gipuzkoa

Norberak ekiteko bultzada

Norberak ekiteko bultzada

Eider Goenaga

Donostia 2016 fundazioak iazko martxoan jarri zuen martxan Energia Olatuak izeneko diru laguntza egitasmoa, eta hurrengo astean erabaki eta jakinaraziko dituzte 2016. urteko lehenengo laguntzak, urtarrilari dagozkionak. 2015ean 66 kultur egitasmo lagundu zituzten, eta 2016an beste 55 proiektu hautatzea da asmoa.

"Herritarrei ekiteko aukera ematea, horixe da Energia Olatuak egitasmoaren filosofia. Gertuago dago do it yourself filosofiatik, Donostia 2016ri egindako ekarpen bat izatetik baino", azaldu du Mikel Goñi Energia Olatuak egitasmoko arduradunak (Tolosa, 1975). Kultur hiriburutza hasi baino ia urtebete lehenago jarri zuten abian laguntza programa, askorentzat Donostia 2016 abstraktu samarra zen garaian: "Eta, honekin, ukigarriak eta objektiboak ziren egitasmoak laguntzen hasi ginen".

Jende asko joaten zitzaien Donostia 2016ko bulegora laguntza txikiak eskatzera, euren proposamenak aurkeztera... "Proiektu horietako asko oso ondo ezkontzen ziren gure filosofiarekin, eta oso interesgarriak ziren. Baina, tamalez, egitaraua nahiko itxita eta definitua zegoen ordurako". Herritar parte hartzaileak eta aktiboak behar zirela hainbatetan aipatu ondoren, ordea, ezin jende horri guztiari ateak itxi eta lasai gelditu. Proposamen horiekin zer egin aztertzen hasi ziren Donostia 2016 fundazioan.

2014an Europako kultur hiriburu izandako Umea hirian topatu zuten inportatzeko moduko eredu bat. "Haiek diru laguntza txiki batzuk banatu zituzten, eta ekimen interesgarria iruditu zitzaigun, baina guk gurera egokitu genuen egitasmo hura. Pentsatu genuen, proiektuak eta proposamenak herritarrenak izateaz gain, herritarrak izan zitezkeela zein proiektu diruz lagundu erabakiko zutenak ere. Eta halaxe sortu ziren Energia Olatuak".

Hala, Energia Olatuak kultur proiektu bat gauzatu nahi duen edonorentzako diru laguntzak dira, "kultura bere zentzu zabalenean ulertuta". Olatu Txikiak (2.016 euro) zein Olatu Handiak (20.160 euro) banatzen dira; eta diruz lagunduko diren egitasmoen gaineko erabakia hartzen duena Ardora izeneko herritarren batzorde bat da.

Herritarren erabakia

Hain zuzen ere, Ardora da egitasmo honek daukan elementu berritzaileenetako bat. Modu aleatorioan eta zozketa bidez aukeratutako herritar talde batek osatzen du Ardora. Donostian sei hilabetetik gora erroldatutako 18 urtez gorako herritar guztiak sartzen dira zozketan, eta 25 bat kidek osatzen dute taldea. Hiru hilabetean behin aldatzen dira Ardorako kideak, beste 25 herritarri lekua egiteko.

"Buelta asko eman genizkion herritarren batzorde hau osatzeko moduari, baina asmatu genuela iruditzen zait", nabarmendu du Goñik. Aztertu zuten hiriko elkarteetako kideekin osatzea taldea, baina horrek jende asko utziko zuen kanpoan; aztertu zuten erabakia Internet bidez egitea ere, baina horrek sarean lagun gehien duen egitasmoari egin ziezaiokeen mesede. "Zozketak taldea askotarikoa izatea eragin du. Badago erroldatuta sei hilabete daramatzan argentinar bat, eta baita bizi osoan Donostian bizi izandako 60 urteko pertsona bat ere. Adin nagusiagokoak ere badira. Zozketa bidez egin beharrean boluntarioak eskatu izan balira, ia seguru nago argentinar etorri berria ez zela bere kabuz aurkeztuko; eta adin nagusiko asko ere ez ziren etorriko".

