gipuzkoa

“Euskalduna nintzela esanda hartu ninduten lanean”

“Euskalduna nintzela esanda hartu ninduten lanean”

Joxemi Saizar

Jatorri euskalduneko beste argentinar asko bezala, familia bisitatzen izan da Carlos Ibarbia Drabasa (Rosario, Argentina, 1969) Tolosaldean. Euskal Herria gehiago eta hobeto ezagutzeko, eta Rosarioko euskal etxeko lehendakaria denez, erakundeekiko harremanak sendotzeko aprobetxatu du bisita.

Zein da zure jatorria?

Aita Argentinan jaio zen, baina haren gurasoak Berrobi eta Gaztelukoak ziren. Nire ama, berriz, Ibarrakoa da, hara ezkonberritan joandakoa. Eta haren gurasoak, Berastegi eta Belauntzakoak. Nire aitona-amona guztiak Tolosaldekoak dira, beraz.

Eta nola ezagutu zuten elkar zure gurasoek?

Amodio istorio baten pelikula dirudi. Aita 1961ean etorri zen lehen aldiz Euskal Herrira, arbasoak ezagutzera, Esnaola familiaren bila. Ibarran bizilagunei galdezka, etxe bateko lehen pisuko balkoian zegoen bati galdetu, eta ezagutzen zutela erantzun zion. Nire ama zen. Harremanetan jarri, eta amodioa sortu zen. Handik bi urtera, ezkontzera itzuli zen aita, eta harekin joan zen Argentinara.

Eta aitona nola joan zen?

XX. mende hasieran izan zen emigrazio handia. Europan eskasia zegoen, eta emigrazio ekonomikoa izan zen. Artzain joan zen. Euskaldunei tambero deitzen zaie Argentinan, tambo ukuilua delako. Rosarioko euskal etxearen sortzaileetako bat izan zen —Zazpiak Bat deitzen da—. Ez nuen ezagutu, gazte hil zen.

Beraz, betidanik izan duzue harremana euskal etxearekin?

Ez hainbeste. Aita bazkidea zen, baina ez zen asko joaten. Dantza eta horrelako jarduerak egiten ziren, eta gu ere ez gintuen asko erakartzen. 23 urterekin hasi nintzen gehiago joaten, euskalduna izateagatik lana lortu ondoren.

Nola izan zen hori?

Enpresa batean komertzial bat behar zuten, eta jende asko aurkeztu ginen. Jatorri euskalduneko txiletarrak ziren jabeak, eta euskalduna nintzela esandakoan hartu ninduten, galdera gehiago egin gabe; gainontzekoak etxera bidali zituzten. Hurrengo egunean hasi nintzen, eta horretan ari naiz, Argentina osoan zehar larru birziklatua ekoizten duen lantegi baten produktuak saltzen.

Beraz, euskaldunon irudi ona mantentzen da.

Bai, hala da. Pertsona langile saiatu, noble, zintzo eta balio onekotzat hartzen da euskalduna. Astero irratsaioa egiten dugu euskal etxetik, eta Euskaldunon hitza jarri diogu izena, horrek oraindik asko balio duelako han.

Zer harreman duzue Euskal Herriarekin?

Maiz etortzen gara. Amarekin, emaztearekin eta alabarekin etorri naiz oraingoan, baina askotan etorri naiz, familia asko dugulako hemen. Gainera, anaia bat hona etorri eta bertan ezkondu zen, tolosar batekin. Amak euskarari eutsi dio. Aitak ez zekien, eta guk ere ez dugu ikasi, zoritxarrez. Nazionalitate bikoitza dugunez, hemen bozkatzeko aukera ere badaukagu. Politikari gertutik erreparatzen diogu.

Zein da Rosarioko euskal etxearen jarduna?

Rosario hiri handia da, Argentinako hirugarrena, milioi biztanle pasekoa. Eta euskal etxea ere handia da. Jatetxe garrantzitsu bat dauka, frontoia, kiroldegia, euskara eta dantza klaseak, festak —Aberri Eguna, Euskararen Eguna, San Inazio—… Hirurehun bazkide gara. Belaunaldika biltzen gara koadrilak, astero afaltzeko, eta gureak hiru urte darama zuzendaritzan. Nik laster urtea egingo dut lehendakari gisa. Sortzaileen ideia berarekin jarraitzen dugu lanean: euskaldunen garrari eustea. 2012an mendea bete zuen, eta Argentinako 50 euskal etxeen bilkura han egin genuen. Eusko Jaurlaritzako lehendakaria ere izan zen.

Eta zein da zure eginkizuna?

