gipuzkoa

Etxeetatik ateratako kultura

Etxeetatik ateratako kultura

Maite Alustiza
Lau kultur etxe zituen duela 25 urteko Donostiak. Haien bueltan biltzen ziren antzerkiaren eta bestelako diziplinen inguruko sortzaile eta ikusleak. Okendon (Gros), Larrotxenen (Intxaurrondo), Casaresen (Altza) eta Loiolan bazen mugimend...

Gipuzkoan 38 gorpu aurkitu dira orain arte ikertutako hobietan

Gipuzkoan 38 gorpu aurkitu dira orain arte ikertutako hobietan

Zaldibian aurkitutako bi gorpuak identifikatu gabe daude oraindik, eta hezurdurak EHUren Donostiako Medikuntza Fakultateko laborategian daude. 2002tik Aranzadik Gipuzkoan ikertutako hobietan 38 gorpu atera dituzte, eta haietako asko identifikatu gabe daude oraindik.Medikuntza Fakultatean gordetzen dituzte halakoetan, edo udalaren esku utzi, herriko hilerrian lurperatzeko: Villabona-Amasan 2013an topatutako sei gorpuak Amasan lurperatuta daude, eta Oiartzungo hilerrian daude 2007an topatutako bost gorpuak ere.

Helburu nagusia gorpuak identifikatzea eta, ahal den kasuetan, senideen esku uztea da, haiek gorpuzkiekin egin nahi dutena erabaki dezaten. Horixe ezartzen du helburu Eusko Jaurlaritzaren planak ere. Donostian Burdin Zubian topatutako zazpi gorpuetako biren kasuan, esaterako, lortu zen senideei itzultzea; eta Elgoibarren topatutako lautik birekin ere iritsi ziren helburua betetzera. Ez da, ordea, ohikoena.

Hobi baten kokalekuaren berri iristen zaienean, Aranzadiko kideek aurretiazko txosten bat lantzen dute —hala agintzen du protokoloak—. Hobiaren berri duen lekukoak emandako informazio guztia jaso, artxiboetan gaiari buruz dagoen dokumentazio guztia bildu, lekuko gehiago bilatu eta tokia aztertzen dute.

Informazioa aitortza da

Baina txostena landu ostean, hobi hutsak aurkitzea ere ez da ezohikoa; gorpuak zeudeneko toki zehatza hori ez delako, aurretik hobia hustu dutelako... Halere, informazio bilketa ez da alferrikakoa izaten. "Senideei bildutako informazio guztia helarazten zaie, modu ofizialean, Jaurlaritzaren bidez, eta hori asko eskertzen dute, aitortza moduko zerbait delako", azaldu du Juantxo Agirre Aranzadiko idazkari nagusiak.

Gipuzkoan hainbat kokaleku identifikatuta dauzka Aranzadik, eta aurretxostenak landuta daude kasu gehienetan. Horietan hasiko dira deshobiratzeak, 2015-2020 aldirako planak jasotzen duenez. Gipuzkoan, Eibar eta Ibarrako hobien ikerketak dira lehentasun handienekoak. Eibarren, Arrateko santutegiaren ondoan, hobi bat dute identifikatua. Biktima baten senideak egindako eskaeran eta lursailaren lehengo jabeak emandako informazioan oinarrituta, bi gudariren gorpuak aurkitzea espero dute. Ibarran, Izaskungo ermitaren atzean, gorpu bat topatzea espero dute. Dena den, gerta liteke zerrendan agertzen den tokiren batean deshobiratzerik inoiz ez egitea: industria pabiloi batzuen azpian dagoelako, errepide bat gainetik pasatzen delako...

Zerrenda, baina, ez da mugiezina. "Beti dago dei efektu bat", esan zuen Francisco Etxeberria Aranzadiko lehendakariak, joan den abenduan, Monika Hernando Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideen zuzendariarekin eginiko agerraldian. Azken asteetan ere jaso dute hobi gehiagoren berri.

Eta askoz gehiago izan daitezke. Etxeberriak esandakoaren arabera, kalkulatzen da gerra garaian Araba, Bizkai eta Gipuzkoan errepublikanoen bandoan 6.300 lagun hil zirela eta frankistenean hildakoak 5.700 izan zirela.

Lehen harria altxatu zuten

Lehen harria altxatu zuten

Nik daukadan pena handiena da oraindik ez direla azaldu bi hildako haien senideak, ezin izan zaizkiela gorpuak senideei itzuli. Baina, noski, hainbeste egongo dira, eta hainbeste urte pasatu dira". 2002an Zaldibiako Irastorza baserriko lurretan deshobiratutako bi gorpuen inguruko gorabeheren kontakizuna esaldi horrekin amaitu du Martin Ibargurenek (Zaldibia, 1921). Urte luzetan eramandako zama arindu zuen orduan Ibargurenek. 15 urte zituenetik bazekien bi gorpuak hor zeudela, baina 66 urtean isilpean gorde zuen, betiere egia argitara ateratzeko gogoz. "Badaezpada ere, semeari erakutsia nion tokia. Ez nekien hil baino lehen inori esaterik izango nuen, eta semearekin tokira joan eta makila batekin tokia markatu nuen. Bost zentimetroko okerrik ere ez nuen izan".

