Albisteak

Kalean ere txotxongiloak dabiltza

Kalean ere txotxongiloak dabiltza

Maite Alustiza

ustralian eta Txinan izan ondoren, Gipuzkoara iritsiko da World Puppet Festival. Haur eta helduentzako 240 ikuskizun eskainiko dituzte mundu osoko 40 konpainiak, bihartik ekainaren 5era. Donostiak eta Tolosak hartuko dute txotxongiloen jaia, eta aretoetan ez ezik, kalean ere izango dira emanaldiak. Donostian, esaterako, hogei agertoki baino gehiago jarriko dituzte: Eason, Kontxa pasealekuan, Bulebarrean, Koldo Mitxelenan... Berdin Tolosan: Euskal Herria plazan, Plaza Berrian, Lopez Mendizabalen, Trianguloan... Honako hauek dira antolakuntzak "nahitaez" ikusi beharrekoen artean aipatu dituenak:

INAUGURAZIO EKITALDIA
Bihar, 22:00etan, Zurriolan

Belgikako Tol Theatre konpainiak emango dio hasiera jaialdiari, Zurriola hondartzako kai muturrean. Hitzik gabeko aireko ikuskizun bat dakar konpainiak; dantzaren, kantuaren eta zinemako irudien nahasketa bat. Garabi handi baten bitartez, txotxongilo erraldoiak, aktoreak, bizikletak eta beste hainbat elementu hegan jarriko dituzte. Adin guztietako ikusleentzat.

'RED EARTH REVISITED'
Maiatzaren 30ean, 18:30ean, Antzoki Zaharrean

Tragedia historiko baten bueltan girotzen da ikuskizuna. Hegoafrikan gertatu zen, Lurmutur Ekialdean, 1853. eta 1854. urte artean. Ingelesak Hegoafrikaren azken zati hori konkistatzen saiatu ziren, eta, artean, Xhosa erregeak eta buruzagiek gobernatzen zuten ingurua. Urteak eman zituzten han borrokan, eta gatazka horren biktimetako bat Nongqawuse umezurtza izan zen.

Hiru herrialdetako kideek sortu dute ikuskizuna: Hegoafrikako Assitej South Africa konpainiak, Herbehereetako Speetheater taldeak eta Euskal Herriko bi txotxongilolarik. Lau aktore profesionalek eta Europako eta Afrikako lau gaztek kontatzen dute istorioa. 10 urtetik gorakoentzat. Hizkuntza: ingelesa eta euskara, gaztelerazko azpidatziekin. Prezioa: 8-12 euro.

'SPARTACUS'
Maiatzaren 31n, 21:00etan, Gazteszenan

Erroman kokatu du kontakizuna Frantziako La Licorne konpainiak. Zuzeneko musikarekin girotuta, Kristo aurreko 73. urteko gizarte iraultza baten historia dakar. Gladiatoreak, kondenatuak eta esklabu guztiak akabatu arte borrokatzen diren bitartean, herritarrek eta Erromako enperadoreek gozatu egingo dute. Askatasunaren bila, Espartakok iraultza odoltsu bat gidatuko du, milaka esklaburekin batera. Txanponaren bi aldeak erakutsiko ditu obrak: Erromaren aberastasuna eta boterea batetik, eta miseria eta heriotza bestetik. 6 urtetik gorakoentzako saioa da —frantsesez izango da, azpidatziekin—. Prezioa: 10 euro.

'ÓSCAR, EL NIÑO DORMIDO'
Ekainaren 1ean, 18:30ean, Viktoria Eugenia antzokian

Andaluziako (Espainia) El Espejo Negro konpainiak 7 urtetik gorakoentzako ikuskizun bat dakar, gazteleraz. Oscar haurra da protagonista. Istripu bat izan zuen, eta, ondorioz, lo luze batean murgildu zen. Bederatzi hilabete eman zituen ametsetan, egun eta gau. Hala zegoela, gurasoek txikiagoa zenean irakurtzen zizkioten ipuinak gogorarazi zizkioten, eta, pixkanaka, esnatzen joango da. Ez du, ordea, ezer gogoratuko: ahaztu egin zaio hitz egitea, idaztea eta ibiltzea. Feten Europako Haur Antzerki Azokan ikuskizun onenaren saria jaso du. Prezioa: 8-12 euro.