Erakundeekiko harremanak tokatzen zaizkit: FEVA federazioan biltzen garen beste euskal etxeekin, Eusko Jaurlaritzarekin… Bidaia aprobetxatuz, Gasteizen izan naiz, Ajuria Enean, diasporaz arduratzen diren ordezkari batzuekin. Ahalik eta harreman estuenak nahi dituzte munduko euskal etxeekin. Adibidez, batzuk euskara ikastera etortzen dira barnetegietara, edo gazteak proiektu bat egitera. Eta hemendik hara joaten diren euskaldunekin enbaxada modura funtzionatzen dugu.

36ko gerraren ondoren bigarren migrazio handia izan zen Hego Amerikan.

Bai, Argentinan Roberto M. Ortiz zen presidentea, euskal jatorrikoa, eta, akordio bati esker, pasaporterik gabe ere jende asko onartu zuen, gerrako erbesteratuak zirelako. Bigarren multzo horrek kontzientzia handiagoa zuen, eta bultzada handia eman zien euskara, kultura eta euskal etxeei. Ixaka Lopez-Mendizabal tolosarra da adibide esanguratsua.

Zein da Argentinaren gaur egungo egoera?

Urte txarrak izan ditugu; ekonomia oso itxia izan dugu, eta, orain, gobernu berriarekin, egoera hobetzeko itxaropena daukagu.

Zein mezu daramazu Argentinara bueltan?

Mezu itxaropentsua. Euskadi erreferente dela oraindik ere penintsulan, ekonomian ere bai. Eta lanean jarraitu behar dugula Argentina ere berrindartzeko.

POLTSIKO ANTZERKIA

Ostegunetik otsailaren 27ra arte, 30 ikuskizun baino gehiago izango dira Donostian. Hona hemen astebeteko programazioa:

Otsailaren 11, osteguna

? Sexijentziak askatuz, Bazen Behin Clown taldearekin. 19:30ean, Botanikan.

? Monolokos, Ane Gabarain eta Javi Merinorekin. 20:00etan, Larrotxenen.

Otsailaren 12a, ostirala

? El brillo del jengibre, Pepin Trerekin. 20:00etan, Ardube tabernan.

? Monolokos, Ane Gabarain eta Javi Merinorekin. 21:00etan, La Tabernan.

? Kitto, nik uzten dut, Enbido taldearekin. 21:00etan, El Muron.

Otsailaren 13a, larunbata

? El brillo del jengibre, Pepin Trerekin. 20:00etan, Gotten.

Otsailaren 14a, igandea

? Putinen guardasola, Ramon Agirre eta Inazio Tolosarekin. 20:00etan, Via Foran.

? Ovarios verdes fritos, Detritus Teatrus taldearekin. 20:00etan, Le Bukowskin.

? El brillo del jengibre, Pepin Trerekin. 20:00etan, Belgradon.

Otsailaren 17a, asteazkena

? Sarean kateatuak, Nomofobikak taldearekin. 20:00etan, Scannerren.

Otsailaren 18a, osteguna

? Monolokos, Asier Hormaza eta Alazne Etxeberriarekin. 20:00etan, Borroto tabernan.

? Sarean kateatuak, Nomofobikak taldearekin. 20:00etan, Sidi Kaukin.

? Sexijentziak askatuz, Bazen Behin Clown taldearekin. 20:30ean, Beti Bogan.

? Las gallegas, Lolita Corina eta Clownfishen eskutik. 21:00etan, Dokan.

Otsailaren 19a, ostirala

? Putinen guardasola, Ramon Agirre eta Inazio Tolosarekin. 20:00etan, El Nido tabernan.

? Mirta en espera, Los Espejos Son Para Mirarse taldearekin. 20:00etan, Lau tabernan.

? Las gallegas, Lolita Corina eta Clownfishen eskutik. 20:00etan, Etxarrienen.

? Sarean kateatuak, Nomofobikak taldearekin. 20:00etan, Añorgako Jolas Etxean.

? Monolokos, Asier Hormaza eta Alazne Etxeberriarekin. 20:00etan, Picachillan.

MUGAKO ADIMENA

Mugako adimena dutenek ez dute talde homogeneoa osatzen. Gipuzkoan 1.300 lagun daude diagnostikatuta. Pertsona bakoitzak bere beharrak ditu, baina honako hauek dira Ortzadar elkarteak zerrendatzen dituen hainbat ezaugarri, kolektiboa ulertzeko garaian...

Baserri txikien iraultza

Baserri txikien iraultza

Eider Goenaga

Baserritarraren ikuspegi tradizionala apurtu egiten dute: bai baserriari begiratzeko moldeagatik, bai egindako bizi apustuagatik eta baita baserria bizitzeko eragatik ere; eta, azalekoari erreparatuta, itxuragatik ere bai. Nekazaritza ekologikoa egiten dute, eta agroekologia da haien jarraibidea. Modu iraunkorrean ekoiztea, garaian garaikoa errespetatzea eta, bitartekaririk gabe, hasi eta buka, prozesu guztia eurek egitea. Horrek egiten ditu berezi.

