gipuzkoa

Erakusketa, sei eremutan

Uztailaren 23ra arte egongo da ikusgai Eduardo Molinariren Pozoia zure makinerian erakusketa ibiltaria. Herriko sei eremutan banatuta dago bilduma. Eremuak eta azalpena1. Beneditarren artxiboa. "Leku garrantzitsutzat markatu dut. Memoriaren oroitzapen...

“Libreki mugitzeko askatasuna islatzen du erakusketak berak”

“Libreki mugitzeko askatasuna islatzen du erakusketak berak”

Xabier Meabe Sarriegi

Beneditarren artxiboak piztutako jakin-minetik eratorritako erakusketa ibiltaria da Eduardo Molinarirena (Buenos Aires, Argentina, 1961). Lazkaon ikus daiteke, uztailaren 23ra arte. Proiektu "bisuala" da; artea eta historia uztartzen ditu, eta irudi guztiek indarkeria islatzen dute.

Nolatan Argentinako artista bat Lazkaon erakusketa bat jartzen?

Bake-ituna proiektuko Aldiriak sailean parte hartzeko gonbidapen bat jaso nuen Donostia 2016tik. Jatorri ezberdineko zazpi artistarekin jarri ziren harremanetan, eta Donostiatik kanpo garatuko zen proiektu jakin bat lantzeko eskatu ziguten bakoitzari. Lekua aukeratu behar genuela esan zigutenean, eta nik Argentinan ordura arte eginiko lanak kontuan izanda, Lazkaora etortzea erabaki nuen, oso leku interesgarria iruditzen zitzaidalako.

Interesgarria zergatik?

Bertako Beneditarren artxiboak beti sortu izan dit jakin-min handia. Argentinan nengoela, neure kasa ikertu nuen artxibo hori bera, eta, orain, Lazkaora etorrita, artxibora bertara zuzenean joanda, nire kontsulta propioak egiteko aprobetxatu dut. Horri esker, hemengo historia ezagutzeko aukera izan dut. Artxibo honek eman dit Lazkaon jarritako erakusketa ibiltari hau egiteko inspirazioa.

Proiektu hau Lazkaora egokitua dago. Beste lekuren batera molda daitekeela uste al duzu?

Nire esperientzia pertsonala aintzat hartuta, behintzat leku honekin lotura berezia aurkitu dut. Ikusi eta aztertu egin beharko nuke erakusketa hau egiteko Lazkaorekin lortu dudan konexioa beste lekuren batekin ere lor dezakedan.

Erakusketa ibiltaria. Zer lortu nahi duzu bisitaria leku batetik bestera mugitu behar horrekin?

Nire praktika artistikoak izaera edo nortasun jakin bat garatu du, erakusketa ibiltariarena. Proiektu bisuala da, baina artea eta historia lotzen ditu berarekin. Era berean, lortu nahi izan dut ikusten den horrek inguruan daukan testuinguruarekin lotura izatea ere. Eta Lazkaon zehar ibili izan naizenean, puntu estrategiko jakin batzuk aurkitu izan ditut nik izandako ideia hori islatzeko.

Beraz, zuk Lazkaorekin lortu duzun "konexio" hori lazkaotarrei itzuli nahi diezu.

Hori da. Nire barnean sentitu izan dudan hori jendeari transmitiarazi nahi diot erakusketa honekin. Horrexegatik, leku bakoitzean ikus daitezkeen irudiek testuinguru jakin bat azaltzen dute, baina, era berean, lotuta daude erakusketa guztiarekin.

Euskal Herriko historia azaltzen duzu koadro, irudi, inskripzio eta oharrak erabilita. Hala ere, erakusketak ez dio ordena jakin bati jarraitzen. Zergatik?

Jendeak bere erara bisita dezake nahi duen eremua: udaletxeko zatia ez beste guztia egunez nahiz gauez ikusi ahal izango du. Nolabait esateko, ipuin edo kontakizun bat kontatzen dut, eta irudi guztiek indarkeria islatzen dute; bai indarkeria historikoa eta bai ingurumenaren aurkako indarkeria. Proiektuak gai horien inguruan hausnartzera gonbidatu nahi du ikuslea. Garrantzitsua iruditzen zait ibili bitartean pentsatzea, erakusketak berak libreki mugitzeko askatasuna islatzen baitu.

Izenburu iradokitzailea du erakusketak: 'Pozoia zure makinerian'. Zer mezu gordetzen du?

Nire ikuspegitik, badaude puntu komun batzuk azken mendeetan egon izan diren gizarteko indarkeria mota ezberdinetan, eta baita negozioen, industriaren eta teknologiaren makinerian ere. Puntu komun hori lurraldeen konkista da, gizarte horrek edo lurralde horrek izan ditzakeen errekurtsoak kontrolatzeko. Era berean, indarkeria hori babesgabeen aurka jotzeko ere erabiltzen da —zibilen aurkako gerrak, adibidez—, eta, makineriaren ikuspegitik, natur errekurtsoak eraldatzeko edo desegiteko joera dago, bizitza bera deuseztatzeko joera, bai gizakiena, bai animaliena.

“Artea” kantuz aurkeztera

“Artea” kantuz aurkeztera

Maite Alustiza

"Zer ilusio! Zer ilusio! Gaur euskaldunen lurretara etorri naiz, nazio kurduaren artea aurkezteko". Zinar Ala inprobisatzaileak hala hasi zuen Hernaniko saioa, kurdueraz, apirilaren 17an. Europa Bat-batean topaketen barruan, Kurdistango, Sardiniako eta Euskal Herriko kantariak bildu ziren orduan. Udaberrian egindako hainbat saioren ondotik, azken geltokira iritsi dira orain jardunaldiak. Astelehenetik larunbatera bitarte, herrialde ugaritako inprobisatzaileak elkartuko dira Donostian, Kantu Inprobisatuaren Nazioarteko Topaketan. Mintzola Ahozko Lantegiak eta Donostia 2016 Europako kultur hiriburutzak prestatu dute, elkarlanean.