'LES IRRÉELS'
Ekainaren 2tik 5era, 17:00etan, Garberan eta
Okendo plazan

Hitzik gabeko ikuskizun bat eskainiko du Frantziako Creature konpainiak. Ez dago argi pertsonaiak zer diren: irrealak ala gizakiak, antzinako zibilizazio bat, etorkizuneko tribu bat edo oraindik deskubritu gabeko espezie bat. Irrealen kanpamentuan hamabost denda daude, eta bakoitzak bere sormenezko unibertso propioa dauka barruan. Ekainaren 2an eta 3an, Garbera merkataritza gunean emango dute; hilaren 4an eta 5ean, berriz, Okendo plazan. Guztiak 17:00etan dira. Adin guztietako ikusleentzat prestatutako saioa da.

'OUT'
Ekainaren 4an, 19:00etan, Viktoria Eugenia antzokian

Helduentzako ikuskizun bat dakar Italiako Unterwasser konpainiak. Out mutilaren eta bere bihotzaren arteko istorioa kontatzen du. Mutila kolorerik gabeko etxe batean bizi da, eta bere txoria (bihotza) galdu eta min hartuko ote duen beldur, kaiolan (bularrean) gordeko du. Halako batean, ihes egingo du txoriak, eta mutilak lehen aldiz bere bihotza aurkitzeko bidaiari ekingo dio. Beldurra, adorea, adiskidetasuna eta maitasuna sentituko ditu; eta bihotza irekitzeko gai diren pertsonez betetako mundu batean ibiliko da. Prezioa: 15-18 euro.

Laborategi bat, musikaz hazteko

Laborategi bat, musikaz hazteko

Itzea Urkizu Arsuaga
Esperimentatuz ikastea hezkuntza sistemarik aurrerakoienek marraztutako bidea da. Europa iparraldeko arkatzek egin izan dituzte bide horren lehen lerroak, baina Euskal Herrira iritsi da hango oihartzunik: MusikaLab udalekuena adibi...

Lagun egitea baita laguntza

Lagun egitea baita laguntza

Eider Goenaga Lizaso

Niri esaten didatenean azterketa bat gainditu dutela, hunkitu egiten naiz. Muxuak eta besarkadak... Kontaktu fisiko hori pila bat gustatzen zaie. Esklusibotasun hori sentitzea... ez baitaude ohituta. Etxe batean gazte asko bizi dira, eta oso ondo zainduta daude; batzuetan txundituta gelditzen naiz zer lan egiten duten beraiekin. Baina ez daukate esklusibotasunik. Eta nirekin daudenean, sentitzen dute ni naizela beraientzat bakarrik, eta beraiek direla niretzat bakarrik. Hori nahi dute, eta gustatzen zaie: goraipatzea, hunkitzea, sentitzea gure bizitzaren parte direla... eta hala dira". Elixabete Rikondok bi neska izan ditu iloba: 15 urtekoa bat, familia biologikoarekin itzuli zena eta oraindik harremana mantentzen duena; eta 13 urtekoa bestea —egun, Izeba proiektuaren barruan—.

2009an sortu zenetik Izeba egitasmoan parte hartu duten 130 osaba-izebetako bat da Rikondo. Ana Esnaola bezala. Hitza-n Izeba proiektuari buruzko hitzaldi bat zegoela irakurri, hara joan, eta berehala hartu zuen erabakia. "Nik ere nahi dut iloba bat". 16 urte zituen Rukshar Ahamed gazte pakistandarrak Esnaolak egitasmoan parte hartzeko pausoa eman zuenean. Egun, gazteak 19 urte ditu, eta jada ez daude egitasmoaren barruan, baina eusten diote oraindik harremanari.

"Ume eta gazte hauentzat plus bat garela iruditzen zait. Daukaten errealitate horretatik kanpora, harrera zentrotik kanpora, goxotasun bat jasotzen dute; zentroan dituzten betebehar, arau eta ordutegietatik kanpora, osaba-izebek zerbait ezberdin egiteko aukera ematen diegu, kapritxo batzuk ematen dizkiegu". Osaba-izebek ilobekin egiten duten bezala, araurik eta betebeharrik gabeko aisialdi denbora bat eskaintzen zaie gaztei. Batzuetan, nahikoa da lagun egitea, etxeko sofan jarri eta telebista elkarrekin ikustea, edo erosketak egitera elkarrekin joatea, elkarrekin bazkaldu edo afaltzea; beste batzuetan, osaba-izebek iloba zinemara, hondartzara edo ezohiko zerbait egitera eramaten dute. "Guk ematen diegun jarraibidea da gauza bereziegiak ez egitea. Gauza normalak egin behar dira; umeak eta gazteak zure bizimodura atxiki behar dituzu. Azken finean, normaltasun hori bizi ahal izatea da egin nahi diegun eskaintza, familia giro natural eta ohikoan bizitzea", azaldu du Izeba proiektuaren arduradun eta Baketik-eko kide Kristina Soaresek.

