Albisteak

Eskola bizirik, herri hil bilaka ez dadin

"Gela batzuen ateak itxiarazi nahi dizkigute. Erreformaren eragina ere, zertan gauzatuko ote; etorkizuna ziurtatzekoz, saiatu denok jo ta ke; herri txiki bat eskola gabe, herri hila litzateke". Hala zioen 1991ko Gipuzkoako Eskola Txikien Festaren abes...

Oparitu didaten lanabesik onena

Bi Euskal Herri badirela jabetu berri naiz Idurre Eskisabelen artikulu baten eta Facebookeko lagunen hauteskundeetako balantzeen bitartez. Aurrerakoia eta komunitatean errotua da bata. Berekoia, zekena eta kontserbadorea bestea. Aipatutako testuak nah...

Elkartasunaren fruitua biltzen

Poza. Itxaropena. Ilusioa. Urduritasuna. Harrotasuna. Hainbat sentipen dituzte barruan TS Fundicionesen Arroako (Zestoa) plantako langile(ohi)ek, baina bat gailentzen zaie, eta agerikoa da haiekin hitz egitean: harrotasuna. Egindako borrokarengatik. B...

Udaletan hegemonia garbirik ez

Udal hauteskundeen osteko mapak kolore bakarrekoa zirudien duela lau urte. Bilduk nagusitasunez irabazi zuen Gipuzkoan, eta udaletan ere inoizko udal kopuru handiena lortu zuen Sortu, Alternatiba eta EAren arteko koalizioak. Hegemonia. Horixe Bilduk 2011ko udal hauteskundeen ostean lortutakoa definitzen zuen hitza. Hegemonia hori galdu egin du oraingoan EH Bilduk, eta mapa berriak kolore gehiago ditu,...

“Polita izan daiteke gogorra, umorezkoa edo fantasiazkoa”

Gaztetan irakasle izan zen Iñaki Zubeldia (Ikaztegieta, 1945). Irakasle izanik konturatu zen 1970eko hamarkadan euskarazko materiala oso eskasa zela, batez ere haurrentzat. "Tolosako Isaac Lopez Mendizabalen Xabiertxo, Umearen laguna eta Martin Txilibitu, beste libururik ez zegoen". Horrek eraman zuen hizkuntzaren pedagogia ikasi eta materialak egiten hastera. Irakaskuntza utzi, eta testuliburuak eta haur literatura jorratzera dedikatu izan da. Lanetik erretiroa hartuta badago ere, ez dio idazteari utzi, eta haurrentzako bere 34. argitalpena atera berri du, Leize-zuloko misterioa, Ibaizabal argitaletxean.

Irakurle gazteentzako liburua da Leize-zuloko misterioa. Zeri buruzkoa da istorioa?

Neska kuadrilla bat Arrikruzko leize-zuloan sartzen da. Han dago Iberiar Penintsulan aurkitu den leize-lehoi hezurdura oso bakarra; haren irudia dago, eta iruditzen zaie begirada tristea duela, baina ez dakite zergatik. Gauean, neska horietako batek amets bat izaten du: lehoi amak esaten dio bere kumearen hezurrak leizearen barruan daudela, hiru kilometroko sakoneran, eta nahi lukeela hezur horiek atera eta bere ondora eramatea, babesean egon dadin. Neskak ametsa kontatzen dio kuadrillari, eta taldeak beretu egiten du proiektu hori.

Zure bizipen batean oinarrituta dago istorioa, ezta?

1966an, zortea izan genuen batetik, eta zoritxarra bestetik: Maroto Valladolideko lagun bat eta biok, Arantzazun ikasle ginela, sartu ginen leize-zulora sei orduko baimen batekin. Hezurdura oso bat topatu genuen, handia, baina hasieran pentsatu genuen leize-zuloetako hartza zela, eta gero jakin genuen leize-zuloetako lehoia zela. Berandutzen ari zenean, nahastu, eta ezin atera geratu ginen. Izugarrizko estresa izan zen momentuan lur azpian hiru kilometroko sakoneran itxita sentitzea, kaiola batean bezala, eta ezin atera. Hamabi ordu pasatu genituen, eta haluzinazioak izan genituen. Pentsatzen genuen ez ginela handik aterako. Bazekiten kobazuloan geundela, baina ez zen inor etortzen gure bila. Azkenean, goizeko bostetan, Berastegiko Jesus Nazabal eta haren lagunak etorri ziren behi-adarra joaz, eta salbatu gintuzten.

