gipuzkoa

Ekainaren 19ra arte, zazpi hilabete antolaketarako

Goierritarrek elkarrekin eta elkarlanean egingo dute herri galdeketa antolatzeko prozesua. Azarotik otsailera bitartean, herrietan sinadura bilketak egingo dituzte, herri galdeketa "berme osoz" egingo dela ziurtatzeko. Biztanleriaren arabera gutxienek...

Goierrin pausoa emateko unea

Goierrin pausoa emateko unea

1. Ekainaren 19an erabakitzeko eskubidearen herri galdeketa egingo da Goierrin. Zer iruditzen zaizu?2. Zergatik da garrantzitsua?3. Zein mezu emango zenieke goierritarrei, bai antolaketa lanean aritzeko, bai egunari begira?Ilusioa. Horixe izan zen jo...

Ibilbideak eraman ditu Madrilera

Hasi da hauteskunde kanpaina. Abenduaren 20an hautatuko dira Espainiako Kongresuko eta Senatuko eserlekuak beteko dituzten ordezkari politikoak. Gipuzkoan, 11 hauteskunde zerrenda aurkeztu dira —EAJ, EH Bildu, PSE-EE, PP, Podemos Ahal Dugu, Ciudadanos, UPD, PACMA, Recortes Cero-Grupo Verde, Orain Batera, Libertate Nafarra—, baina, hasiera batean, horietako bostek bakarrik izango lukete diputaturen bat edo gehiago eskuratzeko aukera.

Sei eserleku daude jokoan, eta ikusteko dago nola banatuko diren. 2011ko hauteskundeetan Amaiurrek irabazi zituen sei eserlekuetako hiru, eta EAJ, PSE-EEk eta PPk bana eskuratu zuten. Orain lau urte, Amaiurrek (129.655 boto) abantaila handia atera zion EAJri (83.445 boto), baina ikusteko dago bi alderdi horien bilakaerak maiatzeko udal eta foru hauteskundeetako emaitzen norabidea jarraitzen duen, EAJ gailendu baitzitzaion EH Bilduri, boto kopuruan oso paretsu egon arren.

PPren beheranzko joerak ere zalantzan jartzen du eserlekua lortzeko gai izango diren; eta Podemos Ahal Dugu-ren sarrerak kalte egin diezaieke popularrei.

Birziklatze tasei eustea espero dute Bergaran eta Eskoriatzan

Birziklatze tasei eustea espero dute Bergaran eta Eskoriatzan

"Orain arte, inposatutako sistemarekin, diotenez, %75era iritsi bagara, borondatezko sistemarekin zergatik ez? Bosgarren edukiontziak ez du esan nahi anarkia absolutua". Hondakinen bilketa sistemaz ari da Joserra Zubizarreta Eskoriatzako alkatea (EAJ). Herrian kontsulta egin berri dute, eta atez atekoaren ordez bosgarren edukiontzia jartzea hobetsi dute herritarrek. Berdin egin dute Bergaran, eta iritzi berekoa da Juanje Alberdi alkatea ere (EAJ): "Inportanteena da jendeak nola egiten duen etxean sailkapena; ondo egiten badu, gero ez da hain garrantzitsua zintzilikarioak edo edukiontzia jartzea. Bosgarren edukiontziarekin gutxienez emaitzak berberak izan beharko lirateke".

Eskoriatza eta Bergarako alkateak pozik agertu dira herri galdeketak utzitakoarekin, bai emaitzaren aldetik, baita herritarren parte hartzearekin ere —%54koa Bergaran eta %59koa Eskoriatzan—. "Prozesua ez da azkar joan, eta, hala ere, pazientzia osoz itxaron dute herritarrek; jarrera oso positiboa izan da", dio Zubizarretak. Eskoriatzan, hiru aukeraren artean bozkatu zuten: bosgarren edukiontzia babestu zuten %67k (1.300 lagun), atez atekoa %29k (566) eta sistema mistoa %3k (59). Bergaran, berriz, 6.668 herritarrek parte hartu zuten herri kontsultan, eta 4.132 lagunek bozkatu zuten bosgarren edukiontziaren alde (%62). Atez atekoa, berriz, 2.506 bergararrek babestu zuten (%38).