1936ko gerran hildako bi gizonen gorpuak Ibargurenek esandako tokian bertan topatu zituzten, buruan tiro bana zutela. Euskal Herrian eginiko lehen deshobiratzea izan zen, ondotik etorriko ziren guztiei bidea ireki ziena. Gerran hil, edozein zulotan lurperatu eta desagerrarazitako milaka gorpu lur, lokatz eta harriz estalita egon dira urte luzetan. Zaldibian, lehen harria kendu zuten.

Hamalau urte geroago, eta gerra piztu zela 80 urte igaro direnean, Zaldibiako aurkikuntzaren protagonista izan zirenak elkartu ditu Hitza-k. Martin Ibarguren, batetik; Oroitz Etxabe, Zaldibiako garai hartako alkateordea (EH), bestetik; eta Juantxo Agirre, Aranzadiko idazkari nagusia, azkenik. Mahaiaren bueltan eseri, eta hiruren aurpegietan irribarrea ageri da, orduko anekdotak eta, batez ere, urduritasuna oroitzean. "Gu ez ginen kontziente aurkikuntza horrek gerora irekiko zuen bideaz. Ez genekien etorkizunean Zaldibiakoa hain garrantzitsua izango zenik", dio Agirrek.

Izan ere, mugarri izan zen Zaldibiako aurkikuntza: hurrengo urteetan egingo ziren lan ugariren lehen urratsa; gerora ezarriko ziren protokoloen abiapuntua; 36ko gerraren ikerketan eta memoriaren berreskurapenean erakunde publikoek eta, batez ere, Eusko Jaurlaritzak hartuko zuten konpromisoaren lehen harria.

Hain zuen ere, Jaurlaritzak abenduaren amaieran aurkeztu du 36ko gerrako hobien kokapena ikertzeko 2015-2020 aldirako plana, non orain arte egindako ikerketa lan eta deshobiratzeak jaso eta aurrerantzean egin beharrekoak aipatzen diren, lehentasunak eta jarraitu beharreko protokoloa zehaztuz.

Sagastian lurperatuta

Ibarguren ez zegoen etxean bi gizonak hil eta lurperatu zituztenean. "Ni fraidetan nengoen, baina aitak askotan hitz egin zigun horretaz. Guk ere galdetzen genion, eta etxeko eltzea baino hobeto ezagutzen genuen kontua". Datarik, ordea, ezin du zehaztu Ibargurenek. "Irail amaiera edo urria izango zen, aita eta bi arreba sagar biltzen ari baitziren. Metrailadore baten hotsa entzun zuten, eta aitak arrebari esan zion 'hemen ez zegon ezer onik, eta goazeman etxera'. Etxera iristerako, amari enkargua emana zioten. Bi hildako zeudela eta lurperatzeko, hortxe, bide ondoan".

Ibargurenen aita karlista zen. "Guk orduan ez genekien ezer, baina hala omen zen. Herri guztietan baziren gizon armatuak, ez dakit nik zein misiorekin, baina gure etxean beti egon zen fusil bat, eta munizioa. Somatenekoak esaten zitzaien".

Gaintzako bidearen hasieran zegoen tabernara joan, han apopilo zeuden bi mutilak hartu, erremintak, kandelak eta kinkeak prestatu —"orduan ez baitzegoen linterna eta halakorik"—, zuloa egin, eta hantxe bota zituzten bi gorpuak. "Erori bezala gelditu ziren, eta ondoren lurrarekin zuloa estali". Errepide bazterrean lurperatu beharrean, Jose Victor Ibargurenek sagastian lurperatu zituen. "Sagasti ederra zen, eta hobe hor kuneta zuloan baino".

Bi gorpuak urte luzetan "bizilagun" izan zituztela dio Ibargurenek, eta maiz pasatzen zirela tokitik. "Nabarmena zen non zeuden lurperatuta. Belarra ilunago hazten zen karratu horretan; izango da gorpuak zeudeneko lurrak beste era batera elikatzen zuelako belarra".

"Hemen ere bai"

Lurrak belarra bezala, gertakari hark kontzientza iluntzen zion Ibargureni. Hala, 2002an, telebistan ikusitako albiste batek bultzatu zuen pausoa ematera. "Ikusi nuen Leonen [Priaranza del Bierzo] atera zituztela gerra garaiko hamahiru gorpu, eta niri segituan mugitu zitzaidan barrua. 'Hara, Leonen atera dituzte? Ba, hemen ere badituk ba'. Eta, orduan, Lurdes Arteagari kontatu nion. Lurdes udaletxean aritzen zen, eta harreman handia genuen. Hark galdetu zidan, 'seguru al zaude?'. 'Egongo ez naiz ba seguru? Haien gainetik pasatu naiz ni gutxienik mila aldiz', erantzun nion".