Jardunaldi akademikoak eta emanaldiak izango dira egunero. Goizetan, nazioarteko adituek hitzaldietan eta mahai inguruetan parte hartuko dute, Miramar jauregian —izen ematea itxita dago—. Egun bakoitzean gai bati helduko diote. Astelehenean, esaterako, kantu inprobisatu ezberdinen inguruko xehetasunak azalduko dituzte; asteartean, belaunaldiz belaunaldiko transmisioa jorratuko dute, eta, asteazkenean, generoa hartuko dute gaitzat. Herrialde askotako kantu inprobisatuez jardungo dute saio horietan: Herrialde Katalanak, Austria, Murtzia, Zipre, Brasil, Kuba, Mexiko, Sardinia, Euskal Herria, Karelia, Estatu Batuak, Galizia, Gales...

Hitzaldiekin batera, inprobisazioarekin zerikusia duten filmak eta argazki erakusketak ikusi ahal izango dira Miramarren. Munduko kantu inprobisatuaren datu basea ere aurkeztuko dute, ostegunean —uztailaren 14an—. Mapa dinamiko bat da Kulturartea, eta Xenpelar Dokumentazio Zentroaren bidez garatu da. Horretan, adierazpide bakoitzak dituen ezaugarriak, egindako ikerketak, biografiak, grabazioak eta bestelako informazioa bildu dute. Mundu guztiko aditu, ordezkari eta inprobisatzaileak egongo dira aurkezpenean.

Arratsaldeetan, berriz, kantu inprobisatuaren ikuskizunak egongo dira Donostian: sei, guztira —horietako bat, Oñatin—. Austria, Euskal Herria, Gales, Herrialde Katalanak, Kuba, Mexiko eta Zipre egongo dira ordezkatuta. Saio batzuk ikusteko beharrezkoa da sarrera erostea; www.bertsosarrerak.eus webgunean eskura daitezke —astelehenekoak 10 euro balio du, eta asteazken eta larunbatekoak, 15—. Gaiak prestatzen Alaitz Rekondo, Arrate Illaro, Oihana Iguaran eta Maite Berriozabal aritu dira. Aurkezle lanetan ere ariko dira Berriozabal eta Rekondo, Uxue Alberdirekin batera.

Jardunaldi akademikoetan bezala, emanaldietan ere gai eta formatu ezberdinak landuko dituzte. Astelehenean, adibidez, portuko arranplan izango da saioa, eta itsasoarekin lotura duten herrialdeetako kideek parte hartuko dute. Asteazkenean, emakumeak izango dira protagonista, eta osteguneko saioa poteo formatuan egingo dute, Parte Zaharretik. Uztailaren 16an, larunbatarekin, topaketa bukatzeko "jaialdi handia" egingo dute, Kursaalean. Jon Martinek osatu du emanaldiaren gidoia. "Behar bezalako amaiera emateko asmoz" egingo dute Kursaaleko emanaldia, eta, bide batez, 2003koa gogoratuko dute. Orduko hartan, Ahozko Inprobisazioa Munduan topaketa egin zen Donostian, eta jaialdi batekin bukatu zuten jardunaldia, Bilbon, Euskaldunan.

Egitaraua

Uztailaren 16ra arte, honako saio hauek egingo dituzte Donostian:

Uztailaren 11n, 19:00etan, portuko arranplan

Euskal Herria. Amets Arzallus eta Andoni Egaña.

Gales. Karen Owen eta Eurig Salisbury.

Kuba. Iran Caballero, Yoslay Garcia eta Lourdes Yunet Lopez. Musikaria: Eduanis Gonzalez.

Zipre. Alexis Charalambous eta Marios S. Poullas. Musikaria: Charalambos Charalambous.

Uztailaren 12an, 19:00etan, Donostia 2016ren egoitzan

Austria. Hans Eder eta Norbert Hauer.

Euskal Herria. Alaia Martin eta Julio Soto.

Herrialde Katalanak. Mateu Matas eta Maria Isabel Servera.

Mexiko. Las Alondras taldea: Diana Laura Hernandez, Dana Sofia Limon eta Rebeca Limon.

Uztailaren 13an, 19:00etan, Tabakaleran

Euskal Herria. Miren Amuriza eta Maialen Lujanbio. Musikaria: Kristina Solano.

Gales. Karen Owen.

Herrialde Katalanak. Maria Isabel Servera.

Kuba. Lourdes Yunet Lopez. Musikaria: Eduanis Gonzalez.

Mexiko. Las Alondras taldea.

Uztailaren 14an, 19:00etan, Parte Zaharrean (Bulebarretik)

Austria. Hans Eder eta Norbert Hauer.

Euskal Herria. Manex Agirre, Andoni Egaña eta Ane Labaka.

Gales. Karen Owen eta Eurig Salisbury.

Herrialde Katalanak. Mateu Matas eta Maria Isabel Servera.

Kuba. Iran Caballero, Yoslay Garcia eta Lourdes Yunet Lopez. Musikaria: Eduanis Gonzalez.

Mexiko. Las Alondras taldea.

Zipre. Alexis Charalambous eta Marios S. Poullas. Musikaria: Charalambos Charalambous.

Uztailaren 16an, 19:00etan, Kursaaleko areto nagusian

Euskal Herria. Miren Amuriza, Amets Arzallus, Ane Labaka, Alaia Martin eta Julio Soto.

Austria, Gales, Herrialde Katalanak, Kuba, Mexiko eta Zipre. Uztailaren 14an ariko diren berak.