Dagoeneko hasi dira sistema berria ezartzeko lanetan Eskoriatzan. Gaur egun, herrigunean atez ateko sistema dute, eta auzoetan, birziklatze guneak. Zubizarretak azaldu duenez, non eta nola jarriko dituzten zehazten hasiko dira lehenik, eta behin gauza horiek finkatzen dituztenean, "kontraste lan bat" egingo dute herritarrekin. Gabonak tartean izan arren, gehienez martxo bukaerarako ezarrita eduki nahi dute bosgarren edukiontzia.

Prozesuan udaleko alderdi politikoen artean izan den adostasuna nabarmendu du Zubizarretak. Ordezkaritza duten alderdi guztiek aho batez erabaki zuten galdeketa egitea irailaren 22an: "Nahiz eta bukaeran pixka bat trakestu, adostasunak erraztu du gauzak hobeto bideratzea". Herritarren aldetik, askotariko iritziak jaso dituzte galdeketa egitearen kontura; batzuek "haserre" ere hartu zuten udal gobernuaren asmoa: "Uste zuten hauteskundeak irabazi genituenez nahikoa eskubide geneukala aldatzeko. Hasieran nahiko pedagogia egin behar izan genuen esateko ezetz, guk garbi esan genuela herri galdeketa egingo genuela, eta horretan ateratzen zena beteko genuela". Zubizarretak dioenez, oso garrantzitsua izan da herritarrek eurek zer nahi duten erabaki ahal izatea: "Eskoriatzak irabazi duena da guk geuk erabaki dugula zer nahi dugun". Dioenez, gainera, kontsultan ateratako emaitzak ez du "inolako eztabaidarik" zabalik uzten, eta konfiantza du herritarrek berdin birziklatzen jarraituko dutela: "Zer nahi duten erabaki eta gero, pentsatzekoa da ez dela aldrebeskeriarik egongo. Jarraipena egingo dugu, noski, eta ikusten badugu helburuak ez direla betetzen, garbi dago lan dezente izango dugula hori betearazteko".

Bergaran ere, martxan

Bergaran bilketa sistema mistoa izan dute orain arte: organikoa eta errefusa atez ate jasotzen dute, eta gainontzekoa, edukiontzi bitartez. %77-82 inguruan dago orain tasa. Galdeketaren ondoren, herri guztian bosgarren edukiontzia jarriko dute. Alberdi alkateak azaldu duenez, orain barneko batzordeetan landuko dute gaia, gero osoko bilkuran onartuko da, eta ondoren mankomunitateari jakinaraziko diote eredua aldatu nahi dutela. "Azken horrek hartu behar ditu neurriak aldaketa egin ahal izateko, eta 2016ko lehen hiruhilekoan espero dugu martxan izatea".

Galdeketarekin "nabarmen" gelditu da herritarren nahia zein den, Alberdiren ustetan: "Inportantea zen parte hartzea, emaitzak legitimitatea izateko, eta ikusi dugu jendeak benetan hori nahi zuela. Ikusten da horrelako prozesuak erabilgarriak direla udal mailan hainbat gai kontsultatzeko". 2013tik eztabaida eragin du herrian hondakinen bilketak, eta udal gobernuak garbi zuen galdeketa egingo zuela: "Argi ikusten genuen azken bi urteetan kalean eztabaida izan duen gai bat izan dela; hauteskundeak irabazi eta eskumena genuelako guk erabaki izan bagenu, gaia ez litzateke zeharo amaituko".

Prozesuaren hasieran, akordio bat lortzeko proposamena egin zion EAJk EH Bilduri, baina, Alberdik dioenez, koalizioak baztertu egin zuen, eta orduan planteatu zuen udal gobernuak kontsulta egitea. "Sozialistak zioten ez genuela zertan kontsulta egin, eta Irabazikoak kontsultaren alde agertu ziren".

Galdeketako aukeren artean ere desadostasunak izan ziren; bilketa sistema mistoa jarri beharrean, atez atekoa jarri zuten aukera gisa. EH Bildu eta Irabaziren ustez, ez zen egokia izan aukeretako bat atez ateko bilketa izatea, jendea "nahas" zezakeelako.