Hortxe hasi zen Euskal Herrian Aranzadik egindako lehen deshobiratzearen ibilbidea. "Lurdes guregana etorri zen, eta Martinek kontatutakoa esan zigun. Guk, dudarik gabe, aurrera egin behar zela pentsatu genuen; behar ziren bitarteko guztiak martxan jarri eta Aranzadirekin jarri ginen kontaktuan", azaldu du Oroitz Etxabek. "Martin eta Lurdes, horiek izan ziren aurkikuntza hau ahalbidetu zutenak; udalak bere lana bete baino ez zuen egin, bidea eman genion eskaera bati".

Ibargurenek makila sartu zuen tokira 2002ko abuztuaren 15ean joan ziren lehendabizikoz udaleko kideak eta Aranzadikoak, eta deshobiratze lanak irailaren 9an hasi zituzten. "Bete-betean asmatu zuen: esandako tokian, hantxe bertan zeuden gorpuak", azaldu du Etxabek.

Hala ere, unearen larritasuna oso gogoan du Agirrek. "Guk beste daturik ez genuen, Martinen lekukotza bakarrik. Eta tokira joan ginenean, haiek zalantzak. Martinek, 'hau sagasti eder bat zen', eta guk pinuak eta sasiak bakarrik ikusten genituen. Eta pinudiek duten azidotasunarekin, pentsatzen genuen, 'jo, hemen ezer ez da agertuko'. Gero berari begiratzen genion, eta ikusten genuen ja adin bat bazuela, eta gure barruan, 'baina hau gogoratuko al da?'. Gainera, garai hartan mukizu bat zen, eta une hartan ez zegoen Zaldibian, Durangon baizik. Nolako dudak".

10:45 ziren. Ondo oroitzen du Agirrek noiz hasi ziren aitzurrarekin lurra mugitzen. "Eta mugitu genuen, eta ezer ez. 13:00, eta ezer ez. Nekatu ere egin ginen. Badakizu, baratzean inoiz ibili gabeko kalekumeak...". 15-20 minutuko geldialdi bat egin zuten. "Hura urduritasuna", oroitu du Agirrek. "Hala ere, zu ni baino lasaiago egongo zinen igual", erantzuna Ibargurenek. "Bai, Martin oso-oso urduri zegoen, bihotza atera beharrean". Aranzadiko arkeologo taldeko batek beste aitzurkada bat eman eta aitzurrak burezurraren kontra egindako hotsa entzun zuten arte. "Orduan bai, orduan lasaitu ginen".

Zalantzak Aranzadin

Deshobiratzeen kontua berria zen Aranzadirentzat, eta zalantza asko egon ziren Aranzadiko kideen arten ere bide horri ekin edo ez erabakitzeko. "EHUn historia eta arkeologia ikasi genuenoi sekula ez ziguten irakatsi posible zela arkeologia XX. mendeko aztarnekin egitea, Erdi Arora edo Historiaurrera joan gabe". Eta Aranzadin ere mota horretako lanak egin zituzten ordu arte. "Hori bai, bazegoen hezurrak lantzen-eta aritzen zen lantalde oso ona, Paco Etxeberriaren zuzendaritzapean aritzen zena".

Leonen, Priaranza del Bierzo herrian egin zuen talde horrek lehen deshobiratzea, 2000ko urrian. "Leondik laguntza eske deitu zuten Aranzadira". Orduantxe sortu ziren lehenengo zalantzak. "Kontu hau ofizialki oraindik ez zegoen batere egonkortuta. Gauza arrotza zen. 'Hobe gauzak dauden tokian uztea'. Aranzadi barruan egon zen kezka eta eztabaida puntu bat. Inork ez zituen gauza horiek egiten, ez zegoen dirurik. Eta gure tradizioa beste bat zen, Historiaurrea, etnografia... Lehenengo gogoeta izan zen: 'Ez sartu saltsa horietan, hor politika dago, diru laguntzak galduko ditugu...'".

Baina arkeologo talde bat bidali zuten Leonera, eta hamahiru gorpu aurkitu zituzten. "Eta estatuan oihartzun mediatiko izugarria izan zuen". 2002an Zaldibiako Udalaren eskaera jaso zutenean, lehen pausoa emana zuen Aranzadik. "Baina hemen aurrerapauso garrantzitsu bat eman zen: hemengo erakunde publiko batek deitu zuen Aranzadira, eta idatziz eskatu zuen gure laguntza". Hobia aurkitu eta ikertzeko lanari "halako ofizialtasun bat" eman zion horrek. "Eta prozedura eta metodologia bat osatu zen, egun erabiltzen denaren oso antzekoa: nork eskatzen dion nori, zergatik eskatzen den, zein pauso eman behar diren, ofizialki nola egin egin behar diren gauzak... Oso garrantzitsua izan zen, legearen eta epaileen mugak oso ilunak baitziren arlo honetan. Gu Zaldibiara babes instituzionala genuela jakinda joan ginen".