Aniztasun hori erabakiak hartzeko garaian aberasgarria dela uste du Goñik. "Mota askotako esperientzia duen jendea da; kirol federazio batean hogei urtez egindako ibilbidea izan liteke baten ekarpena, literaturzaletasuna eta adinak berak ematen duen esperientzia dira beste baten ekarpena, eta 18 urteko gazte batek halako freskotasun bat ematen dio taldeari, eta agian baita beste askori teknologia arloan falta zaien ezagutza ere". 25 laguneko taldea izanik, oreka lortzen dela uste du Goñik.

Anjel Jimenez (Donostia, 1957) da Ardoran orain arte aritu diren 75 herritarretako bat. Hiru bider parte hartu du Energia Olatuak egitasmoaren hautaketa prozesuan, eta "gustura" egindako lana izan dela nabarmendu du. Goñik aipatutakoaren bidetik, bere taldea "oso plurala" zela nabarmendu du Jimenezek, baina hori ez zen aitzakia edo oztopo izan erabakiak hartzeko garaian. "Azken finean, pertsona ezberdinak izan arren, gustu ezberdinak izan arren, irizpide antzeko samarrak ditugula ikusten da, edota gehiengoak hobesten duenari men egitea ez dela hain zaila. Besteengan konfiantza pixka bat izanda... beste guztiei gustatuz gero, ez naiz ni temati jarriko neurearekin".

Batez beste, zozketan aukeratutako herritarren %8-10ek soilik ematen diote baiezkoa Ardoran parte hartzeari. "Eta normala da, izan ere, erantzukizun, konpromiso eta lan handia da", esan du Goñik. 2015ean 620 egitasmo aurkeztu ziren diru laguntzetara, eta guzti-guztiak aztertu zituzten Ardorako kideek, irizpide administratiboak betetzen ez zituzten egitasmo gutxi batzuk kenduta. "Lan handia egiten dute etxean, erabakia hartzeko batzarra egin aurretik".

Adostasuna

Jimenezek honela azaldu du egindako lana: "Bakoitzari proiektu sorta bat bidali ziguten posta elektronikoz, eta Donostia2016k ezarritako helburu eta irizpideen arabera balortu behar genituen". Diru laguntza deialdian bertan zehazten dira zeintzuk diren ezaugarri horiek; Olatu Txikietarako horietako bi bete behar dira gutxienez, eta Olatu Handietarako, berriz, hiru. "Egun batzuetan etxean proposamenak aztertu, eta gero bileran erabakitzen dira proiektuak". Erabakitzeko fasea "oso polita" iruditzen zaio Jimenezi. "Jende oso ezberdina izan arren oso erraz hitz egin dugulako elkarrekin, eta beti iritsi gara irabazlea adostera, kasu guztietan. Giro atsegin eta interesgarria sortu da".

Goñik nabarmendu du "inolako esku hartzerik gabe" hartzen dutela erabakia. "Argi dugu helburua herritarrek erabakitzea dela; beraz, ez ditugu baldintzatu nahi, eta gutako bat bileran egoten den arren, gure esku hartzea gehiago da irizpide teknikoak argitzeko". Bestetik, eztabaida bideratzeko eta erabakian laguntzeko, Aztikerreko kideak daude.

Ardoran izandako esperientziaren "balorazio ona" egiten du Jimenezek. "Ona litzateke erabakitzeko eredu hau beste esparru batzuetara zabaltzea: udaleko lehentasunak zehazteko, auzoetako gastuak bideratzeko... Interesgarria izan da".

Isilik egotea ez da aurrea hartzea

Isilik egotea ez da aurrea hartzea

Maite Alustiza

Orain, hemen, suizidioari aurrea hartzen ari gara, komunikazio ekintza hau prebentzioa da. Gutariko bakoitza da agente antisuizida bat". Mediku psikiatra da Mercedes Navio, Madrilgo osasun zerbitzuko langilea. Donostiako San Telmo museora bildutakoei ari zaie hizketan, Gazteetan suizidio arriskua detektatzea eta prebenitzea hitzaldian. Suizidioari aurre egiteko "radarrak" falta direla dio, suizidioaren ondorioak "tragedia izugarriak" direla; hala ere, ezinbestekotzat du prebentzioa lantzea eta, bereziki, gaiaz hitz egitea: "Isiltasunaren eta zarataren artean, badago modu bat suizidioaz hitz egiteko". Naviorekin batera, Julio Guija Sevillako Unibertsitateko irakasle eta auzitegi medikuak parte hartu zuen mintegian, joan den ostiralean.