Oñatin, saio bat egingo dute uztailaren 15ean, ostiralarekin, 19:00etan, kalean. Herrialde banatako ordezkariak egongo dira.

“Ikasleak zoriontsu izatearen giltza konfiantzan dago”

“Ikasleak zoriontsu izatearen giltza konfiantzan dago”

Olaia Iraola

Konfiantzaren pedagogiaren inguruko hitzaldia eman dute Arrasateko Arizmendi ikastolako Haur Hezkuntzako irakasle Iñaki Gonzalezek eta Arantza Lejarraga orientatzaileak Donostian, Miramar Jauregian, aste honetan. Eraldaketa pedagogikoaren inguruko jardunaldia izan zen, eta espazioaren eta denboraren kudeaketaren inguruan eta arazoak garaiz atzematearen inguruan aritu ziren hitz egiten, besteak beste.

Arizmendi ikastolako ERDU proiektuak konfiantzaren pedagogia du ardatz, eta bertan "ikastola osorako marko bat eratu" dutela azaldu du Gonzalezek.

Zer ez dago ondo pedagogia tradizionalean?

Historian, hezkuntzak bi ezaugarri nagusiri erantzun dio: matematikari eta linguistikari. Horietan bakarrik oinarritzen da pedagogia tradizionala. Gainera, pieza nagusia irakaslea da. Sistema tradizionalean, heldua da ulertzen duena, eta bestea ulertzen ez duena. Geletan banatzen da espazio fisikoa, eta hori ez da komenigarria. Izan ere, Haur Hezkuntzan dagoen haur batek mugimendua behar du, eta ezin da gela itxi batean mahaian eserita egon. Sistema tradizionalak ez du errespetatzen gizakia nolakoa den, ezta ikasle bakoitzaren erritmo biologikoa ere. Balio kognitiboak nahiz gaitasunak errespetatu behar ditu.

Zer falta da gaur egungo pedagogian?

Gure ibilbidean, gabeziak eduki genituen. Prozesua hasi genuenean, oztopoak identifikatuak genituen; adibidez: homogeneizazio modua. Irakasleek ekintza bat egin, eta besteek errepikatzen dute. Irakasleak behatzaile rola hartu behar du, eta gaitasunak identifikatu. Hala, bakoitzaren beharrak eta asetasunak atzeman eta horiei erantzuteko gai izango da.

Eta zer dago soberan?

Ezin dira pedagogia guztiak pakete batean sartu. Leku ezberdinetan esperientzia ezberdinak sortzen dira, eta, aldi berean, pedagogia aldatuz doa. Gizakiaren inguruko gauzak erakusten ari zaigu zientzia, eta horri erantzuten ez dionak arazo bat dauka pedagogian. Ez dio beharrei aurre ondo egiten, eta ez die erantzuten berak kudeatzen dituen pertsonen beharrei.

Zergatik konfiantza pedagogian?

Ikasleak zoriontsu izatearen giltza konfiantzan dago. Bakoitzak bere buruarengan konfiantza izateaz gain, besteengan izatea ezinbestekoa da, eta baita testuinguruan edukitzea ere. Hori lortzea da gure helburu nagusia eta oinarria. Beste guztia gero garatzen da.

Zein dira proposatzen duzuen eraldaketaren gakoak?

Batetik,uste dugu senak landu behar direla; hau da, bakoitzaren gaitasunak identifikatu eta horiek aintzat hartu behar dira. Bestetik, garrantzitsua da arazoak garaiz hautematea ere. Horrez gain, gurasoak bertan egotea ere positiboa da, bizipenak eurekin bizitzen baitituzte eta bertatik ikusten baitute euren seme alabak ondo daudela. Gizarteak ikastolara joan behar du, eta ikastolak gizartera. Guztien beharrak ez dira berdinak, baina ez dago zertan paretekin banatu.

Ikasleak orain gusturago ikusten al dituzu?

Ikastola gorputza mugimenduan jartzeko lekua da, pertsonekin egotekoa, bakarrik egotekoa edo lasai egotekoa. Nahi duena libre da bertan lagunekin jolasteko edo bakarrik egoteko. Oso gustura ikusten ditut nik; izan ere, bakoitzak norbera izateko aukera du. Ume bakoitza nolakoa den ikusten dugu, eta horri erantzuteko gaitasun handia daukagu. Esan beharra dago ikastolan eraldaketa martxan jarri genuenetik oldarkortasun maila jaitsi egin dela, eta azpimarragarria da hori.

Sormenak hezkuntzan nahiko leku baduela iruditzen al zaizu?

Ez. Lehengo modelo estetikoan homogeneotasuna dago, eta han sormenak ez dauka zentzurik. Guk alderantzizkoa planteatzen dugu; hau da, espazioa eta denbora kudeatuta bakoitzak bere sormena garatzea. Ezarri dugun eraldaketaren ondorioetako bat sormena eremu askotan eskaintzea da. Modelo tradizionalak alderantzizkoa egiten du. Sormena ezin da irakurketarekin, idazketarekin eta matematikarekin soilik landu; hortik haratago joan behar da.

Teknologia berriak hezkuntzan eragin handia ari dira izaten...

Teknologiak aukera ezberdinak eskaintzen ditu. Adin batzuetan, erraztasunak ematen ditu, eta besteetan, ez. Haur Hezkuntzaren kasuan, baliagarria da, eta gauza batzuk lantzeko balio du. Guk esperimentuari ematen diogu garrantzia, eta horrek pisu handiagoa eduki behar du teknologiak baino. Adinean aurrera joan ahala, teknologia baliagarriagoa da.

Nolako etorkizuna irudikatzen duzu pedagogian?