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Baketik fundazioak 2009an egindako hitzarmenaren fruitua da Izeba proiektua. Diputazioaren babes sistemaren barruan eta bere tutoretzapean dauden ume eta gazteei eskaintzen zaien bitarteko bat da. Harrera zentro edo etxeetan dauden adingabeekin izeba edo osaba rola betetzen duten familien sare gisa definitu du Soaresek egitasmoa. "Programa hau 2009an jaio zen, gazte atzerritar asko iritsi zelako Gipuzkoara familiarik gabe. Behar horri erantzuteko bitarteko gisa sortu zen, gazteei familia giroa eskaintzeko, eta, aldi berean, haien inguruan zegoen irudi eta pertzepzio ezkor hori hausteko", azaldu du Soaresek. 6 eta 17 urte arteko ume eta nerabeek har dezakete parte programan, nahiz eta haien egoera ez den beti bera izaten. "Guk bereizketa egiten dugu, ez hainbeste atzerriko eta bertako umeen artean, baizik eta familiak hurbil dituztenen eta urrun dituztenen artean". Familia gertu dutenak, gehienak bertakoak, 2012an hasi ziren egitasmoan parte hartzen.

Osaba-izeben bila

2009tik, 130 familia eskaini dira ilobak hartzeko, baina kopuru hori ez da nahikoa, eta foru aldundia eta Baketik fundazioa boluntario gehiago lortzeko kanpaina betean dabiltza. Gaur egun, hogei adingabe daude osaba-izeba familia bat izateko zain; 14-17 urte bitartekoak dira horietako hamabost. Soaresek azaldutakoaren arabera, uneotan, nerabeen adin tarte hori hartuko duten boluntarioak behar dituzte batik bat. "Guk, normalki, ez dugu lehentasunik jartzen nerabeei dagokienez. Saiatzen gara, familien ezaugarriak eta nahiak kontuan hartuz, gazte eta umeen ezaugarrietara gehien egokituko diren familiak lortzen. Eta bikoteak egiten ditugu. Egia da, halere, jende gehiago eskaintzen dela txikien osaba-izeba izateko, eta adin tarte hori gehiago mugitzen dela. Horregatik, agian, gaur egun behar handiagoa dago nerabeentzat".

Hain zuzen ere, osaba-izeben zain dauden adingabeak pilatu zaizkielako abiatu dute boluntarioak bilatzeko kanpaina. "Normalean, hamar bat egoten dira zain, eta familiak tantaka agertzen dira, hilean bat edo bi. Zerrenda mugituz joaten da. Baina, orain, hogei ditugu zain, eta ezin diegu zerbitzu hau eskaini". Soaresek dioenez, ez litzateke batere arazorik izango, kanpainari esker hogei boluntario beharrean 50 lortuko balituzte. "Hilean bizpahiru eskaera berri iristen zaizkigu zentroetatik, eta, seguruenik, urte amaierarako beharko dira 40-50 boluntario gehiago".

Baketik-ek bi zerrenda izaten ditu esku artean. Osaba-izeba nahi edo behar duten adingabeena, eta osaba-izeba izan nahi duten boluntarioena. "Familiak aurkezten direnean, elkarrizketa egiten diegu, familiaren egunerokoa nolakoa den ezagutu, familiaren denbora librea nola antolatzen den jakin, zaletasunak zeintzuk diren... Ezaugarri horietan sartzen da, era berean, seme-alabak dituzten edo ez, seme-alaben adina, pertsona bakarreko familia den... Adingabeen informazioa ere gure esku dagoenez, konpatibilitateak bilatzen ditugu, eta proposamena egiten diegu bi aldeei". Bi aldeek onartzen dutenean hasten da harremana.