Tabua da biek gehien darabilten hitzetako bat. Suizidio kasuengatik izaten den dolua gogorrenetarikoa dela dio Naviok, are gehiago gertuko batena denean. "Ez dut arinkeriaz aritu nahi, baina suizidioa armairu sozialetik atera behar da; inork ez du sartu nahi. Gizarte moduan kulpa sentimenduak oso indartsuak dira". Garaiak aldatu arren, Naviok hainbat hamarkada egin du atzera egungo egoera arrazoitzeko: "Duela 50 bat urte norbere burua hiltzea delitua zen, eta bekatua. Lortzen ez zuena kalabozora zihoan. Tamalez, zigor horren izaera sinbolikoa ez da aldatu".

Guijak gertutik ezagutu du senideekiko harremana, errudun sentitze hori. Autopsia psikologikoak egiten ditu, eta horietan, heriotza gertatu eta hilabete batzuetara biltzen da familiarekin, sei-zortzi hilabetera. "Emozioak deskargatzera datoz, kulpa sentimendua dute, are gehiago hildakoa semea edo alaba badute. Esaten dute: 'hura esan zidanean beste hura esan nahi zidan, eta ni ez nintzen konturatu...'". Bizpahiru orduz hitz egin ondoren elkarrizketak balio ote dien galdetzen die: "Ia denek baietz diote, sentitzen dutena esan ahal izan dutela".

Eskolan ere dolua lantzea garrantzitsua dela uste du Naviok, hildakoa eskolako kide bat denean ere. "Isiltzeak fantasiak elikatzen ditu, eta aukera dago gertatutakoa guztiz gaindituta ez geratzeko". Suizidioaren inguruan dagoen mito bat gehitu du Guijak: "Uste da gaiaz hitz egiten badugu horretara bultzatzen ari garela".

Gertatu ez dadin, ordea, prebentzioa posible da: "Aurrea hartu dakiokeen heriotza da suizidioa". Eta, horretarako, bi gako aipatu ditu Guijak: arazoa kuantifikatzea eta arrisku faktoreak zeintzuk diren identifikatzea. Osasunaren Mundu Erakundeak emandako datuen arabera, 15 eta 29 urte arteko gazteen artean heriotzaren bigarren kausa da suizidioa mundu osoan —2012ko datua da—. Dena den, datuak zuhurtziaz hartu behar direla dio, beti ez baitira errealitatearekin ondo egokitzen.

Arrisku faktoreak

Jokaera suizidan eragina duten arrisku faktoreei dagokienez, berriz, hiru talde bereizi ditu: indibidualak, familiakoak eta inguruari lotutakoak. Argi utzi du hasieratik: "Suizidio baten atzean ez dago kausa bakarra". Indibiduoari lotutakoen artean zerrendatu ditu suizidio aurrekariak izatea, nahasmendu portaerak, faktore biologikoak... Familiakoen artean, besteak beste, senide baten suizidioak izan dezakeen eragina nabarmendu du: "Hildakoa aita izan bada, bi aldiz biderkatzen da arriskua; ama izan bada, aldiz, bost bider". Guraso eta nerabearen arteko harreman gatazkatsuak eta gurasoak banantzea ere arrisku faktore izan daitezke, baina betiere "beste patologiei lotuta doazenean". Berdin gertatzen da bullying-arekin inguruari lotutako faktoreetan, Naviok gaineratu duenez: "Bullying-a ez da kausa bakarra, baina bai suizidio asko lasterragotzen dituena".

Posible al da portaera suizidari aurrea hartzea? "Datuek baietz diote". Guijaren ustetan, beharrezkoak dira ezagutza eta kontzientziazioa. Prebentzioaren globalizazioaz hitz egin du: "Suizidioa ez dagokio osasun sistemari bakarrik; lehen mailako arreta zerbitzuari, irakasleei eta gizarte langileei ere badagokie".

Prebentzioa lantzerakoan ere, hiru maila bereizi ditu: lehen mailakoa litzateke jokaera suizida agertu aurreko fasea; bigarren mailakoa, agertu denean tratamendua jartzea; eta hirugarren mailakoa, tratatu ondoren jarraipena egitea.

