gipuzkoa

Beharrezkoa ez dela esatera aterako dira

Beharrezkoa ez dela esatera aterako dira

Satorralaiak mugimenduak argi du: Donostia aldeko metroaren proiektua ez da beharrezkoa. Hori horrela, egitasmoa geldiarazteko eskatu dio Eusko Jaurlaritzari, eta, horrekin batera, prozesu parte hartzaile bat hasteko. Asmo horrekin antolatu du manifes...

Kutsatu bitartean pentsatutakoak

Automobila badoa ziztu bizian autobidean. Ezin dugu segundorik galdu, lanera iritsi beharra dago eta. Ahaztuta geneukan zer zen obligazioz gidatzea. Ondo ohituta baikeunden lantokia kilometro gutxira izanda, garraio publikoaren erosotasunera eginak ginen, denbora hori gurea zela jakinda, guretako, nahi genuena egiteko. Baina jan beharra dago, hipoteka ordaindu. Hurrean lanik egon ezean dagoen lekura joan behar, horretarako kilometroak egin behar badira ere.

Gidatze ordu-mortu horiek ez dira hain alferrikakoak pentsatzeko ematen dutelako, urduritasuna ez denean nagusitzen, behintzat. Buruari eragiteko balio dute. Eta bide luzean minutuak zaindu bitartean, paisaiak sortutako sentsazioak ere hausnartzeko parada eskaini.

Asko oldoztu barik, begi bistakoa delako, inguruaren degradazioa da aipagarriena: porlana eta zuloak nonahi, lur gorria agerian, pinudien forma geometrikoak mendi mazelak desitxuratzen dituztenak, industria-poligonoak edonon… Bitartean, azeleragailuari sakatu eta gasolina erre eta erre.

Kontraesanak kezka eta mina sortzen du. Gure automobilak bakarka goazela isurtzen duen CO2 eta sufrean negutegi efektuan pentsatzeak zorabioa eragiten du egun eguzkitsu hauetan, udazken atipikoan.

Bidean kamioi asko aurreratu ditugu, asko inguruetakoak, baina beste batzuk Polonia, Bielorrusia, Letonia eta Eslovakiakoak. Sekulako trailerrak, karga-karga eginda. Zer merkantzia ote dakarkigute? Zenbat ordu eman dituzte bidean? Zenbat litro gasolio erreko dituzte?

Aurreraxeago, helburu dugun herrira heldu eta bueltaka behar ibili aparkatu nahian. Kontu bera etxera itzultzean. Egunero batez beste, 20-25 minutu aparkatzeko. Berriro ere kezka bera, isuritakoa buruan eta amorrua bularrean; izan ere, hainbat aparkatzeko leku kendu dituzte udalek, mugikortasunaren aitzakian. Osasuna (publikoa eta mentala), ordea, non geratzen da? Zer interes ezkutu dago aparkatze-leku deusezte honen ostean? Eta bueltaka, guk kutsatu eta kutsatu.

Artikulu hau ateratzen den egunean, gaur, alegia, Parisen munduko buruzagi politikoek emango dute euren akordioaren berri klima aldaketa frenatzeko. Beraz, idazten ari naizen momentu honetan ezer gutxi dakit neurri horietaz. Baina goi-bilera horretan ez dut esperantza larregi. Tira, gobernatzaile horiengan ez dut itxaropenik. Sarriegitan desengainatu gaituzte, Kyotoko protokoloarekin esaterako; izan ere, Japonian 1997an sinatutako akordioa paper bustia izan ez balitz beste oilar batek joko ligukeelako kukurruku.

Kontua da sinatzaile horiek, gobernuburuek, ez dutela munduan agintzen. Planeta honetako agintariak korporazio handietako nagusiak dira, estatuetako goi karguak euren nahiera mugitzen dituzten txotxongiloak dira, hariei eraginda.