Uste dut duela hamabost urte baino hobeto gaudela. Errekurtso gutxiago edukitzeak, ordea, zaildu egiten du prozesua. Urteak aurrera joan ahala, pedagogikoki askoz ere gehiago jakingo dugu, baina prozesuan zer gertatuko den ez dakit; izan ere, zientziak datu berriak ekarriko ditu hemendik urte batzuetara. Ibilbidean pedagogikoki aktibo mantentzen eta eraldatzen jarraitzen badugu, pedagogiak hoberantz egingo du. Gure marko pedagogikoa lantzen badugu, ondo goaz, eta eredua egokia da. Egin egin behar dugu.

“Ekintzetan belaunaldi ezberdinak nahastuta ibiltzen gara”

M. Ugartemendia

Herritarren parte hartze handia da Berastegiren ezaugarrietako bat. Elixabet Azpiroz (Berastegi, 1968) herritar horietako bat da; jarduera ugaritan aritzen da.

Asko aldatu al da Berastegi txikia zinenetik?

Ez nuke esango izugarri aldatu denik. Etxe batzuk eraiki dira; fisikoki horrek aldatu du. Horrek ekarri du bertako jendeak aukera izatea herrian gelditzeko. Gure aurreko belaunaldian jende dezentek alde egin behar izan zuen hemendik. Era berean, horrek eta autobiak ekarri dute hemen jaiotakoa ez den jendea hona bizitzera etortzea. Autobiak erosotasuna ematen du; ordu erdian Donostian eta Iruñean zaude. Gainontzean, nik uste bizimodua aldatu dela leku guztietan, eta hemen ere bai. Gu txikiak ginenean ez zegoen herritik mugitzeko halako ohiturarik, bizi gehiago egiten zen herrian.

Inoiz pentsatu al duzu herria utzi eta beste norabait joatea?

Ez, inola ere ez. Donostian egiten dut lana, eta niretzat hona etortzea nire txokora etortzea da. Nire herria, familia, lagunak... Dena hemen daukat. Donostian bizi izan nintzen lan kontuengatik; baditu bere gauza onak, eta ulertzen dut jendeak asfaltoa behar izatea, baina nik ez. Gainera, iruditzen zait umeak beste askatasun batekin hazten direla.

Zer azpimarratuko zenuke Berastegitik?

Paisaia, bakea... Niri, edozein pertsona ikusten badut, berarekin hitz egiten gelditzea gustatzen zait. Etxetik atera eta edonora joanda ere beti duzu elkarrizketa; berdin du zer adinetakoa den. Eta antolatzen diren ekintzetan ere belaunaldi ezberdinak nahastuta ibiltze hori.

Zuk hainbat taldetan parte hartu duzu eta hartzen duzu. Nola bizi duzu hori?

Nik uste dut herri honetan dauden elkarte guztietatik pasatu naizela, eta orain ere banago. Askotan aditzen da: ez da ezer egiten. Zeinek egitea espero dugu, bada? Horrek haserretzen nau. Nik beti argi izan dut zerbait nahi badut egin egingo dudala, eta ea nor dagoen prest nirekin egiteko. Nik beti baiezkoa eman dut, eta gustatzen zaidan bezala guk pauso bat ematen dugunean herritarrek parte hartzea, iruditzen zait herrian zerbait antolatzen denean guk ere parte hartu behar dugula.

[Herriz herri] Berastegi. Herriko plaza “sozialagoa” izateko bidean

[Herriz herri] Berastegi. Herriko plaza “sozialagoa” izateko bidean

Maier Ugartemendia

Berastegiko paisaiaren edertasuna azpimarratuko luke ziurrenik herrira lehen aldiz iristen den bisitari batek. Eta ez da gutxiagorako; izan ere, bailara batean kokatuta dago, muinoz eta zelai berdez inguratuta. Estetikoki margo batean irudikatzeko moduko herria. Azalerari dagokionez, Gipuzkoako herririk handienetakoa da, 45,9 kilometro koadrorekin. Hori ez da biztanlerian islatzen, ordea: mila biztanle inguru ditu egun. Bilakaera ez da handia izan, 1900 .urtean ere mila biztanle pasatxo baitzituen.

Zelaigune berdeen erabilerari lotuta, sorreratik artzain eta nekazari herria izan da Berastegi; bereziki, artzaintzarekin lot daiteke. Paulo Iztuetak Berastegiren historia biltzen duen Berastegi 1 liburuan esaten duenez, 5.000 ardi buru inguru daude herrian. Ondorioz, gaztagintzari oso lotuta dago, eta Idiazabal jatorriko gazta ekoizten dute han.

Bisitariei Berastegi ezagutzeko aukera bat gehiago eskaintzeko, ibilbideak osatuko dituzte herriaren inguruan. Plazan jarriko dute informazioa emateko panela, eta handik abiatuko dira ibilbideak: luzera desberdina dutenak, desnibel desberdina... Koloreen bitartez identifikatuko dituzte bideak, eta markak ere kolore horiekin egingo dituzte. Herriaren bueltan egiten den ibilbidea —herritar askok egiteko ohitura dutena—, esaterako, bost kilometro ingurukoa da. Horretan, herriari buruzko informazioa jasotzen duten bost panel ezberdin jarriko dituzte.

Berastegin azken urteetan esku artean izan duten proiektu nagusia udaletxea berritzea izan da, eta, horrekin batera, oraindik ere esku artean duten beste bat: plaza ibilgailuentzat ixtea.

2012ko ekaineko udalbatzan onartu zuten "Berastegiko udaletxea eraberritzeko obra lana". Udaletxea handia da, eta historia handikoa; 1699an hasi ziren eraikitzen, eta lanak 1734an amaitu zituzten. Eraikinaren pertsonalitatea mantendu nahi izan dute lanetan, eta, azken finean, horrelako eraikin bat berritzeak gastu asko ditu, Amaia Azkue alkateak azaldu bezala: "Obra hauek 1,7 milioi euroko kostua zuten; Gipuzkoako Foru Aldundiak 800.000 euro jarri zituen, eta Berastegiko Udalak 1.000.000 euroko kreditu bat eskatu zuen. 2026an amaituko zaigu".

