Sailkatugabeak

Kutsatzen den elkartasuna

Espainiako Justiziak eta Poliziak ezker abertzaleko gazte mugimenduaren aurka 2007an botatako sokan beste korapilo bat izan da irailaren 22tik abenduaren 18ra bitartean epaitu dituzten 28 gazte independentisten kasua. Auzipetuetatik sei dira gipuzkoarrak: Ainara Ladron (Elgoibar), Beñat Lizeaga (Zumaia), Aitziber Plazaola (Bergara), Jazint Ramirez (Donostia), Xalba Ramirez (Donostia) eta Julen Zuaznabar (Astigarraga). 28en erabakiz, euren aurkako sokari korapilo propioa jarri diote aurtengo udazkenean: Azpeitiko Loiola basilikan eraikitako Askegunea.

Irailaren 22an hasi eta atzo arte, Espainiako Auzitegi Nazionalean Segi gazte antolakundeko kide izatea leporatuta epaitu dituzten 28 gazteetatik hamalau 2010eko urriaren 22an atxilo hartu zituzten. Horien artean Ladron eta Zuaznabar zeuden; eta atxiloaldian tratu txarrak jasan izana salatu zuten biek epailearen aurrean eta espetxeratu egin zituzten.

Atxiloketatik ihes egitea lortu zuten, berriz, Lizeagak, Plazaolak zein Jazint eta Xalba Ramirezek. Hainbat hilabetez ezkutuan egon ondoren, Izpuran (Nafarroa Beherea) agertu ziren beste lau gazterekin batera 2011ko otsailaren 21ean, eta astebeteko itxialdia egin eta gero, guztiak atxilo hartu zituzten ondorengo egunetan. 2012ko martxotik uztailera bitartean askatu zituzten denak, bakoitzak 30.000 euroko bermea ordainduta, betiere.

Aske geratu zirenetik bi urte baino gehiago igarota etorri zen euren aurkako epaiketaren txanda. Ekainaren 11n absolbitutako beste 40 gazteei leporatzen zizkieten delitu berak egozten zizkietenez, epaiketa bertan behera uzteko eskatu zuten 28ek ekainaren 22an. Halakorik gertatu ez zenez, desobedientziaz erantzuteko erabakia hartu zuten, eta epaiketa hasteko bezperan, irailaren 21ean, agerraldi jendetsua egin zuten Azpeitiko Loiola basilikaren aurrean. Konponbidea bai, epaiketarik ez lelopean iragarri zuten bost gaztek epaiketara ez aurkezteko erabakia hartu zutela, eta Loiolan Askegunea osatzeko deia egin zuten.

Prozesua jo puntuan

Loiolan geratu zirenetako bat da Jazint Ramirez donostiarra. Haren hitzetan, beste urrats bat egiteko beharra ikusi zuten: "Epaiketa hasi aurretik ikusten genuen egokia zela urrats hori egitea: kondena bati erantzutea baino, epaiketa bera jartzea jo puntuan. Ez genuen absolbituak izatea nahi, gure aurkako prozesua bera, eta epaiketa politikoak oro har, ez gauzatzea nahi genuen". Epaiketari hedabideetan lekua izateko aukera ematen zion horrek: "Halako ekintzak oso ikusgarriak dira, eta oihartzun handia dute Euskal Herrian, estatu mailan, zein nazioartean".

Baina planteamendua berria zen beste epaiketa politiko batzuen aurka osatutako Askeguneekin alderatuta: sententzia irmoa irten ostean desobeditu ordez, epaiketara aurkezteari ere muzin egin baitzioten.

Eskubide zibil eta politikoen defentsarako Eleak mugimenduko kide Txerra Bolinagaren iritziz, positiboa izan zen aldagai hori txertatzea: "Bestela, epaiketa normal hasiko zen. Eta erabaki horri esker oihartzun handiagoa eduki zuen". Mezua hedatzeaz gain, autoritatearen aurrean ahalduntze jarrera eskuratzea garrantzitsua da, Ramirezen ustez: "Posizio bat markatzen du desobedientzia jarrerak, botere judizialari legitimitatea kentzen zaio. Estatuak baino baliabide gutxiago izan arren, ahalduntze bat da norberarentzat ere".

