi on bat osatzen. Gabriel Arestik, Manuel Lekuonak, Antonio Zabalak… horiek eta beste gutxi batzuk lagundu zioten gure munduko toki honi.

Tranpazulo ezizena duzue asteasuarrok.

Une historiko bati dagokio. Garai batean apustu asko egiten ziren Asteasuko partean, inon baino gehiago. Eta apustuetan, jakina, tranpa. Badakizu zergatik horrenbeste apustu? Ba, diru pixka bat zegoelako, batez ere Goibailarako burdin meatzeengatik.