Agirrek oso garrantzitsutzat du babes instituzional hori. Zaldibiako hartan, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza ere jakinaren gainean zeuden, eta babesa "lehenengo momentutik" heldu zen. Urte bereko abenduan, Juan Jose Ibarretxe EAEko lehendakariak agerraldi instituzional bat egin zuen, memoria historikoa berreskuratzeko "politika aktibo bat" martxan jarriz; eta 2003aren hasieran elkarlanerako hitzarmena sinatu zuten Aranzadik eta Eusko Jaurlaritzak Araba, Bizkai eta Gipuzkoan ekiteko. "Zaldibiatik atera zen irudiak eta gertaerak zirrara eragin zuen euskal gizartean, eta euskal erakundeak mugitu egin ziren, heldutasun politiko handiarekin, Espainia aldean oraindik ere ez dagoena. Berehala jarri zen dena martxan, eta hortik aurrera eskaera gehiago etorri ziren udaletatik, eta zabaldu zen bide bat".

Ibarguren bezala, azaldu ziren lekuko gehiago, gerrako hobi gehiagoren berri emanez; eta horietan etenik gabe jardun du Aranzadik. Arrasaten, Kurtzetxikiko leizean egin zuten hurrengo arkikuntza, 2002an bertan. Agirreren hitzetan, bi gauza izan dira ezinbesteko orain arteko bidea egin ahal izateko. Batetik, erakunde publikoen inplikazioa eta babesa; eta, bestetik, aurrez ere talde on bat egotea, erakunde zientifiko bat, antropologo talde on bat, metodologia bat... Dena uztartuta, ibilbide luze bat egin ahal izan dugu". Euskal Herritik kanpo ere jardun du Aranzadik, laguntza ematen. "Baina baldintzak ez dira inondik ere hemen ditugunak; zailtasun handiekin ari dira, babes instituzionalik gabe".

Euskal Herrian, ordea, ibilbidea ez da amaitu. 2020ra bitarteko plana aurkeztu berri du Eusko Jaurlaritzak, Aranzadik gauzatuko duen plana; eta, bertan, identifikatuta dauzkaten hobietan ikerketa egitea aurreikusten da.

Paper zuritik amets moreetaraino

Paper zuritik amets moreetaraino

Milurteko hasierara egin behar da atzera, Tolosako Berdintasun Saila sortu zenekora itzultzeko. 2000. urtetik hona gizon eta emakumeen eskubideen balantzak orekaren alde egin duela dio Agurtza Zuberok, Tolosako Udaleko berdintasun teknikarietako batek. Baina, milurteko hasieran joera hori izanagatik, sendatu beharreko gaitza mendez mende gotortutako kate bat da, eta ia ezinezkoa da zuritik beltzerako aldaketak sortzea: "Gure lana, neurri batean, astuna da: zaila da emaitzak ikustea, baina egoera aldatu da".

Besteak beste, emakumeek "gero eta gehiago" salatzen dute indarkeria matxista, gizarte zerbitzuetara joz, eta udal barruko lanetan berdintasuna "ezinbesteko irizpide izatea" ere aurrerapausotzat dute teknikariek. Lorpen zerrenda horri, gainera, azken urteotan jabetze eskolaren proiektuak izandako gorakada ere gehitu diote. Horrela, urtez urteko garapen horrek utzitako uberari argazki bat atera, eta, iraganeko lanaren emaitzak oinarri hartuta, Tolosako III. Berdintasun Plana ondu berri dute orain; hurrengo urteetarako bide orria izango da.

Zertarako balio du, ordea, berdintasun plan batek? Hainbat herritarren buruan errepikatutako oihartzuna izan liteke galdera hori; paper zuriaren gainean idatzitakoak, sarri, kontu abstraktu suerta daitezke. "Guretzako bide orri bat da, bost urterako egitasmo bat. 2015. urtean hasita, 2020. urtera bitarteko helburuak ezarri ditugu, Tolosan, emakumeen eta gizonen berdintasunaren esparruan; eta helburu horietara iristeko neurri zehatzak proposatu ditugu".

Proiektu guztietan bezala, berdintasun plan bat idazteko ere behar-beharrezkoak dira sukalde lanak. Bada, epe ertainera begirako egitasmo horretan, 2008. urtean Tolosan onartutako berdintasunerako udal ordenantza izan da abiapuntua, eta hortik abiatu dute udalerriko gaur egungo genero diagnosia: "Norbanakoekin eta eragileekin elkarrizketak egin ditugu, eta bi saio ere bai, hainbat herritarren laguntzaz. Bilkura horietako informazioarekin batera, ordea, datu bilketa xehetua egin behar izan dugu". Eta hori izan da lanik gogorrenetakoa, urtebeteko jardunean: "Hainbatetan ez zegoen sexuaren arabera banatutako daturik, eta, kasu horietan, Eustatera jo dugu".

Ikusezin bezain garrantzitsu

Ia beti, indarkeria matxistaren eta lan egoeraren inguruko datuek hartu ohi dituzte komunikabideetako lerroburuak, berdintasuna hizpide denean. Eguneroko bizitzan, ordea, badira itzalean geratzen diren beste hainbat zenbaki; horiek azpimarratu nahi izan ditu, hain zuzen, Zubero teknikariak. Hirugarren adinekoen kasuan, adibidez, emakumezkoak dira nagusi eguneko zentroetan. Aldiz, osasun mentaleko eta gizarteratzeko zentroetan, gehienak gizonezkoak dira.