2013an izan zen eraberritze lanen inaugurazioa; udaletxeko bi solairu zabaldu zituzten: administrazio solairua, sarrera nagusia eta erabilera anitzeko gela. Aurten, martxoan, eraikineko beheko solairuan mediku kontsulta berria inauguratu zuten, eta maiatzean kultura solairua.

Horrez gain, plaza "gune sozialago bat" bilakatzea nahi dute, eta autoentzat itxi eta oinezkoentzat egokituko dute. Aldaketa hori zerbitzu guztiak udaletxean zentralizatzearekin "oso lotuta" dago: "Gunearen erabilera handitzeak ziurtasuna bermatzea eskatzen digu". Nolako plaza nahi duten erabakitzeko, parte-hartze prozesu bat egin dute herritarrekin; udan itxiko dute.

Ategi eremua

Berastegin aldaketa handiak izango dituen beste inguru bat Ategi eremua da. 39 etxebizitza egiteko aukera ematen du, eta, Azkueren esanetan, aurten hasiko dira lanak. Urte eta erdi inguruko iraupena izango dutela aurreikusi dute, eta "bederatzi etxebizitzako eraikina gehi urbanizazio lanak" egingo dituzte bertan. Urbanizazio lanen ondorioz, eta plazako sarrera itxita egongo denez, "sarbide zuzena egingo da Tolosa eta Leitza elkartzen dituen errepidetik".

Gune horretan dago udalaren jabetzako Ategi etxea. Orain arte Gaztainondo erretirodunen elkartea eta tutoretzapeko etxebizitzak zeuden bertan. Ekainaz geroztik, herriko ostatua ere bertan dago —taberna eta jatetxea—. Azpiegiturak jatetxe bat kokatzeko "egokituta" zeudela dio Azkuek, eta, udalak adjudikazioa egin ondoren, herritar batek hartu du ardura. Gauzak horrela, erretirodunak lehen solairura igaro dira. 2007an, solairu horretan zabaldu zuten eguneko zentroa, baina 2011n "erabiltzaile faltagatik" itxi egin behar izan zuten; ordutik, "ez zuen erabilerarik" solairu horrek. Eta, bigarren solairuan, tutoretzapeko etxebizitzak daude kokatuta; hiru erabiltzaile daude, eta bost egoteko aukera dago.

Aldaketa horiek egiteko beharra ikusi zuen udalak, ikusten zutelako etxebizitza horrek ez zuela "behar zuen erabilera". Izan ere, eraikina "txukuna eta dotorea" da, eta aurrerapausoa ematea erabaki zuten herrian "taberna-jatetxe baten gabezia" sumatu zutenean. Egoki ikusi zuten lanpostu bat sortzea, herritarrei zerbitzu bat eskaintzea eta eraikinari beste erabilera bat ematea.

Herriko gune hori "igarobide bat" izan dela uste du Azkuek, eta, egin dituzten lanen ondorioz, hemendik aurrera "erabilera dezente" izango dituen gunea izango dela.

Gaztainondo elkartean mota guztietako jarduerak egiten dituzte urte guztian. Hain zuzen ere, eragileek herrian bertan duten parte hartze zuzena da Berastegi bereizten duen beste gauzetako bat. Tartean dira Urepele elkartea, Basurde elkartea, Beasti guraso elkartea, odol emaileen taldea, Kristau Elkartea... Urepele elkartea, adibidez, 14 urtetik gorako 126 gaztek osatzen dute, eta barnean kultur eta kirol taldeak ere baditu. Azkueren esanetan, gainera, antolatzen ari den ekintzak "herritar guztiengana" zabaltzen ari dira; "ateak ireki" dituzte, eta urte osoan ekintza ugari antolatzen dituzte.

Kultur arloan lanean aritzen den beste eragile bat Aldin kultur elkartea da. 2003an sortu zen, eta, besteak beste, Aidanen aldizkaria urtero argitaratzeaz arduratzen da, abuztuaren 10aren bueltan ospatzen dituzten San Lorentzo jaien aurretik. Horretan, herriarekin lotutako hainbat gai jorratzen dituzte.

Ez dut hautesle tontoa izan nahi

Danel Agirre
Demokrazia zuzena da dagoen demokraziarik okerrena. Ez da nik esandakoa, demokrazia kontuetan puntako bi adituri irakurria baizik. Rajoyk eta Sanchezek azterketa horixe plazaratu baitzuten brexit-a jazo zenean: arazoa ez omen zen galdeketa...

“Geroz eta jende gehiago saiatzen da AEBetara joaten”

“Geroz eta jende gehiago saiatzen da AEBetara joaten”

Julene Frantzesena

Hamazortzi urterekin joan zen Aitor Zubizarreta saskibaloi jokalaria (Azpeitia, 1995) Portlandera (Oregon, AEB) ikastera eta saskibaloian aritzera; Idaho Collegeko joko antolatzailea eta eskolta da egun. Eneritz Larrañagak (Azpeitia, 1998), berriz, abuztuaren 15erako egon behar du Oklahoman. Joko antolatzailea da, eta hango talde batekin fitxatu du.

Iraurgi taldean hasi zineten saskibaloian, ezta?

ENERITZ LARRAÑAGA: Eskola kirolean hasi nintzen saskibaloian jokatzen. Iraurgiko teknifikazio eskolan hasi nintzen gero, eta, mailaz maila, gaur arte. Aurten emakumeen lehen taldean ere aritu naiz, eta Espainiako Emakumeen Lehen Maila probatu ahal izan dut. Gustura aritu naiz. Gainera, pixka bat jokatzeko aukera izan dut, eta ederra izan da.