Ion Ruiz de Egino Azkarate-Askasua (Bergara, 1987), Nere Aspiazu Baskaran (Bergara, 1988) eta Julen Azkoaga Baritxinaga (Mañaria, 1988) dira Eskubaratz proiektuaren atzean dauden izenak. Baratzea da haien proiektuaren ardatza, eta otarrak prestatuz eta azoketan zein denda berezituetan salduz ateratzen dute bizimodua. Izurtzan (Bizkaia) dute ortua, eta han dute hitzordua Hitza-rekin. "Ortura joango gara", esan diote kazetariari. Ezin espero, ordea, haren tamaina. 3.000 metro koadro dituzte negutegietan, eta beste 10-12 mila metro koadro kanpoan. Harrotasunez erakusten dituzte ortuak. "Ikusiko bazenu nola hasi ginen".

Duela hiru urte egin zuen lehen urratsa Eskubaratzek. Ilara anitzeko negutegi batean hasi ziren. "Ilara batekin hasi ginen, eta urtea amaitzerako osoa hartua genuen". Alokairuan dituzte lurrak, eta hurrengo urterako beste lursail bat alokatzekotan dira. Otarrak etxez etxe banatzen zituzten hasieran. "Orain, Durango eta Bergarako azoketan egiten dugu banaketa", azaldu du Azkoagak. 60 bat "elikadura talde" dituzte: "Kontsumo talde izena ez zait izen egokia iruditzen".

Agroekologiaren bidetik

Ingurumen Zientziak ikasi zituzten hirurek, baina karrerak ez zituen asebete. Bakoitzak bere bideari ekin zion ondoren, orain hiru urte berriro elkartu ziren arte. Agroekologian masterra egin zuen Azkoagak Jaenen (Espainia), eta han ikasitako teoria praktikan jarri nahi zuen. Eskozian etxalde batean aritu zen Ruiz de Egino, eta han egin ahal bazen hemen ere egin zitekeela pentsatzen zuen: "Agroekologikoki lantzen zuten, baina elite batentzat ekoizten zuten". Aspiazuk ere bazuen ortu txiki bat, eta interesa sortu zion beste bi kideek buruan zuten proiektuak. Halaxe osatu zuten hiruko taldea. Elkarrekin lan egiten dute, eta elkarrekin bizi dira. Horrek aberastu egiten ei du lana; baina ortuaren kudeaketari harremanen kudeaketa gehitzen dio. "Garrantzitsua da harremanak eta zaintza ondo kudeatzea, bestela proiektua pikutara joan daiteke berehala".

"Baserriak taldean bizitzeko gunea izan behar du. Lehen, esku asko izaten ziren baserrian, eta logikoa da", gehitu du Naroa Ariznabarretak (Eibar, 1983). Amarekin eta ahizparekin bizi da baserrian, eta baserrirako apustua egin zuenean, oso beltz jarri zioten etorkizuna. "Aitak eta amak baserritik ezin zela bizi esaten zidaten, hartzeko egun erdiko lan bat". Baina baserria da egun bere ogibidea. "Diru gutxi ateratzen da, baina nik gutxi behar dut bizitzeko". Amak kanpoan egiten du lan, eta berak baserria mantendu eta kudeatzen du. "Oreka lortu dugu horrela", dio.

Etorkizunera begira, buruan beste proiektu bat du Ariznabarretak. Baserrian obra egin nahi dute, jende gehiago bizi dadin egokitzeko. "Jende gehiago etortzea nahi dugu. Azkenean, osatuko dugu familia bat, baina guk aukeratutako familia, baserrian eta baserritik bizi nahi duen familia bat. Gurera etorri nahi duenak aukera izango du, nahi badu, kanpoan lan bat izan eta gero baserrian bizitzeko, edo lanaldi erdiz kanpoan eta beste erdiz baserrian aritzeko, edo lanaldi osoz baserrian aritzeko". Lehen hala izaten zela dio, batzuk baserrian soilik aritzen zirela eta beste batzuk baserrian zein kanpoan. "Garai batean hala izaten zen, eta erabateko zentzua du".

Baserriaren jabetza bertan bizi diren guztien artean banatzea litzateke proiektuaren funtsa. "Horrela lortzen dugu baserri hori eta lursail hori sekula ez erabili ahal izatea beste kontu batzuetarako, esplotazio handietarako edo espekulaziorako; alegia, agroekologia ez den ezertarako".