Bat dator Navio, eta erakundeen ekintza faltaz kexu da: "Badakigu zer egin behar den, baina ez dago borondate politiko argirik, eta gizartea ez da ondo egituratzen. Nekatuta dagoen jende asko topatzen dugu eskoletan, Polizian, farmazietan... Egunerokoan lanean ari dira, baina kostu eta boluntariotza handiarekin. Sare handi bat osatu behar dugu, eta hori gutako edonork ehun dezake". Sare horretan barruan hedabideak "aliatu handienak" izan beharko liratekeela uste du: "Oso tristea da gaiari ematen zaion trataera; kasu konkretuetan agertzen da, eta xehetasun morbosoekin askotan".

Txuri Urdineko mutilak, finalera sailkatzeko zorian

Gizonezkoen izotz hockeyan, Donostiako CHH Txuri Urdin taldea izan da Espainiako Ligako lehena fase erregularrean. Kanporaketak jokatzen ari da orain. Joan den asteburuan, finalaurrekoetan, Majadahondaren aurka lehiatu zen Donostian, eta ondo bideratu...

Kazkabarraren aparra

Kazkabarraren aparra

Maite Alustiza

Kazkabarra egin du ia egun osoan, eta euria. Atertu duen arren, hotza ez da desagertu. Astelehen gaua da, 21:30ak pasatxo Donostian, eta Txuri Urdin izotz jauregiaren kanpoan elkartu dira Kazkabarra izotz hockey taldeko neskak. Kaleko hotzetik barruko hotzera doaz. Eguna lanean edo ikasten eman duten arren, gogotsu iritsi dira entrenatzera. Eta ilusioz. Espainiako Ligan hirugarren bukatu dute, eta, gainera, lortu dute denboraldi hasieran ezarritako helburua: Espainiako Kopa jokatzea. Asteburuan lehiatuko dira Valdemoron, Madrilen. Majadahonda izango dute aurkari bihar, ligako bigarren sailkatua. Irabaziz gero, igandean finala jokatuko dute.

Hemezortziko taldearen parte dira Rebeca Ponce (Donostia, 1994), Haizea Solagurenbeaskoa (Donostia, 1989), Claudia Bermejo (Donostia, 1991), Irune Refojos (Donostia, 1994), Erika Hernandez (Errenteria, 1982) eta Ainhoa Oianguren (Aramaio, 1996). Txuri Urdineko kafetegian bildu dira Hitza-rekin, Koldo Saenz eta Alex Lazkano entrenatzaileen esanetara jarri aurretik. Bermejok, lesionatuta egon arren, ez du entrenamendua galdu nahi izan: pistaren kanpoaldetik erreparatuko die kideen mugimenduei.

"Probatzen duenak errepikatu egiten du". Guztiak bat datoz. Talde gaztea osatzen dute; gehienek bi edo hiru urte daramatzate Kazkabarran, eta askok etxetik jaso dute afizioa. Beste diziplina batzuetan aritutakoak ere badira: Bermejok patinaje artistikoa egiten zuen, eta belar hockeya Solagurenbeaskoak.

Orain dela urte gutxira arte, ordea, ez zen erraza nesken talde batean izotz hockeyan aritu ahal izatea, Hernandezek gogoratu duenez: "Ni txikitatik etorri izan naiz Txuri Urdinera. 15 urte nituenean edo, nesken talde bat ateratzen saiatu ginen, baina badirudi inork ez zuela nahi neskek hockeyan jokatzerik. Ahal genuena egiten genuen, babesgarririk gabe, geneuzkan patinekin... Partida bat jokatu genuen, baina horretan geratu zen". Orain, bi urte daramatza taldean, eta zaharrenetako bat den arren, ez dio adinari begiratzen: ahal duen bitartean jokatzen segituko du.

Jokalari kopuruari dagokionez, "justuko taldea" dute. Bost jokalari eta atezaina aritzen dira izotz pistan, eta, Saenzek azaldu duenez, komeni da partidetan hiru txanda egitea: "Bost jokalari ateratzen dira; minutu batean dena eman, eta nekatzen direnean, beste bost barrura". Horregatik, gutxienez hamabost kide eduki behar dira; "talde majoa" 22-24 jokalarikoa litzateke.