AITOR ZUBIZARRETA: Anaia nagusia saskibaloian hastean, haren partidak ikustera joaten nintzen, eta orduan izan nuen lehen harremana saskibaloiarekin. Gainera, etxean ere saskibaloi zaleak ziren familiakoak. Haurra nintzela, teknifikazioan hasi nintzen, eta 18 bat urtera arte aritu nintzen Iraurgin.

Eta, bat-batean, Azpeititik Ameriketako Estatu Batuetara.

A.Z.: Bi urtez Portlandeko Unibertsitateko taldean aritu nintzen. Izan ere, beka bat eskaini zidaten han ikasteko eta Portland Pilots-ekin NCAA-1 ligan jokatzeko. Iaz, Idaho Collegerekin fitxatu nuen; NAIA ligako taldea da —NCAA-2 mailaren parekoa—. Portland Pilots-en ez nuen nahi adina jokatzen, eta taldez aldatzea erabaki nuen. Asmatu nuen, orain gehiago jokatzen baitut. Orain, urtebete geratzen zait, gehienez lau urtez joka daiteke-eta liga hauetan. Ikasketak bukatu gabe gelditzen bazara, ikasten jarrai dezakezu ordainduta, baina ez dute saskibaloian jarduten uzten.

E.L.: Ni Northeastern Oklahoma A&M College taldearekin ariko naiz datozen bi urteetan, gutxienez. Hasieran, unibertsitateek eskaintzak egin zizkidaten, baina esan zidaten bidali nizkien bideoekin ez zirela oso gustura gelditu, eta hobe nuela college batera joatea. Maila baxuagokoak dira college-ak. NJCAA ligan ariko naiz, eta esan zidaten han pare bat urte egindakoan aldatu ahalko nuela taldez. Ikusiko dugu aurrerago unibertsitateek eskaintzarik egiten didaten.

Alde handia al da hemengo eta hango saskibaloiaren artean?

A.Z.: Entrenamendu dinamika oso desberdina da. Goizean 07:30ak aldean entrenamendu saioa egiten dugu. Gero, klasera joaten gara, eta, arratsaldean, berriz entrenatzen gara. Egunero bi entrenamendu egiten ditugu, eta astean ligako bi partida jokatzen ditugu. Igandeak ditugu deskantsatzeko. Diziplina eskatzen dute. Gainera, gutxieneko nota atera behar da saskibaloian aritzeko; hori lortu ezean, ligak ez dizu uzten jokatzen.

Zaleei dagokienez ere, desberdina da. Portland Pilots-en jokatzen nuenean, astero telebistan ematen zituzten partidak. Haiekin jokatu nuen lehen partidara 20.000 ikusle bertaratu ziren. Partida aurretik entrenatzera joan eta ilarak zeuden kiroldegira sartzeko. Oraingo taldearekin desberdina da, 2.000 lagun-edo joaten dira neurketak ikustera. Hala ere, asko dira. Jokoari dagokionez ere desberdina da hango saskibaloia: jokoa azkarragoa da, eta fisikoki prestatzeari garrantzi handia ematen diote.

Denboraldi berriari begira, zer lortu nahi duzue?

A.Z.: Liga irabaztea ederra litzateke. Ni taldera iritsi aurreko bi denboraldietan irabazi zuten liga, eta azken denboraldian ez ginen ondo ibili. Bestalde, han gelditzeko aukera bakarra NBAn aritzea da, eta ikaragarri zaila da hori.

Saskibaloian jokatzeaz gain, bekari esker, AEBetako unibertsitateetan ikasteko aukera duzue.

A.Z.: Enpresaritza ari naiz ikasten. Etxeko lan asko bidaltzen dituzte, eta notan pisu handia dute horiek. Kontrolak ere dezente egiten ditugu. Baina, oro har, ondo.

E.L.: Kasualitatea da; nik ere enpresaritza ikasketak hasiko ditut.

Hara joateko gogoz al zaude?

E.L.: Bai, gogoarekin nago, abuztuaren 15a iristeko desiratzen. Ez dakit zerekin egingo dudan topo, baina... Taldekideen izenak ere ez dakizkit, baina entrenatzailearekin dezente hitz egin dut. Miami izeneko herri batera noa, eta han erresidentzia batean biziko naiz taldekideekin.

Noiz jakin zenuen AEBetara joango zinela?

E.L.: Iaz, saskibaloi jokalariei AEBetara joaten laguntzen dien talde bateko kideak ezagutu nituen Espainiako Txapelketan. Haiek lagundu didate unibertsitatearekin harremanak egiten, taldea bilatzen...

Ohikoa al da halako beka bat jaso eta AEBetara joatea?

A.Z.: Gaur egun, geroz eta jende gehiago saiatzen da AEBetara joaten. Doan ikasteko aukera ematen du bekak eta... Gainera, ingelesa ikas dezakezu egonaldian. Eta esperientzia ederra da.

E.L.: Bai. Selekzioan-eta ezagutu dudan jendea joan izan da hara, eta aurten ere badoaz batzuk. Nire inguruko jendeari ere egin dizkiote eskaintzak.

Hiru urte daramatzazu han, Aitor. Erraz moldatu al zara hara?

A.Z.: Hasieran kosta zitzaidan. Ukrainar bat egin nuen lagun, biok batera iritsi ginen Portlandera, eta harekin ibiltzen nintzen beti. Hasieran barre egiten ziguten hizkuntzagatik-eta, baina aguantatu egin behar! Lehen hilabeteak gogorrak dira: ingelesez ikasi behar, unibertsitatean hasten zara...