Baserria edo fabrika

Ruiz de Egino, Azkoaga eta Ariznabarreta baserrian jaioak dira, era batera edo bestera baserriarekin harremana izandakoak. Aspiazu da baserrian jaio ez den bakarra: "Ortuan hasi ginenean, jendeak esaten zidan zoratuta geundela: 'Oso gogorra da, ikusiko duzu...'. Baina ni fabrika batean aritua naiz, hilabete osoa pieza bera muntatzen, eta hori da nik inondik inora nahi ez dudana. Eta halako lan bat izango banu, jendeak zoriondu egingo ninduke".

"Bai, baina esan behar da hau oso bizimodu prekarioa dela; nik ez diot inori gomendatzen hutsetik hastea", gehitu du Azkoagak. "Hau ez da bukolikoa. Zuretzat zentzua baldin badu, bai, aurrera, bizi daiteke honetatik, eta merezi du saiatzea; eta behar dira nekazari gazteak, eta pila bat gainera; eta, gainera, hau da esperientzia bat bizimodua goitik behera aldatzen dizuna. Baina ez da bide erraza".

Lau gazteentzat baserria ez da bizibidea ateratzeko bitarteko soila; gehiago da, eta horrek ematen die motibazioa. Ez dute baserria ulertzen irizpide agroekologikoetatik kanpo, eta agroekologiak, kontsumo eredua aldatzeaz gain, gizarte eredua aldatzea dakar. "Iraultza txiki bat da gurea, eta iraultza handiagoa nahi dugu. Gizarte eredua aldatzera goaz. Hau ez da erabaki pertsonal soila, konpromiso kolektibo bat da, konpromiso bikoitza: ingurumena eta elikadura barne hartzen ditu", azaldu du Ariznabarretak.

Azkoagarentzat "sistema kapitalistari eta patriarkalari alternatiba bat" ematen diote agroekologiaren bidez. "Izan ere, aldaketa ez da elikagaiak beste era batera sortzea soilik, eragina dauka elikaduraz askoz ere haratago. Elikadura kontrolatzen baduzu, zure elikaduraren jabe bazara, aurretik gauza asko aldatu dituzu horra heltzeko". Elikadura burujabetzarako bidean gizarte osoa aldatu behar dela uste du Azkoagak, ez dela kontua ehun nekazari gehiago egotea, baizik eta gizartea aldatzea. "Beste elikadura eredu batek beste kontsumo eredu bat eskatzen du, beste kontsumo eredu batek beste gizarte eredu bat eskatzen du, eta hori da gure iraultza".

Gazteak, eragile

Gazteak eta baserritarrak izatea bera ere bada iraultza txiki bat. Hala uste du Aspiazuk. "Nik uste dut gure presentzia hutsak jada eragin bat duela. Nire lagun artean nekazaria den Nere bat egoteak ireki ditu leihotxo pila bat; agian ez da kontzientzia absolutu bat, baina ireki du tartetxo bat". "Eta ez lagun artean bakarrik, azoketan ere bai. Azkenean, hor eragileak gara; gure presentzia hutsarekin eta bakarrik hor egonez, eragin egiten dugu", gehitu du Ruiz de Eginok.

Azokei dagokienez, postuak dituzten baserritarren gehiengoa adin nagusikoa dela diote lau gazteek, eta baserrietan ere hori dela joera. Haize berria dira beraiek. Hala, gazteak baserrian hasten direla ikusteak, egiteko modu berriekin datozela ikusteak, hasieran beste baserritarren errezeloa pizten duela diote, baina gero gainditzen dela hori. "Batzuek esaten dute 'jausiko dira', baina nik uste dut beste askori ilusioa ere egiten diela", dio Ariznabarretak. "Bai, eta beste baserritarrek ere pentsatzen dute agian balioko duela azokara jende gazte gehiago erakartzeko; ez da gertatu, baina...", gehitu du Aspiazuk.

Eurek egindako apustuak, tamalez, gizartean islarik apenas duela berretsi du Azkoagak. "Batzuetan ortuan zaude, eta burbuila bat bezalakoa da. Gauzak goitik behera aldatzen ari garela pentsatzen ari zara, eta, gero, jaisten zara kalera, eta konturatzen zara, 'ai, errealitatea lehengoa da oraindik'".