Gizarte zerbitzuetatik euskarara jauzi eginez gero, berriz, bada paradoxa txiki bat: emakumezkoek gehiago erabiltzen dute euskara, baina, era berean, Tolosako Aitzol udal euskaltegiko ikasle gehienak emakumezkoak dira: "Galtzaundi bezalako euskara taldeetan, ordea, gizonezko gehiago dago; parte hartze publikoan emakumezkoak gutxiengoa diren seinaleetako bat da hori".

Dena den, datu bilketa orokorraren gainean lupa nonbait jarri beharko balute, landa auzoetako emakumeen egoerari begiratzeko erabiliko lukete Tolosako berdintasun teknikariek. Gipuzkoako Foru Aldundiko Nekazaritza eta Landa Garapeneko Zuzendaritza Nagusiak emandako datuak baliatu dituzte, eta zenbakiek argi diote nekazaritza eremuetako ustiategien jabetza gizonezkoena dela: "Landa auzoetako emakumeek autonomia falta dute, eta zaintzaren inguruan oso lotuta daude, gainera".

Lau ardatz eta eskari bat

Txosten mardula da berdintasun plana, eta milaka datuk osatzen dute haren mamia. Datu hutsekin ez da aurrerapausorik ematen, ordea, eta, ikusi eta neurtutakoa aldatzeko, lau bide nagusitatik egingo dute saiakera: genero zeharkakotasuna; jabetzea eta parte hartzea; zaintza eta bizitzaren iraunkortasuna; eta, azkenik, indarkeria matxistarik gabeko ingurunea.

Tolosako Berdintasun Saila lanean ari da jada, eta bost urteko atzerako kontuan buru-belarri sartu dira, Tolosako gizartea berdinzaleago bilakatze horretan. "Jabetze arloan, esaterako, neurri bat izan daiteke jabetze eskolako urteko ikastaroak prestatzea, eta baita Guretzako emakume atzerritarren taldearekin lanean hastea ere", azaldu du Zuberok.

Bide beretik, "jauzi kualitatibo bat" eman nahi dute, emakumezkoen parte hartze soziopolitikoa bultzatuz: "Orain arte antolatu izan ditugun jarduerak gorputzarekin eta autoestimuarekin oso lotutakoak izan dira, oro har, baina harago joan nahi dugu, emakumeen ahotsa herrian eta udalean entzun dadin".

Ideia berriz eta asmo onez mugi daiteke mundua, baina, tamalez, baliabide ekonomikoak behar dira gainerako balioen aldamenean, zerbait lortuko bada. Berdintasun politikekin ere gauza bera gertatzen da, eta Emakunderen diru laguntza bati esker —15.000 euro— gauzatu ahal izan du III. plana Tolosako Berdintasun Sailak.

Zuberok, dena dela, argi dauka "borondate politiko handiagoa" behar dela, mendeetan belaunaldiak lotu dituen kate pisutsu hori apurtzeko: "Urtez urte aurrekontu handiagoa izaten da berdintasun politikak garatzeko, baina, gure helburuetara benetan iristeko, babes zabalagoa eta benetako borondatea behar ditugu; eta, zer esanik ez, biolentzia matxistaren arazoari muinetik heltzeko".

“Gazteen jarraipenaren araberakoa izango da etorkizuna”

J. F.
Erromerien usadioak bizirik dirau Aiako Andatza auzoan. Arrakastaren giltza ez da izan kasualitatea; Aristerrazuko Erromeria Elkarteko kideak arduratzen dira asteroko zita antolatzeaz, eta elkarte horretako partaide da Juan Mari Azkue (Aia, 1955)...

[Herriz herri] Aia: Herrigunetik haratago doana

[Herriz herri] Aia: Herrigunetik haratago doana

GIPUZKOA BATETIK BESTERA. Hamabi auzok eta herriguneak osatzen dute Aia, Gipuzkoa iparraldeko herria. Berezitasunak baditu: hiru biztanletik bi inguruko auzoetan bizi dira. 2016ko udal aurrekontuak onartzeko esperoan, eskolaren eraikin berria dute jo...

Izatekotan, bertso ziklogenesia

Izatekotan, bertso ziklogenesia

Zazpi Eskaleren 1995eko diskoa, Pedro Mari Otaño eta Jorge Oteizaren esanak, domino jokoak, magoak, kameleoiak... Askotariko gai eta diziplinak batu ditu azken urteetako Bertso Egunak, baina, izenak dioen bezala, Bertso Egunean "bertsoak behar du zentro". Jon Agirresarobe (Orio, 1983) Bertsozale Elkarteko ordezkariarentzat "urteko saiorik bereziena" da, eta uste du urteen joanarekin lortu dutela saioa "denen neurrira" egokitzea. Bihar, egun osoan, 28 bertsolarik parte hartuko dute Bertso Egunaren barnean izango diren hiru saioetan. Ekitaldi nagusitik haratago, hainbat berrikuntzarekin dator aurtengoa, goizeko eta gaueko saioei dagokienez.