Eneritzentzat aholkurik bai?

A.Z.: Gurasoei gezurra esan gaizki pasatzen ari zarenean, asko kezkatzen dira eta. Horrez gain, lasai egon jendeak barre egiten badizu, ez hartu gaizki. Eta, batez ere, irekia izan eta jendea ezagutzen saiatu. Garrantzitsua da lagunak egitea, bakarrik egonda edonork lagun zaitzakeelako.

“Gu baino gaixo hobeak dira”

“Gu baino gaixo hobeak dira”

Eider Goenaga Lizaso

Gure gorputza zelula txiki-txikiz osatutako puzzlea da. Zelulak, inurriak bezala, lan eta lan ari dira, gu handiak egiteko. Baina Marimototsen zelula batzuek ez dute ongi funtzionatzen, eta ezin dute bere gorputzeko puzzlea osatu. Horri minbizia deitzen zaio". Pirritx, Porrotx eta Marimototsen Eskerrik asko ikuskizuneko hitz horiek erabiliz azaldu zioten Jon Olanok eta Nerea Goikoetxeak 9 urteko alabari, Eijerri, minbizia zuela. "Sendatzeko kimio botika hartzen dut; zelula txarrei eraso egiten die, eta nire puzzlea osatzen laguntzen dit", dio Marimototsek ikuskizunean. "Guk alabari esan genion Marimototsi bezala gertatuko zitzaiola, ilea eroriko zitzaiola, pirata zapia jarriko geniola, puzzlea osatzeko tratamendua behar zuela... Zortzi hilabete egin zituen tratamenduan, kimioarekin, baina orain ondo dago", dio Olanok.

Gogorrena umea gaixo dagoela esaten dizuten unea dela nabarmendu du. Iazko martxoan izan zen. Mendira joan eta alaba ordekan atzera gelditzen zelako hasi ziren kezkatzen gurasoak. "Ez zen normala. Sanjoseetako zubia zen, eta pentsatu genuen astelehenean eramango genuela medikutara". Gauean sukarra igo eta, azkenean, larrialdietara eraman zuten; ospitalean utzi zuten, anemia larria zuela eta.

Emaztea beste hiru seme-alabak zaintzen geratu zen etxean. "Orduan, alabaren ondoko gelara deitu ninduten medikuek, eta esan zidaten parametroek adierazten zutela leuzemia zuela. Nolako kolpea! Oso gogorra da. Zorabiatzen hasi nintzen. Baina, bat-batean, alabak deitu ninduen: 'Aita!'. Hortxe egiten duzu klik, eta kitto, buelta ematen diozu, alabaren aurrean ezin zara lur jota azaldu". Jaso berri duzun albisteak "barrutik jan" egiten zaituen arren, umearen aurrean indartsu agertzea ezinbestekoa dela uste du Olanok. "Emazteak txanda egin eta etxera itzuli nintzenean, hondoratu egin nintzen, lurra jo nuen. Baina umearen aurrean ezin duzu".

Albistea antzeko moduan jaso zuten David Diaz de Gereñuk eta Irati Iruretagoienak ere, 2012ko martxoaren 14an. Markel semeak 3 urte zituen; sukarra gora eta behera zebilen hainbat egunetan, eta belarriko mina zuelako kexatzen zen. Pediatrara eraman zuten otitisa zelakoan. "Hark ezetz esan zigun, baina eramateko ospitalera frogak egitera, beste gaitz bat izan zitekeela", azaldu du Diaz de Gereñuk. Beste gaixotasun hori baztertu arren, analitiketan defentsak baxu samar zeudela esan zieten. "Egun berean esan ziguten leuzemia zela. Amesgaizto bat. Umea zainketa intentsiboen unitatean [ZIU] utzi behar izan genuen bakarrik, eta etxera bidali gintuzten ezer gehiago jakin gabe, ez genekien zein leuzemia mota zen, nolako tratamendua beharko zuen, bizi itxaropena zenbatekoa zen... Duda gabe, egun okerrena izan zen".

Harremana Aspanogirekin

Hurrengo hilabete eta erdia ere "oso-oso gogorra" izan zen Diaz de Gereñurentzat, eta tarte horretan Aspanogitik jasotako laguntza ezinbesteko jotzen du. "Umea isolatutako gela batean sartzen dute, eta zu ere isolatu egiten zara. Une oso gogorrak dira, umea okerren ikusten duzun denbora tartea da; ilea erortzen zaio, kortikoideengatik puztu egiten da, batzuek jateko gogoa galtzen dute, kimioaren erreakzioa... Markelek tronbosi txiki bat ere izan zuen hankan. Eta une horretan Aspanogik ematen dizun informazioa eta babesa oso garrantzitsua da", dio Diaz de Gereñuk.

Olanok ere asko eskertzen du Aspanogiren laguntza. "Gela isolatu batean zaude, eta han sartzeko denak garbia eta desinfektatuta egon behar du, erizainak eta medikuak baino ez dira sartzen. Bertara etorri zen Nekane [Lekuona] gure kasua ezagutu zuenean. Momentu horretan erreferentzia bihurtzen da zuretzat".

Aspanogiko gizarte laguntzailea da Lekuona; egunero ibiltzen da joan-etorrian elkartearen bulegotik Donostia Ospitaleak Haur eta Amatasun unitatean uzten dien bulegora. "Normalki familia guztiek nahi izaten dute gure babesa, baina garrantzitsua da lehen kontaktu horretarako une egokia aukeratzea. Une bereziak dira, eta ezin gara umea dagoen gelara besterik gabe sartu".