Edonola ere, Angela Murillo epaileak epaiketa hasi orduko agindu zuen aurkeztu ez ziren bostak atxilotzeko, eta ertzainak irailaren 22ko arratsean bertan joan ziren Loiolako basilikara. 18:30 aldera iritsi zen polizia Askegunera, eta basilikaren aurrean herri harresia osatu zuten ehunka herritarrek auzipetuak babesteko. Hiru ordu igarota alde egin zuten ertzainek handik bost auzipetuak atxilo hartuta.

"Oso urduri" egon zen Ramirez harresiaren barnean, eta atxiloketak sentimendu kontrajarriak eragin zizkion: "Beste harresi batzuetan parte hartu nuen, baina jendea zu babesten ari dela dakizunean oso bestelakoa da, ez duzulako ingurukoek horregatik min hartzerik nahi. Sentimendu kontrajarriak nituen, atxilotu egin ninduten baina pozik nengoen aldi berean".

Berrituz joan beharra

Bolinagak herritarren erantzuna oso ona izan zela nabarmendu du, eta gertatuak gertatu, pozik amaitu zutela: "Bagenekien Loiola irisgarritasun aldetik ez zela oso egokia, baina jendetza etorri zen hala ere, ikusgarria izan zen. Askeguneek badute zerbait, elkartasun giro hori kutsatu egiten da".

Orain arte egin diren antzeko ekintza guztiek izan dute arrakasta bertsua, baina Askeguneak eta herri harresiak tresna gisa berritzen joan beharra dago: "Ezin da dena berdin-berdin errepikatu, dinamika erretzeko arriskua baitago; gauza berriak asmatu beharko dira, eta horretan gabiltza". Poliki-poliki beste urrats batzuk egiten badira, desobedientzia mota horren balioa iraunarazten asmatuko dutelakoan dago Bolinaga: "Egia da, oraingoz, estatuari ez diola kostu handirik ekartzen, baina esango nuke dohainik ere ez zaiola irteten".

Iragan den asteartean, hamabi auzipeturen kontrako akusazioa erretiratu zuen fiskalak, tartean, Ramirezen kontrakoa. Gainerako 16 auzipetuentzat, ordea, seina urteko zigor eskaerak mantendu zituzten. "Positiboa iruditu zaigu erabakia, eta alde batetik, pozik gaude; baina aldi berean, sekulako amorrua ematen digu beste 16 lagun akusatuen aulkian gelditu izana. Ez dugu ongi ulertu zergatik utzi gaituzten batzuk prozesutik kanpo, eta beste batzuk, berriz, auzipetuta jarraitzen dute". 16 gazte horiek sententziaren zain daude orain. Akusazio berdinengatik 40 lagun absolbitu izanak "esperantzarako argi izpi bat" sortzen dio Ramirezi.

Ibarzabalek irabazi du XXII. Xenpelar saria

Astelehenean jokatu zuten bertsolari gazteen XXII. Xenpelar saria, Errenteriako Niessen aretoan, eta Nerea Ibarzabal Markina-Xemeingo (Bizkaia) bertsolariak jantzi zuen txapela. Haren atzetik sailkatu ziren, hurrenez hurren: Arnaitz Lasarte (Hernani), Maider Arregi (Oñati), Ane Labaka (Lasarte-Oria), Maialen Akizu (Urretxu) eta Aitor Servier (Azkaine, Lapurdi). Bertso onenaren saria Arregiri eman zioten.

Entzun nahi duzuna, aukeran

Negozio Eredu Onenaren Gipuzkoako App Onenaren Saria jaso berri du Azpeitiko Ukabi informatika enpresak, Beat and Chat aplikazioarekin.Beat and Chat aplikazioa duten tabernetan, tabernariak nahi duen kantuekin zerrendak osatu eta bezeroei aukeran jart...

Zakil txikiek auto (ikurrin) handia

Kapot gabeko autotzar bat semaforo batean geratuta ikusten duen bakoitzean, lagun kabroi samar batek gidaria hatz erakuslearekin seinalatu eta The Simpsons-eko Nelson mukizuaren ahotsa imitatuz garrasi egiten dio: "Jaja! Hain traste handia eta garestia erosi duzu zakil txiki-txikia daukazulako! Jaja!".