Diruak agintzen du Lurrean. Aurpegirik ez bihotzik ez duen diruak. Horren atzean pertsonak, baina ondo ezkutatuta. Txintxinen hotsak baino ez dielako pozik ematen. Kutsatu behar dela etekina ateratzeko? Kutsatu, eta demokraziaz jantzi, herriak erabaki duelako birziklatu edo ez, adibidez. Gero maila minimoetara ailegatu ezean, errua jendeari egotzi: birziklatzen ez duelako, garraio publikoa erabiltzen ez duelako, janari gehiegi botatzen duelako, ur larregi kontsumitzen duelako... Neoliberalismo domestikoa, alegia.

Argi daukat, protokoloak sinatu arren, eredua aldatzen ez den bitartean gure planeta honek jai du!

“Gerran ikusiriko izua da okerrena; oroitzapen ikaragarriak dauzkat”

“Gerran ikusiriko izua da okerrena; oroitzapen ikaragarriak dauzkat”

Feli Lauroba Villanueva (Tolosa 1926), errepublikano sozialista baten alaba, 1936ko gerraren ondoren izan ziren "gerrako ume" haietako bat izan zen 11 urte zituenetik 14 bitarte. Frantzian hartu zuten, eta oso oroimen ona dauka han egindako harreraz. Itzulitakoan, bere bizitza berregin ahal izan zuen.

Zein dira haurtzaroko oroitzapenak?

Tolosako Korreo kalean jaio nintzen, baina gero Kale Nagusira joan ginen bizitzera, Mojen Etxera. Alaba bakarra nintzen. Hantxe jolasten ginen. Igandeetan, berriz, Herriaren Etxera joaten ginen; aita hango antzerki taldeko kidea zen. Aita nafarra zen, eta ez zen erlijiosoa —haren aita bai—, baina lehen jaunartzea egin nuen partikularki korazonis-tetan lehengusina batekin, ama erlijiosoa zelako; ama Burgoskoa zen.

Nola atera zineten Tolosatik 1936ko gerraren hasieran?

Kaniketan ari nintzen jolasten, eta amak deitu zidan prestatu behar nuela esateko, alde egin behar genuelako, aita bila zetorrela. Amaren aldeko amona itsua zen; gurekin bizi zen. Bera, ama eta ni Donostiara joan ginen beste batzuekin batera, koltxoiz babestutako kamioi batean. Izaskundik tiro egiten zuten Gorritiko zubitik pasatu ginenean. Amaren lagun baten etxean pasatu genuen gaua, eta hurrengo egunean taxiz Bilbora joan ginen, aitak izeba zuelako Boluetan, eta hark hartu gintuen. Nire senitarteko batzuk beste taxi batean zihoazen: istripua izan, errekara erori eta izeba eta lehengusina hil ziren.

Nolakoa izan zen Bilboko egonaldia?

Kezkatuta nengoen. Aita frontean zegoen, errepublikanoekin. Ama goiz jaiki eta Bilbora joaten zen janaria erostera ilaretan. Bitartean, auzokoekin jolasten gelditzen nintzen. Ogia faltatzen hasi zen. Bizilagun batek baserrira eraman eta kafesnea ematen zigun; guretzat zerua zen hura. Aita eskumuturrean zauritu zuten, eta ospitalera eraman zuten. Bisitan joaten ginenean, ogia gordetzen zigun. Gauzak okerragotzen hasi ziren: sirena hotsak hasten ziren; hegazkinak etortzen ziren; babeslekura korrika atera behar izaten genuen, errepidea gurutzatuz. Babeslekua irtenbiderik gabeko tunela zen, eta abiazioa joan arte bertan egoten ginen. Ateratzean, batzuetan denetatik aurkitzen zenuen; bururik gabeko ume bat zeramatela, adibidez. Adin horretan gauza horiek asko hunkitzen zaituzte.

Atzerrira joateko aukera nola sortu zen?