Ikasten eta lanean dabiltzanez, berandu izan behar du entrenamenduak. "Baina nahiago genuke hain berandu ez balitz". Astean bi egunetan entrenatzen dira, astelehen eta asteazkenetan. 22:00etan hasten dira, alde fisikoa lantzen: korrika, eskailerak, saltoak, indar ariketak... 23:00etan sartzen dira izotz pistara, eta ordu bata da etxera iristerako. "Batez ere hurrengo egunean kostatzen da, goiz jaiki beharra eta...", dio Oiangurenek. Halako ordutegiekin taldean jarraitzea konplikatua dela onartu du Hernandezek, jende gaztearentzat, adibidez: "16-17 urterekin, gurasoei esan behar diezu ordu honetan entrenatzera ekartzeko eta 00:30ean berriro bila etortzeko? Zaila da".

Ordutegiak ez ezik, entrenamenduak ere ez dira ohiko talde batenak: jokalari batzuk Txuri Urdinen entrenatzen dira, eta Gasteizen beste batzuk. Jone Oianguren, Ainhoaren ahizpa, esaterako, Aramaiotik Gasteizera joaten da entrenatzera —Ainhoa Donostian bizi da—. Beraz, entrenatzeko taldekide gutxi elkartzen dira, ez dute atezainik eta ariketa asko ezin dituzte ondo egin: "Partida iristen da, eta, ai ene, atezainak zenbat espazio hartzen duen! ".

Horrez gain, kirola bera ere konplikatua dela uste du Poncek: "Ez da futbola bezala, korri egiten duzula. Hemen patinatzen ikasi behar duzu, puck-a kontrolatzen, aldeetara begiratzen... Gogo handirik ez baduzu, utzi egiten duzu". Teknikari dagokionez, frenatzen jakitea garrantzitsua da Oiangurenentzat, behar denean ahalik eta abiadura handiena hartu ahal izateko. Izotz pistako entrenamenduez gain, Gasteizera joaten da beste hainbat kiderekin, gurpil gainerako patinetan ibiltzera: "Horrek laguntzen gaitu beste ikuspegi bat edukitzen eta teknika hobetzen".

Kirol garestia

"Izotz hockeya kirol garestia da". Kazkabarra daukate babesle, eta hark egin dizkie elastikoak. Pistaren laguntza ere badute —hori ere ez dute ordaindu behar—. Gainerako guztia, ordea, euren poltsikotik pagatzen dute: jokatzeko behar duten materiala, bidaietako gasolina, hotela, bazkariak... Gazteek herentzian jasotzen dute zaharragoen materiala, Refojosek dioenez: "Zuk zerbait erosten duzu, eta zaharra geratzen zaizunean, hurrengoari uzten diozu. Guri ere hala egiten digute". Materiala garestia denez, urtebetetzeak eta Gabonak aprobetxatzen dituzte berriak eskatzeko. Eskertuta daude jasotako laguntzarekin: "Asko lagundu digute; entrenatzaileak jokalari ohiak dira, eta ez dute kobratzen...", dio Bermejok. Jokalariek kobratzeko aukeraz hitz egitean, barre egiten dute: "Neskek ez dute kobratzen, on-onek ere ez. Izatekotan, ikasketak-eta ordaintzen dizkiete, baina kobratu ez".

Diru laguntzei dagokienez ere, eskas: "Badaude, baina gutxi". 400 euroko laguntza bat jaso dute aurten, baina gutxiegi da dituzten gastuetarako. Hernandezek jarri du adibidea: "400 euro horiekin ez dugu pagatzen asteburu honetako hotela ere".

Denboraldi honetan Madril eta Bartzelonako taldeak izan dituzte aurkari, eta bidaia batzuk egitea tokatu zaie. "Zorionez", joaneko eta itzuliko partidak asteburu berean jokatzen dituzte: "Horrela ez dira hainbeste asteburu, eta merkeago ateratzen da". Ostiral iluntzean ateratzen dira Donostiatik, larunbat arratsaldean jokatzen dute lehen partida, eta igande eguerdian bestea.