Hala ere, ziur daude baserrian belaunaldi apurketa bat izaten ari dela eta horrekin egiteko moduetan ere aldaketa egongo dela. "Egon behar du", dio Azkoagak; bestela Euskal Herrian baserriak etorkizun kaskarra izango duelakoan dago. "Arazoa da baserritik bizi nahi duenak koltxoi bat behar duela, bestela oso zaila dela", dio Ariznabarretak. Horretarako formula egokia Aspiazuk jarri du mahai gainean. "Hainbeste baserri daude galtzera doazenak, hainbeste baserritar baserrirako ondorengorik ez dutenak... Harreman bat sortu beharko litzateke: arduratuta dauden baserritarrak, lurdunak, eta interesa duten gazteak, lurrik ez daukatenak. Harreman ederra litzateke, eta denontzako onuragarria". "Horrela etorkizuna ematen diozu baserriari, bestela dena basoak jaten du. Baina jende bat badago nahiago duena sasiak bere lurra jatea, beste norbaiti uztea baino", gehitu du Ruiz de Eginok.

Baserria XXI

Lau gazteak Baserria XXI elkartearen sorrera prozesuan parte hartzen ari dira. Garrantzitsutzat dute agroekologian dabiltzanentzako elkargune bat sortzea, ildo horretan Gipuzkoan hutsunea sentitzen baitute. "Bizkaian EHNEk badu lanketa bat egina, erreferentzia bat da nekazarientzat, baina Gipuzkoan erreferentzialtasun hori falta da", dio Ruiz de Eginok. "Orain urte batzuk jende batek EHNEtik martxa egin behar izan zuen, ibili ziren bilerak-eta egiten, ulertzen zutelako nekazaritza eredu konkretu bat zeramatenak gelditzen zirela kulerotan, ez zutela ordezkaririk, eta ez zirela kontuan hartuak. Hortik hasi zen prozesua", azaldu du Ariznabarretak.

Azken jardunaldiak joan den astean egin zituzten, Andoainen. "Berrogeitik gora lagun azaldu ginen; kopuru polita da. Gure helburu, arazo, hutsune eta erronkak zein diren zehaztu dugu, eta orain, gure lan ildoak erabakita, antolaketa ereduaz ari gara hizketan". Baserria XXIek ez dauka sindikatu bokaziorik, "sindikatua modu tradizionalean ulertuta", eta ez dator martxan den beste erakunde, elkarte edo eragilerik ordezkatzera, "asmoa ez da beste txiringito bat muntatzea". Modu ekologikoan jarduten duten baserritarren elkargune izan nahi du. "Kolektibo baten sorrerak berak halako babes bat ematen dizu, erreferentzialtasun bat, eta inportantea da", dio Aspiazuk.

Aldameneko baserritarra lehiakide gisa ez baizik bidelagun gisa ikusi behar dela uste dute, eta horretan urrats bat dela Baserria XXI. "Agroekologiak iraun behar badu, horrela izan behar du, ezin du izan lehiarik; bidelagun eta lagun izan behar dugu, lehia alde batera utzita", amaitu du Azkoagak.

“Guk ere badugu gaitasuna”

“Guk ere badugu gaitasuna”

Maite Alustiza

Goizean goiz jaiki, Donostiatik Legorretara arteko bidea egin, eta fabrikara lanera doaz astegunez Mikel Moreno, Marian Correyero eta Josu Santiago. Aulkiak soldatzen eta prestatzen aritu ondoren, etxera bueltan doaz, bazkaltzera. Arratsaldea aisian pasatzen dute. "Buelta bat ematera-edo ateratzen naiz, baina konturatzerako etxera joan behar dut, goiz jaiki beharra dago eta!", dio Santiagok. Mugako adimena dute hirurek, eta zailtasun ugari gainditzea tokatu arren, ozen diote ahalmena badutela: "Guk ere badugu gaitasuna, gure kasa molda gaitezke". Erronka berri bat dute aurrean hirurek: orain arte, Ortzadar elkarteko kide izan dira, eta, orain, zuzendaritza batzordean hasi dira, erabakiak hartzen. Mugako adimena duen beste kide batekin eta gurasoen hiru ordezkarirekin osatu dute batzordea. Moreno da presidente: "Garrantzitsua da guretzat erabakietan libre izatea, eta orain arte bizi gabeko esperientzia bat izatea". Badaki erabaki zailak hartu beharko dituztela batzuetan, baina, halakoren bat suertatzen denean, ziur da denen oniritziarekin egingo dutela. Hitza-rekin izan dira zuzendaritzako hiru kideak, Rosa Rubio koordinatzailearekin eta Maider Brit gizarte langilearekin batera.