Minbizia diagnostikatzen dietenean, mediku eta erizainek Aspanogiri buruzko informazioa ematen diete gurasoei; aldi berean, kasu berri bat dagoen bakoitzean, ospitaleko mediku-erizainak Aspanogirekin jartzen dira kontaktuan. Erizainek egiten dute bi aldeen arteko zubi lana. Donostia Ospitaletik kanpo diagnostikatutako umeen kasuan, familia izaten da Aspanogirekin harremanetan jartzeko pausoa egiten duena.

Lekuonak emandako datuen arabera, urtean 20-25 familia berrirekin egin behar izaten dute kontaktua. "Donostia Ospitaleko onkohematologia pediatriko unitatean 0-18 urte bitarteko haurrak egoten dira. Urtean 12-17 kasu berri diagnostikatu izan dira, baina azken urte hauetan haurren minbizi kasuen arreta kopurua igo egin da, eta 20-25 kasu berri tratatzen dira urtean".

Hasieran, informazioa eta une txar hori pasatzeko babesa ematen die Aspanogik. Baina ospitaleko egonaldia luzea izaten da, eta haurraren eta senideen bizi-kalitatea hobetzea da elkartearen xede nagusietako bat. "Gaixoari eta senideei arreta psikologikoa ematen diegu; gizarte laguntzari lotuta, informazio, aholkularitza eta baliabideen kudeaketa egiten dugu; eta ospitaleko egonaldia hobetzeko zerbitzuak eskaintzen dizkiegu".

"Gure kasuan, eskolako materiala Aspanogik utzi zigun", azaldu du Olanok. "Gela isolatuan sartzeko, eskolako materialak eta liburuek plastifikatuta eta garbituta egon behar dute, eta ordenagailuak ere bereziak dira, haizagailurik gabeak". Laguntza horri eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak gaixorik dauden haurrentzat jartzen dituen irakasleei esker, Eijerrek ikasturtea ez galtzea lortu zuela azaldu du Olanok. "Eta, une horretan, zuretzat hori ez da lehentasuna, sendatzea baizik; baina umearentzat bai, inportantea da ikasturteari eustea, lagunekin jarraitzea, bueltatzen denean, ahal bada, lehengo tokitik jarraitzea". Olanoren alabak zortzi hilabete egin zituen tratamenduan; "sanjoseetan gaixotu zen, ospitalean bete zituen 10 urte, eta Eguberri ostean itzuli zen eskolara". Egun, 11 urte ditu, eta lau hilabetean behin joaten da mediku azterketak egitera.

Ospitaleko egonaldia

Umeei ez ezik, Aspanogik gurasoei eskaintzen dien laguntza nabarmendu du Diaz de Gereñuk. "Ospitalean zaudenean umea da zure ardura bakarra, zure nekea eta zure egoera bigarren planoan gelditzen da. Baina Aspanogikoak kezkatzen dira gutaz ere; adibidez, ospitaleko jangelan bazkaltzeko txartelak ematen dituzte. Eta dena da laguntza". Bazkarirako txartelak ez ezik, Aspanogik zaintzaileentzako gunea jartzen du gurasoen esku; dutxa, komuna, hozkailua, mikrouhin labea eta armairuak dituzte bertan gurasoek. Horrez gain, berriki ireki dituzte Piratenea-ko ateak. Ospitaletik gertu dagoen etxe bat da; batez ere Donostia kanpoko familiek erabil dezaten, ospitaletik irtetean, urrun joan gabe, haize pixka bat eta atsedena hartzeko.

Laguntza guztia ongietorria eta beharrezkoa dela esaten dute Olanok eta Diaz de Gereñuk, eta Aspanogirekin zein Donostia Ospitaleko arretarekin pozik agertu dira biak. "Baina, horrelako egoera batean, zu ondo edo gaizki egotea baldintzatzen duen bakarra umea da. Umea ondo ikusten baduzu, alai ikusten baduzu, jolasean eta indartsu, zu ere halaxe zaude; umea gaizki dagoen momentuetan, txakalaldia izaten duenean, eta izaten dira horrelakoak, zu ere gaizki egoten zara. Hor ez dago formula sekreturik", gehitu du Diaz de Gereñuk. Olano ados dago. "Umea gaizki dagoenean, zu gaizki zaude; baina indartsu egon behar duzu, bere ondoan egoteko. Bera ondo eta animoso dagoenean, zerorri ere animatu egiten zara. Hori da gaixotasun honen dinamika".

"Momentu oso gogorrak pasatzen dira, behinik behin hasieran, ikusi arte nola den, kimioak zein erreakzio eragiten dion, bere erreakzioa zein den... Baina umeek harritu egiten zaituzte, eta aldi oro lezioak ematen dizkizute". Helduek eta umeek gaixotasuna bizitzen duten moduan ikusten du alde handiena Olanok. "Umeek dute gauza bat oso ona, eta da gaixo daudenean gaixo daudela, gaizki daudela; baina ondo daudenean, ondo daude, eta kitto. Helduak ez gara horrelakoak, gu ondo gaudenean ere ari gara pentsatzen 'ze gaizki egon naizen', edo 'zer ote dator orain', edo 'zergatik gertatu zait hau niri'. Azkenean, beti gaude gaizki, baita ondo sentitzen garenean ere. Umeak gu baino gaixo hobeak dira".

Eijer bezala, Markel ere "garbi" dago orain. Hiru urte egin zituen tratamenduan; kimioa zainetik hartzen lehenik, eta pilula moduan, gero. Lau hilean behin egiten dizkiote orain. "Minbizi motaren arabera, haur minbizidunen %80 sendatu egiten dira, eta bizi iraupenaren tasa handituz doa", azpimarratu du Lekuonak, "asko aurreratu da, baina oraindik pauso asko eman behar dira bizi iraupenaren tasa %100 izan dadin". Bitartean, Aspanogik minbizia duten pirata txikiei zein haien gurasoei laguntzen jarraituko du.