Nerabeei programan parte hartzeko borondatea baino ez zaie eskatzen; familiei, berriz, borondatea eta "gutxieneko konpromiso bat". Astean behin gutxienez kontaktua izatea eskatzen zaie. "Egonkortasun bat lortu eta harreman bat sortzeko gutxienekoa da hori". Hortik aurrera, familiak eta adingabeak erabakitzen dute zeintzuk izango diren harremanaren ezaugarriak. "Batzuek meriendako tartetxo hori eskaintzen dute; beste batzuek asteburu osorako eramaten dute umea edo gaztea etxera".

Harremana sendotzen

Soaresek onartzen du lehen harremana "nahiko modu artifizialean" egiten dela. "Nahiko hotza izaten da, baina, harrera etxekoen eta Baketik-en laguntza eta koordinazioarekin, pixkanaka, sendotuz joaten da, harremana normalizatu arte". Rukshar Ahamed gazteak oso gogoan du Ana Esnaola ezagutu zuen eguna. Izeba proiektua zer den azaldu zioten, eta parte hartzea erabaki zuen. "Legorretako zentroan nengoen, eta behin, eskolatik iritsi nintzenean, esan zidaten banuela izeba bat. Oso pozik nengoen. Ana hurrengo asteazkenean etorriko zela esan zidaten, eta egun horretan oso urduri nengoen, egun osoa eman nuen etxean hura etortzeko zain".

Zalantzaz beteta hasi zuen harremana Esnaolak ere. "Hasieran, banituen nire kezkak. Nire seme-alabak kanpoan daude, eta ni bakarrik bizi naiz etxean. Batzuetan, Rukshar etortzen zen, meriendatzen genuen elkarrekin, eta arratsalde osoa pasatzen zuen etxean, telebista ikusten edo sakelakoarekin. 'Gustura ote dago? Ez al da aspertuko?', pentsatzen nuen. Beste batzuetan, gauzak egiten genituen elkarrekin, paseotxo bat, irteeraren bat. Eta nik, neure artean: 'Ondo dagoela ematen du'. Zentroan galdetu ere egin nuen, eta lasai egoteko esan zidaten, oso gustura etortzen zela".

"Orain bazkaltzera eta afaltzera gonbidatzen nau tarteka", dio Ahamedek. "Orain, 19 urte ditu, eta ez da lehen hainbat etortzen etxera, baina noizean behin bai. Oso atsegina da, eta egiten ditugu gauzak elkarrekin", gehitu du Esnaolak.

Izeba-iloba harremanaren nolakotasunak ere kezka sortu zion bere garaian Rikondori. "Nik izeba-irakasle rola hartu nuen, eta, hasieran, zalantza banuen, baina konturatu naiz ona izan dela. Elkartzean, galdetzen nien: 'Zer moduz astea? Zer moduz azterketak? Etxeko lanik baduzu? Aurkezpenen bat egin duzu? Irakaslearekin ondo?'. Denborarekin konturatzen dira benetan inporta dizula, eta orain bera etortzen da astean egin duena kontatzera, nik galdetu baino lehen".

18 urtetik aurrera

18 urterekin foru aldundiaren babes sistematik at gelditzen direnean osaba-izebek gazteei babes handia ematen dietela dio Kristina Soaresek. "Estres handiko egoera izaten da gazteentzat, eta osaba-izebak helduleku bat dira beraientzat". Une hori oso inportantea da gazteen bizitzan, babesgabe gelditzen dira bat-batean, eta haietaz kezkatzen den norbait izatea oso garrantzitsutzat du programaren arduradunak. Ahamedek oso gogoan du une hori: "Etxea utzi baino lehen, oso urduri nengoen. Eta Anak esan zidan lasaitzeko, jarraituko genuela elkar ikusten. Urrun bidaliko ninduten kezka nuen [Lazkaon bizi da Esnaola], baina, azkenean, Alegiara joan nintzen, eta jarraitu dugu harremanetan".

Gazteak adingabe diren bitartean, bai foru aldundiak eta bai Baketik-ek jarraipen estua egiten diote harremanari. Behin 18 urte egitean, Izeba proiektutik at kokatzen da harremana. "Hala ere, guk jarraipen bat egiten jarraitzen dugu. Ez hain zorrotza, tutoretzapean daudenean bezala, baina gure laguntza eskaintzen jarraitzen dugu". Gaur egun, 93 gaztek dute harremana osaba-izebekin, baina horietako gehienen harremana egitasmotik kanpokoa da, 56 kasutan gazteak adin nagusiak baitira jada.