Urteekin konfiantza irabaziz joan dira, baina, elkartera iritsi zirenean, bestelakoa zen hiruren egoera. Britek dioenez, "segurtasun ezaz beteta iristen dira, frustrazioz, eta tratu txar psikologikoak jasanda". Eskola urteetan bereziki, garai gogorrak ditu gogoan Morenok: "19 urterekin sartu nintzen Ortzadarren, 1996an, eta ordura arte ez zidaten mugako adimena diagnostikatu. Eskolan esaten zidaten alperra nintzela, ez zitzaidala ikastea gustatzen, ez nuela ezer egiten... Niri asko kostatzen zitzaidan ikastea". Bullying hitza ere aipatu du: "Orain asko hitz egiten da gaiaz, baina garai hartan, 1993-94 urteen inguruan, bullying-a eta eskola jazarpena ez ziren aipatzen".

Correyerok eskolara joateari utzi zion: "Ez nuen joan nahi, etxean geratu nahi nuen". Irakasleen aldetik ere, mespretxatua eta gutxietsia sentitu izan zen. Iltzatuta geratu zitzaion haietako baten esana: "Bizitza honetan ez nuela ezertarako balioko esan zidan". Oroitzapen onen bat ere gordetzen du, ordea. Mojetara sartu zenean laguntza eman zion emakumea dakarki gogora: "Sei urte nituenean, psikologo batek hartu ninduen, Teresa Diazek. Hark erakutsi zidan irakurtzen eta idazten; hari zor diot". Correyero 18 urterekin iritsi zen Ortzadarrera, 1995ean, eta ordutik jaso duen laguntzak babesa eta bultzada eman dio.

Berdin izan da Santiagorentzat ere: 16 urterekin sartu zen elkartean, 1982an, eta, geroztik, aurrerapauso handiak egin ditu; sukaldean, adibidez: "Lehen ez nekien ezer prestatzen, eta hona etorrita asko ikasi dut. Egun batean, adibidez, espagetiak egin genituen: lehenengo zer erosi behar zen erabaki, zenbat diru geneukan ikusi, erosketa egin, eta prestatu".

Goiz detektatzea

Gipuzkoako Aldundiak eman berri dituen datuen arabera, Gipuzkoan 1.300 kasu daude diagnostikatuta —ia berrehun kide batzen ditu Ortzadarrek—. Rubiok dioenez, ordea, diagnostikatu gabeko jende gehiago egongo da ziur: estatistiken arabera, populazioaren %1ari eragin diezaioke mugako adimenak.

Diagnostikoari dagokionez, elkarteko bost kideak bat datoz: geroz eta lehenago egin, hobe. Goiz detektatuz gero, formazioan orientazio egokiago bat egin daitekeela argi du Rubiok: "Zaragozako Unibertsitatearen ikerketa batean parte hartu genuen, eta mugako adimena dutenen bizi kalitatea ikertu zen. Hor ikusi zen guztiz beharrezkoa dela diagnostiko garaiz bat". Dena den, egitea ez da horren erraza. Profesionalen aldetik ezjakintasuna egon daitekeela uste du Morenok, informazioa falta agian. Zaila izan arren, Rubiok dio profesionalek adi jarri beharko luketela arazoren bat ikusterakoan: "Irakurtzen eta idazten hasteko garaian, irakasleek, pediatrek, alarma piztu beharko lukete".

Koordinatzailearen arabera, "inoren lurraldean" geratzen dira askotan mugako adimena dutenak. "Osasunaren Mundu Erakundeak normaltasuna kontsideratzen duen horretatik oso gertu daude, pixka bat azpitik, eta kasu batzuetan zalantzak daude gaitasun-eza ote den. Hala ere, horrek ez du esan nahi autonomoak izan ahal izateko hainbat arlotan laguntza behar ez dutenik". Ingurura begiratu eta mugako adimena dutenen lekuan jarri da: "Sekulakoa da zailtasunak izatea, eta, nahiz eta saiatu, inork ez ulertzea".

Emakumeentzat are handiagoa da desabantaila. Kasuak gutxitzen doazen arren, gizon eta emakumeen arteko aldeak hor jarraitzen du, eta elkartean bertan ere "erabat desorekatuta" dago gizonen eta emakumeen kopurua: "Emakumeei esaten zieten ikasteko balio ez bazuten familia zainduko zutela, edo haurrak zainduko zituztela. Askotan irteera horiek balekotzat jotzen dira neskentzat, bestelako alternatibak topatu gabe".

Banakako arreta

Egunerokoarekin lotutako zenbait arlotan laguntzen die elkarteak kideei, norberaren beharren arabera. Britek azaldu duenez, normalean guraso edo irakasleek jotzen dute elkartera. Ados badaude, pertsonaren lehen balorazio bat egiten dute, eta banakako jarraipena gero. Besteak beste, ekonomiaren kudeaketan laguntzen diete, babes psikologikoa ematen, bakarrik bizi direnei jarraipena egiten, opor garairako aukerak ematen... Hiru etxebizitza ere baditu Ortzadarrek, bat Errenterian eta beste bi Tolosan, eta "autonomia maila altuko lagunak" bizi dira han.