Kaleko ohiko poteoa jaialdi formatuko saio batek ordezkatuko du eguerdi partean. Emanaldia musikatua izango da, gainera. "Beti geunden halako zerbait egiteko gogoz, batik bat baldintza meteorologikoak kaskarrak izaten direlako: ziklogenesiak tokatu zaizkigu, haizeak eraman gaitu ia...". Aurtengo neguak beste itxura bat daraman arren, saioa barrura eramateko aukera aprobetxatu dute, eta "goxotasun bila" joan dira. Formatoa ere ezohikoa izango da. Saioa musikatua den arren, bertsolariak ez dira musikatuta ariko: gai-jartzaileek izango dute musikarien laguntza.

Gaueko ekitaldiari dagokionez, berriz, Kursaalak hartuko du jaia berriro. Bi urte zeramatzaten Manteo kiroldegian egiten, baina Kursaalera buelta eginda "erosoagoa" izango dela uste du Agirresarobek. Eskaintzera doazena ere "handia" izango da: bat-bateko bertsoak eta jarriak; sei bertsolari ariko dira lehenengoetan, eta bost bigarrenen partean.

Azken urteetan bezala, arratsaldeko saioa Kursaalean izango da. Hamar bertsolari oholtzan, Aitziber Garmendia aurkezle, eta 2zio taldearen bi kantu: azken diskoko abestia bata, eta egunerako propio osatutakoa bestea.

Irail aldera hasitako prestaketei azken osatuak eman dizkiete asteotan Bertsozale Elkarteko kideek. Sustapen taldeaz gain, urtero taldetxo bati ematen diote ekitaldiaren gidoia osatzeko ardura. Aurten, Eneko Lazkoz, Urko Casado, Aitor Sarriegi eta Aitor Mendiluze aritu dira. "Gustatzen zaigu Kursaalean kantatzea zer den dakien jendea egotea taldean, gauza berezia delako". Gaia bera ere sustapen taldearekin batera adostu dute. Aurtengoa: bertsolariak antolatzailearen deia jasotzen duenetik oholtzan gaia entzunda kantuan hasi bitartean hartu beharreko erabakiak. "Izan daitezke hartu beharreko erabakiak, edo hartu ahal dituenak, edo hartzeko geratzen direnak...". Agirresarobek dioenez, "bertsogintzatik datorren gai bat" hartzen saiatzen dira, edo gizartean puri-purian dagoen gai bat. "Badakigu indar gehiena bertsogintzatik datozen gai horiek izango dutela, eta oso kontziente gara bertso saio bat egin behar dugula". Gainera, bertsolari talde erakargarria osatzen ahalegintzen dira urtero; kontuan hartzen dute adin ezberdinetakoak izatea, herrialdeen arteko oreka... "Eta ustez jarritako ariketei ondo erantzungo dieten bertsolariak, noski".

Kursaalaren baliabideak

Saioa egiten den tokiak ere badu berezitasuna eta garrantzia: "Kursaalak asko markatzen du". Baliabide aldetik, beste saio batean ez dauzkaten baliabideak eskaintzen dizkie; dena den, Agirresarobek argi du bertsolariei bertsotarako baldintzak eman behar dizkietela: "Inprobisatzen dugu, baina neurrian; laborategia egiten dugu, baina neurrian".

Hori horrela, "oholtzaren neurriko espektakulu bat" emateko lan egiten du elkarteak: "Azken urteetan txip hori badugu; erabiltzen ditugun baliabideak ez dira soberakoak; hor daude ariketari ondo datozkiolako. Ez da esatea: 'Zerbait handia egin behar dugu, eta erabil dezagun hau edo bestea'". Kursaalaren aurretik, Viktoria Eugenian izaten zen ekitaldi nagusia; Astoria antzokian, Karmelo Baldan eta Anoeta pilotalekuan ere egin izan dituzte saioak.

Harrera ona izan ohi du Bertso Egunak ikusleen aldetik; "askotan betetzen da, eta betetzen ez bada, hortxe-hortxe". Agirresarobek dioenez, badu bere publikoa, kontsolidatua. Eta tartean dira oso bertsozaleak direnak eta bertsolaritzari hain lotuak ez direnak, urtean hainbeste saiotara joaten ez direnak. "Gustuko saioa izaten da; normalean iritzi zorrotzagoa izaten du bertsolaritzari jarraipen handiagoa egiten dionak, baina hori beste edozein kasutan ere hala izaten da".

"Urte guztian zain"

1968ko urtarriletik, San Sebastian Egunaren bueltan egin izan da Bertso Eguna Donostian; urtero, 1970 eta 1980. urteetan izan ezik. Lehenean "emergentzia egoera" ezarria zegoen; 1980an, berriz, urte horretako Bertsolari Txapelketa Nagusiko azken saioa Donostian jokatu zen, eta besterik ez egitea erabaki zuten, nahikoa zelakoan.

Antolaketaz Kultur eta Turismo Ekintzetxea arduratu zen hasieran. Bertsolarien Omenaldiak izenarekin, plazetan zebiltzanak omenduz hasi ziren; "bat, bi eta hiru ere bai, noizbait".