Izan ere, osaba-izebek ezin diote besterik gabe utzi osaba-izeba izateari. "Nik beti nire iloba gisa aurkeztu ditut; 12 iloba ditut, eta bi neska hauek bat gehiago dira", dio Rikondok. "Nik ez daukat iloba propiorik, baina Rukshar nire iloba da", Esnaolak.

Harrera etxeen osagarri

Edurne Gonzalezek harrera etxeetan lan egiten dutenen ikuspegia ematen du, Izeba proiektuari dagokionez. Harrera etxe bateko arduraduna da, Larratxo fundazioan, eta osaba-izeben ekarpenak gazteei onura handia egiten diela dio. "Guk harrera etxean eskaintzen diegu testuinguru ahalik eta normalenean bizitzeko aukera. Haien bizimoduak errutina eta arau batzuk ditu, eta edozein nerabek dituen betebeharrak dituzte". Osaba-izebek harrera etxeek eman ezin duten familia alternatiba bat eskaintzen dietela dio. "Edozein familiatan gertatzen den bezala, gurasoek arauak jarri eta exijitu egin behar dute, baina badaude beste pertsona batzuk, izan aitona-amonak, izan osaba-izebak, eta horiek exijentzia txikiagoko aisialdi momentuak eskaintzen dizkiete".

Gazteentzat, harrera pisua ez den toki bat, etxe bat edukitzea oso garrantzitsua dela azpimarratu du Gonzalezek. "Etxe bat dutela sentitzen dute, familia bat dutela, beraiena bakarrik dena, eta ez dutena pisuko beste zazpi kideekin partekatu behar. Izan ere, hezitzaile taldea partekatu egiten dute, baina Izeba familia bakoitzarena da". Horrek "berezi" sentiarazten ditu gazteak.

Gonzalezek azpimarratu du harrera etxeak gazteen oinarrizko behar guztiak betetzen dituela. "Baina, gure baliabidearen ezaugarriengatik, hainbat gauza ezin dizkiegu eman, eta, ikuspegi emozional batetik, osaba-izeben ekarpena handia da. Izan ere, gazte hauek behar handi-handiak dituzte. Bakoitzak bere motxila darama, bizi esperientziaz betetakoa, eta, maila emozionalean, bete gabeko behar handia dute, osaba-izebek modu ezin hobean betetzen dutena".

Motxilaren ideia Rikondok ere erabiltzen du, bere ilobei buruz ari denean. "Nire ilobak oso gardenak dira, eta dena kontatzen dizute. Askotan, beren istorio pertsonalak kontatzen dizkizute, eta orduan konturatzen zara nolako motxila daramaten, eta, hala ere, zer normalak diren. Gogorra da zein babes gutxirekin bizi izan diren entzutea, zenbat sufritu duten entzutea".

Tapoiak biltzeko edukiontziak

Azpeitia: Liburutegian, kiroldegian, Coviran supermerkatuan eta Sanjuandegiko Eroski supermerkatuan.Azkoitia: Eroski eta Lidl supermerkatuetan eta Floreaga ikastetxean.Getaria: Isarri kafetegian.Zarautz: Eroski supermerkatuan.Donostia: San Martin az...

Gaixotasun arraroei izena jartzeko saialdia

Gaixotasun arraroei izena jartzeko saialdia

Ikerne Zarate

Aita, zerbait egin beharko dugu gaixotasun arraroak dituzten haur euskaldunak laguntzeko". Hala esan zion Sergio Gomezi Santos semeak, berak eta Lautaro anaiak zelula amen tratamendua jaso ondoren. Esan eta egin. Gaixotasun arraroak dituzten haurren bizi kalitatea hobetzeko, Elkartasuna eta Itxaropena elkartea sortu zuten joan den urtean. Sergio Gomez eta Lidia Fernandez argentinarren bi semek muskulu distrofia dute, eta kanpaina bat abiatu zuten, behar zuten tratamendua egin ahal izateko bitartekoak lortzeko. Azpeitian sortu zuten elkartea, eta dagoeneko ekinbidea martxan dute, helburu argi batekin: ahalik eta diru gehiena lortzea gaitz arraroen gaineko ikerketa sustatzeko.