Askok pentsa dezakete erraza dela gazteentzat edo haurrentzat idaztea. Zuk zer diozu?

Niretzat nahiko erraza da; agian, helduentzat idaztea baino errazago. Gaztetatik, haurren munduan hasi nintzen Zarautzen, irakasle, eta behar handiak ikusi nituen orduan: Txanogorritxu ez zegoen euskaraz garai hartan. Hasi nintzen umeentzako lanak egiten, literatur lanak ere bai, eta batzuk, album modukoak. Ohitzen zara teknika horretan, umeentzako lan atseginak egiten, eta niretzat ez da hain zaila. Bai egin behar duzu esfortzua umeen mentalitatean jartzeko. Haien adin psikologikoa kontuan hartu behar da: izan dezakeen lexikoa eta hizkuntz bagajea.

Zeri ematen diozu garrantzia gazteentzat idazten duzunean?

Normalean, istorio polita etor dadila burura. Polita izateak ez du esan nahi oso poetikoa izatea; izan liteke tristea. Badut liburu bat Ama izena duena, eta, horretan, kontatzen da bularreko minbizia duen 36 urteko ama bat hil egiten dela. 7-8 urteko alabak kontatzen du istorioa. Gogoratzen dut liburua pasatu niola Ikaztegietan asko irakurtzen zuen neska bati; nire liburu asko haren eskuetatik pasatzen ziren publikatu aurretik. Neskak, liburua bukatu zuenean, esan zion amari: "Penagarri-penagarria da, baina irakurri dudan gauzarik politena". Beraz, polita izan daiteke gogorra, umorezkoa ere bai, edo fantasiazkoa, baina izan dadila istorio bat umearengan zerbait utziko duena.

Helduentzako libururik idatzi duzu?

Haur literatura aztergai izeneko bi liburu mardul: haur literaturako kritikak, analisiak, elkarrizketak eta abar jasotzen ditu. Gero, hasia dut, 50 folio idatzita, arrantzale galiziar baten istorioa, baina bukatu gabe dago oraindik.

Guztira, haurrentzako 34 argitalpen atera dituzu. Zure eskarmentutik, nola ikusten duzu haur literatura?

Produkzio aldetik, oso egoera onean; irakurle aldetik, egoera kaxkarragoan. Pena hori da. Bestalde, Idazleak ikastetxeetan egitasmoak asko mugitzen du, eta irakurketa bultzatu: eskolak konpromisoa hartzen du liburua irakurtzeko; gelan analizatzen dute; galderak prestatzen dituzte idazlea joaten denerako... Horrek feedback fenomeno bat sortzen du. Tolosako liburutegian esan didate, adibidez, idazleren bat eskoletara etortzen denean haren obra gehiagoren bila joaten direla liburutegira.

Leize-zuloko misterioak liburuak nolako bidea izango duela uste duzu?

Idazle denek nahi izaten dute euren liburuak asko irakurtzea. Interesgarria da guretzat irakurlea izatea atzean. Irakurleak irakur dezala, eta, gustatu bazaio, egin duzun lana balekoa da. Konkretuki liburu honekin, esperantza handia dut; dezenteko zabalkundea egiten ari naiz.

“Ohorezko” musika doinuak mende laurdenarentzat

Duela 25 urte, 1990. urtean, Itsas Mendi taldeak lehenengoz antolatu zituen Pasaia Donibaneko musika jardunaldiak. Azken urteetan, musikaren erakusleiho garrantzitsu bihurtu dira herrian, eta, urteurrena baliatuta, "ohorezko egitaraua" prestatu dute aurten. Bihar, Donostiako Orfeoiak —irudian— emanaldia eskainiko du, 20:15ean, San Joan Bautista bataiatzailearen elizan. Igandean, Itsas Mendi txistulari taldea ariko da ordu eta toki berean. Hurrengo asteburuan bukatuko dira jardunaldiak, Ametsa Gazte abesbatzaren eta Konstantzia musika bandaren saioekin.