Zazpi talde lehiatu dira Espainiako Ligan, irail bukaeratik otsail erdialdera arte. Horien artean, Gipuzkoako bi talde: Kazkabarrarekin batera, CHH Txuri Urdin —zazpigarren bukatu du denboraldia—. Lehenengo laurek jokatuko dute kopa: lehena laugarrenaren kontra (Ice Blue Cats-Steel Acorns Valdemoro), eta bigarrena hirugarrenaren aurka (Majadahonda-Kazkabarra).

Aldeak taldeen artean

Taldeen mailari dagokionez, ezberdintasunak oso handiak dira taldeen artean, Bermejok dioenez: "Majadahonda taldeak, adibidez, bospasei urte daramatza martxan. Gainera, ez da berdin 10 urterekin hastea edo 20rekin". Bat dator Ponce: "Orain asko ahaleginduta ere, ezin zara haien mailara iritsi; denbora asko behar duzu horretarako".

Dena den, Kazkabarrak lehengo urtetik "salto handia" egin duela uste du Oiangurenek. Prestaketak lagundu die horretan, taldeko giroak, eta, Solagurenbeaskoaren ustez, baita partida bakoitzean ikasitakoak ere: "Majadahonda bezalako taldeak pistan kokatzen dira, eta horrek behartzen zaitu zu ere beste modu batera egotera".

Araudiak debekatu egiten die borroka egitea; kontaktua, hala ere, egoten da: "Arbitroaren arabera, gehiago edo gutxiago uzten dute. Baina azkenean hockeya da, kontaktua egon behar da", dio Oiangurenek. Mutilekin konparatuta, neskek ezberdintasun bat dute jantzian: kaskoan xareta eraman behar dute, aurpegia babesteko —mutilek 18 urtetik aurrera ez—. Adingabeek, bai neska eta bai mutilek, lepokoa eraman behar dute.

Aurretik beste kiroletan aritutakoa da Hernandez, eta orain arte ez du aurkitu mutil eta nesken arteko halako harreman onik: "Mutilek askotan esaten zuten: 'Zu neska zara, eta mutilentzat neskekin jolastea...'. Hemen mutilak dira laguntzera datozen lehenengoak". Oro har kirol ezezaguna da izotz hockeya, eta nesketan bereziki, jarraitzaile gutxikoa. Solagurenbeaskoak dioenez, tokatu izan zaie Realak Anoetan jokatzea euren partidaren ordutegi paretsuan: "Taberna beterik egoten da Realaren partida aurreko poteoan, eta deskubrimendua hor egiten dute askok".

Liga bukatu da, eta Koparekin amaituko da sasoia. Kazkabarrakoek, ordea, ez dute deskantsurik nahi. Entrenatzen jarraituko dute, eta, uda iristean izotz pista kentzen dietenez, gurpil gainean ibiliko dira. Ez dira geldirik egotekoak: abenduaren 25ean entrenatzera joan ziren, baita urtarrilaren 1ean ere. Denboraldi berria iritsi bitartean, adiskidantza partidak eta torneoak jokatzen ariko dira. Eta, oinarrian, orain arte lortutakoari eutsita egingo dute aurrera: "Gure ahaleginari esker gaude gauden lekuan".

Gaztetxean, antzerkia ere bai

Gaztetxean, antzerkia ere bai

Asier Zaldua
Gaztetxeetan mota guztietako ekitaldiak antolatzen dituzte, baina kontzertuak izaten dira nagusi. Horren jakitun, Urretxu eta Zumarragako Gazte Asanbladakoek Zast! euskarazko antzerki topaketa antolatu dute astebururako. Gaur eta bihar hir...

Bakarrik irteteaz ikasi dudana

Danel Agirre

Lau urterantz doa mendebaldeko gizarteen tabu ezin aipatuzko bati heldu eta mugarri bilakatu zen artikulua Gipuzkoako Hitza-n argitaratu nuela. Arraza berezi batez, bakarrik, geure kasa, gauez tabernetara joaten garenoz aritu nintzen. Testu tolesgabea zen hura, triunfalista oso, iniziaziozko pare bat esperientziaren beroaldian idatzitakoa. Orain, fenomenoa modu askoz zientifikoagoan aztertzea ahalbidetzen duen lagina batua dut. Dozenaka irteera egin ditut batere lagunik gabe, hasi eta buka. Eta balantze triunfalista hura eguneratu beharra dago, ez zelako guztiz zuzena: egungoa are triunfalistagoa da.

