Albisteak

Maiatzetik jositako txapela, Beñat Gaztelumendiren burura

Maiatzetik jositako txapela, Beñat Gaztelumendiren burura

Hirugarrengoan bai. Bitan txapeldunorde izan ondoren, Gipuzkoako txapela jantzi zuen Beñat Gaztelumendik joan den larunbatean. Bertso eskoletan aritzen direnak aipatuz egin zuen txapeldunaren agurra, Illunben jokatutako finalean: "Bertso eskolaz bertso eskola/ belaunaldiz belaunaldi/ hau zuentzat da/ zeratelako ahots bat ematen ari/ isilik egon behar zuela/ esaten ziotenari". Belaunaldi bereko bi bertsolarik jokatu zuten buruz burukoa, 1987an jaiotakoak biak: Gaztelumendik eta Alaia Martinek. Aurtengo txapelketan, hain justu, behin baino gehiagotan aipatu da belaunaldi aldaketa, bertsolari gazteen parte hartzea, eta baita haien maila ere.

Hari "luze, fin baina sendo batekin" lotuta egin du zortzi hilabeteko bidea Gipuzkoako Bertsolari Txapelketak. Finalaren atarian, hala deskribatu zuen hilabeteotako jarduna Saroi Jauregik, Gipuzkoako Bertsozale Elkarteko lehendakariak: "Urrun samar gelditzen da, baina maiatzean Gipuzkoa Bertsotan jarri genuen martxan. Orduan 74 bertsolarik hasi zuten bide hori finalaren beste hari muturra da". Maiatzaren 9an hasi zen lehia, Astigarragan, txapelketarako sailkapen fasearekin. Jendetsu bezain bizi hasi zen: hilabeteko epean, 24 saio izan ziren Gipuzkoako hamabi herritan; herri bakoitzean bi saio egun berean, goizez eta arratsaldez. Bertsolariekin batera, martxan jarri ziren gainerako taldeak ere: gai-jartzaileak, epaileak, idazkariak, laguntzaileak, bertsozaleak...

74 bertsolaritik, lehenengo 30ek lortu zuten txapelketarako sailkatzea. Jon Maia izan zen lehen sailkatua, 583 punturekin, eta haren atzetik geratu ziren Ander Lizarralde (580,5) eta Mikel Artola (577). Maiak lehen fasetik finalera arteko bidea egin zuen; beste biek, berriz, finalaurrekoetaraino iristea lortu zuten. Antton Fernandez izan zen udaberriko fase hartako azken sailkatua, 529,5 punturekin.

Txapelketa bera irailaren 20an abiatu zen, Beasainen, 43 bertsolarirekin, baina Aitor Sarriegi gabe. 2011ko txapeldunak aurten ez parte hartzea erabaki zuen. Gipuzkoako Hitza-ri urrian emandako elkarrizketan adierazi zuenez, erabakia ez zen erraza izan, beti gustatu izan zaiolako aukera daukana txapelketara aurkeztea: "Hori defendatu izan dut nik. Baina egia da nekatuta nengoela; eten bat behar nuen".

Gipuzkoa Bertsotan fasetik sailkatutako 30 bertsolariei beste hamahiru gehitu zitzaizkien, duela lau urteko txapelketan finalaurrekoetara sailkatzea lortu zutenak, zehazki. Hamahiru horietatik sei final-zortzirenetan sartu ziren lehian, 2011ko txapelketan finalaurrekoetara sailkatu ziren baina finaletik kanpo geratu ziren seiak: Iñigo Mantzizidor Mantxi, Nerea Elustondo, Beñat Lizaso, Iban Urdangarin, Felix Zubia eta Jokin Uranga. Gainerako zazpiak finalaurrekoetan sartu ziren: Agin Laburu, Jexux Mari Irazu, Beñat Gaztelumendi, Jon Martin, Alaia Martin, Iñaki Apalategi eta Unai Agirre.

Kanporaketak, hiru hilez

Hiru hilabeteko tartean, sei final-zortziren, bost final-laurden, eta hiru finalaurreko jokatu zituzten. 36 bertsolari aritu ziren final-zortzirenetan, eta horietatik 23 bertsolari sailkatu ziren final-laurdenetarako, sei beren saioak irabazita, eta gainerakoak puntuazioaren arabera. Puntuaziorik altuenarekin aurrera egin zuen Jokin Urangak (457,5 puntu); Jon Maia (456,5) eta Ane Labaka (444) sailkatu ziren jarraian. Final-laurdenetan, 23 bertsolari horiei gehitu zitzaizkien aurrez sailkatuta zeuden zazpi bertsolariak. Final-laurdenetatik finalaurrekoetara hemezortzi bertsolari pasatu ziren.