Barkatuko dizkidazu pasadizo eta artikulu falozentrikoak, lau urtetan ez naiz falozentriko horrenbestetan ere ipini eta. Baina lagunaren erreakzioa gogora etorri zitzaidan Zarautzen udaletxe parean ikurrin erraldoia ipini dutela kontatu zidatenean. Madrilgo ministerioren bateko bulegoren batean funtzionario parea barrezka imajinatu nuen. Ordenagailuko pantailan traputzar orlegi, gorri eta zuria behatzarekin seinalatu, eta The Simpsons-eko Nelson haurraren ahotsa imitatuz garrasi egiten zuten biek: "Jaja! Gure piperpoto txikia leihotik kentzeko gauza izan ez eta deus ere balio ez duen kristoren masta ipini behar plazan! Jaja!".

Madrilgo Colon plazako eredua kopiatzen duten banderen modaren sustatzaileei —Zarauzkoa ez da bakarra— zakil txikidun kabriolet gidariaren antz guztia hartzen diet. Ebidentea dirudi frustrazio historikoari emandako erantzun barregarri samarra dela. Gogoan izango dituzu 2001ean Madrilen 300 metro karratuko entseina paratu zutenean gurean entzun ziren barre txikiak. Bada, ikusiko duzu, zuntzen azaleren errekor hori puskatuko dugu laster, Gernikan edo Gasteizen. Edo Arantzazun, zerbaitetarako daukagu-eta ikurrin katoliko askoa (azken matraka ez didazu barkatu beharrik, badakit askotan errepikatu dudala ikurrin katolikoarena lau urtetan; obsesio pertsonala da).

Inuzenteren batek esan lezake leihoan piperpotoa ipini beharrak baduela irtenbiderik, zakil txikiarenak ez bezala. Leihoan piperpotoa ez ipinita, jakina. Pentsatu beharko da, ordea, ematen duen bezain erraza ere ez dela izango, bandera espainiarra kendu ez eta konpentsatzeko horrenbeste plaka eta ikurrin enkargatu dituztenean.

Ibilgailuak eta sinbolo nazionalak ni bezain trakets bateratzea sakrilegioa irudituko zaio beste puristaren bati, baina ez naiz ni halakorik okurritu zaion lehenbizikoa. Citroenek bere DS3 modeloaren kapota ikurrinaren pegatina handi eta distiratsuarekin guztiz estaltzeko aukera eskainiko duela iragarri berri du. Frantzian bakarrik, oraingoz. Ez da faltako behar diren zerga guztiak ordaindu eta Hendaian modelo berria erosiko duen gipuzkoarrik, noski. Ezta, zorrotz, semaforoan "Jaja! Zakil txiki-txikia daukazu, espainiarra zara, eta, gainera, Frantziako multinazional batek zu bezalakoei sosak lapurtzeko asmatutako auto barregarria erosi duzu! Jaja!" garrasi egingo dion The Simpsons-eko Nelsonik ere.

85

Irakurle denei ez zitzaien gauza bera bururatuko. Batentzat hogeigarren mendeko urte baten amaiera izango da. 1985ean zer gertatu zen pentsatzen jarriko zen, eta agian Ardanza lehendakari izendatu zutela oroituko zitzaion. Edo ez. Auskalo.Beste irakur...

Errugbiarekin zaletzen

Irun, Hendaia eta Hondarribiko haurrak baloi obalatu batek eta H forma duten zutoinek ere batuko dituzte hemendik aurrera. Izan ere, hiru herri horietan martxan jarri berri dute haurrentzako errugbi eskola. Hendaiako Stadek eta Rugby Club Irunek sustatu dute eskola, Bidasoa-Txingudi Mugaz Gaindiko Partzuergoaren laguntzarekin. Akitania-Euskadi Euroeskualdeak ere diruz laguntzen du proiektua.

Joan den azaroaren 23an aurkeztu zuten errugbi eskola berria, Hendaiako Ondarraitz estadioan. Hiru udaletako ordezkariak zein kirol mundukoak izan ziren hitzarmena sinatzen eta ondorengo aurkezpenean.