Bada inflexio-puntu bat, bakartasun borondatezkoaren aditu, introspekzioaren apologista, alboko aulkia hutsik dagoena ospatzearen graduatu bihurtzen zaituena. Eskainitako plan posible bati uko egin, eta zeure kabuz beste bat (askotan ez bereziki kitzikagarria) aukeratzen duzun lehen aldia. Eskaintzailea bera gabe. Inor gabe. Gaizki-ulertuak eragin ohi ditu hasieran. Adiskideak saiatzen baitira, zintzo eta malgu, haien egitasmoak zure apetetara moldatzen. Anekdota behar zukeen, baina zoritxarrez saldukeria bezala ulertu ohi dena botatzea tokatzen da orduan: gaur nahiago nuke zuek -zu- gabe.

Eskarmentuak bakarrik ematen dio parrandero bakarti trebatuari bere irtenaldien flow-a kontrolatzeko gaitasuna, urteekin jabetu naiz. Bere barrenei entzun, eta beti asmatzen du parrandero bakarti trebatuak zein den etxeratzeko une egokiena. Egoera menperatzeak dakarren patxadak eragiten du pizgarrien kontsumoaren erritmoa ere askoz zentzuzkoagoa izatea. Parrandero bakarti trebatuak ederki daki zein diren bere barneko ezezagunari hobekien egokitzen zaizkion ostatu, kontzertu-areto eta klubak. Badirelako horretarako bereziki egokiak. Barra izkinetan txoko diskretuak topatuko ditu, zerbitzari zailduak estimatu. Azkar ikasten du, baita ere, bere altxorrik preziatuena —isiltasuna— apurtzea noiz merezi ote duen detektatzen. Parrandero bakarti trebatua ez doalako lagun berriak egitera kalera. Hala balitz, ez litzateke bakartia izango.

Bada erritual ezkutuko bat, parrandero bakarti trebatuek bakarrik ezagutzen dutena, eta haiek antzemateko balio duena. Kantari itzuli ohi dira askotan etxera, kale kantoietan barrena. Gau bereziki gogoangarrietan, euforia baino askoz hobea den bake perfektu hori sentitzen dutenean, dantza urratsekin ere animatzen dira, eta txalo eginda sorbaldak ere mugitzen dituzte, jostagarri. Ordu txikitan haietako batekin espaloiren batean gurutzatzen naizenean, irribarretxoa irteten zait, baina ez diet ezertxo ere esaten, konpainia posiblerik onenean daudela badakidalako.

“Arazoa denona da, eta denon artean hobeto eramaten da”

“Arazoa denona da, eta denon artean hobeto eramaten da”

Olatz Mitxelena

Movistarrerako lan egiten du Angel Circujanok (Pasaia, 1976), eta lehen lerrotik ari da bizitzen azpikontratatuta diharduten langileen borroka. Pasai Antxon erantzun ditu elkarrizketako galderak, Correscalesen harira antolatutako hitzaldi batean bere testigantza ematera sartu aurretik.

Correscalesen etorrerak areagotu egin ditu elkartasun jarduerak. Langileak nola ari zarete bizitzen zurrunbilo hau guztia?

Orain bizitzen ari garena borrokan ginela faltan sumatu dugun guztia da. Horrekin ez diot inori ezer leporatu nahi. Guk ez dugu asmatu jendearengana laguntza eske jotzen. Gure miseriak kontatzea kosta egiten zaigu. Baina orain, hitzaldietan sektorekoa ez den jendearekin hitz egiten dudanean, babes handia eta harrotasuna sumatzen ditut.

Lehen lerroan izan zara greba bitartean. Esperientzia honetatik zein irakaspen atera duzu?

Greba ez da inoren gustukoa, baina nahitaezkoa da urte askoan kendu dizkiguten eskubideak berreskuratzeko. Telefonicak esnatu gaitu, eta eskertzekoa da, gure erosotasunetik atera gaituelako ezin gintuenean gehiago esplotatu. Tamalez, erantzuna oso berandu iritsi da, eta luze joko du lehen genituen eskubide guztiak berreskuratzeak.