Gure baitan daude biak

Aurreko batean auzoko supermerkatuan erosketak egiten niharduela, gizon bat hurreratu zitzaidan, eta "hamabost zentimo emango dizkidazu barra bat erosteko?", esan zidan. Eskua jaso eta ogia zuela erakutsi zidan. Oso erreakzio arraroa izan nuen. Begira...

Irudiz lotutako herria

Obretan trasteak uzteko erabiltzen dituzten hiru etxola jarri dituzte Andoaingo Goiko Plazan. Horietako batera sartu aurretik, eguraldiaz ari dira Aitor Regillaga, Urko Vallejo eta Pablo Artetxe. "Pena bat da; ona egingo balu, askoz hobea litzateke". Argazkialdia jaialdiaren antolatzaileetako hiru dira, eta barrura sartuta, gela ahalik eta ilunen jartzeaz arduratu dira. Kamera iluna deitzen diote.

Paretak zuri, eta diametro ezberdineko zuloak ditu etxolak aldeetako batean. Zuloetako bat baino ez dute libre utzi. "Hasieran kostatuko da ikusmena iluntasunera ohitzea, baina pixkanaka joango zara paretan kanpoko irudia ikusten, buruz behera", dio Vallejok. Zerua beheko partean ikusten hasi da. Eta alboan zuhaitzak. Goialdean, haurrak jolasean, jendearen mugimendua. Gero eta argiagoa da irudia. "Hau da argazkilaritzaren funtsa. Hemen ez dago ez teknologiarik, ez elektronikarik". Argazki kamera handi baten barruan sartzea bezalakoa da. Sentsore bat edo paper fotosentikorra erabiliz gero, argazkia ateratzeko aukera legoke. Etxolako argia piztean bukatu da magia: "Argiak egiten duena argiak kentzen du".

Kamera ilunetik kanpora aterata, bi zerri ikusten dira Urnietako kale batean, prozesioa Orendainen, haurrak eta oiloak Abaltzisketan, eta emakume bat astoari tiraka Altzon. Gipuzkoako herri horiek eta beste zenbaitek 400 urte bete dituzte aurten —Andoain barne—, eta tamaina handiko argazkien bidez, udalerriok denborarekin izan duten bilakaera erakutsi nahi izan dute. Horretarako, antzinako argazkietan agertzen diren tokietara itzuli dira Argazkialdiaren antolatzaileak: leku berean argazkia atera, eta bi irudiak bateratu dituzte, iragana eta oraina fusionatuz.

Goiko Plaza, beraz, ezohiko gune bilakatu da egunotan, baina ez hori bakarrik: herri osoan zabalduta dauden artelanen ibilbidea hasteko —edo bukatzeko— puntua ere bada. "Argazkiak kalera atera nahi genituen, eta herria horiekin batu. Luzean garatu den herria da Andoain. Goiko Plaza eta Zumea plaza loreontzietan eta tabernetan jarritako erakusketekin lotu ditugu".

Hogei erakusketa, tailerrak, solasaldiak, argazki rallya eta beste prestatu dituzte aurtengo Argazkialdian, maiatzaren 16tik ekainaren 14ra bitarte. Bigarren aldia du jaialdiak Andoainen, eta, lehen aldian bezala, askotariko estilo eta lanak jaso dituzte. Aniztasuna nahi zuten, Regillagak dioenez: "Ugaritasuna biltzen saiatu gara: fotokazetaritza daukagu, lan intimistagoak, pentsarazten dutenak...". 25 lanetik gora jaso zituzten, eta aukeraketa bat egin behar izan dute.

Goiko Plazatik Zumeara bidean, Bastero kulturgunean egiten du geldialdia Argazkialdiak. Ibilbide luzeagoko argazkilarien lanak bildu dituzte han. Vallejok azaldu duenez, "oreka" bilatzen ahalegindu dira: "Jaialdiaren asmoa bada ibilbide luzea egina ez dutenei aukera erakusteko ematea, baina argazkilari ezagunen obrarik ekartzen ez baduzu ere, gure asmo hori mugatua egon daiteke".

Basteroko gelan ez dago kamera ilunean zegoen pareta zuririk. Nagore Legarreta argazkilariaren lanek, ordea, badute haren antzik: kamera ilunean oinarritutako teknika darabil. "Lapiko bat eta atun lata bat erabili ditu. Bakoitzari lau zulo egin, argazki paper fotosentikorra atzetik jarri eta zuloetatik argiak sartuta egindako irudiak dira. Horiek digitalizatu, eta hau da emaitza". Emakume gorputz zatikatuak ageri dira, harremanetan. Argazkilariak norberaren espazio pertsonalaren eta gainerakoen espazio pertsonalaren arteko tentsioaren inguruko gogoeta egin du Hysteron lanean, genero ikuspuntutik.