Txapelketa hasi aurreko pronostikoen aurka, finalaurrekoetatik kanpo geratu ziren Jokin Uranga, Mantxi eta Jexux Mari Irazu. Mantxik Gipuzkoako Hitza-ri aitortu zion ez dagoela gustura egindakoarekin: "Txapelketak harrapatu nau trenak harrapatu banindu bezala. Ez dut hartu denborarik prestatzeko. Gustura ezin naiz egon, berez gehixeago egiteko gai banaizelako". Irazu 1995. urtetik izan da finalista Gipuzkoakoan, eta txapeldunorde bitan, 1995ean eta 1999an. Gainera, Euskal Herriko txapelketan 1997tik etenik gabe aritu da; aurten, ordea, ez du lortu txapelketa nagusirako sailkatzea.

Beterano eta gazte

Esperientziadunak eta finaletan hasiberriak zirenak bildu ziren Illunben. Hirugarren finala zen Gaztelumendi, Maia eta Agirrerentzat; bigarrena Martin, Apalategi eta Labururentzat; eta, lehenengoa, Iguaran eta Xamoarentzat. Datu bat: ia hogei urteren aldea zegoen Maia beteranoaren eta Iguaran gazteenaren artean.

Bertsotan gainontzekoen gainetik aritu ziren Gaztelumendi eta Martin; Laburu ere fin ibili zen ofiziotan, eta buruz burukora sailkatzeko bikotean egon zen une batez, Gaztelumendirekin batera. Lehen zatiko kartzelan, arreta eman zuen txapeldunak eta txapeldunordeak nola heldu zioten kartzelakoari, ideia oso antzekoa aukeratu baitzuten. Buruz burukoa jokatu eta gero, 19 punturen aldea atera zion Gaztelumendik Martini.

"Luze" egin zitzaion saioa Gaztelumendiri, sufritu zuen, eta bertso bakoitzaren puntu bakoitza bereganatzeko borrokatu zen. Hala adierazi zion finalaren biharamunean BERRIAri: "Finala xake partida bat bezalakoa da: tentsioari gehien eusten dionak irabazten du detaile horietan".

Inaxi Etxaberen eskutik jaso zuen txapela Gaztelumendik, "plaza ukatu zitzaion emakume bertsolarien belaunaldi oso baten ordezkari gisa". 1955ean idatzi zituen Etxabek lehen bertsoak, eta, harrezkeroztik, ez da geratu. Gordeta ditu bizitzan idatzitako bertso guztiak. Etxaberen jardunari eta beste zenbaitenari kantatu zion Iguaranek azken agurrean: "Bereziki miresmenez/ ahotsa altxatzen lehenak/ lehen bidezidor hoiek dira/ irekitzeko zailenak/ gaur nolabait Inaxirekin/ igoko zaizkigu denak/ gu hona iritsi gintezen/ bidea egin zutenak".

“Aurten nire ahotsa hobeto topatu izanak betetzen nau”

“Aurten nire ahotsa hobeto topatu izanak betetzen nau”

Beñat Zamalloa Akizu «Sentipena dut atzo [herenegun] eman nuena baino gehiago ez daukala», zioen atzo Beñat Gaztelumendik (Donostia, 1987), Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako txapeldunak. Larunbatean Donostiako Illunben jokatu zen finala «parekatua» izan zela sentitu zuen, eta «oso detaile txikietan» erabaki zela. Lehia bakarra bere buruarekin du. Nola ospatu duzu? Nik beti Añorgan ospatzen dut dena: finalera...

Mugak, are mugago

Mugak, are mugago

Espazio bakarra eta guztientzat berdina da itxuraz, baina ezberdina errealitatean. "Patriarkatuak berak beste kartzela bat sortzen du kartzelaren barruan". Emakumeei ezartzen zaien zigor hirukoitzaz ari da Oihana Etxebarrieta kazetari eta Bilgune Feministako kidea: zigor penalaz, sozialaz eta pertsonalaz. Eta, zigorraz gain, moralizatzeaz: "Zigortzen zaio delitu batengatik, baina baita emakume moduan daukan rola apurtzeagatik ere". Etxebarrietarekin batera, kartzeletako errealitateari helduko diote bihar Zuriñe Rodriguez EHUko irakasleak eta Arantza Santesteban Historian lizentziadunak Feministaldian, Donostian. Gogoetatuko dutenaren gaineko zenbait zertzelada eman dizkiote Etxebarrietak eta Rodriguezek Hitza-ri.