Niretzat, hala ere, kolektiboa ezagutu izana da garrantzitsuena. Lehen ez genuen elkar ezagutzen, eta jendea eskaileran lanean ikusten zenuenean konpetentzia ikusten zenuen. Hala erakutsi digute. Baina greban elkar ezagutu dugu, eta lehen konpetentzia edo etsaia ikusten genuen tokian, orain zu bezain zapaldua dagoen lankidea ikusten duzu. Kolektibo gisa elkar ezagutu izana da, zalantzarik gabe, esperientzia honetan aberasgarriena.

Grebarekin zer lortu duzue?

Hainbat helburu lortu ditugu, soldatak %30 edo %40 ez jaistea, eta autonomoen gehiengoak orain lehen baino diru gehiago irabaztea, adibidez. Dena, hala ere, ez da dirua. Lan baldintzak ere garrantzitsuak dira, eta, alde horretatik, lortutakoa oraindik ere ez da nahikoa. Azpikontratazioak bertan behera uztea izan da grebaren helburua. Gipuzkoan, zehazki, autonomook kooperatibetan lanean hastea lortu dugu. Baina ez dezagun geure burua engaina, langileak oraindik ere autonomoak dira.

Horrez gain, greba honi esker, eta gure lankide bizkaitarrek egindako presioaren laguntzaz, kontrata berria sartu da Gipuzkoan —lehen bakarra zegoen—, eta orain bi kontrata egonda, autonomo gisa ari ginen 40 lagun soldatapeko hasi gara lanean. Lorpena, nire ustez, garrantzitsua da, baina beti ere helburua Movistarrentzako zuzenean lan egitea dela ahaztu gabe.

Oraintxe bertan zein da zuen lan egoera?

Geldialdi batean gaude. 40 langileri enpresa aldaketa bat egokitu zaigu, Donostia aldean eratu den lantaldeak Telefonica eta beste enpresen gainean egin duen presioari esker. 40 laguni lanpostuak subrogatzea lortu dugu, eta inork ez du lanposturik galduko.

Correscalesek, besteak beste, borrokaldi horri jarraipena eman nahi dio, ezta?

Correscales greba bukatu zenean jaio zen. Guk bagenekien borroka honek luze joko zuela. Helburu nagusi batzuk markatu genituen, eta lortu ditugunak gutxieneko batzuk dira. Hortik aurrera eraikitzen jarraitu nahiko genuke. Baina greba bat, batez ere hainbat egun irauten badu, oso gogorra da. Jendea nekatuta dago, eta indarberritzeko zerbait behar genuen. Testuinguru horretan jaio zen Correscales, Korrikan inspiratuta.

Bizkaitik irten eta Bartzelonan bukatuko da prekaritatearen kontrako lasterketa, batez ere Gipuzkoako, Bizkaiko eta Bartzelonako lagunak batu garelako antolakuntzan. Hala ere, Marea Urdinaren egitasmo bat da, eta, besteak beste, greba bitartean sostengu kutxa sortzeko sortu zen zorra kitatzeko baliatu nahi dugu. Horrez gain, Correscales sektore guztiak eta borroka guztiak elkartu nahi dituen lasterketa bat da, greban ikusi dugunez elkartuta egoteak indarra ematen digulako. Denok gara Correscales.

Eragile asko bildu zarete egitasmoaren bueltan. Halako erantzuna espero zenuten?

Inola ere ez. Hogei lagun hasi ginen honetan lanean, eta konturatzerako atxikimendu piloa jaso genituen. Berehala jabetu ginen jende askok nahi zuela honetan lanean hasi. Guri babesa emateko, baina baita Gipuzkoan sare bat osatzeko ere. Correscales hemendik hilaren 19an pasatuko da [gaur], eta gu jada aurrera begira ari gara lanean. Sare bat eraiki nahi dugu, edozein kolektibo, norbanako edo enpresatan arazoak sortuz gero, elkar babestu ahal izateko.

Zergatik da garrantzitsua Corrrescalesen parte hartzea?

Ondo pasatuko dugulako. Arazoa denona da, eta denon artean hobeto eramaten da. Gainera, ongi pasako dugu. Ezin da gehiago eskatu.