Iñaki Alberdi Irungo errugbi taldeko presidentea izan zen hitzarmenaren sinatzaileetako bat. Gogorarazi duenez, partzuergoari bi klubek egin zioten proposamena, "ekonomiaz eta beste hainbat gauzari buruz arduratzeaz gain, kirola ere laguntzen dutelako". Hala ere, "arazo" bat dagoela aitortu du Alberdik: "Kontua da, Irunen eta Hondarribian, haurrek 12 edo 13 urtera arte ezin dutela kirola aukeratu, Eskola Kirola egin behar dutelako. Gero bakoitzak nahi duena hauta dezake". Horregatik, adin horretako ikasleekin errugbia ikastetxeetan lantzen hasi dira, Hendaiako zein Irungo errugbi taldeetako begiraleekin. Euskara, gaztelera eta frantsesa hitz egiten dute begirale horiek.

Udalerri bakoitzeko ikastetxe banatan hasi dira bidea egiten, "proba gisa". Hezkuntza fisikoko eskola orduetan errugbiaren hastapen saioak egingo dituzte. Astean bi orduz izango dira, eta bost aste iraungo dute eskolek.

Eskola horiez gain, pixka bat haratago joan nahi dute Txingudi Rugby Eskolako kideek: udaberrian txapelketa txiki bat egin nahi dute ikastetxeen arteko partidekin. "Euren maila zein den ikusi nahi dugu", azaldu du Alberdik. Pixkanaka gainontzeko eskoletara hedatu nahi dute.

Egoera desberdinak

Errugbi zaletasuna ez dago maila berean Ipar eta Hego Euskal Herrian, eta horren jakitun dira proiektuaren bultzatzaileak. "Hendaia, Donibane Lohizune, Miarritze eta abarretan indar handiagoa du errugbiak, kirol nagusia da. Bidasotik honantz, alderantziz da; futbola besterik ez dago", iritzi dio Alberdik. Bi kluben egoera ere desberdina da. Hendaiako taldeak ehun urte dituela nabarmendu du, eta Irungoak, berriz, 45. "Hor ere badago aldea". Hori horrela, errugbi zaletasuna bultzatu nahi dute eskolaren bidez: "Irun eta Hondarribiko haurrek kirol hori gehiago ezagutzea da gure asmoa".

Uste dute errugbiak "aukera asko" ematen dizkiela haurrei, eta interesgarria dela haientzat errugbian aritzea. Haren esanetan, muga fisikorik ez dago, beste zenbait kiroletan bezala: "Garaiera altukoek, txikiek, argalek, lodiago daudenek... edonork joka dezake errugbian; ez dago patroi jakinik". Gainera, beste mota bateko balioak eskaintzen dizkie kirol hori egiten dutenei: "Epailea zein arerioa errespetatzen dira, eta, gainera, partida bukatuta hirugarren zatia jokatzen da, beste taldearekin". Balio horiek hedatu nahi dituzte.

Orain arte, igandetan

Txingudi Rugby Eskola ez da Irungo haurrek ezagutu duten gisa horretako lehenengoa. Izan ere, Lehen Hezkuntzako ikasleek orain arte igandeetan bakarrik egin ahal izan dituzte entrenamenduak, Eskola Kirolarengatik. "Astearte eta ostegunetan, futbol, eskubaloi edo saskibaloiko entrenamenduak izaten dituzte. Larunbatetan, berriz, partidak jokatzen dituzte. Gainontzeko kiroletarako, errugbia barne, igandea eta astelehena bakarrik geratzen dira libre", azaldu du Rugby Club Irungo presidenteak.

Egun, zehaztu duenez, haurren mailan, kimuetan eta benjaminetan eskola bana dute, eta guztira 60 bat haur dira. Zifra "polita" dela uste du, baina jokalari horiek, adina aurrera joan ahala, kirola uzten joan daitezkeela uste du. Ziur Txingudi Rugby Eskolak indar handiagoa emango diola kirolari Bidasoaren bi aldeetan.

Urrira bitartean, turismoak gora egin du Gipuzkoan

DONOSTIA. Turismoari dagokionez, iaz jarritako marka hobetzeko bidean da Gipuzkoa. Izan ere, 860.000 bisitari etorri dira urrira bitartean. Iazko datuekin alderatuta, %4,8 gehiago. Lurraldean igarotzen duten gau kopurua, berriz, %2,1 hazi da.