Emakumeak "zintzoa, esanekoa eta zaintzailea" izan behar du. Hala dio Etxebarrietak: "Bere amatasun edo zaintzaile rola apurtzen duelako ere zigortzen da". Nork bere buruari jarritako zigorraz hitz egitean, zaintzaren faktorea aipatu du, hain justu. Etxebarrietaren arabera, kartzelan dagoen momentutik emakumeak ezin ditu bere kargura zeuden pertsona horiek zaindu, izan haurrak edo pertsona nagusiak, eta horrek "antsietate handia" sortzen dio bere buruari. "Gizonak izango du bere inguruan zaintza lanez arduratuko den sare oso bat, askotan emazteak. Baina emakumezko presoen kasuan, askok familia bakarrik hazi behar dute".

Genero harremanei eta rolei dagokienez, polarizatutako imajinario kolektibo bat irudikatu du: "Emakumeak zaintzan irudikatzen ditugu, maitasuna ematen... Eta gizonezkoa gehiago belikotasun batean, borrokaren ideologia horretan. Badirudi banatuak izan direla: zaintza bakarrik espetxetik kanpo egin behar den zerbait balitz bezala irudikatu dugu, baina espetxe barruan ere beharrezkoa da zaintza, eta zaintzen ari den horrek ere behar du zaintza".

Abestietan, zineman eta abarretan ikus daiteke nola eraikitzen den imajinario hori. Rodriguezek dioenez, preso batengan pentsatzerakoan, ziurrenik mutil baten imajina egingo du norbere buruak; berdin militante batengan pentsatzean. "Preso baten senidearengan pentsatzean, ordea, normalean emakume batengan pentsatzen dugu". Adibide musikal bat ekarri du: Borrokalari kalera kantua. "Hor esaten da zain dagoela aita, zain ama; hau da, familiak zain egon behar duela eta sostengatu behar duela presoa. Eta, bestetik, familia heterosexual bat ageri zaigu. Gero, jarraitzen du: 'zain andre eta lagunak...'. Berriz ere andrea jartzen da. Eta, aurrerago, borrokalaria; beti indartsua da, borrokarako prest dago, ezin da erori, beti egon behar du prest...".

Kanpotik eta barrutik

Kartzela tarteko duten bikote harremanak aztertu ditu Etxebarrietak Erlazio afektibo sexualak espetxe garaian askatasun (g)une? tesinan. Zaintzaren gaiari eta maitasun harremanei jarri die arreta. "Oso garrantzitsua da maitasun harreman horiek edukitzea. Itxialdi egoera bati aurre egiteko, oso garrantzitsua da familiaren eta bikotekidearen babesa". Bisitak, aurrez aurrekoak... Bikotekidea kartzelan izan zuen berak, eta bizi izandakotik ezagutzen du errealitate hori. Momentu gogorrak ditu gogoan: "Bikotekidea preso duten pertsona askorentzat momentu gogorrak dira hasieran. Presoarentzat, kalearekin konektatzeko momentu handienetako bat zen". Etxebarrietaren iritziz, presoaren bikotekideak rol oso garrantzitsua betetzen du, batik bat zaintza lanagatik. "Batzuetan zaintza lan horiek berari ezartzen zaizkio, bere gain hartu nahi ez izan arren".

Emakumezkoen espetxe baten barruan egoteko aukera ere izan zuen Etxebarrietak, Alcala Mujeres-en (Madril), ikastaro batzuetan. Lehen aldia zuen emakumezkoen modulu batean. Azaldu duenez, gaur egun dauden emakumezkoen kartzelak ez ziren sortu emakumezkoen espetxe izateko; Alcalakoa, esaterako, adingabeen zentro itxi bat zen. Ikusi zuenak baino gehiago, ordea, harremanek eman zioten atentzioa. "Ume batzuk bezala tratatzen zituzten kasu gehienetan. Infantilizatu egiten dituzte, eta ongia egiten ariko balira bezala hitz egiten dute". Kartzelatik buelta bat emateko aukera ere izan zuen: "Paradisu bat izango balitz bezala erakutsi ziguten; oso gaizki pasatu genuen".