Legarretaren lanen zuri-beltzetik Iñigo Royoren koloreetara. Lucianorekin berriketan erakusketa ikusten hasi aurretik, dagokion azalpena irakurtzeko gomendatu dio Artetxek kazetariari. Irakurtzeaz bukatutakoan, Vallejok: "Azalpenak argitzen du, ezta? Ikusten da bere kanarioak ideia askoren artean hartzen duen jarrera". Royoren argazkiak jarri ditu Argazkialdiaren aniztasunaren adibide: "Paisaia edo hiri argazkigintza oso ezaguna da, baina ikus dadila badaudela hortik ateratzen diren lan oso interesgarriak ere".

Zuri-beltzera egiten du buelta bisitariak Lobo Altunaren Inon ez erakusketaren parean. Mila gabeziaren kronika da, mila ahanzturarena; inora ez daramaten hainbat biderena. Hala definitzen du argazkien alboan Begoña del Tesoren testuak. Irteerako eskaileretarako bidean, Beñat Arregiren lanak ageri dira. Gartxot Arregi anaiak eta Eduardo Arreseigorrek argazkilari zenaren hainbat lan berreskuratu dituzte jaialdirako. "Arte eta argazkilaritza arloko jendearentzat etorkizun handiko mutila zen. Jendea hunkituta utzi duen erakusketa da hau", dio Vallejok. Duen balio artistikotik harago, balio emozionala nabarmendu du. Basteron ez ezik, herriko hainbat txokotan ere aurki daitezke Beñat Arregiren printzak. 1980ko hamarkadan hark atera zituen hainbat argazki orduko toki berean jarri ditu Gartxotek, zuri beltzean eta formatu handian.

Herriko argazki ibilbideari jarraika, erretratuak aurki daitezke Bastero ondoko loreontzietan. Regillagak dio herritarrak "erretratu klasikoa" aurkitzea espero dezakeela, baina Kena, Adriana eta Sansa ez dira ez pertsonak: hiru erbi-txakur eme dira. Oihana Serranok erretratatu ditu "etxeko erreginak".

Zumeara iristean, Gipuzkoatik jira berriro: gizonezko talde bat trenaren zain dago Itsasondon, lastoa biltzen dabiltza Araman, elizako arkupeetan bueltaka Zaldibian. Etxoletan, berriz, Jordi Vidal eta PH15 kolektiboaren lanak. Azken horren ekarpena aipatu du Regillagak: "Argentinako kolektibo bat da, eta argazkilaritza arlo sozialetik lantzen dute, haur eta gazteekin".

Argazkialdiaren eskaintza ez da, ordea, erakusketetara mugatzen. "Kulturan jendea formatu egin behar dela uste dugu, eta hainbat tailer antolatu ditugu". Herritarren aldetik jasotakoarekin gustura daude. Inaugurazio ekitaldian bertan 300 lagunetik gora bildu zituzten Basteron. Muntaketa astebete lehenago egina zuten, eta ekitaldian ikusi ahal izan zuten jendeari gustatu zitzaiola.

Lehen aldiko jaialdiaren izaerari eutsi nahi izan diote aurten ere: kostu baxuko eta kalitate handiko argazki jaialdia izatea. Ahalegin horretan, babesleen aldetik jasotako babesa eskertu dute antolatzaileek —Irizar da nagusia, eta BERRIA ere babesle da—: "Horrelako argazkilariek hedapena behar dute, haien lanak ezagutzera ematea, eta eskertzekoa da laguntza".

@ Informazio gehiago bildu nahi izanez gero, bisitatu webgune hau:

www.argazkialdia.com

2.834

gosari osasuntsuen kanpainan aritu diren haurrakGosariaren garrantzia azpimarratzeko kanpaina eskoletara eraman du beste urte batez Bihotz Bizi elkarteak. Guztira, 59 eskolatako 2.834 haurrek parte hartu dute Gipuzkoan; azkenak, aste honetan, Elgoibar...