Txomin Garmendiak, 1967ko Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa irabazitakoak, hala gogoratu zituen 2007an Bertso Egunaren lehen aldiak: "Urte guztian egun orren zai egoten ziran senar-emazte pranko baziran; nolaz gelditu aurreko urtean berak aukeratutako bertsolaria besarkatu gabe?". Hala zioen, lehen urte haietan entzuleek aukeratzen zituztelako omenduak: sarrera txarteletan jartzen zuten hurrengo urteko omenduaren izena. Manuel Olaizola Uztapide izan zen lehen omendua; zerrenda horren parte dira, besteak beste, Fernando Aire Xalbador, Manuel Lasarte, Mattin Treku eta lñaki Eizmendi Basarri ere.

Bertsozale Elkarteak bilduta daukan informazioaren arabera, ordea, oso gazterik omentzen zituzten bertsolariak, eta hori ez zen oso begi onez ikusten bertsolarien aldetik. 1981etik aurrera, beraz, batzorde batek hartu zuen omenduak aukeratzeko ardura, uste baitzuten ez zela bidezkoa bertsolari gazteak omentzea, "eta, aldiz, bertsolari izandako eta erretiratutako bertsolariez ahaztea". Ordutik aurrera, Bertsolari Eguna izena eman zioten, harik eta Bertsozale Elkarteak Bertso Egunaren gidaritza hartu zuen arte —Donostia Kulturaren lankidetzarekin betiere—.

1990eko hamarkadan norabidea aldatzea proposatu zuen elkarteak. "Eguneratze bat" behar zuela sinetsita, helburu berriak jarri zituzten; hala nola orduko bertsogintzaren aldaketak islatzea, esperimentatzea, kanpoko esperientziak ezagutaraztea... Eta hortik etorri ziren Zazpi Eskaleren 1995eko diskoa, Pedro Mari Otaño eta Jorge Oteizaren esanak, domino jokoak, magoak, kameleoiak...

 BERTSO EGUNA

Honako hauek dira biharko Bertso Egunean izango diren saioak eta parte hartuko duten bertsolariak:

Saio musikatua

12:00etan, Picachilla garagardotegian (Kursaal parean). Sarrera, doan. Bertsolariak: Ane Labaka, Maialen Lujanbio, Beñat Gaztelumendi eta Miren Amuriza. Parte hartzaileak: Rosi Lazkano, Nerea Elustondo, Estitxu Eizagirre, Idurre Eskisabel, Eñaut Asurabarrena, Arkaitz Goikoetxea eta Ainhoa Agirreazaldegi.

Ekitaldi nagusia

18:00etan, Kursaaleko areto nagusian. Sarrera arruntak, 18 euro. Bertsolariak: Unai Iturriaga, Andoni Egaña, Oihana Iguaran, Etxahun Lekue, Fredi Paia, Xabier Terreros, Jon Maia, Oihana Bartra, Julio Soto eta Agin Laburu. Aurkezlea: Aitziber Garmendia. Odei Barroso bertsolariaren 2zio taldea zuzenean ariko da.

Afaria eta festa

21:00etan, Kursaalean. Ekitaldirako sarrera eta afaria: 45 euro. Bat-bateko bertsoak eta prestatutakoak tartekatuko dituzte. Bertsolariak: Amets Arzallus, Unai Mendizabal, Xabi Igoa, Onintza Enbeita, Alaia Martin, Eli Pagola, Maddalen Arzallus, Eneritz Artetxe, Iker Zubeldia, Jexux Mari Irazu eta Unai Agirre. Alaitz Rekondok gidatuko du saioa. Aurrez afaria izango da. Menua: entsalada, txanpiñoiak, bakailaoa ajoarriero erara, arrain zopa, arkume errea patata purearekin eta arroz esnea. Edariak, txotxa eta kafea.

Sarrerak

Arratsaldeko ekitaldi nagusirako eta afarirako sarrerak www.bertsosarrerak.eus helbidean eskura daitezke. Geratuz gero, bihar ere salgai jarriko dituzte Kursaaleko leihatilan, arratsaldean, 16:00etatik aurrera.

Adin ertaineko gizona eskean dago

Adin ertaineko gizona eskean dago Kutxabankeko bulego baten atean. Lurrean jesarrita dagoelako eta kartel bat duelako aurrean, bestela inork ez luke esango eskalea dela, bere itxura arrunta baita. Dagoen lekutik beste ikuspuntu bat du, literalki lurre...

“Irakurketa errazeko irizpideei jarraitu diegu elikadura gidan”

“Irakurketa errazeko irizpideei jarraitu diegu elikadura gidan”

Ordiziako D'elikatuz zentroak hamar urte daramatza elikaduraren eta jarduera fisikoaren inguruan herritarrak sentsibilizatzen eta hezten. D'elikatuz gidak izaten dira horretarako baliabideetariko bat. Orain, zazpigarren gida kaleratu berri du, eta adimen urritasuna dutenak hartu ditu kontuan. Idoia Noain D'elikatuz zentroko nutrizionistaren esanetan (Ordizia, 1974), elikadura egokia eta jarduera fisikoa sustatu nahi dituzte haien bizi kalitatea hobetzeko. Ana Elbusto sendagile nutrizionistaren, Aritz Aranbarri haur-neuropsikologoaren eta Sasoian kirol zentroaren laguntza izan du D'elikatuz-ek.