Haur batzuek Frantziara joateko izena eman zutela zabaldu zen. Amari izena emateko esan nion, baina ez zuen nahi. Beldurra eta gosea nuen, eta handik alde egin nahi nuen. Denok joatea proposatzen nion, baina aita eta bere ama itsua ez zituen bakarrik utzi nahi. Azkenean, nire izena eman zuten, nire onerako. Alde egiteko bezperan, arropa erosi nahi zidala esan zidan amak. Nik panpina eskatu nion, oroigarri gisa. Erosi zidan, eta Frantziatik bueltan ekarri nuen.

Zer moduz joan zen bidaia?

Santurtziko portuan igo ginen Argentinatik zetorren La Habana ontzira. Kafesnea ogiarekin atera ziguten; mareatu egin ginen: dena bota genuen. Gela batean hiruzpalau lagun gindoazen. Ibilbidearen erdialdean alemaniarren ontzi bat atera zitzaigun erasoan, eta sotora jaitsarazi gintuzten. Ez zen ezer gertatu. Mila eta gehiago haur ginen; ez zegoen ezagunik.

Nola banatu zintuzteten Frantzian?

Bordelera iritsi ginenean, autobusetan banatu gintuzten Frantzia osoan zehar. Hegoaldera tokatu zitzaidan, Midi eskualdera. Eskoletan sartu gintuzten, eta haurrak hartu nahi zituzten familiak bila joaten ziren. Gehienak ezkerreko familiak ziren, sozialistak edo komunistak. Herri txiki batera eraman gintuzten: Saint Geniest de Fontedit [Languedoc], Beziers eta Montpellierretik gertu; mahasti herria. Adineko bikote bat egokitu zitzaidan aurrena, baina neskame txikia nahi zuten haiek, eta utzi egin nuen. Gero, Frantzian denbora asko zeraman familia espainiar batek hartu ninduen. Mahastiak zituzten. Oso jende ona. Familia espainiar asko ari zen han lanean, eta frantsesa erakusten zidaten. Amarekin eskutitzez harremanetan jartzen lagundu zidan familiak.

Zein da esperientzia hartaz duzun oroitzapena?

Oso ona. Eskolara joaten nintzen. Frantsesa ikasi nuen, eta gero lanerako ondo etorri zitzaidan. Bi alabekin oso harreman ona nuen. Igandeetan, mahastietara joaten ginen zertxobait egitera. Lau urte egin nituen han. Bi urte-edo neramatzala, aita bisitatzera joan nintzen Barmeko kontzentrazio esparrura, bere iloba han zuen nire etxeko senitarteko batekin; gertu zegoen. Aurretik aita Argeles Sur Meren izana zen. Elkar besarkatu, eta negarrez aritu ginen. Gero, nire aitak, Manuelek, lan egiteko aukera izan zuen Tolosan [Okzitania], arma fabrika batean.

Noiz eta zergatik itzuli zinen?

II. Mundu Gerra hasi zenean eta alemaniarrak Frantzian iparraldetik sartu zirenean, esan zidaten hobe nuela nire familiarekin itzuli, ez zutelako nahi nik sufritzea. Hori 1941ean izan zen. Eskolako andereñoak esan zidan kurtsoa amaitu eta azterketak egiteko, ondorengo zerbaitetarako balioko zidala eta. Horrelaxe egin nuen, eta uztailean itzuli nintzen, ikasturtea amaitu nuenean.

Nola bizi izan zen familia zu falta zinenean?

Ama eta amona Tolosara itzuli ziren, itzuli handia emanez: Santurtzin ontziratu eta Santanderrera, handik autoz Bartzelonara, Frantziara pasatu, eta etxera autoz etorri ziren. Etxean gauza asko lapurtu zizkiguten, nahiz eta amaren osaba zaintzen gelditu. Udaletik deitzen zioten amari aitari buruz galdetzeko. Ez zekien ezer.

Eta aita?

Munduko Gerra iritsi zenean, Frantziatik bidali zuten, eta Madrilera eraman zuten, kontzentrazio esparru batera, gorria izateagatik. Urte eta erdi ibili zen lanean; besteak beste, Erorien Harana eraikitzen. 1941eko maiatzean itzuli zen etxera, ni baino pixka bat lehenago.