Gehiengoa, hala ere, familiarekin bizi da, eta horrek babes garrantzitsua ematen die. Correyero eta Moreno, esaterako, amarenean bizi dira; Santiago, berriz, anaiarekin. Babesean bizi arren, gauzak egiteko gai direla nabarmendu du Rubiok: "Askotan, etxean daudenez, dena egiten diete, baina, ez, autonomoak dira; guztiok daukagu gaitasuna eta guztiok egin dezakegu".

Urte mordoa pasatu da Ortzadarreko hiru kideak elkartean sartu zirenetik, eta haien ikasketa prozesua gertutik jarraitu du Rubiok, heltze prozesu bat: "Denek ez dute prozesu bera, pertsona guztioi gertatzen zaigun bezala, baina hemen hasten direnean ikusten dute haien berdina den jende gehiago dagoela, gaitasuna dutela, gauza batean ez bada bestean gai izango direla".

Prozesu horretan, norbera bere buruarengan sinesten ikasten ere joan dira: "Nik Mariani beti esaten nion: 'begira zaitez ispiluan, muxuak eman, zuk balio duzu eta'". Pertsona batzuen eta besteen artean aldea egon arren, denbora honetan ondorio batera iritsi da Rubio: "Zer sen ona daukaten. Eta benetan behar batzuk dituzten arren, autonomoak izan daitezkeela".

Ikasten ez ezik, motibatzen ere lagundu nahi dituzte. Britek dioenez, aisialdia garrantzitsua da horretarako: "Motibatu egin behar dira, bestela etxetik lanera eta lanetik etxera... Batzuei kosta egiten zaie, eta, horregatik, ekintzak beraiek antolatzea nahi dugu". Horrela, elkarteko kideek proposatutako aisialdiko ekintzak martxan jarri nahi dituzte, boluntarioen laguntzarekin. Orain arte ere aritu izan dira hainbat saltsatan; sukaldaritza liburu bat egin zuten, adibidez: errezetak bilatu, terminoak egokitu, pausoak erraztu...

Elkarteko ekintzetatik kanpo ere, han eta hemen aritzen dira Ortzadarreko zenbait kide. Santiagok, esaterako, mendian ibiltzea du gustukoen: "Otsailean hemendik ibiliko gara lehenengo, eta gero Pirinioetara goaz, erraketekin ibiltzera". Realaren partidaren bat ikustera ere joan izan dira Moreno eta biak, Anoetara.

Lana eta legea

Beharrak eta eskaerak aldatuz joan dira urteekin. 1977an sortu zen Ortzadar, guraso talde baten ekimenez. Garai hartan, uste zuten euren semeei ematen zitzaien hezkuntza ez zela egokia, eta zerbitzu bat sustatu nahi zuten, hezkuntza zentro modura. 7 urtetik 21 urte bitarteko lagunak sartu ziren, eta bakoitzak behar ezberdinak zituela ikusi ahala joan ziren zerbitzuak zabaltzen.

Hasieran lan arloari arreta berezia jarri ziotela dio Rubiok: "Donostiako Udalarekin esperientzia bat izan genuen, orain arte administrazioan izan dugun esperientzia bakarra. Praktiketan sartu ziren bost lagun udal brigadetan, begirale batekin, eta gero kontratatu egin zituzten". Halako aukera gehiago eduki ez izana pena da harentzat; "idealena" enpresa arruntetan sartzeko aukera izatea litzateke.

Egungo egoerari begiratuta, Rubiok oso garrantzitsutzat du mugako adimena dutenak legeak errekonozituta egotea: lan arloko legeetan, hezkuntzan, lege juridikoetan... "Bisibilitatea ere eskatzen dugu. Biztanleriaren %1az hitz egiten ari gara; jende asko da".

Elkartearen barruan ere, gaitasun hori aintzat hartzea erabaki zuten hausnarketa prozesu baten ondoren: "Beti defendatu izan ditugu gaitasunak, eta ez desgaitasunak. Adimen mugatua dutenek gaitasun juridikoa dute, gaitasuna dute erabakitzeko, eta horregatik proposatu genuen zuzendaritzaren parte izatea".

Elkarlanaren beharra

Elkarteko kide eta gurasoekin batera, Brit eta Rubio soilik aritzen dira Ortzadarren. Biak baino ez: "Mugatuak dira guk eman ditzakegun zerbitzuak; horregatik, deia egiten diegu boluntarioei". Rubioren ustetan, babes txikia eman arren, prebentzio lana egiten ari dira pertsona autonomoak: "Babes hori gabe, baliabide gehiago sortu beharko ditugu, ordurako gaixo egongo direnak laguntzeko".