Preso sozialen eta politikoen artean ere bada berezitasunik. Politikoei, FIES fitxategiak ezartzen zaizkie —preso arriskutsu edo preso bereziei jartzen zaien sistema da—. Eragin nabaria du, bai komunikatiboki, baita espazialki ere: "FIESen hirugarren gradua ezartzen zaie, eta horrek sakabanaketa dakar, gutun eta dei kopuruaren murrizketa, patiora ateratzeko ordu kopuruak gutxitzea...". Etxebarrietaren arabera, emakume preso politiko gutxiago daude, eta, beraz, errazagoa da Espainian eta Frantzian haiek sakabanatzea: "Sakabanaketa gehiago da emakume presoekin, espetxe gutxiagok hartzen dituztelako emakumeak. Gainera, politikoen kasuan, gradu bereziak jartzen zaizkienez, horrek suposatzen duenarekin; batzuetan bakarrik daude, jende gutxi ikusten dute...". Joxepa Ernagaren kasua ekarri du gogora. 1980ko hamarkadan atxilotu zuten, eta 27 urtez egon zen espetxean; horietatik hamalau bakarturik —iazko abenduan atera zen libre—. "Hor genero aldagaia kontuan hartu beharra daukagu. Ikuspuntu hori falta zaigu, eta ikusi behar dugu momentuan ere badaudela egoera horietan dauden emakume presoak".

Gatazka, iraultzeko

Irakurketa feminista bat egiteari garrantzia eman dio Rodriguezek ere. Besteak beste, ETAko emakumeen parte hartze politikoa aztertzen dabil, eta, dioenez, orain arte ETAri buruzko liburuetan ez da berak jasotakorik azaldu: "Hori da orain arte emakumeak elkarrizketatu ez ditugulako, edo protagonista izan ez direlako".

Rodriguezen ustetan, kartzela gatazkaren "alderik gogorrenetariko bat" izan daiteke, eman diren hausturak irudikatzeko tokia. Patriarkatua gatazkan indartu egiten dela dio, "noski", eta emakumeek sistematikoki pairatu izan dutela biolentzia. Era berean, ordea, patriarkatua bera gainazpikatzeko aukera batzuk ere izan dira, bere lanean bildu duenez: "ETAko lehenengo urteko emakume askorentzat ETAn sartzea etxekoandre ez izateko aukera zen; eurentzat bai, eurentzat izan zen emakume liberazio prozesurako oso lagungarria. Asko Frantziara joan ziren, komandoetara edo errefuxiatu moduan. 1960ko hamarkadan, esaterako, eta justu pilulak han legezkoak ziren".

Presoez, armagabetzeaz eta bestez hitz egiten den bezala genero harremanak nola eman diren jorratzea ere funtsezkoa dela uste du. "Ez badugu hitz egiten, egingo dugu bake bat, baina erdiko bake bat izango da". Rodriguezek argi du gatazka armatuaren bukaerak ez duela esan nahi biolentzia bukatu denik. "Galdetu behar dugu: norena da bakea, eta norentzat? Gaur egun gutxiago kobratzen dugu, hiltzen gaituzte gure senarrek... Ez da benetako bakea". Dioenez, bakea benetakoa izango da gizonak, emakumeak eta beste identitateak bakean bizi ahalko direnean. Horretarako, mugimendu feminista lehen mailako aktoretzat du: "Bake prozesu batean eta negoziazio batean mugimendu feministak interlokutore nagusienetako bat izan behar du".

Feministaldia, hamarkada bat kultura feministaren plazan

Komikigileak, eskultoreak, literaturan adituak, arte feministari buruz gogoeta egin duten emakumeak, dantzariak, idazleak... Emanaldiak, tailerrak, hitzaldiak, performanceak, mahai inguruak... "Feministaldi oso ezberdinak egon dira urte hauetan, eta jaialdia erreferentzi bat da dagoeneko". Hamar urte igaro dira Plazandreok plataforma feministak lehen Feministaldia antolatu zuenetik. Juana Aranguren ordezkariak begiratua egin dio kultura feministaren jaialdiaren ibilbideari.

Aurretik egina zegoen lan bati eutsi zion duela hamar urte Plazandreok-ek. "Donostian egon zen Emakumeen Asanbladak eta Emakume Independenteen Taldeak emakume artisten erakusketak-eta antolatzen zituzten, eta haiek egindako lana jaso genuen". Arangurenek dioenez, beste hainbat arlotan bezala, feminismoak kontsideratzen du artearen munduan ere emakumeek zailtasunak dauzkatela ikusgarri egiteko, bai beraiek eta baita haien ekarpen artistikoak ere. "Feministaldiak nahi du lehenik eta behin elkargune bat izan, esperientziak parteka ditzatela esparru ezberdinetako emakumeek, eta elkarrekin eragin". Alde ludikoa ere badu; "jai bat" da, musika dago, kontzertuak...