Bizimodu berria hasteko aukerarik izan zenuten Tolosan?

Aita ez zuten berriro hartu Papelera Españolan, aurreko lantokian, eta Olasagasti gozotegiko karameluak eta kakahueteak saltzen hasi zen tabernetan, saski batekin. Gero, karro bat izan zuen saltzeko, orduan beste askok bezala. Nik lagundu egiten nion. Urte gogorrak izan ziren, baina moldatu ginen generoa lortzeko. Geroago, paper fabrikatik deitu zioten, eta han lan egiten hasi zen. Amak lan egin zuen SAM lantegian, baina ez zen itzuli. Zorte txarra izan zuen. Gazte hil zen. Eskolan ez nuen jarraitu, eta, frantsesez nekienez, Salazar mertzerian hasi nintzen lanean, Rondilla kalean. Gero, hango jabeek botoi fabrika ireki zuten Ibarran, eta hara joan nintzen, baina gaueko txandarekin hasi zirenean utzi egun nuen, amak ez zuelako nahi izan, eta Donostiako denda batean hasi nintzen lanean, frantsesari esker berriro. Oraindik badakit. Lehengoan, Parisko atentatuak izan zirenean, Marseillaise abestu nuen.

Frantzian hartu zintuen familiarekin harremana mantendu zenuen?

Bai. Biloba udaretan etortzen zen, batzuetan lagun batzuekin, eta oso ondo pasatzen genuen. Behin amarekin etorri zen: istripu bat izan zuten, eta ama hil zen. Ez da gehiago itzuli.

Zer da zuretzat gerra?

Ikaragarria. Gerran ikusiriko izua da okerrena; oroitzapen ikaragarriak dauzkat, babestera korrika joaten nintzenekoa, jendea zaurituta ikustea, gauean…

Robotika eta zientzia jolasa ere badira

Robotika eta zientzia jolasa ere badira

Dena ongi konpostatu, etxe bat bota eta balio duten materialak jaso; auto zahar bati motor berria jarri eta berrerabili; bi teknikari sailkatze plantara eraman, ekosistema garbitu eta animaliak bertaratu; eta sailkatutako materiala garraiatu. Hori guz...

“Adrenalina espero du jendeak, baina hegan egitea lasaitasuna da”

“Adrenalina espero du jendeak, baina hegan egitea lasaitasuna da”

Gizakiaren betiko ametsa, betiko gogoa izan da txoriek bezala hegan egitea. Haizea aurpegian sentitu eta askatasunez hegaztiak bezala mugitzea. Historian zehar hamaika ahalegin egin ditu gizakiak horretarako. Parapentean hegan egitea litzateke gaur egun horri gehien hurbiltzen zaion aukeretako bat. Iñigo Urrutikoetxeak (Donostia, 1959) 1980ko hamarkada hasieran egin zuen lehen hegaldia parapentean. "Mont Blancera joan ginen, eta han ikusi nituen bi lagun, parapentea motxilan hartuta, gero mendian behera salto egiteko". Atentzioa eman zion jarduerak, eta orduan harrapatu zuen kirol horrek betiko.

Hegan egiten duenean "amets batean bezala" sentitzen dela dio. "Itsaso gainetik parapentean hegan zoazenean, badirudi errealitatetik atera egin zarela, eta munduari kanpotik begiratzen diozula". Hegan egitea "lasaitasuna" da Urrutikoetxearentzat. "Parapentean ibiltzera datorrenak adrenalina espero du, baina aireratze eta lurreratze momentuak kenduta, hegan zoazenean lasaitasuna da sentitzen duzuna".

Bera bezala, jende asko harrapatu du parapenteak ordutik. Eta zabalpen horretan badu partea Urrutikoetxeak ere. 1989tik eskaintzen ditu parapente ikastaroak Donostian. Baina, horrez gain, parapentean ibiltzearen esperientzia probatu nahi duenarentzat ere badu eskaintza. Bi lekuko parapentean Gipuzkoako kostaldea airetik ezagutzeko parada ematen baitie bezeroei, aurrez ikastarorik egin beharrik gabe.