Boluntarioekin batera, erakundeen babesa ezinbestekotzat dute. Babes ekonomikoa eta inplikazioa. Hainbatetan erakundeetatik jaso duten erantzuna deitoratu du Morenok, zuzendaritza batzordeko presidente gisa: "Gertatu izan zaigu erakundeetara joatea eta kontuan hartuko gaituztela entzutea. Baina, gero, errealitatean, ez dira zutaz gogoratzen, han egon zarela ere ez".

Ekintzarako prest dago XV. mendeko eraikina

Ekintzarako prest dago XV. mendeko eraikina

Asier Perez-Karkamo
Ekintzarako eraiki zuten XV. mendean, hiribilduko ekialdeko sarbidea zen Nafarroako atea babesteko. Eta ekintzarako birmoldatu dute XXI.enean. Eskualdean aztarrena uzteko prest dauden ekintzaileak nahi dituzte Errenteriako Torrekua ...

Olinpiar ziklo bat telebista gabe

Danel Agirre

Amona Euxebik astero hiruzpalau hurdun txokolate tableta ekarri izan zizkigun sasoi batez etxera. Amak sekula ikusi diodan etsidura aurpegirik etsituena ipintzen zion merkantzia ikusten zuen bakoitzean. Baina Euxebik lepoa tentetu, eta bere burua justifikatzen zuen: "Bakarrik bizi naiz, eta etxean badaude jan egiten ditut". Arriskua tabletok jatea bazen, lehenen zergatik erosten ote zituen ez zigun sekula argitu.

Euxebiz oroitu naiz, azken lau urteetan bizi izan naizen etxe guztietan telebistarik ez zegoenaz jabetutakoan. Aparaturik gabe, aparatuak egozten duen zaborra kontsumitu gabe geratu naiz. Baina nik ez dut arriskua nire ingurutik apropos uxatu, Euxebik egin ohi bezala. Telebista gabe bizitzea ez da purifikazio intelektualaren peskizan hartutako erabakia izan, alegia. Atzerrian bizi den kazetari freelancearen poltsikoak hamalau zulo dituenez, halaxe egokitu da, gastu askoz premiazkoagoak izan baitira.

Inoiz patrikak josi eta sos batzuk juntatzea lortzen badut telebistarik erosiko ote dudan deliberatzen nabil azkenaldian. Gertakari nahi gabekoa izan dena hautu ideologiko irmo bilakatu ala ez hausnartzen. Gailurik gabe iraunkorki bizitzearen erabakia ia hartuta dut.

Telebistari erabilera zentzuzkoa ematea posible dela erantzungo dit norbaitek, baina bere burua engainatzen du. Harkaitz Canok asaldatuta azaltzen zuen duela pare bat aste BERRIAn egin elkarrizketan: gure burua pozoitu zale gara. Eta ez da ingurunea, gizartea, gure kaka kontsumo neurrigabekoaren erantzule nagusia. Gu geu arduratzen gara gure burua pozoitzeaz, burugogor, metodiko. Subjektu kutsatzaile eta objektu kutsatu gara, aldi berean. Zaborra eskura badugu, ez dugu mokadutxoa egiten, enpatxatu arte irensten dugu. Ni neu Gabonetan etxera itzuli, eta etxe-apainketetan aritzen diren Divinity kateko bi anaia lerdoen eta Discovery Max-en autoak tuneatzen dituzten kuadrillen saioei so igaro nituen bi asteak. Hasi txokolate ontza batekin, eta tableta desagertu arte ez dago bakerik. Ederki zekien hori amona Euxebik.

Artikulua irakurrita bularra puzten ari eta telebista leihotik jaurtitzera bazoaz —Garbigunean lagatzera, ulertu didazu—, ez arindu larregi. Duela lau urte nintzen artaburu berbera izaten jarraitzen dut, handiagoa ez banaiz. Denbora aprobetxatu izanaren antzeko sentipen atsegin bat ere badut ordea. Etxezulo amorratua izaki, inoiz baino kontzertu gehiago ikusten ari naiz, jende berri mordoa ezagutu dut, eta, azken buruan, kalea eta tabernak inoiz bezala zapaltzen ari naizela esango nuke. Osasun mentala baino are gutxiago fisikoa hobetu dut, hortaz, telebista ordezkatu duten jarduera gehienek gibela hondatzea baitakarte. Olinpiar ziklo bat bete dut batere kirolik egin gabe. Baina korrika edo gimnasiora joaten hasi baino, nahiago Divinity-ko bi anaia dekoratzaileei begira bizitza osoa eman.