Urko Etxebeste
Naziek ia Europa osoa zuten hartuta 1941ean. Ia dena zuten kontrolpean. Baina den-dena ez. Europako hainbat herrialdetan, armadez besteko erresistentzia talde antolatuak sortu ziren, hainbat zereginekin: informazioa batetik bestera eraman, naziek jazarriei ihesaldian lagundu, soldadu alemaniarren kontrako ekintzak egin... Comete sarea izan zen erresistentzia talde antolatu horietako bat. Euskal Herrian, Bidasoa-Oiartzualdea inguruan izan zituen kideak. Haien lana: naziek botatako indar aliatuetako hegazkinetako kideei —bizirik ateratzen zirenei— gune okupatuetatik ihes egiten laguntzea. Batez ere, Ameriketako Estatu Batuetakoak eta Britainia Handikoak izan ziren ihesean sostengua jaso zutenak.