D'elikatuz Bizi kanpainaren azken gidan, adimen urrikoak hartu dituzue kontuan. Zergatik? Zein berezitasun dute?

Osasuna sustatu nahi dugu, bai elikadura aldetik, eta bai ariketa fisiko aldetik. Urtero publiko desberdinengana iristen saiatzen gara: gazteak, lan eremuan daudenak, erretiratuak... Aurten, urritasun intelektuala dutenak aukeratu ditugu. Gida berri hau formatuagatik da berezia, irakurterraza baita. Ematen diren mezuak ez dira berriak; biztanleriari orokorrean iritsi beharreko mezu garrantzitsuenak ematen dira, baina irakurketa errazeko irizpideei jarraitu diegu. Letra gutxi, oso erraz ulertzekoa, marrazkiak....

Eduki aldetik, nola banatu duzue gida?

Dekalogoa egin dugu, D'elikatuz-ek hamar urte bete dituelako. Elikadurari eta ariketa fisikoari buruzko gomendioak ematen ditugu, tartekatuta. Bukaeran, atal psikologikoa lantzen duten gomendioak ere badaude.

Elikadurari dagokionez, zer azpimarratuko zenuke?

Lehenengo eta behin, egunean bost otordu egin behar direla. Baina, askotan, eguneko lehenengo otordutik hasten dira okerrak, gosaria baita otordu guztietan garrantzitsuena. Bost otordu egitea bezain garrantzitsua da eguneko aurreneko erdian —gosaria, hamaiketakoa eta bazkaria— bigarren erdian —askaria eta afaria— baino gehiago jatea.

Bestetik, frutaren eta barazkien garrantzia: hiru fruta eta bi barazki anoa jan behar dira egunero. Azkenik, elikadurarekin lotuta, ondo hidratatzearen garrantzia nabarmendu nahi dugu. Ura da garrantzitsuena, baina badaude beste likido batzuk: zukuak, saldak eta infusioak, adibidez.

Jarduera fisikoaren inguruan, zein aholku bete behar dira?

Gorputza mugitzearen garrantzia azpimarratzen dugu. Alde batetik, ariketa aerobikoak daude, eguneko martxan egiten ditugunak: lanera oinez joatea, eskailerak oinez jaistea edo igotzea... Eta, bestetik, giharrak indartzeko ariketak daude. Azken finean, denborarekin muskulatura galduz goazelako. Galera hori egiteko garrantzitsua da indar ariketak ere egitea.

Eta alde psikologikoari dagokionez?

Ariketa fisikoa lagunekin egitea garrantzitsua da, dibertigarriagoa izateaz gain ohitura bihurtzea errazagoa izango delako eta jendearekin egoteak psikologikoki ondo sentiarazten gaituelako.

Segidan aritzea izaten da askotan zailena, ordea.

Bai, eta, horretarako, ekintza horiek guztiak gure ohituretan sartu behar ditugu. Ez dugu ezer ere lortzen egun batean gauza bat egin eta hurrengoan ez badugu egiten. Jokaera on bat ohitura berria bihur dadin, hiru astean errepikatu behar da. Beti egitura bera izatea komeni da. Eta norbait lagun hartuta egiteak ere laguntzen du.

D'elikatuz-en bisita asko izaten dituzue, adin tarte guztietako herritarrenak. Jendeak kontuan hartzen ditu gomendio horiek?

Asko orokortzea da, baina egia da gazteek gero eta barazki eta fruta gutxiago jaten dituztela. Zerealak eta koilararekin jan beharrekoak ere gero eta gutxiago jaten dituzte. Bestetik, geroz eta gehiago kontsumitzen ditugu aurrez prestatutako janariak. Horrelako gauzak tarteka ez daude gaizki, baina dituzten koipeengatik ez da komenigarria egunero hartzea. Aurrez prestatutako janariei buruz ari naizenean, ez naiz pizzei buruz bakarrik ari. Gosarian, ume gehienek esnea kakaoarekin eta gailetekin edo madalenekin hartzen dute. Eta horiek ere arazo bera daukate.

Gizartea sentsibilizatzen ari da?

Nire esperantza da jendea gero eta gehiago kontzientziatuko dela. Ea berriz lehenagokora itzultzen garen. Izan ere, orain dela 50 urte hemen oso ondo jaten zen. Nik uste dut okerrenean egon garela, eta pixkanaka buelta ematen hasi garela. Presaka bizi gara, baina aurreikuspenean, planifikazioan dago gakoa.

Asteko menu bat egitea, adibidez, lagungarria da?

Bai, noski. Eta asteko plan hori egiteak laguntzen digu erosketetara zerrenda itxiarekin joaten. Erosketako tartea oso-oso garrantzitsua da elikadura osasuntsu baterako, erosten dugunaren arabera elikatzen baikara gero.

Gidaren 2.000 ale argitaratu dituzue. Non eskura daiteke?

D'elikatuz zentroan bertan eskura daiteke, eta, Interneten, www.delikatuz.com eta www. gipuzkoa@delikatuz.com webguneetan. Ahalik eta zabalkunderik handiena emateko, banaketa Goyeneche Fundazioarekin, Gautenarekin eta Aspacerekin egingo dugu.