Leire Narbaiza
Uda bueltan trantze gutxi izango dira bainujantzia erostera joatea bezain latzak. Normalean, sasoi hasieran egiten da erosketa hori, eta, horregatik, zuri-zuri egoten gara, negu osoan arropapean ezkutatutako azala guri eta bizigabe bezala egoten delako. Probagelan sartu, arropa erantzi, eta hondartzarako janzkia jantzita ispilu aurrean, tente, gure gorputzak dituen inperfekzio guztiez jabetzen gara: irten zaizkigun girgiloak, irabazi dugun tripa, nabarmendutako barizea, azaldutako azal-ildoak, haragi eroriak... Zelan erosi horrela hondartzarako ezer? Gainera, depilatu barik joanez gero, akabua! Argentinara ospa egiteko gogoa pizten da, udarik berriro ere ez bizitzeko.