Plaza bete eskusoinu, 40 urte beteta

Plaza bete eskusoinu, 40 urte beteta

1975eko apirilaren 20an, duela 40 urte antolatu zuen lehenengo akordeoi lehiaketa Gipuzkoako Konfederakundeak, Tolosan. Eskusoinua "indartzea" zuten orduan helburu, eta, urteekin, sendotuz eta hedatuz joan da hauspoa. 1988tik aurrera Arrasatek hartu zuen lehia, eta 1992an nazioarteko musikariei ireki zizkion ateak, Arrasate Hiria izenarekin. Egun, erreferentziazko jaialdietako bat bilakatu da soinu jotzaile gazteentzat. Gaurtik igandera bitarte, "munduko akordeoi hiriburu" bilakatu da Arrasate. Hirurehun musikari baino gehiago bilduko dira herrian, hiru txapelketatan: Arrasate Hirian, Gipuzkoako Akordeoi Jaialdian eta Gipuzkoako Akordeoi Lehiaketan.

Hamahiru musikari ariko dira Nazioarteko 23. Arrasate Hiria Lehiaketan —euskal herritarrik ez dago—. Gaur jokatuko dituzte kanporaketa faseak, Amaia antzokian; igandean, berriz, azken fasea izango da, eta 20:00etan banatuko dituzte sariak. Ekitaldi horretan, Oroitz Maiz soinu jotzaile gabiriarra omenduko dute —otsailean hil zen—. Gipuzkoako hainbat lehiaketatan aritu zen, bai parte hartzaile, bai antolaketa lanetan.

Akordeoi jotzaileen artean bezala, epaimahaikideen artean ere izen handiko musikariak daude. Antolakuntza saiatzen da bi urte baino gehiago jarraian ez ekartzen, Aitor Furundarena Hauspoz Euskal Herriko Akordeoi Elkarteko lehendakariak aurkezpenean azaldu duenez. Aurten, hauek izango dira epaileak: James Crabb (Eskozia), Stefan Hussing (Alemania), Vojin Vasovic (Serbia), Iñaki Alberdi (Euskal Herria) eta Matti Rantanen (Finlandia).

Haur eta gazteen saioak

Musikariek elkar ezagutzeko plaza zabala izango da Arrasate. Nazioarteko lehiarekin batera, beste bi topaketa ere izango dira, ohi bezala: akordeoi jaialdia eta akordeoi lehiaketa.

Jaialdian 267 haur eta gazte ariko dira, igandean. Lehia gabeko saioa da, "ikasleentzako lehenengo hurbilketa". Horren bitartez, aukera eman nahi diete akordeoiarekin lehenengo urratsak egin dituzten haurrei eta ikasketa sakonago batera hurbiltzen ari direnei. Hiru gunetan egingo dute, goiz eta arratsaldez: Amaia antzokian, Kulturaten eta Arizmendi ikastolan.

Gipuzkoako Lehiaketan, berriz, 25 gazte ariko dira bihar, Amaia antzokian eta Kulturaten. akordeoi ikasle edo jotzaileentzat da, eta hiru mailatan lehiatuko dira: haurren mailan —13 urte artekoak—, gazteenean —14tik 17 urtera artekoak— eta senior mailan —18 urtetik gorakoak—.

Txapelketa eta jaialdietatik kanpo, beste zenbait saio ere izango dira egunotan. Arrasate Hiriko iazko irabazleak, Marko Sevarlic serbiarrak, hainbat kontzertu emango ditu: gaur, 20:00etan, Arrasateko kultur etxean; bihar, 20:00etan, Aretxabaletako kultur etxean; eta igandean, Donostiako Kutxako Andia aretoan, ordu berean.

Berrikuntza modura, interprete eta akordeoi irakasleentzako ikastaro bat antolatu dute. James Crabbek emango du, hilaren 7 eta 8an, Kulturaten —Arrasate Hiria lehiaketan epaile izango da—. Akordeoi klasikoak "munduan dituen enbaxadore garrantzitsuenetako bat" da Crabb, antolakuntzaren arabera.

MARIAN BEITIALARRANGOITIA: Hernanitik Madrilera, Gasteiztik barrena

Hernaniko alkategai gisa egin zuen Marian Beitialarrangoitiak (Legazpia, 1968) politikagintzarako jauzia. Ezker abertzalearen legez kanporatze garai latzenetan, auzitegiek baliogabetu ez zituzten EAE-ANVko hautagaitzetako batean zerrendaburu joan zen. Hernaniko alkate jardun zuen 2007tik 2011ra.