Urrutikoetxea hasi zenean, parapentearen hastapenak ziren. "Ordu arte paraxutarekin egiten zen, baina paraxuta egokitu egin zuten, eta hortik sortu zen parapentea". Autodidakta gisa definitzen du bere burua Urrutikoetxeak. "Garai hartan ez zegoen eskolarik; Frantziatik ekarritako aldizkariak irakurtzen nituen, eta horrela ikasi nuen hegan egiten". Aitzindaria izan zen, beraz, kirol horretan. "Pentsa, Espainian 6. parapente irakaslea naiz, lehen promoziokoa".

Gizakia Helburun lan egiten zuen Urrutikoetxeak garai hartan, baina irakasle titulua eskuratzearekin batera beste lan aukera batzuk sortu zitzaizkion. Astegunetan Gizakia Helburun jarraitu zuen lanean, baina asteburuetan Zurizako kanpinean (Huesca, Espainia) parapente eskolak ematen zizkien bezeroei, kanpineko gerenteak hala eskatuta. "1987a zen, eta bi urte egin nituen asteburuetan hara joaten".

Kirol berritzailea izanik, bezeroek hegan egiteko materiala eskatzen zioten Urrutikoetxeari. "Ez zegoen halako materiala erosteko ia aukerarik, eta nik lortzen nien materiala". Afizio zena lanbide bihurtzea deliberatu zuen Urrutikoetxeak 1989an. "Donostian denda bat ireki nuen, Urruti Sport. Han, parapentean hegan egiteko materiala ez ezik, mendiko eta eskaladarako materiala saltzen genuen; eta, horrez gain, parapentean ibiltzeko ikastaroak eskaintzen genituen bezeroentzat".

Urrutikoetxeak parapentean ibiltzeko oinarrizko ikastaroa eskaintzen du, hogei ordukoa. "Oinarri-oinarrizkoa da hori, hegan egiten ondo ikasteko urtebete behar baita gutxienez", azaldu du. Horrez gain, bi lekuko parapentean irteerak ere egiten ditu bezeroekin. "Kontua da jende asko etortzen zela ikastaroa egitera, hori zelako parapentean probatzeko bide bakarra. Baina jende horrek ez zuen asmorik parapentearekin jarraitzeko, esperientzia probatu besterik ez zuten nahi". Horrela hasi ziren bi lekuko parapentean irteerak egiten. "Bi lekuko parapentean irakasleak egiten ditu gidari lanak, atzetik, eta bezeroa aurrean joaten da. Batere esperientziarik izan gabe, hegan egitea zer den probatzen dute, arriskuak minimora jaitsita".

Eguraldiak eta haizeak baldintzatutako kirola izanik, batik bat udaberri eta udako hilabeteetan egiten dituzte irteerak. "Baina eskaintza urte osoan dago. Eguraldi ona badago, eta haizeak laguntzen badu, edozein urtarotan atera daiteke".

Gipuzkoako kostaldea airetik ezagutzeko aukera ematen dute hegaldiek. 20-45 minutu artekoak izaten dira, eta Donostiako Uliatik, Orioko Kukuarritik, Zarauzko Talai Menditik edota Zestoako Endoiatik ateratzen dira. Itsaso gainean hegan egin, eta kostaldeaz beste ikuspegi batetik gozatzeko modua ematen dute, parapentean ibiltzeko esperientzia bizitzeaz gain.

Eta edonork egin dezakeela dio Urrutikoetxeak. "4 urteko ume batekin egin dugu hegaldia, eta joan den astean, adibidez, 92 urteko gizon batek egin zuen".

Ekainaren 19ra arte, zazpi hilabete antolaketarako

Goierritarrek elkarrekin eta elkarlanean egingo dute herri galdeketa antolatzeko prozesua. Azarotik otsailera bitartean, herrietan sinadura bilketak egingo dituzte, herri galdeketa "berme osoz" egingo dela ziurtatzeko. Biztanleriaren arabera gutxienek...