Ostiral beltzetik bizar zurira

Gaueko ordu txikitan, zabalik da oraindik multinazional baten izena daraman jostailu denda handia, eta argitan blaitzen du kale osoa. Erakusleihoan kontu handiz jarritako jostailuei so dago neska-mutil talde bat, sudurrak kristalera itsatsita. Jostailuen gainean kartel handiak daude zintzilik. Merry Christmas, letra larriz idatzita. Aldamenean, berriz, eskua gora eta behera mugitzen duen Bizarzuriren panpina erraldoi bat dago. Ho, ho, ho! esaten du noizean behin, ahots metalikoz. Duela zenbait urtera arte, AEBetako edo Erresuma Batuko edozein hiritako eszena izan zitekeen hori, baina egun, Donostian, Arrasaten, Eibarren edo Irunen ere ikus ditzakegu halakoak. Izan ere, atzerriko kontsumo ohiturak gero eta hedatuagoak daude hemengo herri eta hirietan.

Iazko nahiz aurtengo azaroan, adibidez, Black Friday edo Ostiral Beltzaren fenomenoak idar handia hartu du Gipuzkoako saltoki handi zein txikietan, orain arte inor gutxik jakin arren zehazki zer den eta nondik datorren ohitura. Deskontu handiak eskaintzen dituzte saltokiek, eta Gabonetako erosketak aurreratzeko aukera ikusi dute askok moda berri horretan.

"Horrelako ekimenek 80 eta 90eko hamarkadetan AEBetan dute jatorria, eta, orain dela pare bat urte, Espainiako merkatura iritsi ziren, saltoki zein marken eskutik", azaldu du Ikusmer merkataritzaren behatokiko teknikari Itziar Ruizek. Kontsumoari buruzko datuak, joerak eta berrikuntzak aztertzen ditu behatokiak, eta, besteak beste, azken urteetan Euskal Herrian adoptatutako kontsumo usadioei buruzko ikerketa lanak ere ikus daitezke Ikusmerren webgunean.

"Ostiral Beltzak, adibidez, ez du gure merkatuarekin inolako erlaziorik", dio Ruizek. Berez, azaroko laugarren ostiralean egiten den eskaintza sorta da. AEBetan ospatzen den Thanksgiving edo Esker Oneko Egunaren ondorengo zubia baliatzen zuten askok erosketak egiteko. Hori ikusita, prezioak merkatzeko erabakia hartu zuten hainbat saltoki eta kate handik, eta joera horrek mundu osora egin du salto. "Hemen, adibidez, ez da existitzen Esker Oneko Egunaren zubia", gogoratu du Ikusmerreko teknikariak.

Apple eta Amazonen gisako multinazional erraldoiak izan ziren deskontuak antolatzen aintzindariak; 2010. urtean ekin zioten mota horretako deskontuak aplikatzeari, batez ere, Interneteko dendetan. "Hemen, adibidez, ez da existitzen Esker Oneko Egunaren zubia, baina multinazionalek ezarritako joera bereganatu dute banaketa sektoreko Europako beste kate batzuek: El Corte Ingles, Inditex, Fnac eta Mediamarkt, kasurako". Eta hortik, edozein herritako erakusleihoetara.

'Ziberastelehena', indartzen

Interneten orokortzeak, gainera, beste hainbat ohitura atzerritarren zabalkundea ahalbidetu du. Horren adibide da Cybermonday edo Ziberastelehena izeneko eguna. Kontsumitzaileei Internet bitartez erosketak merkeago egiteko aukera ematen zaie egun horretan. "Aurreko urteko datuekin alderatuz, Ziberastelehenean parte hartu duen enpresa kopuruak %35eko hazkundea izan du; beraz, egun honek gero eta garrantzi handiagoa duela egiaztatu da", azpimarratu du Ruizek.

Atzerriko beste kontsumo ohitura batzuek, ordea, urte asko daramatzate hemengo merkatuan errotuta —Halloween festa, besteak beste—, baina azkenaldian indartu egin dira, teknologia berriek eskaintzen dituzten aukeren gerizpean.