Azken zortzi urteetan Azpeitian bizi da familia, eta plastikozko tapoiak biltzen dituzte elkartean. Horretarako, Elkartasuna eta Itxaropena elkarteak edukiontziak jarri ditu Azpeitian, Azkoitian, Getarian, Zarautzen, Donostian eta Lezon. Jasotzen dituzten tapoiak Azkoitiko Recuperados Isasi lantegiak erosten ditu. Tapoi tona bakoitzeko 170 euro ordaintzen dizkio lantegiak elkarteari. "Oraingoz, hamar tona lortu ditugu, eta 1.700 euro ikerketara bideratzeko". Mugarik ez dagoela gaineratu du Gomezek: "Ahalik eta diru gehiena bildu behar dugu ikerketa egiteko eta mediku tratamenduak bilatzeko, haur hauen guztien bizi kalitatea hobetzeko; merezi dutelako".

Ikerketa zentroekin harremanetan hasiak dira, jasotako dirua bideratzeko. Biogurutzeta Gurutzetako ospitaleko Ikerketa Zentroa (Barakaldo, Bizkaia) da horietako bat: "Biogurutzeta zentroarekin harremanetan jarri nintzen, baina oraindik ez dut erantzunik jaso; horren zain nago. Jakin badakigu oso garestia dela ikerketa, eta horregatik beharrezkoa da ekinbide honekin ahalik eta diru gehiena biltzea".

Gaur egun, Gipuzkoako sei udalerritan dituzte tapoiak biltzeko edukiontziak, eta horietako bitan soilik dute akordioa udalekin: Azpeitian eta Lezon. Lezon, hilabete hasieran aurkeztu zuten egitasmoa Gomezek eta Jesus Maria Martiarena alkateak. Agerraldian izan zen Markel Merino lezoarra ere, bere ama Sonia Angulorekin. Sei urte ditu Merinok, eta garun paralisia dauka, ia %90ekoa.

Gomezek esan du oso garrantzitsua dela Lezoko eta Azpeitiko udalek emandako babesa. Edukiontziak Gipuzkoa osora zabaldu nahi ditu orain, eta, oraintxe, Zumarragako eta Irungo udalekin harremanetan da: "Garrantzitsua da udalek bat egitea kanpainarekin". Gaineratu du kanpaina ugari antolatzen direla, baina hasi bezala amaitzen direla, jarraipenik ez zaiela ematen: "Guk dirua lortzen dugu tapoien bidez ikerketarako, eta, gainera, birziklatzen laguntzen dugu". Inplikazioa ezinbestekoa dela dio: "Gipuzkoa zerbait bada, solidarioa da. Harro egoteko modukoa da herrialdea, bizitzeko, lan egiteko... Izugarria da hemengo jendeak duen jarrera".

Edukiontzietan bildutako tapoiak Lapatxeko zabortegian utzi dieten eremu batean biltzen dituzte, Azpeitian. Tapoiak ez ezik, erakunde, elkarte eta norbanakoen donazioak jasotzeko aukera ere badago: "Santander bankuan kontu korrontea du elkarteak [0049 4613 04 2716166018], eta hor egin dezakete diru sarrera. Banketxe horrek hasieratik eman zion baiezkoa elkartearen ekinbideari ".

Elkartasuna eta Itxaropenak ibilbide laburra badu ere, tapoiak biltzeaz gain, Gomezek dio ideia ugari dituela ikerketarako dirua biltzen jarraitzeko. Tartean, euskal kantari eta artistekin batera egiteko ekinbide bat abiatu nahiko luke: "Baina, horretarako, haien prestasuna eta laguntza behar ditut, eta, horren harira, dei egin nahi diet elkartearekin harremanetan jar daitezen".

Herritarrei eskerrak

Etxean bizi du berak gaixotasun arraroak izatea esan nahi duena, eta hunkitu ere egin da edukiontziak dauden herrietan bizilagunek erakutsi duten jarrerarekin: "Izugarri polita da ikustea haurrak, aitona-amonak edo gurasoak, plastikozko poltsa tapoiz beteta edukiontzira bidean. Eskertzeko jarrera da, eta, horrela, jarraitzera animatu nahi ditut, guztia gutxi delako".

Gipuzkoara egitasmoa zabalduta, argi du herrialdea ere gainditu nahi duela, eta Euskal Herrira jauzi egin: "Espainiako Estatuan 3 milioi lagunek dute gaixotasun arraroren bat, eta hamaika gaitz daude. Garrantzitsua da horiei aurre egin ahal izateko sare solidario hau handituz joatea". Udal, kantari eta artistengana ez ezik, Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariarengana heltzea du helburu, "laguntza guztia ere ez delako nahikoa".

Informazio gehiago webgune honetan:

www.solidaridad guipuzcoa.es