Goierrin pausoa emateko unea

Goierrin pausoa emateko unea

1. Ekainaren 19an erabakitzeko eskubidearen herri galdeketa egingo da Goierrin. Zer iruditzen zaizu?2. Zergatik da garrantzitsua?3. Zein mezu emango zenieke goierritarrei, bai antolaketa lanean aritzeko, bai egunari begira?Ilusioa. Horixe izan zen jo...

Ibilbideak eraman ditu Madrilera

Hasi da hauteskunde kanpaina. Abenduaren 20an hautatuko dira Espainiako Kongresuko eta Senatuko eserlekuak beteko dituzten ordezkari politikoak. Gipuzkoan, 11 hauteskunde zerrenda aurkeztu dira —EAJ, EH Bildu, PSE-EE, PP, Podemos Ahal Dugu, Ciudadanos, UPD, PACMA, Recortes Cero-Grupo Verde, Orain Batera, Libertate Nafarra—, baina, hasiera batean, horietako bostek bakarrik izango lukete diputaturen bat edo gehiago eskuratzeko aukera.

Sei eserleku daude jokoan, eta ikusteko dago nola banatuko diren. 2011ko hauteskundeetan Amaiurrek irabazi zituen sei eserlekuetako hiru, eta EAJ, PSE-EEk eta PPk bana eskuratu zuten. Orain lau urte, Amaiurrek (129.655 boto) abantaila handia atera zion EAJri (83.445 boto), baina ikusteko dago bi alderdi horien bilakaerak maiatzeko udal eta foru hauteskundeetako emaitzen norabidea jarraitzen duen, EAJ gailendu baitzitzaion EH Bilduri, boto kopuruan oso paretsu egon arren.

PPren beheranzko joerak ere zalantzan jartzen du eserlekua lortzeko gai izango diren; eta Podemos Ahal Dugu-ren sarrerak kalte egin diezaieke popularrei.

Birziklatze tasei eustea espero dute Bergaran eta Eskoriatzan

Birziklatze tasei eustea espero dute Bergaran eta Eskoriatzan

"Orain arte, inposatutako sistemarekin, diotenez, %75era iritsi bagara, borondatezko sistemarekin zergatik ez? Bosgarren edukiontziak ez du esan nahi anarkia absolutua". Hondakinen bilketa sistemaz ari da Joserra Zubizarreta Eskoriatzako alkatea (EAJ). Herrian kontsulta egin berri dute, eta atez atekoaren ordez bosgarren edukiontzia jartzea hobetsi dute herritarrek. Berdin egin dute Bergaran, eta iritzi berekoa da Juanje Alberdi alkatea ere (EAJ): "Inportanteena da jendeak nola egiten duen etxean sailkapena; ondo egiten badu, gero ez da hain garrantzitsua zintzilikarioak edo edukiontzia jartzea. Bosgarren edukiontziarekin gutxienez emaitzak berberak izan beharko lirateke".

Eskoriatza eta Bergarako alkateak pozik agertu dira herri galdeketak utzitakoarekin, bai emaitzaren aldetik, baita herritarren parte hartzearekin ere —%54koa Bergaran eta %59koa Eskoriatzan—. "Prozesua ez da azkar joan, eta, hala ere, pazientzia osoz itxaron dute herritarrek; jarrera oso positiboa izan da", dio Zubizarretak. Eskoriatzan, hiru aukeraren artean bozkatu zuten: bosgarren edukiontzia babestu zuten %67k (1.300 lagun), atez atekoa %29k (566) eta sistema mistoa %3k (59). Bergaran, berriz, 6.668 herritarrek parte hartu zuten herri kontsultan, eta 4.132 lagunek bozkatu zuten bosgarren edukiontziaren alde (%62). Atez atekoa, berriz, 2.506 bergararrek babestu zuten (%38).