Arteleku izan da urte luzez Feministaldiaren erreferentziazko gunea, Loiolan. Itxi eta gero, iaz Santa Teresako Artelekun egin zuten, Parte Zaharrean, eta duela bi urte, Donostia 2016 gunean. Badira hiru urte Feministaldiak babesa jasotzen duela Donostiako kultur hiriburutzaren aldetik: "Donostia 2016k momentu batean bere programan txertatu zuen Feministaldia. Babestu egin behar ditu martxan dauden egitasmoak eta hiriburutza urtea bukatzen denean ere jarraipena izango dutenak". Aurten, gustura daude Feministaldia Tabakaleran egiten ari direlako: "Tabakalera lot dakioke emakumeen mugimenduari eta mugimendu feministari". Arangurenek dioenez, Plazandreok-en eta Emakumeak eta Hiria foroaren aldetik mugimendu ugari egon zen Donostiako Emakumeen Etxea han jartzeko. "Zigarreta egileak oso garrantzitsuak izan ziren Donostiako langile klasearen artean, aitzindari izan ziren emakumeen lan eskubideak eta sindikalak aldarrikatzen". Orduan ez zuten lortu Emakumeen Etxea han kokatzea, baina, orain, Feministaldia han egiteak "zentzu handia" du Arangurenen arabera: "Zigarreta egileek egindako lan horrekin konektatzea da, lan paralelo bat da artearen munduan. Aurtengo leloak dioen bezala —Kontra—, arte feministak beti zalantzan jartzen du ordena patriarkala; aldarrikatzen du ordena patriarkalari desobedientzia egitea, eta zalantzan jartzen du dominazio sistema bat".

Donostiako beste zenbait gunetara ere iritsiko da Feministaldia. Guardetxean egingo dute amaierako jaia, bihar, 22:00etan. Emakumeen Etxean, berriz, Emakume donostiarrak 1870-2015, emakumeen emanzipazioa lortzeko bide luzea erakusketa inauguratu dute aste honetan. Urtarrilaren 15era bitarte ikusi ahal izango da.

Gipuzkoako bertsolaritzaren festa, bihar

Unai Agirre, Alaia Martin, Beñat Gaztelumendi, Jon Maia, Agin Laburu, Iñaki Apalategi, Oihana Iguaran eta Arkaitz Oiartzabal Xamoa eseriko dira bihar, 17:00etan, Donostiako Illunbeko oholtzan. Saroi Jauregi eta Ion Zaldua ariko dira aurkezle lanetan. Bertsolarien lana epaitzeaz, berriz, Eneritz Azkue, Elisa Iztueta, Maite Sukia, Zigor Leunda, Bakarne Urreaga eta Mikel Lersundi arduratuko dira.

Inaxi Etxabe bertsolari zumaiarrak jantziko dio txapela irabazleari. Saroi Jauregi Gipuzkoako Bertsolari Elkarteko lehendakariak adierazi duenez, "plaza ukatu zaion emakume bertsolarien belaunaldi oso baten ordezkari gisa".

Finalerako sarrerak Internet bidez eros daitezke www.bertsosarrerak.eus webgunean. Bertsozale Elkarteko bazkideek merkeago izango dute sarrera, 15 euroan; 16 urtetik beherakoek 10 euro ordaindu beharko dute, eta gainerakoek 20 euro. Internetez erositako sarrera guztietan agertzen da aretora zein atetatik sartu behar den (3 edo 10 A ateak). Salmenta guneetan sarrera erosi dutenek, berriz, 1. atetik sartu beharko dute. Hala ere, behin aretoan sartuta, bertsozaleek batetik bestera mugitzeko eta nahi duten lekuan esertzeko aukera izango dute.

Illunbera iristeko garraio publikoa erabiltzea gomendatu du antolakuntzak. 15:30ean irekiko dituzte Illunbeko ateak.

Mugikortasun arazoak dituzten pertsonen beharrak behar bezala kudeatu ahal izateko (aparkalekua, aretoan kokapena...), antolakuntzari aurrez joango direla abisatzeko eskatu dute: gipuzkoa@bertsozale.eus.