Horren zergatia ulertzeko, konpainia handien marketin bulegoetara jo behar dela uste dute Ikusmer taldeko ikerlariek: "Banaketa kate handien parte diren merkataritza gune eta saltokien hazkundearen proportzio berean indartu dira anglosaxoi erroko ohiturak ere. Hau da, Gabonetako kanpainia gehienak marketin sail nagusitik diseinatzen dira, eta sustapenerako material bera erabiltzen da saltokiaren kokapen geografikoa edozein dela ere. Beraz, zenbat eta gehiago hedatu tankera honetako kateak, orduan eta Bizarzuri gehiago ikusiko ditugu erakusleihoetan".

Tokiko saltoki gehienek, berriz, hemengo ikonografiari eusten diotela uste dute Ikusmerreko kideek. Ezin jakin, ordea, joera horrek iraupen luzea izango duen, edo AEBetako ohiturak propiotzat hartzeko joera gailenduko den pixkanaka-pixkanaka.

Onurak merkatarientzat

Gipuzkoako merkatari handi zein txikiek, oro har, begi onez ikusi dute Atlantikoa zeharkatu duten ohituren zabalkundea, promozioak egiteko eta salmentak goititzeko aukera ematen dien heinean. Ostiral Beltzaren inguruan, esate baterako, hamaika egitasmo abiatu dituzte herri eta auzoetako merkatari elkarteek. Bakan batzuek, gainera, atzerriko ohiturak hurbiltzeko ahalegina egin dute.

Oñatiko Txanda elkarteak, adibidez, Ebakoitz Baltza izeneko jardunaldiak antolatu zituen Black Friday egunean: bertan parte hartzen zuten saltokien ordutegia gaueko hamarretara zabaldu zuten, eta deskontu nahiz eskaintza bereziak eskaini zituzten. Horrez gainera, hainbat kultur ekitaldi antolatu zituzten, kaleak dinamizatzeko eta giroa berotzeko.

Merkatari elkarteek antolatutako ekinbideez gainera, tokiko saltoki txiki askok ere deskontuak egin zituzten beren kasa, elkarte edo multinazional baten barruan egon gabe ere. "Kanpainia hauek izandako harrera onaren berri eman digute merkataritza elkarteek, atxikitako saltokietara joan ziren kontsumitzaileen zenbatekoari eta horiek egindako erosketei dagokienez", adierazi du Ruizek.

Behatokiko ikerlarien ustez, kanpaina berri hauek eskaintza onenak egiten dituzten saltokiei egiten die mesede, horien jatorria edo tamaina edozein dela ere. "Erosketa ohituretan eta lehentasunetan gertatu diren aldaketen inguruan egin ditugun ikerketek adierazten duten moduan. Kontsumitzaileek salneurriaren aldagaia hartzen dute kontuan, batez ere. Zehazki, EAEko kontsumitzaileen %63k erosketa erabakitzeko aldagai nagusiena prezioa dela esaten dute".

Krisiak, gainera, ez ditu halako modak ahultzen, kontrakoa baizik. "Kontsumitzaileak eskaintzen ardura izatera bultzatu ditu krisiak, eta horrek, ziurrenik, fenomenoa sendotzen lagundu du. Krisialdiak ziurgabetasuna eragiten du, eta prezioarekiko sentikortasuneko mekanismoak aktibatzen ditu. Ez bakarrik low cost profila duen kontsumitzailearengan, kontsumo arduratsua ere aktibatzen du".

Tratu txarren aurkako jaialdia

Emakumeen aurkako indarkeria salatzeko sortutako egitasmoa da Eten, eta, bihar gauean, hainbat kantari eta talde elkartuko ditu Donostiako Intxaurrondo kultur etxean, 22:00etan hasita. Egitasmoak antolatzen duen bigarren kontzertua izango da biharkoa,...

Pedro Subijanari emango diote Urrezko Danborra

DONOSTIA. 2015eko Urrezko Danborra Pedro Subijana Donostiako Akelarre jatetxeko sukaldariari emango diote. Donostia Turismoren Administrazio Kontseiluak 24 hautagairen artean erabaki du saria Subijanari ematea. Urtarrilaren 20an egingo da sari ematea,...