Dagoeneko hasi dira sistema berria ezartzeko lanetan Eskoriatzan. Gaur egun, herrigunean atez ateko sistema dute, eta auzoetan, birziklatze guneak. Zubizarretak azaldu duenez, non eta nola jarriko dituzten zehazten hasiko dira lehenik, eta behin gauza horiek finkatzen dituztenean, "kontraste lan bat" egingo dute herritarrekin. Gabonak tartean izan arren, gehienez martxo bukaerarako ezarrita eduki nahi dute bosgarren edukiontzia.

Prozesuan udaleko alderdi politikoen artean izan den adostasuna nabarmendu du Zubizarretak. Ordezkaritza duten alderdi guztiek aho batez erabaki zuten galdeketa egitea irailaren 22an: "Nahiz eta bukaeran pixka bat trakestu, adostasunak erraztu du gauzak hobeto bideratzea". Herritarren aldetik, askotariko iritziak jaso dituzte galdeketa egitearen kontura; batzuek "haserre" ere hartu zuten udal gobernuaren asmoa: "Uste zuten hauteskundeak irabazi genituenez nahikoa eskubide geneukala aldatzeko. Hasieran nahiko pedagogia egin behar izan genuen esateko ezetz, guk garbi esan genuela herri galdeketa egingo genuela, eta horretan ateratzen zena beteko genuela". Zubizarretak dioenez, oso garrantzitsua izan da herritarrek eurek zer nahi duten erabaki ahal izatea: "Eskoriatzak irabazi duena da guk geuk erabaki dugula zer nahi dugun". Dioenez, gainera, kontsultan ateratako emaitzak ez du "inolako eztabaidarik" zabalik uzten, eta konfiantza du herritarrek berdin birziklatzen jarraituko dutela: "Zer nahi duten erabaki eta gero, pentsatzekoa da ez dela aldrebeskeriarik egongo. Jarraipena egingo dugu, noski, eta ikusten badugu helburuak ez direla betetzen, garbi dago lan dezente izango dugula hori betearazteko".

Bergaran ere, martxan

Bergaran bilketa sistema mistoa izan dute orain arte: organikoa eta errefusa atez ate jasotzen dute, eta gainontzekoa, edukiontzi bitartez. %77-82 inguruan dago orain tasa. Galdeketaren ondoren, herri guztian bosgarren edukiontzia jarriko dute. Alberdi alkateak azaldu duenez, orain barneko batzordeetan landuko dute gaia, gero osoko bilkuran onartuko da, eta ondoren mankomunitateari jakinaraziko diote eredua aldatu nahi dutela. "Azken horrek hartu behar ditu neurriak aldaketa egin ahal izateko, eta 2016ko lehen hiruhilekoan espero dugu martxan izatea".

Galdeketarekin "nabarmen" gelditu da herritarren nahia zein den, Alberdiren ustetan: "Inportantea zen parte hartzea, emaitzak legitimitatea izateko, eta ikusi dugu jendeak benetan hori nahi zuela. Ikusten da horrelako prozesuak erabilgarriak direla udal mailan hainbat gai kontsultatzeko". 2013tik eztabaida eragin du herrian hondakinen bilketak, eta udal gobernuak garbi zuen galdeketa egingo zuela: "Argi ikusten genuen azken bi urteetan kalean eztabaida izan duen gai bat izan dela; hauteskundeak irabazi eta eskumena genuelako guk erabaki izan bagenu, gaia ez litzateke zeharo amaituko".

Prozesuaren hasieran, akordio bat lortzeko proposamena egin zion EAJk EH Bilduri, baina, Alberdik dioenez, koalizioak baztertu egin zuen, eta orduan planteatu zuen udal gobernuak kontsulta egitea. "Sozialistak zioten ez genuela zertan kontsulta egin, eta Irabazikoak kontsultaren alde agertu ziren".

Galdeketako aukeren artean ere desadostasunak izan ziren; bilketa sistema mistoa jarri beharrean, atez atekoa jarri zuten aukera gisa. EH Bildu eta Irabaziren ustez, ez zen egokia izan aukeretako bat atez ateko bilketa izatea, jendea "nahas" zezakeelako.