Alkate zela, 2008an egindako adierazpen batzuen harira auzipetu eta epaitu egin zuen Espainiako Auzitegi Nazionalak. Igor Portuk eta Mattin Sarasolak Guardia Zibilaren esku sufritutako torturen harira, haientzako "txalo zaparrada" eskatzeagatik zigortu zuen Auzitegi Nazionalak; baina Gorenak absolbitu egin zuen gero.

Lanbidez kazetaria da Beitialarrangoitia. Egin irratian aritu zen esatari, 1998an Auzitegi Nazionalak hura itxi zuen arte. Euskadi Irratian aritu zen gero, eta EITBko langile batzordeko kide ere izan zen garai hartan. Alkategai aurkeztu zenean ordezkatu zuen kazetaritza politikagatik, eta egun eszedentzian dago.

2011ko udal eta foru hauteskundeetan ez zen aurkeztu —EAE-ANV legez kanporatuta zegoen ordurako—, baina, hauteskundeen ostean, Gipuzkoako Foru Aldundian Martin Garitano ahaldun nagusiaren komunikazio buru izendatu zuten. Horretan aritu zen, 2012ko Eusko Legebiltzarreko hauteskundeak arte. Ordutik, Bilduko legebiltzarkide izan da Beitialarrangoitia, Gasteizen.

Twitter kontuaren bidez bere jardun politikoaren berri ematen du Beitialarrangoitiak maiztasunez.

Zabaldu, itxi, eman… ikasi

Zabaldu, itxi, eman… ikasi

Hogei ordurekin asko jasotzen dugu; urtebete izanez gero, euskararen %80 edo %90 hartuko genuke". Mohammed El-Ghzauiren hitzak dira; Euskara Plus egitasmoko ikastaro bateko parte hartzailea, hain justu. Ikastaro horren azken-aurreko saioa bukatu berri...

Atentatuaz, berrikuntza gabe

Nire zutabeen atzean dagoen estrategia funtsezkoa igarri zenuen zuk ere aspaldi. Benetako gai garrantzitsuez (euskalgintza, hondakinen kudeaketa, feminismoa) ezer fundamentuzkorik idazteko talenturik ez dudanez, saihestu egiten ditut, eta gogoeta laba...

BORJA SENPER: Zuzenbidea, politika eta poesia uztartuta

Txutxu-mutxuetako aldizkarietan ateratzen den euskal politikari bakarrenetakoa bihurtu da azkenaldian Borja Senper (Irun, 1976), baina haren ibilbidea politikagintzari lotuta dago gazte-gaztetatik, 17 urte zituela egin baitzen PPko Nuevas Generaciones-eko kide.

Zuzenbidean lizentziaduna da, baina inoiz ez du zuzenbidea lanbide izan. PPko kide egin eta bi urtera Irungo Udalean zinegotzi hautatu zuten, 19 urte besterik ez zuela. 1999an alkategai aurkeztu zen. PSOEk irabazi zituen hauteskundeak, eta PP-PSOE itunari esker alkateorde izan zen legealdi horretan. 2003an ere ez zuen alkate izateko adina babes lortu. 2007an aurkeztu zen azkenekoz udal hauteskundeetara. Udal politikagintza 2010ean utzi zuen, soilik Eusko Legebiltzarrean jarduteko —2003tik da legebiltzarkide—. 2010etik Gasteizko ganberan aritu da, eta 2013tik popularren taldeko bozeramailea da —Arantza Quiroga ordezkatu zuen—.

Alderdiaren barruan egindako ibilbideari dagokionez, 2008an Gipuzkoako PPko idazkari nagusi izendatu zuten, eta 2009tik alderdiko presidentea da Gipuzkoan.

Ikasketaz zuzenbide mundukoa, lanbidez politikaria eta afizioz idazlea da Senper. Bi liburu argitaratu ditu. 2013an kaleratu zuen lehena —Sin complejos—, politikagintzari eta bere jardunari buruzkoa; eta 2015ean bigarrena: Maldito (des)amor izenburua duen poesia liburua. Eleberri bat idazten ari da.

Madrilera heltzen bada, Twitter bidez emango du hango berri, urtarriletik aurrera.